Nire hastapenetako bertsogintza eta bertsolaritza gauza bera ziren biak, bertsogintzaz landa ez zegoen deus ere. Ekintzarik arrakastatsuenak txapelketak ziren edo sariketak baina, bertsolaritza jorratzeko ahaleginik, hitzaldirik, gogoetarik... nik ez dut gogoan. Izango ziren behar bada; entzun izan dut J.M. Lekuonak zenbait hitzaldi eman ziela orduko bertsolari gazteei, gu baino helduxeagoei. A. Muniategik ere gai sozial eta politikoen inguruko sakontze ahaleginik egin izan zuen. Baina, guk hasiberriok, ez genuen orduan plazaz plaza zebiltzanen esperientzia eta bertsogintzari buruzko iradokizunak besterik jaso, eta geure ustetan ez zen gutxi. Gainera, hor geneukan A. Zabalaren Auspoako altxorra.
Orduan azaldu zen Amuritza. Kantatzen genituen berak Zamorako kartzelan egindako bertsoak e.a. baina, gurekin errima eta gaiak lantzen hasi zenean jabetu nintzela uste dut, bertsolaritzaren esparru zabalaz. Hura errima eta neurria, doinua eta sentimenduarekin loturik zegoen eta komunikatzea zen helburu. Gainera, bertsotan ikas zitekeela jakitun nintzen arren, berezkoa deskubritzeko eskolen laguntza proposatzen zuen hark. Gu hasi ginenean, jaiotzako dohaina izan ezik, ez zitekeen ezer egin eta, Amuritzak euskaldun berriak ere bertsotan jarri zituen. Berak erabiltzen zituen beste inork ezagutu ere egiten ez zituen errimak eta hitzak, beste modu batera kantatzen zuen, gaiei ikuspegi berria ematen zien. Horrek erakarri ninduen; dena ez zen txapelketa eta lehiaketa, bazen besterik ere mundu hartan eta adin beretsuko taldea osatu genuen.
Noski, bakoitzak geren estiloa geneukan eta niri gai sozialak (garaiak ere halakoxeak ziren: Franco bizi-bizirik, Burgoseko epaiketa, langileen grebak nonahi...) lantzea eta sakontzea gustatzen zitzaidan baina gai sentiberak edo gaiei helduleku sentiberena aurkitzea ere oso atsegin izan dut eta dut. Izakeran dator hori.
Artean bertso mundura jaio besterik egin ez ginelarik, Txapelketa Nagusiak eragin zuen lurrikara bertsolaririk beteranoenengan eta hor hasi zen egungo Bertsozale Elkartearen sorrerako hazia martxan. Geuk antolatu eta ustiatu nahi genuen geure produkzioa; geu izan sormenaren eta bere erabileraren gidari nola txapelketetan hala plazaz plazako jardunean. Zertarako? Zerbait berria egin nahi genuen. Arnas berritu egin nahi genuen gure "langintza", baina nire buruan ez zegoen urte batzuk geroagora arte, orain gure Elkartea denaren argazkirik.
Urratsak poliki baina emanez, telebistaren aroa iritsi zitzaigun. Plazak oso jendetsuak ziren eta leiho ttikiak handi egin zuen bertsogintzako jarduna. Aparretan genbiltzan kezka mamitzen hasi orduko, ordea, dibortzioa etorri zen entearekin, ongi preserbatu gabeko ziri batek tantak ormara ixuri zituelako edo gehiegi preserbatutako begiek ixuria ikusi zutelako. Dena den, egoera aldrebesenetik ere zer ikasia ateratzeko joera dugunok, babei begira egoteari utzi eta gaur ekoizten den telebista saioa izan dugu geroztik buruan, hau da, Elkarteak elkarlanean edo bakarrik egina. Geuk sortu, antolatu, produzitu saioa eta saldu. Horrek produktuaren duintasuna bermatzea gure bizkar uzten du eta geure arteko kontraesanei aurre eginez, hezi eta garatu egiten gaitu, oraingoz, irabaziak utziaz.
Telebista ez da ordea gure iturri bakarra izan sekula. Oinarria, bertso eskolak dira. Hor sortuko zaizkigu zaletuak, gai emaile eta jartzaileak, epaileak, ikerlariak, adituak. Hasieran denon buruan bertsolariak sortzea bazegoen ere, puzzleko fitxa guztiak eurek emango dizkigute eta oraindik ez diegu Elkartetik behar besteko ahaleginik eskaini baina ari gara antolatzen eta lortuko dugu.
Bertso saioak dira, bestalde, telebista - bertso eskola - Elkartea bera intentsitate desberdinez elikatzen dituztenak. Orain indartsuen dagoen formatoa zaharkitu egin zaigu, goia jo zuen duela urte batzuk eta errelebo eske daukagu. Nik irtenbidea juxtu zein den ez dakit baina, Lankuren bidez ari gara formato desberdinak plazaratzen eta frogak egiten. Asmatuko dugu berandu baino lehen.
Guzti hau gauzatzen zihoan heinean, gizarteak berak eta Administrazioak aintzakotzat hartu gaitu. Euskal Herriko egoera ere aldatu egin da, egia da, baina nik uste gu ere aldatu garela eta orain ikasiagoak gaudela administrazioarekiko tratu kontuan. Guk ez genekien haien hizkuntza eta ezta haiek gurea ere. Hizkuntzak hurbildu ditugu.
Lehen esan bezala, herri honen egoera ere aldatu da eta, horrek, oso nabarmen banandu ditu politikagintzako bi artaldeak, oraingoz. Saioetan, gaia jarritakoan, artzaina bertsolaria da eta egoera politiko ilusio piztailetik sua itzali ezinezkora igaro denean, oso gutxitan bezain zorrotz erakutsi dizkiogu hortzak geure artaldeko ahariari. Denok ez dugu beeeetiko orroea egin. Ezta Elkarteak ere baina honek zailago dauka, beti ere, sentsibilitate desberdinei erantzun behar baitie.
Une honetan, bertso eskolak dira gure biharko oinarria eraikitzeko abiapuntua. Zer falta zaigun hauetan? Hasteko, plangintza teorikoa egoki egina dugu baina, jasotzen ditugun datuak prozesatzeko eta ondorioak ateratzeko astia hartu behar dugu. Gainera, ezinbestekoa da, programa bateratua eta mailakatua egitea egun egiten dena abiapuntu dugularik eta ariketa osagarriak egoki txertatuz. Honekin batera, irakaslegoari hau dena jakinarazi behar zaio eta prestakuntza eman.
Bertsogintzak eraberritu beharko du eta orain eskaintzen duen saio eta jaialdi mota dibertsifikatuagotu formato berriak erantsiz. Gainera, hezkuntzan lekua egin behar dugu eta ahozkotasuna lantzeko osagarri modura nola erabili sakondu, bestela, aurki idatziz soilik ulertuko dugu elkar. Bertso eskolak izango dira, dena den, bertsotan eta bertsogintzan bestelako zereginetan arituko direnen hezitoki.
Elkartearen autofinantzaketa asmoak derrigorrezkoak dira, izan ere, ez dirudi gure langintza osoki finantzatuko duenik administrazioak eta berandu baino lehen egin beharrean gaude gorago aipatutakoak. Egitura berriak ere begiratu beharko ditugu, fundazio formulak e.a. diru pribatuari ateak irekitzeko.
Ikerketa alorrean oraindik zer jorratua handia da eta geroa nola islatzen dugun kontuan izanik, erantzun sakonagoa planifikatzeko iritziak jasoko ditugu ikerketa bidez.