argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
ETOR HADI GIZARTERA
  • Portugalgo baso batek behin su hartu eta zuhaitz gehienak goitik behera erre ziren, mimosak ezik. Landare hauek espeziearen jarraipena bermatu ahal izan zuten.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Honez gero txoratuta nagoela konturatu eta pertsonak garen animalioi landare tratua ematearen nire behin betiko lizentziaz jabetuko zinetenez, aparte antzera dabilenari agintzeko koadrilan erabiltzen dugun esaldia dakarkit izenburura, umetan bertsolari izan nahi zuen lagun batek bidali didan gizakion bizimodu xelebrea, eboluzio biologikoa eta eboluzio kulturalaren arteko desorekan oinarritzen duen tesia ardatz duen liburu bat baitut gaur aitzaki.
Gizakiarena edo Homo sapiens espeziearena ez bezala komunitateen iraupena kulturan, talde eta sektatan elkartzen gaituen horren babesean alegia, oinarritzen omen dugu azkarrok. Beste espezieetatik ere honek bereizten omen gaitu, beren iraupen estrategian gurearen urratsei begira, zain baleude bezala...
Kultur komunitateetan elkartzea garatua dute, aspaldi, landareek. Portugal goxoan suak pasatako baso batean ikusitakoa adibide. Pinu, lizar, haritz eta abarren artean bere kulturako toki eguterenak okupatuz mimosa multzo handiz osatutako basoa zen erretakoa. Zuhaitz gehienak goitik behera erreak ziren eta beltza zen nagusi; mimosa komunitateetan ezik. Hauetan bueltako aleak erreta ziren baina erdialdekoak berde-berde. Espeziearen jarraipena bermatuko zuten batzuk salbatzeko, beste batzuk erre ziren. Jokabide honengatik emango zitzaion, bai, Acacia delabata-ri izen ezin humanoagoa, mimosa .