Nafarroa Oinez ekitaldia ohi baino beranduago datorkigu aurten. Ohikoena Nafarroako ikastolen aldeko jaia, Kilometroak izan eta bi astera egitea da, baina iragan asteko zubia zela-eta, hilaren 22an egingo da 2000. urteko edizioa. Jaiaren 20. urteurrenean, egitarau zabala eskaintzen du Nafarroa Oinez 2000k.
DONEJAKUE IBILBIDEA
Orotara 6,4 km ditu aurtengo ibilbideak, eta bost gunetan banatuta dago. Lehenengoa San Fermin Ikastolan bertan dago kokatua, hurrengo biak Zizur Nagusian, laugarrena Zizur Nagusia eta Zizur Txikiaren arteko mugan eta bosgarrena Zizur Txikian. Azken bi guneen arteko ibilbidea makina bat erromesek egin ohi du oinez urtero. Beraz, igandean bertatik pasako diren euskaltzaleak Donejakue bidearen zati txiki bat zeharkatu ahal izango dute.
ENTZIERROA
Iruñerriak jasoko dituen milaka bisitariek izango dute zer egin, ikusi eta entzun igandean. Egitarauan gustu eta adin guztientzako modukoak diren ekitaldiak agertzen dira. Ibilbideak dituen bost guneetan adibidez, ikuskizun ugari aurki ahal izango da: antzerki emanaldiak, herri kirolak, dantza erakustaldia, txalapartarien saioa, haurrentzako karaokea eta jokoak, entzierro txikia, eta abar luze bat. Fanfare, txaranga, gaitero, txistulari, zanpantzar eta trikitilari taldeek alaitasun eta kolorez jantziko dute gainera ibilbidea. Ohikoa den bezala, kontzertuak izango dira protagonista, besteak beste, Oskorri, Erramun Martikorena, Egan, Berri Txarrak, Su Ta Gar eta Trikizio taldea izango dira entzungai. Trikiziok Nafarroa Oinezeko abestia eskainiko du, Asier Arakama taldeko kide eta San Fermin Ikastolako ikasle ohiak parte hartu baitu ibilbidean kokaturiko bozgorailuetan errege izango den kantuan.
EKITALDIAK
Nafarroa Oinezen antolatzaileak orain hilabete asko hasi ziren hilaren 22ko jaia prestatzen. Baina euren lana ez da egun honetara mugatu, eta urtean zehar ere makina bat ekitaldi antolatu dute. Urtarrilaren 28an adibidez, kontu kontalarien ipuinak entzuteko aukera izan zen Zizur Nagusian, otsailean Maria Bayo kantaria aritu zen Gayarren, eta apirilean "El Caserío" zartzuela izan zen entzungai leku berean. Maiatzan bestalde, txotxongiloen emanaldia antolatu zen, eta ekainaren 13an Maria del Mar Bonet eta Amaia Zubiriak kontzertu bat eskaini zuten. Ekitaldi hauez gain, hainbat hitzaldi, proiekzio eta erakusketa ere antolatu da, eta duela hiru hilabete gainera "Sanferminak" liburua argitaratu zen. Egileak Fermin Erbiti eta Javier Manero idazleak dira, eta lanaren izenak berak dioen bezala, San Fermin patroiaren eta haren omenez egiten den festa ospetsuaren inguruan egiten dute berba. Orotara 230 argazki biltzen dira liburuan, eta Nafarroa Oinez San Fermin Ikastolak antolatu duela aprobetxatuz kaleratu da.
SAN FERMIN IKASTOLA
Iruñeko Jaso Ikastolari lekukoa hartu eta Zizur Txikiko San Fermin Ikastolak antolatu du aurten Nafarroa Oinez jaia. Duela 30 urte eman zituen lehen pausoak San Ferminek, eta igandean lorturiko dirua eraikin berriak ordaintzeko erabiliko du batez ere.
UXUE IKASTOLA ETA MIKEL GASTES
San Fermin Ikastolaz hitz egitean ezinbestekoa da Iruñeko Uxue Ikastola aipatzea. 1965. urtean sortu zen, eta Mikela Gastes andereñoaren ardurapean hamabi ikasle bildu ziren lehen ikasturtean Pozoblanco kaleko 6. zenbakian. Kopuru hau hala ere handituz joan zen, eta 1969-70 ikasturtean 308 ikasle eta 12 andereño ziren jada. Tresneri, ekipamendu eta kirol edo jolaslekuei dagokienez, bazen alderik ikastetxe pribatuen eta ikastolaren artean. Ikastolako haurrak adibidez, kalean edo terraza batean jostatzera beharturik zeuden.
UXUE, SAN FERMIN ETA JASO IKASTOLAK
Hika-mika batzuen ostean Uxue Ikastolaren baitan zatiketa bat gertatu zen, eta bertatik sortu zen San Fermin Ikastola. 1970. urteko apirila zen. Zizur Txikiko Verbo Divino ikastetxe-apeztegian zuen orduan egoitza San Fermin Ikastolak, eta 270 ikaslek ekin zioten aurten 30 urte bete dituen ibilbideari. Jada 1978an, Verbo Divino ikastetxearen eraikin eta lur sail guztiak erosi zituen San Fermin Ikastolak. Urte berean, San Fermineko 950 ikasleetatik 165 bertatik atera eta Iruñeko Udal Ikastola sortu zuten. 1980an, eta ikastolan sartzeko eskaera handiari ezin erantzunez, Jaso Ikastola abiatu zen San Fermin Ikastolaren laguntzaz. Hain zuzen, Jaso Ikastola izan zen joan den urtean Nafarroa Oinez jaia antolatu zuena.
IRUÑERRIKO IKASLEAK SAN FERMINEN
2000-2001 ikasturtean 1.300 ikasle daude San Fermin Ikastolan. D ereduan oinarrituta, haur hezkuntzatik hasi eta Batxilergora bitarteko klaseak jasotzen dituzte Iruñerriko hainbat herritatik etorritako haur eta gazteek. LOGSE legea ezartzean bestalde, ikasketa plangintza aldatzeaz gain eraikinen berritze lanei ekin behar izan zien eta oraindik luze joko dute. Lehen faseko lanak adibidez azaroan amaituko dira, eta bigarren fasea datorren urtean hasi eta hamalau hilabetez luza daiteke. Nafarroa Oinez ekitaldian lorturiko dirua beraz eraikinen berritze lanak ordaintzera bideratuko du, batez ere, Zizur Txikiko Ikastolak.
HURRENGO EDIZIOA, LODOSA ETA SARTAGUDAN
Datorren urtean Iruñerria atzean utzi eta Erribera alderantz abiatuko da Nafarroa Oinez. Izan ere, Lodosako Muskaria eta Sartagudako Deikastelu ikastolek hartuko dute San Ferminen lekukoa, eta bateraturik antolatuko dute Nafarroako ikastolen aldeko jaia. Hurrengo ikasturtean, bi ikastolek bat egingo dute, eta 2000. urtea amaitu aurretik hasiko dira egoitza berria eraikitzeko lanak.