Urte guztian zehar pilatutako egunkari eta aldizkariei hautsa kentzeko ordua iritsi da. Urte guztiko pisua dute gainean urtarrileko albisteek, baina horietako batzuk ez dira horregatik apaldu. Urteko lehen egunetan EHren proposamenez, Gasteizko Legebiltzarrean Liburutegi Nazionala izan zen mintzagai. Laupabost hilabete beranduago "Jakin"ek ale osoa eskaini zion gaiari eta iritzi eta proposamenak ugariak izan dira urte osoan zehar. Datorrenean ere segida izango duen haria ehuntzen hasi da.
LITERATURA PERIFERIKOA.
Argitalpen berrientzako behintzat tokia izan beharko du Liburutegi Nazional horrek, Joan Mari Torrealdaik urtez urte egiten duen kontaketan urteko liburu produkzioa 1.500 aletik gero eta gertuago baitago. Kopuruak alde batera utzita Aitor Zuberogoitia kazetariak aurten periferiako ahotsen garrantzia azpimarratu du. Bizkaitarrek idatziriko liburu mordoa kaleratu da aurten (Miren Agur Meabe, Julen Gabiria, Ana Urkiza, Lutxo Egia, Jose Lartategi...) Zuberogoitiaren esanetan, "frankotiradoreen gisan, norbera bere aldetik" badabiltza ere. Gasteizko eskolak ere (Kirmen Uribe, Lourdes Oñederra, Iban Zaldua, Gerardo Markuleta...) berea egin du. Baina batez ere emakumeen urtea izan da 2000. hau Meabe, Urkiza... aipatu ditugu, Mari Jose Olaziregiren kritika lana hor dago, Tere Irastortzaren poemak bezala. Lourdes Oñederraren "Eta emakumeari sugeak esan zion" lanak jasotako sari guztiak zerrendatzeak luze joko luke. Eta Durangoko Azokako nobedadeen artean "Gutiziak" topatu ditugu, emakumeek idatzitako testu bilduma. Dena den, emakume idazleek beraiek etiketak alde batera utzi nahi dituzte.
Aurten, besteak beste, telebistak ere txoko bat egin dio literaturari "Sautrela" saioarekin eta Gabriel Aresti hil zela 25 urte bete dira. Durangoko Azokako emaitzek salmentek gora egin dutela diote. Hala ere, irakurzaletasunaren inguruko inkestek kezka sortzen jarraitzen dute eta hainbat ekimen jarri da abian 2000.ean berau bultzatzeko, "Lau liburu helburu" kasu. Ea datozen urteotan ahaleginen emaitzak ikusten hasten garen.
MUSIKA ELEKTRONIKORIK BAI?
Ruper Ordorikak "Gaur" izeneko zuzeneko diskoa kaleratu du aurten, eta Joxe Ripiauk agur esan digu zuzenean. Juan Carlos Perez, Mikel Urdangarin, Fermin Muguruza, Morau... disko berri ugari entzun da azken 12 hilabeteotan. Uda partean, ohiko legez jazz doinuak nagusitu dira han eta hemen, eta gero eta egun gehiago dituenez hamabostaldi izateari aspaldi utzi zion Musika Hamabostaldiak ere maisu ugari ekarri du gurera. Elektronikaldia ere burutu zen iraila amaitzear zela Donostian eta musika elektronikoak eskaria izan dezakela erakutsi zuen. Baina ba al da euskal musika elektronikorik? Andoni Tolosa "Morau"k beste galdera batez erantzun digu: "Ez al da harritzekoa beste kontu musikalekin hain azkar ibilitako inguruan (Punk-Rockean edo Rock Gogorrean adibidez) hain hedapen gutxi edukitzea musika elektronikoak?". Egia da euskaraz ari diren "Euro-Dance" taldeak eta D.Jak gero eta ugariagoak direla baina "oso eskasa da orohar euskal herrian egiten den musika elektronikoaren kalitate maila". Fermin Muguruzaren kantuen birnahasketak, Selektah kolektiboaren lana edo "Basque Electronic Diaspora" disko bezalako saiakera interesgarriak alde batera utzita, "alderik narrats, erraz eta interesgabeena gailentzen ari da gurean". Hona, datozen urteetarako beste erronka bat.
BERTSO TRANTSIZIOA.
Nafarroako Bertsolari Txapelketak izen berrien konfirmazioa ekarri zuen. Amets Arzallus txapelduna, Xabier Legarreta "Arano" txapeldun ordea, Sustrai Colina laugarren sailkatua. Amaitu berri den Bizkaiko Txapelketak, aldiz, ez du ezusteko berezirik ekarri aurreko erreportajean irakurleak ikusi ahal izan duen moduan. Jexux Mari Irazuri galdetuta, aurtengoa trantsizio urtea dela erantzun digu. "Jaialdi formatoa krisian omen dago, bertsolariok ez omen dugu komunikatzen asmatzen... eta egia da, ezinean gabiltza. Gure aurreko belaualdiak inpaktoaren listoia oso goian utzi du. Eta guk Olano sindromea gainetik kendu ezinda ibili behar izateko arrisku latza dugu, Tourra korritzeko estilo berriak sortzeko gauza ez bagara behintzat!". Ikertzeko beharra omen dago eta zentzu horretan, Joxerra Garziak pauso garrantzitsua eman du bere tesi mardularekin. Bertsozale elkartea ere hausnarketa prozesuan sartuta dago buru-belarri. Eta bide berriak bilatzeaz gain, orain arteko lana ere saritua izan da aurten. Zentzu horretan, Antonio Zabalaren urtea izan da 2000. hau: Anton Abadia saria, erakusketa Koldo Mitxelenan, Tolosako seme kuttun izendatzea...
ANTZERKIA MOMENTU ONEAN, BAINA...
"Ozeanoko pianista", "Kartoi Biraka", "Txirrikiz, "Ez da hain erraza", "Manolito Laubegi" eta beste antzezlan batzuek arrakasta handia izan dute aurki amaituko den urtean. Euskal Herritik kanpo hainbat euskal taldek jasotako sariak ere euskal antzerkiaren gorakadaren adierazgarri dira. Elorrioko Arriola Kulturuneko arduradun Iñaki Larrañagaren iritziz "euskal antzerkia gero eta profesionalagoa da". Baina alor honetan guztia ezin da baikortasun berberaz begiratu. Alde batetik, euskarazko eskaintza urria da oraindik eta ikuslea erdarazko emanaldiek erakartzen dute gehienbat. Larrañagak aipatzen duen beste arazo bat antzoki eta tankerako guneen arriskua da: merkatalgune eta multizineak zabaltzen ari dira antzerkia eskaintzen duten aretoen kaltetan. Balantze moduan esan daiteke "euskal antzerkiak momentu ona bizi duela, baina Euskal Antzerkia izeneko proiektua aurrera ateratzeko politikarien laguntza behar dugu". Eta hor dira hurrengo urterako helburuak: Dokumentazio Zentrua eta Euskal Zentru Dramatikoa.
Dantza txapelketak besterik ez?
Maitialdia eta Maiatza Dantzan bezalako jaialdiek euren bidean aurrera jarraitzen badute ere, dantza klasiko edo garaikidea jorratzeko zailtasunak daude Euskal Herrian. Damian Muñoz eta Claude Iruretagoiena dira bertan mantentzen diren bakanetakoak eta euren hitzak aski esanguratsuak dira. Muñozek dionez, "dantzan jardun nahi duenak hemendik alde egitea beste aukerarik ez du" eta Iruretagoienak "dantza hiltzeko zorian dagoela" uste du.
Euskal dantzei dagokienez, Iparraldean ahaleginak egiten ari dira muxikoak bultzatzeko. Erromeria Eguna sendotzear dago oraindik eta Tapia Eta Leturiaren ahaleginen emaitzak ikusteke.
Txapelketa ugari burutzen da urtero eta Jon Maya (aurreskuan) eta Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde (dantza askean) bezalako izenak gero eta ezagunagoak dira. Dena den, horren aurrean galdera mordoa datorkio burura Ramon Santxezi: "Bitartean, zenbatek dakite zertan ari diren Euskal Herriko dantza taldeak? Egokia al da bultzatu nahi dugun eredua? Dantzari gaztetxoak motibatzeko beste biderik ez al dago?". Dirulaguntzak urritu egin dira eta emanaldi eskaria nabarmen murriztu. Santxezen esanetan, garai batean "dantza gehiegi, maiz gaizki emana eta edozein modutan aurkeztua ikusi dugu herriko plazatan. Orain saturazioaren ordainak".
Neokontserbadurismoa artean. Artea aipatu eta Txillida-Leku etorriko zaio gehiengoari gogora. Baina beste hainbat proiektu ere landu da aurten. Oteizaren museoak 2001ean zabalduko omen ditu ateak eta Iruñeko eta Gasteizko arte garaikideko museoak ere martxan dira. Baina Ismael Manterola EHUko irakasleak esan digunez, ez dirudi bi proiektu berriotako bildumak oso garaikideak direnik. 2000 Gure Artea sariek eta ondoren Koldo Mitxelenan egindako erakusketak ez du albiste gehiegirik eragin. Manterolaren hitzetan, "erakusketan ez zegoen proposamen berririk, ezta arrisku gehiegirik ere. Alde ez objektuala lantzen duen jenderik ez dugu ikusi sari hauetan. 'Neokontserbadurismoa' jasan behar omen dugu".
Erakusketa arrakastatsurik izan da urtean zehar, eta bat aipatzekotan hain juxtu artelanik gabeko "Atarian" aukera genezake. Elixabete Garmendiaren ustez, "aniztasuna islatu du. Donostiak, hiri koketo, mimatu, desiratu, modakoa izanik, hori nola jakin duen uztartzen euskalzaletasunarekin, horixe ikus eta ikasgaietako bat". Txanponaren beste aldean Gasteiz dago, eta bertako agintariek arte adierazpide desberdinei ezarritako zentsura. Aurrera begira, Manterolaren aburuz "Bilboko Arte Ederren Museoa, Oteiza Fundazioa, Zarauzko Fotomuseuma, Zuberoako Uztaro elkartea, Gasteizko Zuloa eta Trayecto, Donostiako Arteleku eta DAEk lanean jarrai dezaten erregutzea besterik ez zaigu geratzen".
Karramarroen uhartea. Donostiako Zinemaldiak glamourra, izarrak, sariak... ekarri zituen, ohiko legez, uda amaieran. Eta egun horietako dizdirak euskal zinemaren egoera kaxkarra itzalpean uzten du. "Benetan uste al dugu aurre egingo diogula erraldoiari Koldo Almandoz, Asier Altuna & Telmo Esnal edota Begoña Vicarioren harri txikiekin, nahiz eta harribitxiak izan?" dio Xabier Portugalek. Gainera, filmen euskarazko bertsioak urriak dira eta erdarazkoak baino dezente beranduago estreinatzen dira. Hala ere, bada itsaso zabalean uharte bat, "Karramarroen uhartea" duela gutxi bi bertsioetan batera estreinatu dena.
Baina Portugalek dioen moduan "egia da euskal ekoiztetxe baten diru kutxak gainezka daudela, 'mariak' eragindako aluzinazioari esker, baina sukaldariaren perrexilaren sustraiak, kasu honetan behintzat, ez daude euskal kulturan errotuta".
SGAEko arduradunek eman datuen arabera, Hego Euskal Herria da Espainiako Estatuan kultur produktu gehien kontsumitzen duena. Euskal Herrian kultura osasuntsu dagoen seinaletzat har genezake datua. Euskarazko kultura osasuntsu ote dagoen beste kontu bat da.
URTEKO HITZAK
"Kontzerturik hoberena ez da ikusgarriena, gaur egun modan dagoen bezala, baizik eta barruan zerbait ukitzen dizuna".
JAVIER MUGURUZA. "Barren"."Hizkuntzak informazio mailan esan daitekeen guztia kodifikatuta dauka, baina bide kodifikatu horietatik ezin dugu esan lehendik esanda dagoena baino. Hizkuntzari esanarazi behar zaio dezakeena eta ez dezakeena".
JOXERRA GARZIA. ARGIA. "Jende gazteak dantzaren mundua zeinen zabala den eta zer aukera ematen dituen ikusiko duela espero dut. Gazte batzuek txapelketak bakarrik daudela ikusten dute".
E. MURUMENDIARAZ. ARGIA. "Gaur egungo gizartea gehiegikerian murgildurik dabil literaturan ere, beste giza arloetan bezala. Gehiegikeriak sormena zapuztu egin ohi du, baina zurrunbiloaren barruan".
JUAN KRUZ IGERABIDE. "Zabalik". "XX. mendeko arte eta abanguardia plastikoek hautsi dute literaturak hautsi ez duena".
ANDU LERTXUNDI. ARGIA. "Umeen edo gazteen artean bada euskaldun publiko naturala. Beraiek errazago ikusiko dute filma ("Karramarroen uhartea") euskaraz gaztelaniaz baino".
JOXEAN MUÑOZ. "Irutxulo". "Irakasle handien eredutik aldentzen hasi dira (oraingo artistak); sentiberagoak dira hizkuntza unibertsalizatuaren aurrean, eta ez dute arima edo euskal nortasuna adierazteko hainbesteko grina (...) Oraingo gazteak askoz ere hizkuntza unibertsal eta esperantistagoak bereganatzen ari dira".
JUAN PLAZAOLA."Euskonews&Media". "Nik uste dut euskal idazleak oraindik ez duela sinesten euskaldun eta idazle izatea posible denik".
A. EGUZKITZA. "Zabalik". "Irakurleak pertsonaia bat imajinatu du, eta nik zeharo ezberdina marrazten badut, gaizki:ahalik eta gutxien egin behar diot irakurleari kontra".
ANTTON OLARIAGA. ARGIA. "Epaimahaikoen laguna izatea da literatur sariketak irabazteko biderik seguruena".
JON ALONSO. ARGIA. "Emakume idazle bati galdetu egiten zaionean (eta beti galdetzen zaio, alajaina!) ea emakume literatura egiten duen, erantzuna sarritan izaten da 'ez da existitzen emakume ala gizon literatura, literatura ona ala txarra baizik'. Eta erantzunak ez dio gaiari heltzen. (...) Literatura onaren aldeko aldarrikapena egitean, eta emakume literatura ukatu nahi izatean, zeharka, literatura txarra eta emakumeena identifikatu egiten ditu erantzunak. Baina, ona edo txarra, ba al dago emakume literaturarik?".
LAURA MINTEGI. ARGIA"Non daude euskal zinegileak? De la Iglesiaren 'La Comunidad' euskalduna da zuzendaria Bilbokoa delako?".
FELIX LINARES. ARGIA. "Beldurgarria irizten diot liburuak telebistarekiko daukan menpekotasun horri".
M. LANDA. "Diario Vasco". "Euskal pintura bi edo hiru margolari eta eskultoretan dago zentralizatua. Aldiz, etorkizun ona izateko moduko kalitatea duten margolari ugari dago".
JOSÉ JAVIER ABADÍA. "Gara". "Egun laburretan soilik ikus daiteke kalitatezko zinea, jendeak bihotzarekin egiten du interes ekonomikorik gabe".
BEGOÑA VICARIO. ARGIA. "Antzerkia matematiken pare eman beharko lukete eskolan".
GARBI LOSADA. ARGIA. "Gaur egun operak edozein tokitan egiten dira, ia tabernetan eta guzti. Populistagoa bihurtzen ari da".
AINHOA ARTETA. ARGIA. "Orain abestiak eta antzerkiak mezu politikoak helarazteko soilik erabiltzen ez direnez, jendeak estetikari gehiago eskatzen dio".
RAMON BAREA. "Euskonews&Media". "Zenbat ipuin idatzi behar dut ipuin idazle izateko?"
TXOMIN PEILLEN. ARGIA. "Gurea ez da tradizio literario ikaragarria daukan hizkuntza. Beraz, hizkuntzarekin jolas egin daiteke, hizkuntza asmatu eta berrasmatu.(...) Bi norabide hauetan goza daiteke gurean: normalizatzen eta anormaltzen".
ANDONI EGAÑA."Diario de Noticias". "Gorria da gero! Ze, euskal literaturaren mementorik hoberena orain gertatzen ari da, hain zuzen ere liburua, euskarri gisa, gainbehera dagoen memento batean"
AINGERU EPALTZA. "Gara". "Gure kulturak sekulako indarra du, eta ez dut ulertzen zergatik ez dagoen euskal dantzen balet nazionalik"
CLAUDE IRURETAGOIENA."Euskaldunon Egunkaria" "Pentsatu izan dut, gai-jartzailearen lana ez ote den hainbesteraino baloratzen. Publikoaren aldetik, hori oso gauza erraza dela iruditzen da".
LAXARO AZKUNE. "Gara". "Gure zabortegi honetan Euskaltzaindiak urte osoan egiten duena baino gehiago desegiten du Klaudio Landak astebetean".
XABIER AMURIZA. "Gara". "Euskal Herriko erdal komunitateak oso gutxi kontsumitzen eta ezagutzen du euskal produkzioa".
RUPER ORDORIKA. "Administrazioa Euskaraz".