argia.eus
INPRIMATU
PLANGINTZAK ESKOLETAN
IKASGELATIK IRTEN ETA ERDARAZ
  • Eten horrek aurrera egin ez dezan eskoletan (ikastetxe pribatu zein publikoetan) euskara plagintza anitz abian da. Artikulu honetan Euskaraz Bizi, Euskaraz Mintza eta Jaurlaritzaren Hizkuntz Normalkuntza Proiektuaren berri eman dugu. Ibilalditxo bati esker, berriz, aurretik azaldutako programak praktikan nola gauzatzen diren ikusiko dugu. Basauriko Arizko Ikastolako, Kanboko eskolako eta Urola Kostako adibideak hautatu ditugu horretarako.
Malores Etxeberria Mikel Asurmendi @masurmendi Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2007ko otsailaren 21
Azken 25 urteotan egindako ahalegin eta saiakeren ondotik hainbat aurrerapauso eman dela ezin da ukatu, eta horietan nabarmenenetariko bat irakaskuntzaren arloa dugu, lurralde desberdinetako hizkuntza politika desberdinek eragindako emaitza desberdinak ahaztu gabe.
Irakaskuntzan euskarazko ereduak ezartzeak, eta eredu-banaketa hark gaur egun beste birformulazio bat behar duela iritzita ere, eragin izugarria izan du euskararen normalizazioan. Ondorio garbiena hauxe izan da, euskararen ezagutzak haur eta gazteen adintartean, asko egin du gora. Baina irakaskuntzaren arloan ere badaude hutsuneak, gabeziak eta zer eginak.
Ama-hizkuntza euskara ez duten pertsona ugari dago irakaskuntzaren bidez euskararen jabe egin diren hauen artean. Pertsona hauentzako euskara bigarren hizkuntza da, etxean jaso ez duten hizkuntza. Eta ingurunea zenbat eta erdaldunagoa izan, orduan eta gune gutxiago dauzkate haur eta gazte hauek euskaraz aritzeko, euskara erabiltzeko. Euskarazko ereduetan ikasten ari diren haur askok eskola dute euskaraz bizi izateko gune bakarra. Eta honek guztiak zer dakar? Gaztelaniara eta frantsesera erraztasun handiz jotzen dutela eskolaren gune horretan ere. Beraz, ezagutzan aurrerapen handia eman dugu, baina erabileran ez hainbestekoa, edo espero genuen adinakoa.

Adituek diotenez, hiru aldagai dira, besteak beste, hizkuntzaren erabileran nagusiki eragiten dutenak. Batetik, ingurunearen eragina, hau da, zenbat eta ingurune euskaldunagoa, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara; bigarrenik, euskaldunen dentsitatea, hau da, elkarrekin komunikatzen ari direnen artean zenbat euskaldun dagoen, eta hirugarrenik, hiztunak duen ezagutza maila (zenbat eta hobeto jakin orduan eta erabiltzeko aukera handiagoa, edo bestela esanda, ondo moldatzen ez denak hizkuntza batean erraz jotzen du ondoen moldatzen den hizkuntzara). Askotan entzun eta esan izan da "gaurko gazteok ez dute euskaraz egiten, badakite, eta erdaraz ari dira jo ta ke", ez erabiltzearen "errua" gazteon leialtasun ezari edo leporatuz.
Leialtasun ezak ere izango dira, noski, baina goragoko aldagai horiek guztiak eta gehiago ere oso kontuan hartzekoak dira. Izan ere, erraz ulertzekoa dirudi zenbat eta inguru erdaldunagoan egon ikastetxea orduan eta nekezago egingo dutela haur-gazte horiek euskaraz, inguru guztiak horretara bultzatzen duelako. Ulergarria da, halaber, zenbat eta haur gehiago egon jolasgaraian, jangelan edota ikasgelan bertan gaztelania edo frantsesera erraz jotzen dutenak, orduan eta nekezago arituko direla haur horiek euskaraz. Eta erraz ulertzekoa da, halaber, haur-gazte horiek hobeto hitz egiten badute erdaraz euskaraz baino, erosoago sentitzen badira erdaraz hitz egiten, aitzakia txikienarekin erdarara joko dutela.

Testuinguru honetan kokatu behar dira, beraz, euskaraz bizitzeko irakaskuntzaren arloan sortu diren hainbat iniziatiba, tradizio handikoak, batzuk, "Euskaraz Bizi" kasu, eta berriagoak beste batzuk, "Euskaraz Mintza" kasu. Eta, hain sistematizatuak eta ezagunak izan gabe ere, hainbat eta hainbat ikastetxetan moldatu dituzten egitasmo xume bezain garrantzitsuak.
Egitasmo hauen guztien helburua erabilera baldintzatzen duten aldagai horietan eragitea da, ahalik eta gune euskaldun gehien eskaintzeko haur-gazte horiei. Horretarako guraso eta familiarengan eragiten dute, hauek euskalduntzeko edota sentsibilizatzeko egitasmoak bultzatuz, eskolaz kanpoko aisialdi eskaintzetan ere eragiten dute, eskola barneko giza baliabide guztiak euskaldunak izateko ahaleginak egiten dituzte eta abar. Eta egitasmo hauen barnean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den atala hizkuntzaren kalitatearena da. Izan ere, eta lehen aipatu dugun eran, hizkuntza maila ona izatea, hizkuntzarekin gozatzea, jolas egitea, jariotasuna izatea, hizkuntza horretan eroso sentitzea, alegia, oso lotua dago erabilerarekin.
Eskolaz gain, eskola beti eskola izango baita, gaztearen beste harreman-sare askotan eragin beharra ezinbestekoa bada ere, eskolan bertan ere ikusten da zer eginik eta hobeturik egitasmo hauen ildotik