argia.eus
INPRIMATU
Durangoko Azoka
...ETA ATERA ZAITEZ DISKOEN PLAZAN
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Kantautoreak, abesbatzak, betiko bakarlarien lan berriak edota inoiz kantatu ez dutenen estrainekoak, rock radikalaren ordezkariak, bluesean hasberriak edo heavy zaleak, guzti horiek eta gehiago izango dira Durangoko Azokaren apaletan. Hauetatik zehar ibilaldi bat eginez entzun daitekeen zurrunbilo musikalaren pentagrama labur batzuk baino ez doaz jarraian
Gaur", Ruper Ordorikaren azken diskoa, edota Bittor Egurrolak duela 30 urte kantatzen zituenak eskuratu nahi dituzula? Bada, gerturatu Durangoko Azokara.

Han, ziur aurkitzen dituzula hemen aipatzera goazenak... eta askoz gehiago. Adibidez, Agorilaren erakustokira gerturatuz gero, Aritzak taldeak Mixel Labeguerie-ren omenez plazaratu duen bigarren diskoa eskura dezakezu, baita Euritan Blai eta Beñat Achiaryrenak ere. Eguberriko kantak nahi dituzula? Hantxe dituzu, Erramun Martikorenak, Achiaryk eta abarrek abestuak. Elkarleaneanen stand-ean, berriz, Mikel Artiedaren lana, Oskorriren "Ura", Gozategiren "Egunon", Itoiz taldearen bilduma (1978-1988), Etxahun Iruri-ren kantak, Xabier Amurizaren "Xalbador", Ereski abesbatzaren azken emaitza, Anje Duhalderen "Pinpirin eta Florian", eta Gorka Knör-en "Gogoaren taupadak" zain dituzu. Esan Ozenkik gustura eskainiko dizkizu Anari-ren "Habiak", Fermin Muguruzaren "Dub Manifest" eta Lisabö, Betegarri, Lif zein Anestesiaren azken emaitzak. Sen taldearen lehen diskoa nahi duzula? Oihukarengana jo. Mikel Urdangarinen miresle sutsua zarela? Gaztelupeko Hotsak-en stand-ean lortuko duzu "Espilue", eta bide batez, Urreztieta Konexion, Morau, Uek, Arima Beltza, Bide Ertzean, Ene Bada eta Fundiziyuen diskoren bat erosi. Inguruko talde batzuen bila zabiltzala? Likiniano-ren stand-era azkar, Frik eta Emaiok talde gernikarren lanak baitauzkate salgai, Numen arrasatearra eta Humus tolosarrarenarekin bat.

Skalariak-en zerbait nahi izanez gero, ordea, Gor bilatu. Bide batez, Marea, King Putreak, Buitraker, Dank edo Txapelpunk-en zeozer eskuratu ahal izango duzu. Eta Flitter-en mini CD lotsagabearekin eginez gero, "Zipaio" kantaren letra zela-eta jarri zioten isuna ordaintzen lagunduko diozu talde honi... Dena dela, zu zeurera: bilatu, bilatu, bilatu...

ZAPOZAIN JAUZIKA
AGORILArekin plazaratu zuten lehen diskoa, "Zangoz jo, apo". Bigarren hau, "Jauzi! Jauzi! Zapoa", berriz, Oihukak kaleratu du. Rock ukituak dituen musika zeltiarra eta irlandarra egiten du Iparraldeko taldeak. Oihukako Ritxi Aizpururen iritziz, lehen diskotik hona aldaketa handiak datoz: "Merkatu berriak ireki nahi ditugu, eta horretarako Zapozainen disko hau nolabaiteko disko-giltza izan daiteke, zeren Iparraldean gehiago sentituko da eta Frantziako merkatura ere irekiko da. Banatzaile handi batzuekin gaude harremanetan, eta hauen bidez, datorren udan 'Franco-Folies'en joko du Zapozainek, La Rochellen egiten den kontzertu erraldoiean. Parisen eta Bretainian ere joko du. Gainera, Hego Euskal Herriko merkatuan benetan sakonduko da. Eta Espainian, Madril eta Bartzelona ere ukituko dira".