Hogeita hamar bertsolarik esku hartu dute iragan urriaren 1ean Galdakaon hasi zen Bizkaiko
Txapelketan. Zortzik, orain urte biko finalistek, artez hasi dute udagoienean lehia, gainontzeko hogeita biak berriz, eskualdeka egindako txapelketan lortu zuten txartela. Izan ere, gaztetasunarekin bat, bertsolari kopuru handia azken txapelketetako erronka izan da antolatzaileentzat. Baina badirudi aurten erabilitako sistema dela aspaldi bila ibili direna, halandaze, etorkizunerako ere erabilgarria izango da udaberriko saioetan ikasitakoa.
Baina bertsolarien gaztetasunarekin batera, kantuan dihardutenen ingurua ere zabaldu eta gaztetu beharraz hausnartu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Antolatzaileak, epaileak, gai-jartzaileak... lan garrantzitsua egin dute aurten, bertsozalerik ezean, bertsolari asko egoteak gutxi balio baitu.
Bertsolarien artean ez eze, epaileek ere esana zeukaten bazela erreleborako sasoia. Bizkaiko bertsolari gazteen artean BBKk eskualdekako taldeekin antolatzen duen txapelketaren esperientzia hor zegoen, eta aurten Bizkaikora ekarri dute. "Epaileak eskualdetako txapelketen aurretik bildu izan ziren irizpideak eta komentatzeko, eta gero beste birritan batu dira" diosku Jose Luis Basterretxea "Altzalei"k, antolatzaileetako batek. Luis Baraiazarrak, Joseba Santxok, Mirari Azulak, Josu Telleriak eta Josu Arroiok epaitzen dituzte aurten bertsoak, Trino Azkoitia ordezko dela. Beraz, epaileen artean ere erreleborako bidea zabaldu da, behar-beharrezko zen unean gainera. Zenbaitzuek esana zeukaten, eta bada ia-ia semearen bertsoak epaitzea egokitu zaionik ere, Abel Muniategiren kasuan.
GAI-JARTZAILEAK ERE.
Egungo txapelketen formatuan ezin da gai-jartzailerik gabeko saioetan pentsatu. Zelan edo halan gaien egokitzea egon da urterik urte, baina gaztetasunetik eta euren mundutik urrundu izana ere salatu izan da. Bertso-eskoletatik-eta abian ere ikastaroa antolatu zitzaien udaberrian, aurtengo txapelketan iturri berrietatik zetozen gaiak ez eze, gai-jartzaileen artean ere aurpegi berriak ikus zitezen.
Aurkezle taldekoak maiatzetik gaiak batzen dabiltza, orduan eskualdeetako txapelketetarako eta orain astean birritan batzen dira saio bezperan. Finalaurreko gaiak prest dituzte jadanik eta finalekoak ere hortxe-hortxe izango dira. Aurten, Bernardo Mandalunizekin batera Josu Goikoetxea, Asier Ibaibarriaga, Xiomara Gezuraga, Zuriñe Iarritu eta Leire Aurrekoetxea dabiltza gaiak aukeratzen eta prestatzen.
PUNTU GEHIAGO.
Hile bi eta erdi iraungo du Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Lehenengoa ez zen saio beroegia izan, Galdakaoko Torrezabal kultur etxean jokatutakoa. Urriaren 1eko kanporaketa hartatik ordea txapelketak ondo berotu du motorra. Igorrera, Zornotzara eta Aulestira jende asko batu da -eta bertsolarientzako giroa beroa sortu da, hori ere garrantzitsua baita-. Lerrook idazterako falta den saiora, Mallabikora, antzeratsu hurbiltzea espero dute antolatzaileek.
Iratxe Ibarra, Juanjo Respaldiza, Haritz Lopategi eta Unai Iturriaga izan dira lehen lau saiootako irabazleak, eta beraz, artez eskuratu dute final aurreko txartela. Hiru orain urte biko finalean arituak dira, eta Respaldizari dagokionez, aurreko txapelketa gehienetan egon da, aurrekoan kale eginda aurten eskualdeetako saioetatik hasi behar izan badu ere.
Ezuste handirik gabe doan txapelketa da oraingoz beraz, baina zelanbait balio badu, badago datu adierazgarririk: final aurrekoetara jotzeko behar den puntu kopurua -hau da, kanporaketetatik aurrera egin zutenetatik nork izan zuen puntu gutxien- aurten nabarmen handiagoa izango da. Azpimarratzekoa baita txapelketa honetan batez beste bertsolariak lortzen ari diren puntuak gehiago direla.
DIBORTZIO ADOSTUA.
Azaroaren 19a arteko etena izango du orain Bizkaiko Txapelketak. Egun horretan, urrian aurrera egin duten hamazortzi bertsolarietatik sei izango dira Lekeitioko frontoian zortzi finalistetako bat izateko lehian. Beste seina egongo dira Bermeon eta Getxon azaroaren 26an eta abenduaren 3an. Saio guztiak arrastiko 17:30etan hasiko dira. Beraz, bost kanporaketa, hiru final aurre eta finalarekin, bederatzi saio izango ditu 2000ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketak.
Azpimarratzekoa da gainera, Bizkaira mugatu dela txapelketa, sarea egiteko eremua txikiagoa eginez -baina halaber zabalagoa eskualdeei esker-. Izan ere, iaztik arabarrek euren txapelketa antolatzeari ekin diote, eta ondorioz 1998a arte mendebaldeko Euskal Herria ordezkatzen zuen Bizkai-Arabako txapelketaren lekuan herrialde bakoitzak berea dauka orain. Datorren urte hasieran egingo dute Arabako Txapelketa, eta udagoienean ospatuko den Euskal Herriko Txapelketarako ordezkariak handik irtengo dira.
AZKEN BERRIKUNTZAK.
Finalak ordua eta lekua aldatu ditu aurten: Arriagaren ordez Euskalduna Jauregian eta arrastiz jokatuko da finala. Orduan amaituko du inoizko Bizkaiko txapelketa luzeenak, horren pean eskualdeetako saioak ere ulertuz gero.
60ko hamarkadan landutako sistema hartu dute aurten bizkaitarrek, bertso-eskoletatik azken urteetan etorri den erronkari aurre egiteko. 1998an bina sailkapen saio egin zituzten, baina handik ikasitakotik sei eskualdetan banatu da aurten Bizkaia, Ibaizabaletik ekialderako lurralde osoa, hain zuzen ere. Bertso-eskola eta herrietako jendea mugiarazi du horrek eta bertsolariak hurbilekoak izanda lehia ere piztu du.
Eskualdeetako txapeldunek artez lortu zuten udaberrian Bizkaikoan kantatzeko txartela. Baina puntuen arabera ere kantatzerik bazeukaten batzuek ez dute gura izan. Txapelketa diseinatzerakoan beren-beregi banatutako lehiaketa bezala aipatu ziren, batak bestearengan eragina zeukana -sailkatzeko- baina ez derrigorrez betetzekoa. Horri esker Bizkaikoan kantatzeko asmorik ez zeukaten zenbaitzuek izena eman zuten, eskualdeko giroan kantatzea desberdina baita. Aurkako kasua ere izan da noski, hau da, aurreko finalistek ere bazeukaten eskualdekoetan parte hartzerik, baina txartela ziurra izanda, bakar batek ere ez zuen izena eman.
Azken txanpan sartuta, milurteko azken txapelketak saio interesgarriak izango ditu datozen asteotan. Aurretiaz esaterik ez dagoen arren, kanporaketetako mailari erreparatuta, ia ziurra da bertso onik entzungo dela oraindik ere, eta areago, bertso-eskoletatik datozen ale berriek gogor egiten dutenez, txapelerako bidea ondo marraztu dela, norbere herriko saioetatik hasi eta Bizkaiko hiriburuko Euskalduna Jauregi dotoreraino.