HAURRAK PARISTIK ETORRI EZEAN PLANGINTZA BEHAR DU JAIOTZAK

  • Jaiotza-tasari buruzko gaiak ez du Hegoaldeko euskaldunen artean aparteko arrenkurarik sortzen. Kezkatzeko moduko arazoa dela pen-tsatzeko motiborik badago, ordea. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) jaiotza-tasak Europako apalenak dira. Nafarroako jaiotza-tasa ere populazioaren ordezkapenerako beharrezkoa den neurriaz oso behera dago. Nafarroako Gobernuak arazoa bideratu aldera nolabaiteko diru laguntzak zabaldu ditu. Ez dira apartekoak, hala ere. Eusko Jaurlaritza plangintza bat garatzeko bidean ari da. Edonola ere, europar kontinente zaharraren barrena gero eta iparralderago joan, herritarrak gero eta kontzientziatuago daude gai honetaz, baita estatuak ere, jakina. Hortaz jabetzeko, Frantziako administrazioak Ipar Euskal Herrian ematen dituen diru laguntzak eta Hegoaldean daudenak alderatzea besterik ez dago.

2007ko otsailaren 21ean
Jaiotza-tasaz hitz egiten dugunean herritar xumeok ba al dakigu zertaz ari garen? Hasteko eta behin, derragun bada, jaiotza-tasaz dihardugunean, denbora jakin batean populazioan ematen diren jaiotzen proportzionaltasunaz ari garela. Euskal Herriko jaiotza-tasaren egoera aztertzeko pertsona koalifikatuen iritziak eta datuak bildu ditugu. Iritzi eta datu hauek landu ditugu eta ahal izan dugun neurrian Europako testuinguruan bizi den egoerarekin alderatu ditugu.


UGALKORTASUN-TASA APALA.

Europako demografoen arabera, belaunaldiaren ordezkapena ziurtatzeko, beharrezko jaiotza-tasaren indizea 2,1 batekoa da herrialde garatuetan. EAEn dago, gaur egun, Europako eta Espainiako estatuko ugalkortasun-tasa apalena: emakume bakoitzeko 0,96 haur sortzen da; Nafarroan 1,19 izaki. Ipar Euskal Herriko emakume bakoitzak, berriz, bi seme-alaba sortzen ditu batez beste. Mila biztaleen araberako datuek (Hego Euskal Herriari eta Europari dagokionean) areago argitzen digute egoera. Europan, mila biztanleko 11,8 haur jaio-tzen da egun, Nafarroan 9,8 eta EAEn 7,7. Demografoek diotenez, gaur egungo indizeen arabera Euskal Herriko populazioa erdira jaitsiko litzateke hogeita hamar urteren buruan. Azken hamarkadetan populazioaren ordezkapen arazoari aurre egiteko hainbat neurri hartzen hasiak dira Hegoldeko administrazioaren arduradunak. Era berean, herritarrak jaiotza-tasaren arazoaz jabetu daitezen heziketa eta plangintza ekimen berriak garatzen ari dira euskal erakundeetan. Izan ere, tokian tokiko gobernuei badagokie jaiotza-tasa igotzeko neurriak hartzea, administraziotik gizartearen kontzientziazioaren beharra ezinbestekotzat jotzen da.
Antza denez, bizi dugun ekonomiaren oparoaldiak ez digu uzten etorkizunean izanen ditugun gabeziak ikusten. Esate baterako, gure populazio-tasa urria izanen da esku-lanari ekiteko. Aldi berean, populazioa gero eta zaharragoa denez, egungo pentsio-sisteman arazoak aurreikusten dira jada. Hots, etorkizuneko langile kopurua egungoa baino urriagoa izanen da eta erretretan edo jubilazioan izanen diren pertsonen kopurua altuagoa.


INMIGRAZIOAK POPULAZIO-TASA URRIA BERDINDU LEZAKE.

"Gizarte zahartu batekin bizitzea ez da larria" edo "populazioaren hutsunea garapen bideetan dauden herrialdeko etorkinek beteko dute" bezalako usteak zabalduak daude gure gizartean. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Anjeles Iztueta sailburuordeari honelakoak aipatu dizkiogunean, hauxe azaldu digu: "Arazoa inmigrazioak konponduko duen leloak ez du balio, eta gizarte zahartu batekin bizitzea ez dela larria esatea arazoari muzin egitea da. Horiek klitxeak dira. Inmigrazioa ez da lagungarria. Berez arazoa da. Etorkinak integratzen lanak eta arazoak izaten dira. Uste horiek zabaltzea arazoari ekiteko modu sinplista da. Gainera, bestela litzateke gizarteak arazoari aurre egin nahi ez balio, baina bertakoek arazoari aurre egin nahi badiote, nola pentsa daiteke arazoari etorkinen bitartez heltzea?".
1972. urtean ezagutu zen jaiotza-tasaren gorakada handiena Hego Euskal Herrian, "Baby-boom" bezala gogoratua gaur egun. Fenomeno hura aipatu diogu Anjelesi: "Gorakada hura inmigrazioak eraginda izan zen batez ere. Baina, gaur ez bezala, orduan gazteak etorri ziren bikote eginda, ezkonduak etorri ziren, justu familia osatzera. Egun ez da posible halakorik. Ez etorkinen ez laguntzaren bitartez, ez da izango 'baby-boom' berri bat".
Marina Lopez Sagaseta Nafarroako Unibertsitateko soziologiako irakaslea da. Bertako Estatistika Institutuan dihardu: "Nire ustez jaiotza-tasaren arazoan ez dago konponbide magikorik. Hala ere, premiazkoa da arazoa aztertuko duen plangintza bat bultzatzea. Gobernuek bitartekoak jarri behar dituzte lehenbizi, eta ondoren, azken erabakia norbanakoena izan dadila. Har daitezkeen neurri egokienek ez dituzte erabateko emaitzak bermatuko, ez du populazioaren ordezkapenaren ehuneko ehuna ekarriko, baina neurriak hartzen ez badira ez dugu ezagutuko arazoari aurre egiteko zer-nolako plangintza behar den ere".


GIZARTEAREN NAHIAK BETETZEAREN ALDEKO POLITIKA.

Gure gizarteak etorkizunean arazo izan daitezkeenak baino, gertuko arazoak ditu buruan gaur egun. Bien bitartean, administrazioan dihardutenak -demografoak nahiz gizarte gaietan adituak- ez dira beti bat etortzen. Gizarte gaietan ari direnek ez dute begi onez ikusten demografoek jaiotza-tasaren gaiari buruzko iritzia ematea. Demografoek datuak ematera mugatu behar dute beren lana. Euren lanak ez du zertan jaiotza-tasak gora egin dezan bultzatzen lagundu behar, zenbaitetan jaiotza-tasa neurri kontzeptua ez baita egoki erabiltzen. Uste kontraesankorrak ere badira nolanahi ere. Demografoak ez omen dira arazoa konponduko lukeen politika zorrotz baten aldekoak. Euren esana "laissez faire" izaten da.
Bestalde, esaterako, iraganeko feminismoaren diskurtsoa ez da agian egokiena izan. "Emakumeak lana egin behar du", "Lana bai, umerik ez", "Lanak emakumea errealizatzen du eta umeak izateak ez", zioten feministek behiala. Alegia, aurreko belaunaldietan osatzen ziren hainbat bikotek ez zuen umeak ekartzeko sinesmen handirik. Gaur egun, jarrera feministak defenditzea eta sustatzea behiala baino hobeto ikusita dagoen arren, jaiotza-tasaren inguruko jarrerak eta iritziak aldatu dira. Belaunaldi berrien joerak aldatu dira behintzat. Aurreko belaunaldien borroka, haurrak ez izatera zuzendua izan zen nolabait, eta belaunaldi berriek haurrak izateko borrokatzen dute. Egungo gazteen ikuspegia aldatu da seme-alabak izatearen inguruan. Ondorio honetara iritsi gara hartara: Helburua ez da belaunaldiak osatzea eta ordezkatzea, gizartearen nahiak laguntzen betetzea baizik. Ez da berdin jaiotza-tasa handitu nahi izatea edo gizarteak nahi duenaren araberako plangintza bat garatzea.


EMAKUMEAK EZ DU HAURRA EKARTZEKO PRESARIK.

Jaiotza-tasaren arazoari heltzeko, datu demografikoetan nahiz administrazioek egindako inkestetan herritarrek erakutsi duten jarreran erreparatu dugu. Datuak ondoko grafikoetan ageri dira. Begibistan denez, emakumeek haurrak gero eta beranduago ekartzen dituzte. EAEn jaiotako haurren %48,3 30-34 urte bitarteko amenak dira. Nafarroan adibidez zifra % 46,3koa da.
Arrazoia ezaguna da. Krisi ekonomiko estrukturalaren ondorengo lana oso da prekarioa, lehenengo lanak ez dira onak gainera. Bestalde, bikotekide biek lan egiten duten kasuetan bikoteen lehen helburua etxea erostea da. Hegoaldean etxebizitzak oso garestiak dira, gurasoen etxetik ateratzea eta bakarrik bizitzen jartzea berealdiko erronka da gaur egun. Hegoaldeko eta Iparraldeko egoerak zeharo ezberdinak dira etxebizitzari dagokionean. Grafikoetan agertzen diren diru laguntzen zenbatekoak, lekuko. Hegoaldean ia-ia ez dira etxebitzak alokatzen, lehen soldata etxea erosteko izaten da. Etxebizitza edukitzea bikotearen lehen etapan osatzen da. Etapa hori, oro har, duela hogeita bost urte baino beranduago betetzen da egun. Hots, behiala etapa hori 25 urtetarako bete-tzen zen, eta egun 25 urterekin hasten da. Bizitzaren etapak atzeratzen ari dira, beraz. Aldi berean, bizitzaz gozatzeko beste etapa garrantzitsu bat ekarri du gizarte modernoak. Alegia, aisialdirako denbora tarte gehiago hartzen da. Bidaiatzeko, kasu. Bikoteak etxebizitza eduki arren haurrak ez dira berehalakoan etortzen. Haurrak edukitzearen edo ez edukitzearen arteko eztabaida jalgitzen da bikotekideen artean. Amak 30 urte gainditu ostean sortzen dira haur gehienak.
Iparraldean, batez beste, bi haur ekartzen ditu gizon-emazte bikote bakoi-tzak. Hegoaldeko EAEn eginiko inkesta baten arabera, bikoteek kopuru halakotsu bat ekarriko lukete, baldin eta egoera bestelakoa balitz. Inkestetako datuek horrela diote behintzat. Nafarroako ezkonduen nahikarien datuak ezagutu ez arren, EAEn ematen diren antzekoak liratekeela diote adituek. Hegoaldeko herritar gazteen %54k bi seme-alaba edukiko lituzke. %18ak hiru izateko gogoa ere azaltzen du. Populazioa ordezkatzeko beharrezkoa den 2,1 indizearen gainetik daude nahi hauek, indizea ia-ia 3 puntuetara iristen baita. Ordea, lan merkatuaren egoerak eta haurrak izatean behar bezalako zerbitzurik ez izateak (emakumeak dira jaiotzan arduradun ia-ia erabatekoak eta lan baldintzetako desabantaila handienak paraitzen dituztenak) haur kopurua murrizten du bikoteen artean. %68ak ez du aski diru nahiko lukeen haur kopurua ekartzeko. %32ak dioenez, ezin da haurrez arduratu eta lan merkatuko lehiakortasunari aurre egin. Ehuneko beste multzo garrantzitsu baten arabera, egungo gizartearen bizimoldea ezaguturik, haurrak ekartzeak beren askatasuna murriztuko luke. Balore kontua ere bada, beraz.


IPARRALDEKO DIRU LAGUN-TZEK EZ DUTE PAREKORIK.

Ipar Euskal Herrian garatzen diren neurriak ezarri beharko lirateke Hego Euskal Herrian, baldin eta belaunaldien ordezkatzeko behar den jaiotza-tasari eutsi nahi bazaio. Ipar eta Hego Euskal Herriko egoeraz ari bagara ere, kontziente izan behar dugu Espainiako eta Frantziako estatuen politikaz ari garela.
Iparraldean haur bakoitzeko diru-laguntza zuzenak daude. Grafikoetan Baionako CAFek (Caisse d'Alocations Familiales-Familien Laguntzarako Kutxa) lagundutako familien kopurua agertzen da. Haurrak ekarritako familientzako eta familion etxebizitzarako emandako diru-laguntzak dira. Ez dagokio Iparralde osoko populazioari, Baionako kutxari atxikiriko populazioari baino. Alta, estatu batean eta bestean ematen diren diru-laguntzek ez dute parekorik. Izan ere, EAEn familiek ez dute diru-laguntza zuzenik jasotzen haurrak mundura ekarri izanagatik. Hiru Foru Aldundietan familiak ekartzen dituen haur kopuruaren araberako PFEZtik (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) egiten den kenketa zuzena besterik ez dago. Kopuruaren arabera kenketa handitzen da, baina ez dago diru laguntza zuzenik. Nafarroako Gobernua, ostera, 2000. urteko lege dekretu baten arabera, diru laguntza zuzenak ematen hasia da. Nolanahi ere, diru laguntza hauek kasu berezientzako dira. Hots, bikiak edo hirukiak dituzten familientzako eta bikotekide biak lanean ari diren kasuan. Edonola ere, administrazioko gizarte gaiaz arduratzen diren adituen esanetan, diruz laguntzea ondo dago baina ez bide da nahikoa, eta ez da beti ona. Izan ere, bi estatuen egiturak ezberdinak dira eta Hegoaldeko eta Iparraldeko gizarteenak ere bai. Hegoaldeko lan merkatua eta gizarte zerbitzuak ez dira egokienak jaiotza-tasaren kopurua emendatzeko.


LAN MERKATU ZURRUNA ETA ZERBITZU GUNE GUTXI.

Hegoaldeko lan merkatua oso da zurruna eta dauden lanpostu asko behin-behinekoak dira. Ez dago malgutasunik lan orduetan. Anjeles Iztuetaren iritziz, lan merkatua aldatzen joan behar da bikoteek haur gehiago izan dezaten: "Enpresa munduan oztopo asko dago. Administraziotik neurri batzuk proposatu ditugu baina enpresa gizonek ez dituzte neurriak aise onartzen".
Gizarte zerbitzu zabal batek lagundu lezake lan merkatuaren malgutasuna bideratzen. Zerbitzu hauek ez dira nahiko garatuak, ordea. Haurtzaindegiak gutxi dira eta ordutegi mugatuekin. EAEn diren haurtzaindegiak publikoak dira eta funtzionarioen ordutegiaren menpe daude. Haurtzaindegi pribatuak zabal-tzen lagundu beharko litzateke bestalde. Honek, gainera, enplegua sortuko luke. Jende asko ari da, nonbait, haurtzaintza lanetan deklaratu gabe. Publiko nahiz pribatua izan, zergatik ez da haurtzaindegi zerbitzu sendoago bat finkatu orainokoan? Hona Iztuetaren ustea: "Eremu publikoan ideologia kontserbadore eta eskuindarrek traba batzuk jarri izan dituzte haurtzaindegien aurka. Eskuineko ideologiatik ez da zerbitzu publikoak garatzearen aldeko nahirik. Sare pribatuak nahiz publikoak osatu beharko lirateke, erdibidea aurkitu eta dagoen kutsu ideologiko ezkorra aldendu. Baloreak indartu behar dira, eta aitatasuna eta amatasuna gizarteratu aldi berean".


SEME-ALABAK IZATEKO ESKUBIDEEN ALDEKO BORROKA.

Haurrak eduki ahal izateko dirua funtsezkoa da mundu moderno honetan. Egungo gizartea ez da orain dela 25 urteko hura. Bada uste duena, konparazione, egun azpiegituretan inbertitzen den modura lagundu beharko litzaiekeela seme-alaba gehiago izateko gogoa dutenei. Batzuren ustez, nahi adina seme-alaba edukitzea eskubide bat bihurtu behar da eta horren alde borrokatu beharra dago. Urtetik urtera, gero eta gaurkotasun gehiago hartzen ari da jaiotza-tasaren gaia. Orain arte, arazoa arlo pribatuari zegokiola esaten zen, baina administrazio publikoak esku hartu behar duela aipatzen da egun. Laguntzeko dirua egon badago, borondate kontua da, beraz.


ZEZENARI ADARRETATIK.

Europako Parlamentua neurriak har-tzearen alde agertu zen joan den ekainean. Frantziako Niza hirian egingo den estatuburuen bileran ebatziko dira neurri horiek zertan dautzan. Hego Euskal Herriko administrazioei arazoari heltzeko ordua iritsi zaiela dirudi. Nafarroako Parlamentuak hainbat neurri hartu du, eta antza denez, bertako Gobernu Forala plan sendoago bat garatzearen alde egon daiteke. Eusko Legebiltzarrean jaiotza-tasaren arazoa aztertuko duen plana eztabaidatu zen joan den maiatzean. Alderdi guztiak akordio batera iritsi ziren. Eusko Jaurlaritzaren plana finkatzearen aldeko lanetan dihardu Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak. Dagoeneko konpromisoa hartua dago eta heldu den urteko maiatzean Legebiltzarrean aurkeztu beharko dira plangintza garatzeko behar diren neurri ekonomikoak. Arazoa ez dagokie soilik administrazioetako erakunde gorenei horregatik. Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Aldundietako Ongizate eta Ogasun sailek parte hartzen dute eta Eudelek (Euskal Udalen Elkartea) ere bai. Era berean, jaiotza-tasaren urritasuna eta larritasunari aurre egingo bazaio, jaiotza-tasaren gaia gizartean -ikastetxeetan eta unibertsitatean- eztabaidatzeari beharrezkoa deritzote administrazioko arduradunek. Hala bedi.

TXARO ARTEAGA: "GAINEAN DUGUN ETORKIZUNA BERRIZ PENTSATU BEHAR DUGU"
Orokorrean, EAEko populazioa gero eta zaharragoa ari da bihurtzen, bizi-itxaropenak gora egitearen eta jaiotza-tasak behera egitearen ondorioz. Gaurko eta etorkizuneko gizartean emakume zahar gehiago izango da, gure bizi-itxaropena handiagoa delako.
Maila ezberdinetan hau kezkagarria da gizarte eraketan aldaketak eta moldaketak eskatzen dituelako. Hala ere, errealitate honen eztabaida ez da berria, agenda politikoetan berriz ere azaldu bada ere azken denbora honetan. Edozein modutara, auziak bi alde ditu, bata jaiotza-tasarekin zerikusia duena eta bestea, bizi-itxaropenarekin harremanetan dagoena.
Ni lehenengoaz arituko naiz, jaio-tza-tasaren igoera bilatzen duten zenbait plantamenduren azpialdean aurki bai-taiteke emakumeen autonomia pertsonalerantz aurrera egiten dituzten ekimenen atzeratzea edo geldiaraztea. Hau gizarte-zuzentasunaren aldetik begiratuta onartezina da, eta alferrikakoa dela esango nuke; gaur egun, emakumeek bizitza proiektu propioa izatea erraztuko dion independentzia ekonomikoaren atzetik tinko saiatzen direla kontuan izanik.
Emakumeek tradizionalki esleitu zaizkien funtzioak kolokan jarri dituzte, bere etorkizunaren aurrean jarrera ezberdinak adierazi dituzte eta guzti honek lotura handia du jaiotza-tasa baxuarekin.
Egindako azken ikerketen arabera, bikoteek, gure bikoteek, ume gehiago izan nahi dituzte. Ez badituzte, egonkorra edo nahiko ordaindua den enplegu bat ez dutelako izango da, edo etxebizitzarik ez dutelako, edota emakumeek umeen heziketaren eta etxeko lanen "zamarekin" ez dutelako bakarrik aurrera jo nahi.
Taxuzko enplegu bat lortzeko beharrezkoak diren gizarte baldintzak sortzeko gai izango garenean, non bizi izango dutenean, eta etxeko eta familiako erantzukizunak bikotearekin eta gizartearekin partekatu ahal izango dituztenean, orduan ume gehiago izango dituzte.
Nire ustetan, emakumeek gero eta argiago dituzte zeintzu diren bere eskubideak, beraien erabakiak errespeta daitezen eskatzen dute eta ez dute horretan amore eman nahi. Era berean, espero dezagun emakumeek gai honen inguruan sor-tzen diren presioei aurre egitea, eta, lan guztia, publikoa eta pribatua, partekatzea ahalbidetuko duen gizarte egitura bat eskatzen jarraitzea. Eta, amatasunaren ondorioz sortutako lan zama orekaz banatzeko haien bikoteen konpromisoa eska-tzen segitzea. Hartutako erabakiaren ondorioz umeak izan ditzatela eta ez gizarte presioaren ondorioz.
Eztabaida demografikoa, bere bi arloetan planteatu behar da: alde batean, zahartzea dugu eta honek gastu publikoan duen eragina eta, bestean, jaiotza-tasa baxuak eta honek etorkizuneko lan eraketan duen eragina. Argi dago irtenbideak topatzeko bitartekoak ipini behar direla, baina ez populazioaren erdiaren kalterako. Emakumeek eta gizonek bere etxeko eta familiako erantzukizunak eta lan profesionala batera dezaten gizarte-politikak bultzatu behar dira.
Gainean dugun etorkizuna, berriz pentsatu behar dugu, bai emakumeak eta bai gizonak kontuan dituena. Eta honek eskatzen du lan guztiaren berrantolaketa sakona egitea, lanaren sexu-zatiketa gainditu nahi badugu. Beraz, beharrezkoa da bi arloetan jardutea, pribatuan eta publikoan. Lehenengoan, etxe barneko erantzukidetasuna eta lanaren banaketa orekatua ziurtatuz eta, bigarrenean, giza-erreprodukzioarekiko komunitatearen erantzukidetasuna ziurtatuz, emakumeek bakarka eta pribatuan egiten duten lan zati handi bat, sortutako zerbitzu egitura kolektibo baten eskutan utziz, enplegu egitura flexibleak lortuz...
Azken finean, emakume eta gizonen eskubide indibidualak berraurkitu behar dira eta hauek gizarte-erantzukizunekin nola oreka daitezkeen finkatu.

ANJELES IZTUETA: "NAHIAK BETI DAUDE, BETI BEZALA, BAINA BERANDUAGO GAUZATZEN DIRA"
Nola ulertzen dugu herritarrok jaiotza-tasa kontzeptua? Kontziente al gara arazoaz?
Jaiotza-tasa hitzak badu konnotazio gutxiesgarria. Frankismoari (familia, eskuina, joera kontserbakoiak...) lotua izan zen eta ezkertiar ikuspegitik gaizki ikusia. Jaiotza-tasa kontzeptua gutxietsia izan da feminismoaren ikuspuntutik, bestalde. Hala ere, gure erkidegoko herritarrak kontziente dira, ez dute Eusko Jaurlaritzan daramagun jaiotza-tasa planen aurka ezer.

Nola tratatzen duzue administraziotik gai honen inguruan garatzen den terminologia?
Terminologia irekia eta aurrekoia erabiltzen saiatzen gara. Guk zabaltzen ditugun planak politika natalistak bezala ulertzen dituzte herritarrek. Terminologia berria erabiltzen saia-tzen gara eta kontu handiz erabili ere. Politika natalistari buruzko plan bat aurkeztean, adibidez, "seme-alabak dituzten familientzat edota lanaren eta familiaren arteko adoste politika" terminoetan hitz egiten dugu.

Belaunaldi berriek nola ikusten dute jaiotza-tasaren gaia?
Gazte-gazteek beste modu batez bizi dute gaia. Irakaskuntzan jaiotza-tasaren inguruko baloreak berez gara-tzen dira, gizonen eta emakumeen berdintasuna sartuta dago. Gure sailetik ez dugu gazteak jaiotza-tasaz kon-tzientziatu beharrik ikusten. Gazteen artean ez da kanpaina bereziren beharrik. Galdetu bai, hori garbi dugu, eta behar baldin badute lagundu. Jaiotza-tasaren aldeko kanpainek eskuineko konnotazioa eta atzerakoi kutsua dute.

Zergatik dituzte emakumeek haurrak lehen baino beranduago?
Biziraupena luzatu da zorionez, eta bizitzako etapak ere bai. Gaztaroa luzatu da, emakumeek umeak beranduago izaten dituzte. Nahiak beti daude, lehen bezala, baina beranduago gauzatzen dira.

Adinekoek gazteagoei erosotasunean bizi izatea aurpegiratzen diote.
Ez da erosotasun kontua. Esaten da oraingo gazteak erosoak direla, baina ez da horrela. Bizialdia luzatu da, eta etapa bakoitza betetzeko denbora gehiago behar da. Eskema aldatu da. Ikasketa garaia luzatu da. Ondoren bizitza esperimentatzeko garaia dator. Klitxe bat dago gazteen inguruan. Gazteei onartu behar zaie etapak nahi duten beste luzatzen eta seme-alabak nahi dituztenean ekartzen. Geroago osatuko dute familia. Gure gizartearen lorpen handi bat da hori.

Herri honek bizi duen egoera politikoa dela-eta, nola dakusa euskal gizarteak etorkizuna?
Espainiako botere mediatikoek gure gizartea oso gaizki dagoela diote, baina gizartea ezagutzen duenak badaki ez dela horrela. Oinarrizko galderak egiten direnean jendeak konfiantza agertzen du etorkizunean. Gizarte bat etsita dagoenean ez du 10 edo 20 urtera begirako proiektuez hitz egin nahi, ezta konpromisoez ere. Gure gizarteak aldiz, bai. Herri honek kristoren bizitasuna dauka, proiektatzeko gogoa eta konfiantza dago gizartean. Kaleko jendea interesatuko ez balitz, ez liguke erantzungo inkestetan bezala. Mezu positibo gutxi dago egun eta gizartean bizitzeko dagoen gogoa mezu baikor modura nabarmendu nahi dut nik.

EUSKAL DEMOGRAFIA HISTORIAN ZEHAR: JAIOTZA-TASEN NONDIK-NORAKOAK ULERTZEKO EZINTASUNAK
Euskal Herriak historikoki bizi izan duen bilakaera demografikoan gorakada eta behititze nabarmenak eman dira. Hasiera batean, baina, Euskal Herriaren lurraldetasuna ere aldakorra izan dela oroitarazi beharra dugu. Izan ere, Euskal Herria tikiagotu egin da eta aspaldiko abiapuntua den euskal zibilizazioa ezin dugu nola hala baztertu. Honela, duela 2.000 urteko Euskal Herriko hiririk populatuenak egungo zazpi-sei lurraldeetatik at zeuden, Zuberoatik hamaika kilometro luze iparrekialderantz, alegia, gaurko Gaskonia betean (Autx, Eauze eta bertze).
Horrezaz landa, haatik, zazpi-sei lurraldeen baitan ere aldaketa sakonak gertatu dira historian zehar. Hirixkak zirenak herri bilakatu, kaitxoak edota baserri mundua metropoli bihurtu dira eta, hainbatetan, eskualde osoak basamortuen arropa nabarraz jantzi dira, bertze zenbaitetan bertakoak etorkin uholdeetan itota geldituz.
Iruñerriko Burlata herri handia 1970 arte Eguesibartxoari zegokion, baina industrializazioak eraginiko hazkunde azkarrak hamabortz mila biztanle metatu dizkio oraino, lehenagoko etxeak "etnografiamuseo" baten gisa zokoratuz. Inguru hartatik atera gabe, halaber, ehun biztanle inguru zuen Barañain herriko etxekoandreek behi esnea nafar hiriburuan partitzen zuten XX. mendearen hirugarren hamarkadan. Egun, berriz, andre haien etxeak desagertu eta horien ordez dorreetan bizi diren hogei mila lagunek, oro har, Zizur "zendea", haranarekin zuten loturaz deus guti dakite.
Baina aurkako norabidea hartu zutenak ere hor dira, hau da, populazioa era ikaragarrian galdu dutenak. Azpiko taulan jaso ditugu horietako hainbat herri nafar.
Agerian delarik, euskal demografia historikoan kontuan hartu beharreko eragileak anitzak dira. Hauetako batek pairatzen duen egoerak, halere, etorkizuna biziki baldintzatu eta, beraz, ikerlarion arreta merezi du: jaiotza.


BATAIO ZERRENDAK ETA JAIOTZA TASAK

Euskal historian jaiotza zertan izan den ezagut dezagun, bataio zerrendak ezinbertzeko tresna bilakatu zaizkigu. Labur erranda, baliabide hauek agertu aurretik jaiotza nolakoa zen konprenitzea ikaragarri zaila zaigu eta, eskuetan izanda ere, nahikoa konplexua, datuak ezosoak izaiten ohi baitira: "XV. mendeko jaiotzaren ezagutza soilik espekulatiboa da, eta XVI. mendeaz dakiguna nolanahikoa bakarrik" (Monteano, 1999).
Adituen lanak aztertuz gero, badirudi XVI. mendetik aitzinerat bataio zerrenden bidez atzematen ahal ditugun jaiotza tasak altu samarrak zirela. Esate baterako, 1553. urtean mila biztanleko 34 haur jaiotzen ziren.
XVII. mendean zehar behititze aipagarria eman zen lehorrean, Irunberri-Agoizko 1660-80ko hainbat bataio zerrendak ongi erakusten duenez (Zabaltza, 1994), baina bataioak hazi ziren itsasaldean, Gipuzkoako 1600-1700 bitarteko 30/1.000 kasu (Ortega, 1995). Alta, barnealdean krisialdi ekonomikoak ohiko jaiotza-kontrol tikia zabaldu zuen, hainbat sendagilek ere bultzatua (Gebara, 1599). Ezin dugu ahantzi, era berean, ama nahiz jaioberrien heriotza eguneroko kontua zela, krisialdi-gose garaia zelarik honelako gertakari latzak ugalduz (P. Moreda, 1980) eta ondorengo belaunaldietan "uhin-efektua" islatuz.
XVIII eta XIX. mendeko zerrendak, bataioak nahiz publikoak, hobetu ziren eta horiei esker historialariok jaiotzaz dugun ezagutza zehatzagoa da. Adibide gisa, 1786, 1817 eta 1824ko datuak harturik 40/1000 inguruko jaiotza tasak kausitzen ahal dira (F. Imizkotz, 1982). Horrez geroztik, guda eta izurriteez landa (1835, 1875, 1885, 1936) jaiotza-kontrolak jaiotza tasak jaitsiarazi ditu: 37/1000 1850ean, 30/1000 1900. urtean, 20/1000 1950ean eta 10/1000 baino gutiago egun (Perez-Fuentes eta Arbaitza, 1995).

M. LOPEZ: "ONGIZATE NAHIAK ETA ERRONKA PERTSONALAK DIRA EGUNGO EREDUAK"
Haur gehiago sortu ez izanaren faktoreetako bat egungo lan merkatuaren egoera dela aipatu ohi da. Faktore hau une honetan zertan dagoen zehaztuko al zeniguke amini bat?
Lan merkatua ez dago egokitua emakumeek haurrak izateko eta lan egiteko aldi berean, egungo lan merkatuaren diseinuak ez du laguntzen haurrak izaten. Emakumearen curriculumean haurrak ez dituzula azaltzen bada, hainbat hobe enpresariarentzat. Ezkondua ez bazara ere, hainbat hobe, jakina, ezkondua errazago geratzen baita haurdun.

Legediaren aldetik ba al dago babesik?
Legediak ez du lan munduko bizitza eta familiaren arteko bizitza errazten, ez ditu bateratzen. Amatasun bajak oso gutxi dira, eta ez da potentziatzen gizonek ardura hori hartzea. Hitz batez, emakumeei ez zaie errazten beren lana garatzea eta seme-alabak baldintza egokietan hezitzea.

Zerk lagundu lezake egungo sisteman emakumearen bizi baldintzak errazten?
Hasteko, amatasun aldiko baja luzatu beharko litzateke. Ondoren, egungo gizarte egituran bitarteko gehiago eraiki beharko lirateke. Gaur egun ez dago ia halakorik. Esaterako, haurtzaindegi gehiago eta merkeagoak beharko lirateke. Aldi berean, haurren zaintzan eta heziketan ardura hartu duten gurasoen-tzako alokairu edo diru laguntza handiagoak. Estatuak diru gehiago inbertitu beharko luke funtsean. Haur gehiago izan nahi duten bikoteek egun dauden neurri edo baliabide osoagoak behar dira finean.

Nafarroatik nola ikusten duzu gizartearen kontzientzia jaiotza-tasaren gaian, Europako beste gizarteekin alderatuz, esaterako?
Adibidez, asko ikasi behar dugu herrialde eskandinaviarretatik. Beraiek ikasi dute lana eta familia bateratzen. Emakumeen lan jarduera-tasak eta haur-tasa handienak lortu dituzte. Gure gizartean -Nafarroan nahiz estatuan- ongizate nahiak eta erronka pertsonalak dira egungo ereduak, anartean, iraganeko baloreak, ohiturak eta juzkuak bizi ditugularik. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunetik urrun gaude. Heziketa eta populazioaren sentsibilizazioa dira funtsezkoak herritarren kontzientzia sustatzeko eta ugalkortasun tasetan aldaketak izan daitezen.

Zu zeu ugalkortasun tasak handitzeko populazioaren nahiak sustatzearen aldekoa al zara?
Kontua ez da jendea bultzatzea seme-alabak izatera. Bikote batek ez badu seme-alabarik nahi, ez du zertan izan beharrik. Kontua da seme-alaba gehiago izan nahi dutenentzako bitarteko eta baliabideak jartzea, bikoteek erraztasunak izan ditzatela, eta ez trabak.


Azkenak
Nafarroako AHTko lanetan esklabotza egoerak daudela salatu du AHT Gelditu elkarteak

Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.


Trumpen eta fiskal demokraten arteko borrokak migratzaileen deportazioa oztopa dezake

AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.


2025-01-24 | Julene Flamarique
Genero indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost alaba-semeen etxegabetzea salatu dute Burlatan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


2025-01-24 | Gedar
Europako gastu militarra, eztabaidaren erdigunean Davosen

 Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


2025-01-24 | Euskal Irratiak
ELB sindikatuaren zerrendaburu Julen Perez
“Laborarientzako proiektu azkar bat dugu, Euskal Herriari itzulia dena”

Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.


Ordoñezen hilketa, “Oldartzen” eta “Alternatiba demokratikoa”-ren testuinguruan

Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Eguneraketa berriak daude