BANKAKO HANDIEK HANDITZEN JARRAITZEN DUTE

  • Amaitzear dagoen ekitaldia onuragarria izan da enpresa gehienentzat, baina batez ere banku eta aurrezki kutxak, energia enpresekin batera, izan dira benetan golkoa bete dutenak. Espainiako Estatuko 5 finantza erakunde handienek bilioi bat pezetako mozkina gainditu dute.

2007ko otsailaren 21ean
Badira datu objektiboak, 2000ko ekitaldia ixtear dagoen garai honetan, dagoeneko, eta esan daiteke urte hau -beste hainbat bezalaxe- bankako handien urtea izan dela. Historian lehen aldiz bankako bost handiek bilioi bat pezetatik (4.000 milioi libera) gorako mozkinak izango dituzte. Hala ondorioztatzen da bost finantza talde handiek, hau da, Banco Bilbao Vizcaya Argentaria, Banco Santander Central Hispano, Banco Popular, La Caixa eta Caja Madridek, urtarriletik irailera izan dituzten emaitzen datuak ikusita. Epealdi horretan 751.610 milioi pezetako (30.064 milioi libera) mozkina izan zuten, eta horrek %26,8ko igoera adierazten du aurreko urtearekiko, eta 9 puntuko aldea 1999ko irailean izan zuten gehikuntzarekin alderatuz.
Urte honetako azken hiruhilekoan, itxierarako bi aste geratzen direnean, talde horiek beraiek beste 300.000 milioi pezeta inguru irabaziak izango dituzte. Hego Euskal Herriko finantza talde handien kasuan (banka, aurrezki kutxak eta sozietatearen egoitza Euskal Herrian duten kreditu kooperatibak), lortutako mozkinen kopuruak %20tik gorako gehikuntza izango du iazkoarekin alderatuz.


ETA ASKOZ GEHIAGO IZAN ZITEZKEEN.

Finantza talde handi horiek lortuko dituzten irabaziak askoz handiagoak izan zitezkeen, zeren finantza erakundeek kaudimen-gabezietarako zuzkidura edo hornidura handiagoak egin behar izan baitituzte urtearen azken bi hiruhilekoetan, Espainiako Bankuaren berankortasunari buruzko zirkularra indarrean jarri izanaren ondorioz. Zuzkidura horiek, bere osotasunean, ehunka mila milioi pezetakoak izan daitezke.
Egia da finantza erakunde guztiak ez direla tamaina berekoak eta, beraz, beren finantza-datuak ez direla berdinak. Horrela BBVA eta BSCH izango dira mozkinen ehuneko handiena bereganatzen dutenak. Orain arteko datu ofizialak irailera artekoak bakarrik izanik, esan dezagun epe horretan BBVAk eta BSCHk banka handiaren mozkinen %71 bereganatu zutela (533.724 milioi pezeta), eta, gutxi gorabehera, horrela izango da urtearen amaieran.
Iraila bitarteko mozkinen kopururik handiena BSCHk bereganatu du, 105.936 langile eta 9.620 bulegorekin, 273.178 milioi pezetako mozkin garbiak lortuz. Ondoren BBVA dator, 110.077 langile eta 8.921 bulegorekin, 260.546 milioi pezetako mozkina lortuz. Hirugarrena La Caixa da, 22.176 langile eta 4.515 bulegorekin, 103.722 milioi pezetako irabaziak eskuratuz. Banco Popularrak, sozietatearen egoitza Nafarroan duen Banco Vasconia bere taldearen barruan sartzen delarik, 11.902 langile eta 2.058 bulego izanik, 60.737 milioi pezetako mozkina izan zuen. Azkenik, Caja Madrid dugu, 10.830 langile eta 1.714 bulegorekin eta 53.427 milioi pezetako irabaziekin.
Bankak soilik, handiek eta txikiek, orokorrean, 600.000 milioi pezeta irabazi zituen iraila bitartean, %29,2ko igoera izanik joan den urteko garai horrekiko. Horrek esan nahi du, ekitaldiaren amaieran Bankaren eta Aurrezki Kutxen mozkinak bilioi eta erdi pezetatik gorakoak izango direla.
Zertan oinarritzen da mozkin igoera hori? Aztertzaileek diotenez, arrazoi bat baino gehiago dago. Batetik bankako negozioek izan duten hedatze garrantzitsua, interes tasen igoerak lagunduta, BSCH eta BBVAren kasuan oso loturik Hego Amerikan egin duten apustu estrategikoarekin, dagoeneko, herrialde haietako lehen tokian kokatu direlarik. Ikusi besterik ez dago kreditu-inbertsioaren zenbatekoa 1999ko iraila bitartean lortutakoa baino 16 bilioi gehiagokoa dela, hau da, %29,7ko igoera. Bestalde, nabarmena da bankako handiek, eta batez ere BSCHk eta BBVAk enpresa industrial eta estrategiko handietan (energia, telekomunikazio eta abarretan) duten partaidetza. Ezin da ahaztu ezta ere, interes tasen igoera eta guzti, pasiboaren ordainketak beheraka jarraitzen duela.
Espainiako Bankaren Elkarteak (AEB) dioenez azken hilabeteotako irabaziak finantza eragiketen ondorio dira, mozkinaren %25 bereganatuz. Zentzu honetan, dirudienez, dolarraren gorabeherak onerako izan dira bankako handien mozkinak areagotzeko. Eta, beti bezala, AEBk iragarria du datorren urteak ez duela zertan hain ona izanik, zeren 2000ko mozkinetako asko balore merkatuan egindako salerosketen arrakastaren ondorio izan baitira, eta beti ez dela horrela gertatzen. Baina, gero, beti gertatzen den bezala, berriro izugarri gora egiten dute bankako handien mozkinek. Horrela gertatuko da 2001ean ere.
Azkenik, esan beharra dago finantza sektoreak 2000. urte honetan negozio handia egin badu ere, badirela beste sektore batzuk ere, esate baterako energiaren sektorea, ez direnak oso urruti ibili. Espainiako Estatuko lau enpresa elektriko handienek, beraiek bakarrik, 500.000 milioi pezeta inguruko mozkinak izango dituzte, eta horien artean aurkitzen dira Iberdrola euskal enpresa eta hau bere baitan hartu nahi duen Endesa. Enpresen egoera orokorra aztertzen duen lan batean ageri denez, 2000. urtean mozkinak gora egin dute Espainiako Estatuko enpresen %74ean, eta eraikuntzaren sektorea da aurreikuspen onenak dituena.

600.000 MILIOI PEZETAKO IRABAZIAK
Espainiako Estatuan finantza erakundeek aurten izandako mozkinen igoera izugarria euskal bankara eta kutxetara ere iritsi da. Aurtengo mozkinen gehikuntza %20tik gorakoa dela kalkulatu behar da. Hortaz, iraila arte eman diren datuak kontuan izanik, euskal bankaren eta kutxen irabaziak 600.000 milioi pezeta (24.000 milioi libera) ingurukoak izango dira, iazko 415.000 milioi pezeten (16.600 milioi libera) ondoan.
Aipa ditzagun euskal finantza sektorea osatzen duten banku eta aurrezki kutxak. Beheko koadroan ikus daitekken lez, ondoko hauek dira 1999an 315.490 milioi pezetako mozkinak izan zituzten bankuak: BBVA, Banco Vasconia, Banco Guipuzcoano, Bankoa eta Banco Vitoria. Aurrezki kutxei dagokienez, honako hauek dira 1999an 97.000 milioi pezetako mozkinak izan zituztenak: BBK, Kutxa, Euskadiko Kutxa, Nafarroako Aurrezki Kutxa, Caja Vital, Caja Rural Vasca eta Caja Rural Navarra.

MAILEGUEN BIRIBILTZEA BANKAREN ALDE EGITEN DA BETI
Bankak eta aurrezki kutxek negozioa egiteko bide ugari dute. Oso erraza eta onura handiak ematen dituen bat interes aldakorreko maileguen biribiltzea bere alde egingo dela ezartzen duen klausula da. Biribiltze horren ezarpenak areagotu egiten du bezeroen maileguen kostua, eta urtean 45.000 milioi pezetako (1.800 milioi libera) onura eragiten die finantza erakundeei. Horrela adierazten da Bankuko Zerbitzuen Erabiltzaileen Elkarteak (AUSBANC) egin eta duela gutxi argitaratutako txostenean. Elkarte horren iritziz klausula hori "fede onaren aurkakoa eta gehiegikeria" da eta epaitegietara jo du horren aurka. Aldi berean, kontsumitzaileak animatu nahi dituzte, hauek ere bide horretatik abia daitezen.
Horrela, milaka pertsona ari dira bere maileguan prezio gehigarri bat ordaintzen, kontratuetan sartzen den eta finantza erakundeei %0,25 goraka biribiltzeko ahalmena ematen dien klausula horren ondorioz, batez ere hipoteka maileguetan. AUSBANCek adierazitakoaren arabera, 20 milioi pezeta (800.000 libera), %5,76 interes tasarekin, 20 urteren buruan ordaintzeko hipoteka-mailegua egiten duen bezeroak, biribiltze klausularen ondorioz ordainduko duen %6ko interes tasagatik, kontratuaren amaieran 603.462 pezeta gehiago ordainduko ditu.
Gorakako biribiltzearen klausula bidegabetzat, ezlegezkotzat eta okertzat jo ondoren, AUSBANCeko arduradunek diote biribiltze hori, beti, mailegu emailearen alde adosten dela eta inoiz ere ez hartzailearen alde, eta horrek, batez beste, 0,11 puntuko garestitzea eragiten duela hipoteka maileguetan.
Horregatik, AUSBANCek gutun eredu bat egin du mailegu hartzaileentzat, maileguetako gorakako biribiltze horren klausula Kontsumitzaileen Babeserako Lege Orokorraren arabera gehiegikeria dela arrazoituz, eta horrelako klausularik ez ezartzeko eskatuz, aldi berean, jarduera horren ondorioz finantza erakundeek bereganatu dituzten zenbatekoak itzultzeko ere eskatuz.
Finantza-zerbitzuen erabiltzaileen alde aritzen den elkarte honek jarria du salaketa bat aurrezki kutxa baten aurka, epaitegiek gehiegikeria eta zuzenbidearen aurkako jokabidea dela erabaki dezaten, beren ustez Kontrataziorako Baldintza Orokorren Legea urratzen duelako. Halaber, elkarte honek mailegu kontratuetan biribiltze klausula ezabatzeko eskatu du, gaur egungo teknologi baliabideekin inolako justifikaziorik ez duelako, hamartarrak erraz kalkula baitaitezke.
Pentsa daiteke bankak eta aurrezki kutxek jarduera horrekin jarraitzen badute, euroa iristen denean ere biribiltzea finantza erakundeen alde erabiliko dela. Zentzu horretan guztiz txalogarria da bankuetako zerbitzuen erabiltzaileen elkarte hori egiten ari den lana.


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude