argia.eus
INPRIMATU
Durangoko Azoka
ZILARREZKO KALEEN LUMAZKO SARIAK
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 20a
Herrietako liburu eta disko azokak ekitaldi xumeak dira, alegia ez dirutan ez etorrietan ez direla oso aberatsak. Baina sari potoloak banatzen dituzte: Urrezko eta Zilarrezko Luma, Zilarrezko Euskadi,edo Zazpi Kale bezalako sariak. Eta horretaz gain, gazteen literatura bultzatzeko, Topaketak antolatzen dituzte.
Dirurik ez dagoenean, imajinazioa izan behar da, Muniategik dioenez. "Beraz, sariak eta horrelako ekitaldiak ere antolatzen ditugu. Azokaren barruan, Urrezko Luma eta Zilarrezko Luma sariak banatzen dira". Urrezko Lumarekin, bertako lurraldea goratzen saiatu diren pertsonak saritzen dituzte, beren ahalegina eskertzeko-edo. Aurtengoa, Pedro Pujanak jaso du, euskal foruak euskarara itzuli zituena. Aurreko urtean, berriz, Federiko Krutwigi eskaini zitzaion. Aita Barandiaranek ere jaso zuen bere garaian.... Zilarrezko Luma, bestalde, aurreko urtean gehien saldu duen idazleari ematen zaio. Kasu honetan best-seller-ak izaten dira sarituak: Pérez Reverte, Muñoz Molina, Atxaga, Benedetti, Martin Gayte... Bi sari horietaz gain, urte batzuetatik hona, Zazpi Kale saria banatzen dute baita ere, euskal liburuari eskainia dagoena. Iazkoa, Jasone Osorok jaso zuen.

Donostian, Zilarrezko Euskadi Saria ematen zaio azokan gehien saldu den idazlanari. Azken urteetan, euskal libururen bat izan da saritua beti, edo behintzat euskal gaiekin zerikusia zeukana. Egileen artean Torrealdai, Koldo Izagirre, Savater... aipa daitezke.

Gazteen literatura ere bultzatu nahi du Euskadiko Liburuen Ganbarak, eta horretarako azken urteetan Topaketak antolatzen hasiak dira, ikastola zein ikastetxe ezberdinekin aurretik harremanetan jarriz. Liburu baten aurkezpena egin behar den bakoitzean, ordubeteko saioa antolatzen da ikastetxeetan, ikasleen eta idazlearen artean.