argia.eus
INPRIMATU
Xiberoko Botza
XIBEROAK BERE IRRATIA BEHAR DU
  • Dirua behar eta, besteak beste, Zuberoako Ikastolekin batera kontzertua antolatu du Sohütan abenduaren 9an, Piarres, Ikus, Amparanoia eta Selektah Kolektiboa taldeekin.
2021eko uztailaren 16a
Eta irrati honek Zuberoako eta Euskal Herri osoko biztanle eta elkarteen laguntza behar du funtzionatzen jarraitzeko.
Abenduaren 9ko kontzertua herritarren laguntza eskertzeko prestatu dute, hain zuzen. Izan ere, Xiberoko Botzan pozik daude urte hasieran "Xiberoak eraik beza botza" kanpainak izan duen emaitzarekin. Urtean zehar jaso duten diruarekin Mauleko Victor Hugo kalean duten egoitza berriztatu ahal izan dute.
Orain ekimenaren bigarren fasea zabaltzen da, behin betiko lan tresnen jabe izateko helburuarekin. Honen bidez, irrati estudio moderno batek beharrezko dituen ekipamendu eta instalakuntza guztiak lortu nahi ditu, gehi administrazio eta zuzendaritzarako bulegoak.
Helburu honekin, irratiak oraingoan pertsona partikularrengana zuzendu baino, enpresa eta elkarteen mundura zuzentzen du bere deia, behar dituen 200.000 liberak (bost milioi pezeta) lortu asmoz.
Azken finean, bigarren fase honen helburua, emisioaz gain, jende aurreko animazioak, entzuleriaren parte hartzea, eztabaida publikoak eta musika emanaldiak egitea ahalbidetuko lukeen estudio handia eratzea da.
Abendutik aurrera abian jarriko duten fasearen ostean -datorren urtean- hirugarren urratsari, etorkizunari begira agian funtsezkoenari, ekingo diote: egoitzaren erosketa. Baina hori datorren urtean izango da, bitartean nahikoa lan izango baitute tresneriarentzako sosak lortzen.