argia.eus
INPRIMATU
Radio Euskadi
IRRATI GAZTEAREN KONKISTARA
  • Radio Euskadik "Bilin Bolon" izeneko lehiaketa jarri du martxan. Protagonistak hainbat ikastetxetako 3.000tik gora gaztetxo eta beraiek egindako programak izango dira.
2007ko otsailaren 21
Lauro Ikastolako gaztetxoak izan ziren lehenak azaroaren 11n, baina hauen atzetik Euskal Autonomia Erkidegoko 100 bat ikastetxetako 3.000tik gora ikaslek eskatu du ekimen honetan parte hartzea.
Eskola-lehiaketa hau gazteak irratira hurbildu asmoz antolatu da; hezkuntza eta irratia bategin nahi dira. "7 Calle del Trinkete" programak duen gazte saioan eskainiko da lehiaketa.
Ekimen hau EITBk gaztetxoak erakartzeko eman dituen urratsetako azkena da, Betizu eta Betimu telebista programen ostean. Andoni Ortuzar EITBko zuzendariak azaldu duen bezala, "gazteak gure etorkizuneko ikus-entzulegoa direlako, eta, beraz, gerorako inbertsioa".
Lehen edizio honetan 100 ikastetxetako 3.000 inguru gaztek hartuko du parte, batez ere DBHko lehen ziklokoak (12-14 urte bitartekoak). Euskaraz zein gazteleraz burutuko dituzte programak eta hauetako onenak larunbat eta igande eguerdietan antenaratuko dira Galder Perez eta Ane Zabalak zuzendutako gazte saioan.
Partehartzaileek lehenbizi ikastetxeetan egin beharko dute lan, gero Radio Euskadi ezagutzeko aukera izango dute, eta azkenik "Berbalapiko" izeneko irrati iratxoak, larunbat eta igandetan 12:00etatik 14:00etara, gaztetxoen lanik onenak aurkeztuko ditu. Ondoren, hainbat sari banatuko duen (gazte eta eskolarentzat) lehiaketa handi bat izango da.