argia.eus
INPRIMATU
PP OSASUNA PRIBATIZATZEN ARI DA LANGILEEN LEPOTIK
  • Alderdi Popularraren gobernuak osasun arloko gizarte prestazioak sozietate pribatuen esku uztea erabaki du. Hala, mutua patronalek langileen osasun alta eta bajak kudeatuko dituzte. Udan onartutako neurri horrek, dagoeneko, sindikatuen mobilizazioak eragin ditu.
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Partido Popularraren Espainiako gobernua, duen erabateko gehiengoan oinarriturik, orain arte esku publikoetan zegoen gizarte babesa desegin eta esku pribatuetara bideratzeko urratsak egiten ari da, hainbat prestazioren kudeaketa sozietate pribatuen esku utziz, fundazio edo mutua deitutakoen esku. Dagoeneko ofizialki egiaztatu den urrats horietako bat langileen osasunari atxikirik dago. Orain arte, langileen urte luzeetako borrokari esker lorturik, osasun publikoak kudeatzen zuen langileen osasuna. Orain, berriz, PPren gobernuak egindako aurtengo ekainaren 23ko lege dekretuaren ondorioz, langileen osasun bajak eta altak kudeatzea esku pribatuetan geratu da. Zehazki esanda, kudeaketa hori mutua patronalen edo laneko istripuetarako mutuen esku geratu da, langileek gaixotasun arruntagatik edo lanekoak ez diren istripuengatik izan ditzaketen bajak eta altak emateko ardura bereganatuz.
Egoera berri honek, dagoeneko, sindikatuen erantzuna eragin du Euskal Herrian nahiz Estatu Espainiarreko gainerako lurraldeetan. Hego Euskal Herrian ELA, LAB, EILAS, CGT eta ESK bilduak dira mobilizazioak batera egiteko, bai EAEn eta bai Nafarroan. CCOO eta UGT ere hasiak dira, estatu mailan, dekretu lege hori desagerrarazteko aldarrikapena zabaltzen.


OSASUN ZERBITZUAK PRIBATIZATZEKO AHALEGINA.

Neurri hori gobernu honek bultzatu nahi duen pribatizazio politikaren barruan sartzen da. Duen erabateko gehiengoan oinarriturik, pribatizazioa sektore guztietan ezartzen saiatzen ari da, langileriak lortutakoak deseginez. Gaur mutualitateen aldeko neurri hori hartzen badu, bihar osasun publikoa pribatizatzeko beste neurri batzuk hartuko ditu. Horregatik, hain zuzen, sindikatuek beren ahotsa entzunarazi dute neurriaren larritasuna agerian jartzeko, eta erabaki garbia hartu dute dagoeneko ofiziala den neurri honen erabilera eragozteko eta, batez ere, osasun arlo guztia pribatizatzeko neurri gehiago eman ez daitezen lortzeko.
Egin diren kalkuluen arabera, dagoeneko, EAEko langileen %30-50 eta Nafarroako langileen %70 mutualitateen menera daude osasun baja edo alta hartzeko gaixotasun arrunt eta lanekoak ez diren istripuengatik. Beraz, mutuek langile bati alta ematea erabaki dezakete, nahiz eta oheburuko medikuak oraindik bajan jarraitzea komeni dela adierazi, eta horrela gertatuz gero, bere prestazioa galtzea ala behar bezala sendatu gabe lanera itzultzea beste irtenbiderik ez luke izango. Horrek langileen osasunari arrisku bat gehiago eransten dio, behar bezala osatu gabe mutuaren presioagatik lanean hasi behar izan duen langilea berriro gaixotuta gertatzeko arrisku handiagoan baitago.
Gainera, kontuan izan beharra dago mutualitateek izan duten historiak eta esperientziak erakusten duena, hau da, ezin dela haietaz gehiegi fidatu osasun bajak eta altak kudeatzeko garaian. Mutuek, beti, bere jardueraren zentzu pribatista izan dute. Beraien helburu bakarra etekin ekonomikoa lortzea izan da. Eta hori da, sindikatuen ustez, honelako kudeaketa batean nagusituko den jokabidea. Gainera, mutua laboralek prebentzio arloan erakutsi duten erabateko utzikeria kontuan izanik, ez da batere egoera itxaropentsua sindikatuentzat eta langileentzat.
Sindikatuen artean nagusitzen den iritziaren arabera, mutuek erraztasun handiagoz emango dituzte altak eta langileak etengabeko mehatxu egoeran egongo dira, baja eskatu gabe lanean jarraitzera bultzaturik, une batetik bestera prestazio ekonomikorik gabe gelditzeko beldurrez. Bestalde, sindikatuek nabarmendu dute, PPren gobernuak hartutako neurri honen ondorioz, langileen bajaren iraupena erabakiko duten profesionalak alderdi interesatu gertatzen direla.
Azkenik, sindikatuek diotenez, osasuna pribatizatzeko neurri honek segurantza publikoaren porrota esan nahi du, gizarte babes publikoari nahiz osasun sistema publikoari egindako erasoa.

SINDIKATUAK GIZARTE BABESAREN ALDE
Osasun bajak eta altak kudeatzeko ardura mutuen esku geratzeko PPren gobernuaren erabakia uda betean hartu zen. Horregatik, sindikatuek ezin izan dute behar bezala erantzun orain arte. Duela aste batzuek geroztik Hego Euskal Herriko ELA, LAB, ESK, EILAS eta CGT sindikatuek mobilizazioak bultzatzeari ekin diote Espainiako Gobernuak daraman pribatizazio politikaren aurka eta osasun arloko gizarte babesaren alde.
Mobilizazioak geroz eta gogorragoak izango dira Espainiako Gobernuak lege dekretu hori ezabatzeari uko egiten dion heinean. Dagoeneko eskuorri batzuk banatuak dituzte lantokietan, egoerari buruzko azalpenak emanez. Sindikatuek enpresetako batzorde eta ordezkari sindikalek idazki bat sinatzea nahi dute, gorabehera arrunten ondoriozko osasun prestazioak kudeatzearen ardura mutua patronalen esku geratzearen aurka. Halaber, gaixotasun arrunten edo lanekoak ez diren istripuen eraginez sortzen diren alta eta bajen osasun kontrola eta prestazio ekonomikoak kudeatzeko ardura mutuen esku uzteari uko egiteko eskatzen zaie enpresariei. Sindikatuen eskarien barruan sartzen da baita ere EAEko eta Nafarroako gobernuek lege espainiar hori arbuia dezaten, beren gaur egungo eskuduntzen aurkakoa delako, eta enpresarien alde eta langileen aurka dagoelako.