argia.eus
INPRIMATU
Jon Alonso
"BETIKO GAUZAK ZURE BATIDORAN SARTU ETA ATERATZEN DENA DA ORIGINALA"
  • Aspalditik susmatzen genion pista bila ari zela: eguneroko elkarrizketatan belarria jarrita, lupaz aztertzen zituela pelikula eta liburuetako letra txikiak. Gure interrogatorioan hamaika kolpe saihestu ditu baina ez da bere lurretan satortuta ibili. Originaltasunaren kasu misteriotsua itxita inkognita bakarra utzi digu argitzeke: egia esan ote du edo saiakera bat izan da dena?
Estitxu Eizagirre @eeizagirre Ixiar Eizagirre 2021eko uztailaren 23a
Zu iruñear peto petoa zara, baina euskara ez omen zenuen gurasoengandik jaso. Nola ikasi zenuen euskaraz?
Gurasoak Iruñekoak dira. Nik zortzi bederatzi urte edukiko nituen, eta buruan sartu zitzaien etxean denok ikasi behar genuela euskaraz. Orduan hasi ginen euskara ikasten apaiz batekin. Apaiz hori Pedro Díez de Ulzurrun zen, Sakana aldekoa eta ordurako apaizgintzatik erretiratuta zegoen. Uste dut Euskaltzaindiako urgazle zela, eta Arantzazukoa eta handik gutxira hasi ginen klaseekin. "Dut" eta horrelakoak ikasi ditut, garai hartan jada apaizak modu horretan ematen zizkigulako eskolak.
Gainera bada xehetasun bat grazia egiten didana: apaiz hori bera izan omen zen Txirritari azken bedeinkapena eman ziona. Nik uste dut hortik agian zerbait iritsiko zitzaidala... Hori sinetsi nahi nuke behintzat. Gero Bilbon hasi nintzen Biologia ikasten, eta han pisu batean biltzen ginen euskara ikasteko, eta kalean ere egiten genuen... Horrela gaur arte.

Iparraldeko hizkeran ere moldatzen zara.
Hemezortzi urterekin Urepeleko baserri batera joaten nintzen euskara ikastera. Orain barre egiten dut ordukoaz: ez dut irakurri Sagastizabalen "Kutsidazu bidea Ixabel" liburua, baina nire orduko esperientzia ere antzekoa izango zen. Orain oroitzapen goxoa dut, baina orduan ikusi nuen zer den euskara bizia. Ordura arte ikasitakoa ere bizia da, Bilboko tabernetan eta asko egiten genuen, baina baserriko mundua zer den, eta...
Pasadizu asko ditut: hasieran ezer gutxi ulertzen nuen, gero gehiago eta hilabete baten buruan ulertu behintzat egiten nuen. Bertako gazteek ez zuten sinesten euskara ikastera joana nintzenik. Kasualitatea, ni nengoen baserrian bi mutiko ziren eta sei neska. Gainera nik 18 urte banituen, alaba gazteenak 16 izango zituen, eta besteek ere inguruan. Herrira jaisten ginenean galdetzen zidaten ea norekin ezkonduko nintzen. Aspaldi ez naiz egon eta seguru euskara ikasteko eta eusteko kontzientzia handiagoa edukiko dutela orain, baina bertako euskara asko galduko zen eta pena da.
Han ibiltzen ginen sokatiran Xalbadorren semeetako batekin (bertsolariarekin ez, gero kantari aritu denarekin). Festa egunetan taberna bakarreko mahai batean esertzen ginen igandepasa, eta tartean: "Sokan ingoiu?".

Kontatu literaturarekin izandako lehen harremanak.
Ume garaian irakurle banintzen. Garai hartan telebista kate bakarra zegoen, txuribeltzean eta egunean hiru ordu bakarrik emango zituen. Orduan nahitaez bestelako gauzak egiten dituzu: futbolean aritu, kalean jolastu edo etxera iritsi orduko liburu bat irakurri. Salgari (Oesteko istorioak), "Los cinco" Blytonen horiek... Geroxeago hasi nintzen Dostoievski eta liburu serioagoak irakurtzen. Tarte batean irakurtzeari utzi nion, eta Bilbora joan nintzenean ikastera berriro hartu nuen haria. Orduan hasi nintzen idazteko lehen saioak egiten. Euskara ikasten ari ginen, eta konturatu ginen bazirela beste batzuk: Pott bandakoak, "Oh Euzkadi!" ateratzen zutenak... Ikusi genuen literatura euskaraz egitea bazegoela, ordura arte ez dakit pentsatzen genuenik ere! Eredu horri begira sartu nintzen euskaraz idazte kontuetan. Euskal kultura gauza txikia da, baina zenbait jende ere harrapatzen du. Franco hil ondorengo garaiak ziren, gauzak zeuden bezala zeuden. Bazegoen poeta, kantari... mugimendu bat. Oso poesia gutxi irakurri dut, eta garai hartan ezagutu nuen poesia apurra kantuen hitzen bidez jaso nuen.

Zein dira idazlearen deformazio profesionalak?
Gauzak entzuten dituzunean, albisteak irakurtzen dituzunean... Normala da zeure buruari galdetzea: hau nola kontatuko nuke? Hau ipuin bat egiteko gaia balitz, nola egingo nuke? Hori da gauzarik garrantzitsuenetakoa, idazten ari ez zarenean ere asuntoari bueltak ematea.

Zer da gaur irakurtzen duzuna?
Bi joera dauzkat. Gai bat interesatzen zaidanean horri buruz idatzi dutenen erreferentziak bilatzea: literatur literatura ez diren gauzak eta saiakerarekin zerikusi gehiago dutenak, edo kazetaritza erreportaje liburuak... Hortik asko irakurtzen dut. Bestetik literatura: euskal literatura dezente irakurtzen dut eta bestela garai batean irakurri eta gustatu zitzaidana, berriro hartu eta beste irakurketa bat egitea, aztertzea ere gustatzen zait. Horretan Borges bat, edo Sciascia bat, Calvino bat... Gainera sekula ez dago irakurri nahi zenukeen dena irakurtzeko denborarik.

Literaturako azken berrikuntzak, joerak, nondik doaz?
Uste dut berrikuntza gutxi dagoela, benetan ezin delako egon berrikuntza askorik. Beti saiatzen zara besteengandik bereizten, baina beti aurrekoak egin duena kontuan hartuta. Txirikordari beste bueltatxo bat ematea da. Behar bada orain (eta beti egon bada ere, ez da berria) gehiago jotzen da liburu hibridoak egitera: nobela eta poesia artekoak, edo saiakera partea ere baduena... Garai batean generoak bereiziagoak zeuden.
Gainera literaturak eta literaturak daude: gu beti literatura handiagoei begira egoten gara ezinbestez. Gaztela-niazkoa, edo Frantziakoa edo ingelesa da erreferentzia, baina literatura horietan asko da merkatua, dirua, mamoneoa.

Interneta da azken asmakizuna. Literaturan beste genero bat ekarriko ote du (nobela interaktiboa...)?
Berez badira horrelako gauzak, baina nik ez ditut ezagutzen. "Nobela a la carta": irakurleak erabakitzen du pertsonaia bat hiltzen den edo ez, eta horren arabera aldatzen da istorioa... Ez bakarrik literaturan. Mila bider pentsatu dut Dallaseko J.R. pertsonaia gaiztoa hartu eta Falcon Crest-en sartuko balute, horrek jendeari morbo handia emango liokeela.

Originaltasunak existitzen al du?
Originaltasuna oraindik ere sozialki prentsa baduen kontzeptu bat da. Liburu kritiketan edo liburuen kontra-azaletan irakurlea bereganatzeko jartzen diren lerro horietan mila bider agertzen da originaltasuna: "oso liburu originala da"... Mito bat da. Originaltasuna da dagoen tradiziotik liburuari zure ahotsa jartzea, zure ikuspuntu berezitxoa... Betiko gauzak hartu, erreziklatzeko zure batidoran sartu, eragin eta hortik ateratzen dena, zure izaeraren zati bat horri eranstea, ez besterik.

Originaltasunaren aurkako krimentzat jotzen da plagioa. Zer iritzi duzu zuk plagioaz?
Prentsan tarteka agertzen dira horrelako albisteak, uste baino gehiago. Horiek plagio zabarra egiten dute, zuzenean hartu besterena eta ti-ta fusilatu. Gainerakoan muga non den jartzea oso zaila izaten da: zer da? Plagioa? Edo beste batengan inspiratu eta oso ongi atera zaiona? Batzutan plagioa bera izanda, ezberdina da izen handiko idazle batek edo gizajo batek egina den.

Hemen nork bere kasa ikasten du idazten. Eskolarik ba al da inon?
Hemen ez da apenas ezer egiten, baina EEBBetan adibidez, unibertsitateetan-eta izaten dituzte "idazketa sortzailearen tailerrak" deitzen dituztenak. Diotenez, EEBBetan oso zabalduta daude eta nahiko ongi funtzionatzen omen dute. Europan eta Hego Amerikan izan dira izen handiko idazleek emandako tailerrak eta halakoak.
Eginez gero zer moduzko emaitzak emango lituzkeen? Pentsatzen dut gauza guztiek bezala. Hartu kazetaritza: zenbat kazetari tituludun ateratzen dira urtean? eta gero horietatik zenbat dabiltza kazetaritza munduan? Eta horien artean zenbat dira on samarrak? Neurri berean gertatuko da idazketa tailerrekin ere. Ezberdintasuna da, irakaskuntza arautu-normaldua ez den aldetik beti master moduko gauza bat dela. Eta horrek ere bere bizioak eta joera xelebreak sortuko ditu. Baina normaltzen doan heinean beste edozein irakaskuntza mota bezala izango litzateke.
Jose Donoso Chileko idazleak zioenez berak egin zuen halako tailer bat eta utzi egin behar izan zuten, ikasleek esaten ziotelako euren sormenerako bideak murrizten zituela. Horrek esan nahi du haiek muntatutakoa izan dela halako potaje bat... haientzat!

Gaur egungo idazleak prest al daude euren sekretuak azaltzeko?
Nik uste, hemen jendea ez dela bere iturriak zabaldu zale, orokorrean. Nahiago izaten duela isildu. Baina uste dut hori ez dela batere bizkor jokatzea.
Begiratu besterik ez dago sukaldarien fenomenoari: Argiñanok hamaika programa egiten ditu hemen eta Hego Amerikan, Subijanak urte askoan egin du saio bat... sukaldariak konturatu dira, telebistan euren errezetak saltzea ez dela euren kalte: amateurra ez da sekula bere mailara iritsiko, ez ditu izango berak dituen erraztasunak, tresnak, langileak... Gehienez ere errezetak zabaltzen dituzte, eta gero ikuslea euren bezeroa izango da. Idazleak ez dira horretara ausartzen, ez daudelako oso seguru euren buruarekin, edo...

Ez al da posible hemen eskolarik sortzea?
Kontuan hartuta gaur egun unibertsitateak hemen nola dauden, hori amestea da. Hemengo unibertsitatearen martxa, bertan dauden irakasleen interesak, dauzkaten baliabide ekonomikoak, duten mentalidadea eta hori guztia... puf! horrelakorik etorriko da, baldin eta Amerikan 50 urtez egin eta ongi ateratzen bazaie, eta katedratiko bat hara joan eta bere begiekin ikusita gustatzen bazaio... orduan igual egingo da zerbait. Baina gaur...
Pentsa, unibertsitatean orain itzulpengintza karrera jarri dute. Autonomia Estatutua jarri zenetik urte piloa pasa da, gaur egun Euskal Herrian ez dakit zenbat mila jende itzulpenetik bizi gara, aldez edo moldez, itzuli eta itzuli, ikasi dugunak. Eta gauzak horrela 20 urtez egon ondoren, orain jarri dute itzulpengintza eskola. Pentsa idazle eskola noiz etorriko den!

Saramagoren liburu bat itzuli duzu, oraindik Nobel saria jaso ez zuenean, hain ezaguna ez zenean gure artean. Zergatik hautatu zenuen liburu hura?
Saramagoren ospea gorantz joan da 60 urte zituenetik, Nobel saria eman zioten arte (gaur 76 urte inguru ditu). Nik itzuli nuenean ez zen orain den figura, Romario edo Rivaldo bezala, baina irakurleek eta jende askok ezagutzen zuten.
EIZIEk ateratzen duen zerrendan titulu hori ikusi eta interesgarria iruditu zitzaidan. Bestetik, egia esan, nik ez nuen horretan pentsatu hautatu nuenean, baina sari horiekin beti gauza bera gertatzen da: orain txinatar bati eman diote. Sekula ez diote txinatar bati eman, bada noizbait eman beharko diote. Eta txino bati eman behar ezkero, nori emango diote? Joño, hau txinatarra da baina exiliatua, beraz ez da oso komunista, oso "txarra" eta gorria, orduan irabazteko arrisku handia du... Nik esango nuke berdintsu gertatzen zela Portugalekin: Portugalek badu sekulako literatura, eta sekula saririk jaso gabea. Mundu guztiak esaten zuen egunen batean portugaldar bati emango ziotela, eta haien artean gaur egun nor da obrarik luzeenetakoa eta prestigiorik handienetakoa duena? Saramago.
Kasualitatea, justu nik hartu eta oso gutxira ematea. Baina Saramago gustuko izan ez banu, ez nuen hartuko.

Zer egiten zitzaizun erakargarri?
Sekulako idazle puska iruditzen zait. Batetik asko daki, baina bestetik badaki asko jakinda ere erudituegi ez izaten. Aldi berean izkribuetan ikusten da oso apala dela, ez du bakarrik ez dakit nongo kultura ezagutzen, herri-kultura ere oso ongi ezagutzen du, bera ere herrikoia delako. Aparte, kontatzeko modua, duen tonua ere oso bitxia da: ahots bat entzungo bazenu bezala da, hasieran beharbada ez diozu kasu handirik egiten edo oso adi ez bazaude ez zara konturatzen, baina halako batean poliki-poliki sartu egiten zaizu barrura, eta bere erritmora eramaten zaitu.
Gainera erronka txiki bat ere bazen, esatea "hau euskaraz nola geldituko da", sintaxiari sekulako bueltak (korapiloak) ematen baitizkio.

Nola egiten da itzulpen on bat?
Itzulpenak behar duen adina denbora hartuta. Arretaz lan eginda. Alde batetik ongi ulertu behar da testua, eta horrek esan nahi du ez bakarrik hitzak ulertzea, baizik eta baita "background"a ere. Alegia, horren atzetik hizkuntzak eta kulturak duen karga guztia, ageriaren atzetik dagoen karga kultural eta erreferentziazkoa jasotzea. Zenbat eta hobeki menperatu hizkuntzak, eta zenbat eta kultura handiagoa eduki, errazago izango duzu.

Itzulpena ez da guztiz sortzea. Horrek noraino betetzen du idazlea?
Beti aportatzen dira gauzak. Gauza da zein hizkuntzaatik zein hizkuntzara itzultzen den. Edozein hizkuntzatik euskarara itzultzen denean, jauzia beti handiagoa izaten da. Ez da gauza bera portugesetik espainolera itzultzea; errespetu guztiarekin baina oso erraza da, antzekoak direlako. Eta frantsesetik gaztelaniara ere ez dago hainbesteko alderik. Hizkuntza erromanikoen artean, normalean, nahiko erraza izaten da. Euskaraz, aldiz, plus bat behar da, automatikoki egiterik ez duzu, eta beraz zuretik ere asko jartzen duzu. Jakina, ez da idaztea. Batzuk esaten dute: "Itzultzea ere sorkuntza da". Bai, baina neurri apalean.

Zer irizten diezu sariketei?
Sariak ongi daude zuri ematen dizkizutenean, gainerakoan munduko injustuenak eta ustelenak dira. Benetan esan nahi dudana da idazle batentzat ez dela batere ona sariei begira egotea, pentsatzea sari batek erabakitzen duela bere kalitatea; are gutxiago sari horren beharrean egotea bizimodua aurrera ateratzeko. Sariak eta objektibotasuna uztartzea ezinezkoa da. Zenbat eta sari handiagoa, orduan eta aukera gehiago interesak kalitate literarioa gailentzeko.

Zer egin behar da sariketa bat irabazteko?
Epaimahaikoen laguna izatea da irabazteko biderik seguruena.

Partehartzaileen izenak ez al dira ezkutuan gordetzen saria eman arte?
Pufoak mila modutara egin litezke.

Orduan dudan jarri beharko ditugu zuk irabazitako sariak...
Bai, bai, nireak ere jarri dudan! Horrek denentzat balio du.

"Mantxut" lokuzio bilduma zein helbururekin sortu duzue?
Gure asmoa da euskal hiztunak ez daitezela hainbeste gelditu hizkuntzaren alde normatiboarekin: gauza denak bere tokian esan behar dira, eta kontuz! "K" bat gaizki jarriz gero Villasante etorriko da eta zigortu egingo zaitu. Hizkuntzari saltsa pixka bat ematea, eta batez ere gustura egitea. Ez dugu egin jendeak hor jarritako tontakeriak esango dituela pentsatuz. Gonbite bat da gure hizkuntzarekin, eta inguruan ditugun erreferentziekin, gure hitz egiteko modua sortzeko. Inoiz etorri behar du horrek eta etorriko da, azkenean hor daude Euskaltzaindia eta gauza horiek guztiak, baina hanka zabaldu eta puzker bat lasai botatzeko aukeraren bat beharko dugu, bestela beti zuzentasunari lotuta ibili behar badugu azkenean nazkatu eta ito egingo gara.

BERTSOA
Doinua: Ezkondu eta ezkongai
Iruñar seme kuttuna,
"Mantxut"en aita hiztuna,
sormenari lehia juna,
idaztea ta parlamentua
bizimodutzat dituna,
saiakeran sariduna,
traditore diarduna,
Saramago euskalduna.

Jexux Mari Irazu
CURRICULUMA
- Jaio:
Iruñean, 1958an.
- Biologian lizentziatua, idazle eta itzultzailea.

- Liburuak:
"Idiaren eraman handia" (saiakera, 1995) "Katebegi galdua" (nobela, 1995)"Cammenbert helburu" (nobelaz mozorrotutako saiakera, 1998).

- Itzulpenak:
euskaratik gaztelerara "El África de Mandela" (Juanjo Olasagarrarena) eta gazteleratik euskarara "Lisboako Setioaren historia" ( Jose Saramagorena).

- Sariak:
Julene Azpeitia (1995), Gabriel Aresti (1991), Mikel Zarate (1995, "Idiaren eraman handia" saiakeragatik), Joseba Jaka beka (1998, "Cammembert helburu"rengatik).

- Itzultzaile:
Parlamentuan eta Nafarroako Gobernuan aritu izan da eta egun unibertsitatean dihardu.

- Kazetaritza:
ARGIAn kolaboratu zuen 84tik 88ra bitartean, "Euskaldunon Egunkaria"n "Seiko urrea"n aritu zen 98an, Euskadi Irratian "Sormenari leiho" saioan jardun zuen eta "Gara"n ematen du orain bere iritzia.

- Irakasle
lanetan aritu zen Iruñeko Herri Ikastolan eta AEKn.

- "Mantxut!"en lokuzioak
bildu eta sortu ditu Asisko Urmenetarekin batera.

BERE HITZETAN
"Inork ez du informazio-maila nahikorik, edo talenturik, edo gogorik, edo ausardiarik, bizi izan ditugun ustelkeria jasanezinezko azken urte hauei literaturaren bidez aurpegia emateko. Ez gazteleraz, ez eta euskaraz ere."

Euskaldunon Egunkaria, 1999-07-10
"Kritikaria da gizarteak, unean uneko gustu estetikoaren berri epaitzeko, delegazioz, izendatu duen morroia."

Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-28
"Niri gehien gozarazten didaten liburuak bizi naizen mundua ulertzen laguntzen didatenak dira, batez ere, horretaz gainera libertitzen nautenean eta forma narratiboa zein estiloaren aldetik gutxieneko estetiko batzuk betetzen dituztenean."

Euskaldunon Egunkaria, 1999-07-10
"Hartu liburua (Hontzaren Eguna, 1991, Koldo Bigurik itzulia), hasi "ohizko", "...-arazi" eta bestelakoak ikusten (alegia, ordutik hona aldatu direnak), eta inori iruditzen zaio Miranderen garaiko testu bat irakurtzen ari dela, ia ia. Noiz arte?"

Euskaldunon Egunkaria, 1999-07-10
"Plazer berezia ematen dit ezagutzen ez nuen austriar baten lana euskararen bidez ezagutzeak. Euskara, kultura transmititzeko baliagarria delako esperantza berreskuratzen laguntzen dit. Arnasa hartzen dut, euskara, kasu honetan, bitarteko delako, eta ez protagonista"

Euskaldunon Egunkaria, 1999-05-29
ARGAZKI ZAHARRA
Gure Colombo Pirineoetako Camille hartzaz kamuflatuta harrapatu genuenekoa. Kasu hartan pistatik irten eta hanka sartu zuen.
(Ikus bizitzaren pasartea).

BIZITZAREN PASARTEA
Argazki zaharraren atzean badago istorio bat. Hiru egunetan egin genuen Ordesako Zirkoko mendi guztien zeharkaldia. Ederra, zinez, eta giro onean. Azken egunean, Pico de las Olas deitzen denetik kotxera bidean, modurik tontoenean oina bihurritu nuen. Bost orduko bidea egin behar izan nuen maleoloa hautsita. Bizitzan bezala mendian ere beti datoz elkarrekin gozo-mikatzak. Eta datozen bezala hartu behar.