argia.eus
INPRIMATU
ZERGATIK JATEN DUGU GAIZKI?
  • Europarren %80ak uste du ez duela jan neurri orekaturik egiten denborarik ez duelako. Horrez gain, Espainian borondate falta ere nabarmena da.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21
Denborarik eza, ordutegi irregularrak, laneko agenda kargatuegiak... horiek lirateke arrazoi nagusiak.
Europan biztanleen % 80ak uste du behar bezala jateak esfortzu handia eskatzen duela, eta ez dutela jan neurri orekaturik egiten denborarik ez daukatelako. Horixe da "Kontsumitzaileak Elikaduraren aurrean duen Portaera" aztertzeko egindako ikerketaren emaitza edo konklusio nagusia. Horretarako, Institute of European Food Studies izenekoak 14.000 hiritar baino gehiago inkestatu ditu Europan, eta inkestatuek diotenez beren ordutegi irregularrak eta laneko agenda estu eta kargatuegiak ondo jatea galarazten diete. Baina, hala ere, ez dituzte beren azturak aldatu nahi, eta beren jaki gogokoenak ez dituzte beste osasuntsuagoekin ordeztu nahi.
Espainian, presazko bizimodu horri borondate eskasa gehitu behar zaio, inkestatuen artean bostetik bat bakarrik egongo bailitzateke dieta osasungarria egiteko prest. Dena den elikadura egokia zer den ere ez dago oso argi inkestatuen artean, eta bestetik kontraesanak ikusten omen dituzte adituen artean, zer den gomendagarria eta zer ez erabakitzeko. Dena den, janari bariatuak kontsumitzea, karbohidratoetan aberatsak, ordu finkoetan jatea eta orekaz, baina ezeri uko egin gabe, ura ugari edatea eta ariketa fisikoa egitea denek onartutako gomendioak dira.