argia.eus
INPRIMATU
Euskadi Irratia
BABILONIATIK KANKUNERA
  • Euskadi Irratia abenduko eta Gabonetako programazioa prestatzen ari da egunotan eta Gorka Etxebeste arduradunak adierazi digunez, zozketak eta ezusteak izango dira.
2007ko otsailaren 21a
Kankun, Mexiko. Horixe izango da Euskadi Irratiaren entzule baten helmuga Gabonetan, bertako programazio arduradunaren planak betetzen badira behintzat.
Urtea bukatu aurretik irrati honetako zozketetan parte hartuko dutenetako entzule bati Karibera joateko aukera emango diote beraz. Lerro hauek idazterakoan oraindik garbi ez zegoen arren, zozketa Gabonetako irratsaio bereziren batekin edo "Babilonia" irratinobelarekin lotuta egingo da. Horrez gain, Gabonok gustura igarotzeko, hainbat saski ere banatuko dira entzuleen artean.
Eguberriko programazioa ere, nola ez, berezia izango da, eta egunik garrantzitsuenetan (Gabon eta Urteberri egunetan eta bezperetan), arratsaldez, magazinak eta saioak Eguberriko giroan murgilduko dira, egun horietako afaria prestatu bitartean gustura egoteko.
Gabonen atarian bukatzen da, baita ere, "Babilonia" irratinobela, eta Gorka Etxebestek aurreratu digunez, ezusteren bat gerta liteke, bukaera honetan entzuleek zer esan handia izango baitute. Izan ere, Euskadi Irratikoak entzuleei irratinobelan esku hartzeko aukera ematea pentsatzen ari dira.
Bestalde, euskal irrati publikoak Durangoko Azokaren jarraipen zehatza egiteko asmoa du abenduaren 5etik 10era. Bertan izango den set berezitik, esaterako, irekiera ofiziala zuzenean eskainiko dute eta arratsalde horretako saioak Durangotik egingo dituzte. Hortik aurrera, goiz zein arratsaldeko magazinetan egunero ordu laurdeneko konekxioak burutuko dituzte. Etxebesteren esanetan, "Durangon gertatzen dena ezagutzeko bertara joan edo Euskadi Irratia piztu daiteke"