argia.eus
INPRIMATU
"Betizu Arena"
BETIMU, BETIZU, BETI LEHIAN
  • Ilaski Serranok eta Iban Garatek aurkeztua, norgehiagokak astero-astero Euskal Herriko bi ikastetxe aurrez aurre jarriko ditu.
2021eko uztailaren 15a
ETB-1eko "Betizu" saioaren jarraitzaileek pozik izateko arrazoiak dituzte, astean zeharreko ohiko saioez gain, abenduaren 9tik aurrera asteburuetan ere pantailan izango dutelako. Betiko atalez gain, larunbat goizetan lehiaketa berriari ekingo diote, "Betizu Arena" delakoari alegia.
Lehiaketa honetan, astero Euskal Herriko bi ikastetxe nor baino nor arituko dira, hiru hilabetero izango den finalean parte hartzeko ahaleginean. Final honetara norgehiagoketan puntu gehien lortu duten taldeak helduko dira, eta bertako irabazleak milioi erdi pezeta (20.000 libera) poltsikoratuko ditu.
Lehen saioan Lekeitioko Resurreccion Maria de Azkue ikastetxea eta Iruñeko Jaso Ikastola lehiatu ziren, eta, besteak beste, puzzle handi bat osatzea, soka batetik zintzilik lau metrora dagoen hodi batean baloiak sartzea edota zirkuituak burutzea bezalako frogetan beren trebezia erakutsi behar izan zuten.
"Betizu Arena" saio berriaren aurkezleak Ilaski Serrano eta Iban Garate dira. Ilaski, "Betimu" eguneroko lehiaketaren aurkezle eta Euskadi Gaztea irratiaren esatari da, eta Iban Garatek Goenkale arrakastatsuan parte hartzen du, Arraldeko medikuaren semearen, Aitorren paperean. Bai bata zein bestea saioko haurrekin ongi konponduko direla dirudi.
"Betizu Arena"k, horrenbestez, Euskal Telebistaren haurrentzako programazioa osatzen du. Horrela, urriaren 2an "Betizu"k lehen urratsak eman zituen, etxeko txikienak dibertitzeko helburuarekin. Bidaia honetan, euskal haurrek Betizu, Betisuis eta Eme-u behitxoen laguntza izan dute, unibertsolarienaz gain.
Behi eta galaxietako izaki dibertigarri hauen abentura eta desbenturez gain, egunez egun umeek gustukoen dituzten marrazki bizidunak pantailaratzen dira, eta "Betimu" izeneko musika lehiaketa arrakastatsuak ere bere lekua izaten du. Helburua abesten eta dantzatzen trebeak diren hainbat euskal haur eta gaztetxoren ametsak egi bihurtzea da.