Ehorzketa prozesuan hamaika zerbitzu eta enpresak hartzen du parte, nahiz eta gehienen ardura ehorzketa etxeak berak kudeatu. Horrela, edozein hiletatan ezinbesteko elementuen artean hilkutxa, hilobia eta aurreko biak apaintzen dituzten loreak ditugu, eta baita hauen atzean nabari daitezkeen esku adituen lanorduak ere.
ZERRALDO BELTZIK EZ.
Garai batean hilkutxa guztiak beltzak eta karratuak izaten ziren, baina gaur egun senideek hainbat moldetakoak dituzte aukeratzeko (karratuak, egipziarrak, sarkofago itxurakoak, biribilak, erdibiribilak...). Gehien saltzen direnak biribilak eta intxaur moduko kolorekoak dira, jendeak gero eta gehiago lutuzko kolore eta itxuratik ihes egiten duelako. Jarrera honen beste muturreko adibidea da, esaterako, hilkutxan hildakoaren futbol taldearen armarria grabatzea eskatzen dutenena. Horrelakoak gutxi dira, baina badira.
Salneurrien inguruan ere aukera zabala egoten da, arazo ekonomikoak dituzten familiei eskaintzen zaien oinarrizko ereduarekin hasi (75.000 pezeta inguru), arruntenekin jarraitu (150.000-200.000 pezeta) eta luxuzkoenekin bukatzeko (700.000 pezeta).
Lehen herri askotan ehorzketa gizona aldi berean arotza izan ohi zen eta berak egiten zituen zerraldoak, baina gaur egun gehienak Valentzia, Iruñea, Valladolid, Frantzia edo Italiatik ekartzen dira. Egurrari dagokionez, ohikoa makala, intxaurra edo haritza erabiltzea bada ere, negozioan gero eta gehiago barneratzen ari dira Gineako egur motak.
Marmolgintzan granitoa nagusi.
Zerraldoa hilerrira heltzen denean, berau zainduko duen hilobia prestatu eta apaindu behar da, eta hementxe hasten da Irurako Euskal Harria bezalako marmolgintza enpresa baten lana. Bertan, Javier Zorokiain arduradunak azaltzen digun bezala, denetarik egiten dute: hilarriak, hilobiak, horma-hilobiak... Hilerri bakoitzeko ezaugarriak hartu behar dira kontuan, denetan leku ezaren arazoa izaten baita nagusi. Elementu hauen materialari dagokionez, kanpoaldean, marmola baino, granitoa nahiago izaten dela aitortzen digu enpresako arduradunak, lehena azkarrago zahartzen delako eta bigarrenak berdin irauten duelako.
Materiala, bestalde, Hegoafrikatik, Brasildik edota Indiatik ekartzen dute, eta koloreei dagokienez, Zimbaweko edo Hegoafrikako beltz ilunekin alderatuz, Suediako beltz-beltza gailentzen da, Sakonena da berau eta jende gehienarentzat garestiegia suertatzen da. Marmoletan, aldiz, Italiako "Carrarakoa" oso ezaguna da. Hala ere, bestelako materialik ere erabiltzen dute, Debako harria kasu.
Salneurriei so, marmolezko hilarri batek 30.000 pezetatik aurrera balio du, baina arruntenak 80.000-100.000ren artean dabiltza, 250.000 pezetaraino. Hilobiak, berriz, 200.000 pezetaren inguruan ibiltzen dira.
Idazkietan arruntena hildakoaren izen-abizenak, jaiotza eta heriotza data eta adina agertzea da, nahiz eta gutxi batzuek bestelako mezuak ere jarri. Hori bai, gaur egun gauza gehienak ordenagailuz diseinatzen dira eta grabazioa hondar-bonbardaketaz egiten da. Eskuz zizelkatzea albo batera utzi da.
Hileta koloretsuagoak. Ehorzketa prozesuan garrantzi handiko beste apaingarriak lore sortak dira. Hauek egiteko lorerik erabiliena krabelina izan daiteke, kontserbadoreagoa delako. Arrasateko Amaia loradendakoa da Amaia Urbina eta bere ustez ez dago alde handirik: "Hildakoaren araberako ezberdintasun nagusia kolorea da: gizon bati beti sartzen diogu gorria eta zuria, horia urdinekin...; ume bati, batez ere oso gaztea denean, zuria; hogei urtetik gorako gazte bati kolore alaiak. Emakumeekin ez dago ezberdintasun handirik, kolore aukera osoa erabili ohi da".
Loradenda honetan gehien bat koroak eta erramuak egiten dituzte, baina pixkanaka zentroak eta "erraketa"k modan jartzen hasi omen dira. Azken hauek koroak duen konnotazio goibelik ez omen dute. Koroak eta erramuak askoz tradizionalagoak dira eta nagusiek beti eskatzen dituzte, jende gazteak gauza desberdin eta arinagoetatik jotzen duen bitartean.
Hiletarako loragintzan aurrekontuak hamaika izan daitezke, lore mota, lan ordu eta abarren arabera: "5.000 pezetagatik ez duzu koroarik lortuko, ezta seguraski 100.000tik gora gastatuko ere, baina, bestela, edonolako salneurriak egoten dira".