Paris eta Mosku elkarri lotuta", "Bolibia: Ezkertiarrak Herria berekin", "Soljenytsyne: Literatura Nobel saria"... Nazioarteko berriak bere pisua izaten jarraitzen zuten 398. zenbakiaren lehenengo orrialdean. Baina bertan ageri zen "Euskaltzaindia Zuberoara" hartatik hasita, igar zitekeen beste batzuk zirela ZERUKO ARGIAren gogoa asaldatzen zuten burutapenak edo arazoak: euskararen eta gure herriaren etorkizuna kolokan jar zezaketen jarrerak, kasu.
MITXELENAREN HITZALDIA.
Euskara batua zela-eta, Koldo Mitxelena hizkuntzalariak eman berri zituen hitzaldi batzuk, eta gure aldizkariaren arduradun zirenek behintzat, pozik hartu zituzten, editorial antzeko batean azaltzen zutenez. Izan ere, "ekaitzez eta lokatzez aspertutako nekazariak eguzki goxoa du amets. Alaxe guk ere Mitxelenaren argia". Baina, guztia garbi gera zedin, honoko zehaztapentxo hau eransten zioten aurrekoari: "Bai, argi-billa joan giñan. Ez urak geuron errotara ekarri nahian".
Behin azpimarratu beharrekoa azpimarratuta, iritsia zitzaien beren iritzia azaltzeko garaia: "Euskara batua beharrezkoa dugu. Baiña egiteko dago oraindik. Ez 'Batasunaren Kutxak' agindu oraindik eta ez Liturji-batzordeak. Egiña ez badago ere, ordea, egiteko bideak artu nahi ginduzke. 'Arian-arian' egin nahi genduke eta ez 'egonean-egonean'. Baiña 'arian-arian' ortan, bakoitzok geuron pausoak eman behar ditugu. Liturjian batzuk, aldizkarietan geixeago, ikastoletan aundixeagoak, goi-maillako liburuetan sakonenak eta nabarmenenak".
Ulertu behar duenak, uler beza, erabakiko zuten mezuaren egileek. Batzuk izango zituzten buruan, ziur aski. Gauza da, pixka bat beheraxeago, honela ziotela: "Batasuna beharrezkoa dugu. Bereizkuntzak gaixorik daukate euskera. Ebaki, iriki, ikusi, miatu, kendu, garbitu eta berriro josi" egin behar omen zitzaion. Alabaina, hori ez zen okerrena: "Baiña sendagillearen labana osasungarri edo iltzaille biur diteke. Bizirik iraun zezakeana eskutan ilda gelditu ohi zaie bein baiño geiagotan. Aurrez gertutu egin behar da gaixoa ere operaziorako. Gertuera-tarte horretan ere il ohi dira, ordea, beste batzuk, zirt edo zart, il edo bizi, lehenbaitlehen iriki ez direlako".
EGURRA DENENTZAT.
Zer zegoen metafora esanguratsu horren atzean? Bada, euskara batuaren osaketa, noski. Horregatik esan omen zuen Mitxelenak "batzuk azkarregi eta besteak motelegi dabiltzala uste dut". Orohar, nahikoa jarrera ona igarria zioten editorialaren egileek hizkuntzalariari: "zentzuz, patxaraz eta soseguz betea ikusi dugu Mitxelena. Auzi galgarri eta seta gaiztoen sua itzali nahian bezala. Obeto esanda itzali nahian baiño gehiago suari galga ongarrian eutsi nahian. Ortarako doai onak noski: adar-jotzaille ona izatez, eztabaidan argia, arrazoietan sakona"... Hor amaitzen ziren harentzako laudorioak ere, ordea: "... gaiaren arian illun eta nahastu xamarra. Agian bildurtiegia". Hara! Erretxindu zitzaizkion, nonbait. "Izkuntzalari bezala bere iritzia agertzeko beldurrez iruditu zaigu. Eta guk ain zuzen izkuntzalari ospetsu baten iritzia jakin nahi genduan. Alde batera edo bestera itsutu gabe gaudenok bere argia nahi genduan". Ulertzen zuten, halere: "Ez zan erraza, noski. Zenbait bere aldeko arrazoiak entzutera bakarrik joan bait zan. Noiz besteen aurka mintzatuko zai arpegira botatzeko", eta ustezko koldarkeriak alde batera utzita, Mitxelenak "zenbait aldiz auzi esarrea baretu zuan", baina! "onenean illunpea ez zuan gehiegi argitu. Tarteka mindu ere egin zituan baten batzuk". Erdipurdi atera zitzaiola kontua, beraz. Dena dela, barren-barrenetik hurrengoan hobeto desiratuz-edo, agur esaterakoan aholkua eta guzti eskaintzen zioten: "'Ez zaitez auzitan sartu, jauna' esango genizuke illetako otoitza gogoratuaz. Zure itzaldiak eta zure itzaldietako jokaerak osoro artuta ongarriak izan dirala uste dugu. Orregatik egin argi. Jarrai izkuntzalari bati dagozkion arrazoiak emanaz. Ezin izan zindezke eguzki diztizari, 'jakintsu' asko bait dago gure artean". Eta letra larriz, amaiera moduan: "Izan zaite izar argi euskeraren gau illunean".
ERDALTZALEEN KONTRA.
Editorial horren alboan, beste artikulu adierazgarri bat zetorren, Imanol Beristainek idatzitako "Erri erderatzailleak (1)", hain zuzen ere. Dagoeneko asmatuko zenutenez, erdaltzaleak zituen hizpide. "Zenbat eta zenbat kalte egin diote Euskal-Erriari ez da erraz esatekoa", zioen. Eta norena ote errua? "Gure txepelkeria eta lelokeriarena ere ez da txikia", adierazten zuen, deblauki. Zer zela-eta? "Garai batean isildu bearra zegoan", baina, "Konzilioa ezkeroz gauzak erabat aldatu dira eta egia esateko bat baiño geiagoren pena eta zoritxarrerako. Erriko eskubideak, gizonarenak, nor bere izkuntzarenak eta abar"etaz ari zen. Zergatik aitatu ote zuen Kontzilio sakrosaindu hori? Arrazoi faltan ez, antza. "Zuk irakurle bear bada usteko duzu Euskal-Erriko erri txikietan beintzat, kale eta baserriak iya bat egiten duten erritxoetan, meza eta elizkizunak euskeraz izango dirala, orain arteko latiñ aspergarriaren ordez". Baita zera ere, maitea! "Altzolan ez da ala gertatu, bertako apaizak nai ez duelako. Euskara obeto dakien arren erdera maiteago du".
BETIKOAZ BETI
Mitxelena, 1970-X-18Irakurri berria dut azken Zeruko Argia. Bestetan bezala, gauza jakingarririk aski aurkitu dut (horien artean, nola ez? su ta gar dabilen sorgin-ihiziaren oihartzunen bat) eta, batez ere, Gaztañaga jaunak argitara duen idazlanaren azken aldea. Gai horietaz eta bestetaz, esan behar nituenak esan berriak ditut jendaurrean eta ez naiz lehengoak berritzen hasiko. "Ohar" batez ari garenez gero, besteren bat erantsi nahi nuke neure aldetik. Arantzazuko batzarreko giroa ez omen zen zenbaitentzat atsegina, ez omen zen erraz han zenbaiten iritzien kontra agertzea, eta Aita Intza eta Aita Mujika hartzen ditu lekuko. Lehenbizikoari gertatu zitzaiona, ez zitzaidan Gaztañagari baino gehiago gustatu. Aita Intzari zor diodan begiramenaz gainera, eta ez da gai hutsala, hango elkar-hizketek izan zitzaketean ondorioentzat kaltegarri izan behar zuelako, nora-ezean. Baina orduan mintzatu zen "norbait harek" badu izena, Euskera-n bertan ikus ditekeana, eta urteak ere baditu. Ez diot sekula jaiotz-agiririk eskatu, baina egingo nuke ez dela ez Gaztñaga-ren hitzetarik pentsa ditekean bezain gaztea, ezta ere berrizale edo iraultzaile amorratu horietakoa.
Aita Mujika ez zen xamur-xamur agertu eta, erantzuterakoan, nik eskatu nion ez zitzala gauzak nahas. "Zorrotz" eskatu, han esanak jaso zituenaren ustez: ez dut ukatuko, aisegi sutzen naizela badakit eta. Gerokoa, ordea, eta osorik jasoa ez dagoena, besterik zen: Italiako eta Alemaniako arazoak, hain zuzen ere, arrazoi batengatik eta besteagatik, ezin zitezkeala, nik uste, Aita Mujikaren iritziaren alde ager. Badakit hortaz mintza gintezkeala luzaroan, baina ez zen inor mintzatu. Ba ote dut horregatik lotsaizunik?
(...) Ez natzaizue hemen Euskaltzaindian "gertatu" denaz mintzatzen hasiko. Zuzen nahiz oker gertatu dena jendaurrean gertatu da, eta aski da horrekin (...)