argia.eus
INPRIMATU
ETA AISIALDIKO ISTRIPUAK ZER?
  • Laneko eta errepideetako istripu kopuruek larritzen gaituzte, baina etxe giroko eta aisialdiko istripu kopuruak handiagoak dira. Hauetaz ordea, ez gara hainbeste arduratzen.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Aisia bitartean gertatutako istripuak eta etxeko istripuak dira bosgarren heriotza arrazoia Espainian. Kasu horiek medio 2.072 bizitza galdu ziren 1999. urtean. Gainera, kasuen %47an ondorio fisikoak uzten dituzte (840.000 pertsona izan ziren sekuelekin geratu zirenak, 1.830.000 kaltetuetatik); horietatik %5,3 (alegia, 97.000 pertsona) ospitalean egon beharrean dira, bi astez batez beste. Ondorio fisikoak jasan dituztenen artean, %22ak lanegunen bat edo beste galdu du eta ikasleen artean, %30ak eskola egunen bat galdu du.
Istripu horiek lanekoak eta trafikokoak baino usuagoak dira. Orduoro, lanean 209 eta errepideetan 214 istripu izaten dira. Etxe giroko eta denbora libreko istripuak 288 izaten dira eta eragiten dituzten kalteak (heriotzak barne) tragikoak diren arren, ez dute halako ezinegonik sortzen. Kaltetuen erdiaren ustez, istripuok zori (txarraren) kontua dira eta gainera, horietarik %7 besterik ez da ohiturak aldatzeaz arduratzen, istripu horiek errepika ez daitezen.
Eta azkeneko urteetako joera eta zifrei begiratzen badiegu, badugu zerekin kezkatzeko motiborik. Heriotza-kopuruak 1.200etik 2.000ra egin du salto eta ospitalizazio-denboraldia ere igo egin da (12tik 14 egunera). Horrexegatik "fatalismoa" eta "zorte txarra" esapideak baztertu eta prebentzioari eta segurtasunari ekin behar genieke.