argia.eus
INPRIMATU
Durangoko Azoka
STAND-EN BESTE ALDEKO KONTUAK
  • Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka Euskal Herrian dugun horrelako ekitaldi nagusia da: milaka eta nilaka liburu, eta disko eskaintzen dituzten berrehun eta berrogeita hamar erakustoki eta ekitaldi franko dauzka eskaintzeko bertara inguratzen diren bisitariei. Durangoko Gerediaga elkarteak antolatzen du guztia, baina, bistan da, horrelako antolaketa erraldoiak, dirua barra-barra eskatzen du,Gerediagak bakarrik aurre egin diezaiokeena baino askoz gehiago, eta beraz, dirulaguntza hori erakundeetatik eta esku pribatuetatik lortzen saiatzen da elkartea, eta baita eskuratu ere, neurri batean behintzat. Aurtengo Durangoko Azokak euskalzale alemaniarrak izango ditu ardatz nagusi, baina beste ekitaldi asko ere aurreikusiak ditu. Adibidez,hilaren 7an, "Euskaldunon Egunkaria"ren eguna ospatuko du.
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21
Abenduaren 5etik 10era bitartean, euskal liburu eta diskoen azoka nagusia zain izango dugu. Durangoko Gerediaga elkarteak jarraitzen du antolatzen urtero 200.000 bisitari erakartzen dituen ekitaldi hau. Anton Mari Aldekoa-Otalora da elkarteko lehendakaria. Jon Irazabal, Durangoko Azokako zuzendaria. Gure mintzaidea, berriz, Itziar Irazabal, Gerediagako langilea baino ez ei da. Aurten, Azoka ospetsu honek 35 urte betetzen ditu, gainera, eta euskaldunon adiskide izan diren idazle alemaniarrei eskainiko zaie ekitaldia.


ALEMANIARRAK ARDATZ

Bereziki, Wilhem Humboldt eta Klaus Niebel izango dituzte gogoan. "Izan ere, datorren urtean beteko dira berrehun urte Humboldt idazlea Durango aldetik ibili zela. Eta beti egon da harreman handia hainbat idazle alemaniarren eta euskal idazleen artean. Klaus Niebelek harreman handia dauka Euskaltzaindiako zenbaitekin, Arana Martijarekin, esate baterako". Eta hain zuzen, Jose Antonio Arana Martijak emango du idazle alemaniarrei egingo zaien omenaldiko sarrera hitzaldia, baina Humboldt-i buruz mintzatuz. Klaus Niebeli, berriz, Durangoko Argizaiola eskainiko zaio. "Erdi gaixo omen dabil, eta agian semeak jaso beharko du".


EGUNKARIAK 10 URTE

Alemania ardatz nagusi duen Azoka honek, ordea, baditu ekitaldi gehiago. Abenduaren 6an, adibidez, justu hamar urte betetzen dira "Euskaldunon Egunkaria" lehenengoz atera zenetik. Eta beraz, 7an bere eguna ospatuko da.
Baina liburu aurkezpenik ez da izango. "Konturatu ginen argitaletxe bakoitzak bere estrategia hartua zuela: idazlea stand-era eraman liburua sina dezan eta abar, sinatzeaz gain, horrela liburuak ere saltzen baitira". Hau eta beste, aurkezpenak kentzea erabaki zuten, baina horren ordez Gerediagak aldizkari bat plazaratzen du: "Azokarako ateratzen diren nobedade guztiak agertzen dira. Lehenago pikareska asko egoten zen: argitaletxe batek esaten zuen hemezortzi liburu aurkeztuko zituela azokan eta idazle punteroenak etorriko zirela. Gero, sekula ez ziren agertzen, ez idazle punteroenak ez liburuak... eta geu gelditzen ginen gaizki".


DIRU LAGUNTZAK

Horrelako antolaketa erraldoi batek dirua eskatzen du. Eta nondik dator hori? Zenbait erakundetik, hasteko. Eta Itziar Irazabalek dioenez, aurten oso pozik daude Bizkaiko Foru Aldundiak jadanik eman duenarekin. "`Guztira hamar milioi pezeta inguru (400000 libera) eman ditu. Beti esaten genuen, azoka Bizkaian eginda, Bizkaiko Foru Aldundiak gutxi laguntzen zuela; baina aurten, euskara zuzendaritza berri bat sartu delako-edo, oso ondo portatu da. Sei milioi altxa ditu kolpera". Bestela, Jaurlaritzak, 8 milioiko diru laguntza ematen omen du. Eta Gipuzkoa eta Arabako Aldundiek berdin mantenduko dutelakoan daude, hau da, milioi erdi pezeta gipuzkoarrak eta 300.000-edo arabarrak.
Horietaz gain, diru laguntza pribatuak dituzte: "Euskaltelek milioi bi ematen ditu. BBK-k bost, eta katalogoa ordaintzen du gainera. Eroskik lau milioi ematen ditu". Gainera, Durangoko Udalak milioi bat pezeta ematen omen du azoka egin dadin, eta, gainera, hainbat azpiegitura ere jartzen ditu azokaren esku. Eta zer gertatzen da Nafarroarekin? "Nafarroako Gobernuak jartzen du stand bat. Duela 25 urte-edo, etortzeaz gain diru laguntza ematen zuen. Gero, harremana guztiz apurtu zen, eta ez diru laguntzarik, ez eurek etorri . Baina orain hamar urte, lortu zen Nafarroako Gobernua berriro agertzea, dirurik ematen ez badu ere".


PREZIOek GORA

Dirudienez, stand-en prezioak gora egin du aurten. "Nabarmen gora, gainera. Iaz hirurogeita hamar mila pezeta zen bakoitza, eta aurten ehun mila pezeta. Baina iaz, berogailua zela-eta, lau milioiko zorra egon zen azokan. Eta hori ordaindu egin behar da".
Eta zenbat stand egongo dira azokan? "Uste dut nire etxeko atarian ere jarri beharko ditugula. Gainezka gaudela aurten ere. Berrehun eta berrogeita hamar inguru izaten dira". Eta zenbat liburu espero dute? "Guk, katalogatuta, hogeita hiru mila liburu dauzkagu".
Eta Durangoko Azokan denak al dira euskaraz edo bestela euskal gaiekin lotutako liburuak? "Betiko arazoa dago, zer den euskal gaia eta zer ez. Badago atal bat, euskal literatura erdaraz, beti mugan dagoena, ezta? Atxaga, gaztelaniaz ere, euskal literatura da, zeren Shakespeare beti izan da ingelesa, nahi duzun hizkuntzetan; baina hor badaude beste batzuk muga-mugan. Eta hori da urtero Gerediaga elkarteak daukan arazorik handiena azokan, askotan hemen saltzen direla saldu beharko ez liratekeen gauzak".

EZIN BADUZU
Hona hemen Durangoko Azokan topatuko duzuna: 23.000 liburu eta disko katalogatu, eta hortik kanpo geldituko direnak..., 250 erakustoki, milaka bisitari eta giro aparta.
Baina joaterik ez baduzu, edota jendez lepo dauden lekuak atsegin ez badituzu, Azoka Birtualera jo dezakezu: www.durangokoazoka.com zain duzu.

KLAUS NIEBEL
KLAUS Franz Albert Niebel, euskal kulturaren sustatzaile handia, Berlinen jaio zen, 1937an. 1960a arte ez zuen Euskal Herria ezagutu. Dirudienez, gaztelera sakontzeko asmoz inguratu zen Gernikara, eta Euskal Herriaz zekien bakarra bertakoek txapela (alemaneraz "baskenmütze") zeramatela baino ez zen. Baina berehala aldatuko ziren gauzak. Euskaldunon arazoaz erabat kezkaturik, euskara ikasi eta euskal gaiak eta idazlanak bildu zituen liburutegi bat osatu zuen Colonian. Gainera, "Real Sociedad Bascongada de Amigos del País"en buletinean parte hartu izan du, Antonio Tovar-i buruzko lan batekin, kasu, baina euskaraz! Besteak beste, bera da Euskaltzaindiaren historia alemanera itzuli duena.

WILHEM VON HUMBOLT
POSTDAM-en, XVIII. mendean jaio zen filologo eta politiko alemaniar hau Berlingo Unibertsitatearen sortzailea izan zen, besteak beste. 1799an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, euskara aztertzera. Geroztik, bisitaldi franko egin zizkion, Juan Antonio Mogel eta Urkizaren lagun egin zelarik. Ikerketa asko egin zituen euskararen inguruan -ikus "Berichtigungen and Zusaetze zu Adelungs Mithridates über die kantabrische oder baskische Sprache" (Berlin, 1817) edota "Prüfung der Untersuchungen über die Urbewohnner Hispaniens vermittelst der Vaskischen Sprache" (Berlin, 1821), adibide gisa-. Izan ere, bere ustez, euskara Europako hizkuntzarik zaharrena zen, eta teoria hori zabaltzeari ekin zion suharki. Ez hori bakarrik: Larramendi, Astarloa eta Errok defendatutako teoriarekin bat, Espainiako hizkuntza zaharra ere euskara zela baieztatzen zuen edonon. Eta hori gutxi balitz Menendez Pelayoren antzekoak haserretzeko, gure euskara egitura hobezina zuen hizkuntza zen, Humbolten iritziz, eta teoria horrexen alde egin zuen hil arte.