argia.eus
INPRIMATU
Koldo Zuazo
"BETI ERE EUSKALKIDUN BAINO LEHEN, EUSKALDUN"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a
Euskara batua-euskalkiak gerra berpiztu nahian al zabiltza?
Inola ere ez. Ezinbestekoa da euskaldun guztiendako eredu bakarra. Baina oso argi izan behar dugu euskalkien aldeak ez direla berezkoak eta betikoak, bereizgarri asko eta asko "atzo goizekoak" baino ez direla. Niri, zeharo bidezkoa eta zeharo derrigorrezkoa begitantzen zait euskalkiak babestea eta baliatzea, baina, beti ere euskalkidun baino lehen euskaldun garela kontuan izanda.

Zeintzuk izan ziren zuk "60ko Iraultza" deitzen duzun horren ondorioak?
Ikastola, gaueskola, euskara batua, euskaldun berriak, euskara alderdi erdaldunetara hedatu izana eta euskaldunon arteko batasuna estutu izana, besteak beste. Orduantxe sortu zen euskal literatura modernoa deitu ohi dena baita ere. Azken batean, Euskal Herriko bizimoduko esparru guztietan gertatu zen aldakuntza. Ikaragarrizko hazkundea izan zuen euskarak 1960-1975 bitartean, baina, ni neu, hazkunde hori itsu-itsuan eta bururik gabe egin ez ote zen nago... Egia esan, ez zen beste aukerarik, hil edo bizikoa baitzen haztea. Egin zena egin bazen, jende askoren borondate onari esker egin zen, baina egin zen guztia ez zen zuzen eta zentzuz egin eta horixe da orain konponbidean ipini behar duguna.

Zer egin beharko genuke konponketa horren alde?
Euskarak dituen zenbait gaitz euskalkiak baliatuz sendatu edo, behintzat, arindu daitezkelakoan nago. Hori bai, sendagarri onenekin ere, ez da izango samurra euskararen etorkizuna. Dena den, esanak esan, euskarak badu gauza bat ona: ibili luzea egin duela. Eta asko ibili ohi denak asko ikusi ohi du, eta asko ikusi ohi duenak, asko ikasi, eta horrek beti ematen du konfiantza.