argia.eus
INPRIMATU
ETXEKALTE, NONAHI KALTE
  • Euskal Herriko baso eta lorategietan makina bat zuhaitzek guk baliatzeko moduko zur mota anitz eskaintzen du. Ez dago zertan haritz zuraren irrikitan egon beharrik.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21
Tristea benetan! nioen aurreko astekoaren amaian euskaldunon haritz-zur goseaz. Bestelakorik ez bagenu ere... Baserria eraikitzeko inguruan eskuera aurkitu ditudanak erabiltzera jo dut nik. Astozaldi okerrak eta soliboak bai haritza, baina bihurrituko ez diren zazpi metro eta erdiko kapirioak egiteko Douglas izeia zuria (Pseudotsuga menziesii), teilatuaren oinarrizko latatarako zedro gorrizta (Cedrus atlantica), busti-lehorrean biziko diren balkoiko soliboak gaztainondo laruz (Castanea sativa), egiturako habe eta zutabetarako sasiarkazia horia (Robinia pseudoacacia), zoruko oholtza osatzeko sasiarkazia bera, Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana) eta sekuoia luzea (Sequoia sempervirens).
Lizarra, haltza, pinua, nekosta, alertzea, ezkia, ipurua, tuia, makala, zurzuria, lertxuna, urkia, xarma... erabilera desberdinetarako egokiak diren zur apartak ematen dituzten zuhaitz ugari dugu gure baso eta lorategietan. Bakoitzaren ezaugarriak ezagutu, erabilera desberdinetarako aukeratu eta probatzera jo beharra daukagu baldin eta geureari bezela, mundu guztiko ingurumenari benetan eutsi nahi badiogu. Harritzeko modukoak dira zur gehienak, nolako haria, betaren itxura, adarbegiak, kolorea, onddo eta xilofagoekiko erresistentzia, usaina...