Teknika berritzaile baten bidez posible da gaur egun disko-herniak ordu erdian operatzea, anestesia lokalarekin. Eta pazientea bere kabuz ibiltzen itzuliko da etxera. Bellvitge-ko (Bartzelonako) Principes de EspaƱa Ospitaleak teknika berri eta iraultzailea aurkeztu du. Teknika kirurgiko horrek aukera ematen du hernia diskal zerbikal eta lunbarren % 60 atera edo erauzteko. Aipatu zentroko neurokirurgialaria den Luis Lopez doktoreak azaldu zuen bezala, "teknika berri hau tradizionala baino bigunagoa da, ez da hain agresiboa, errekuperazioa berehala lortzen da, eta pazientea ordu gutxiren buruan gai da bere kabuz etxera itzultzeko".
Zertan datza operazioa? Lepoan bi milimetroko ebakia egiten du kirurgialariak, eta ebakian barrena kanula bat sartzen du bertebra edo ornoen artean, operazioak irauten duen bitartean hortxe mantentzen dena. Kanula honen bitartez sistema optiko guztiz sofistikatua ezartzen da, eta horri esker kirurgialariak, monitorearen bidez, mikropintza berezi bat maneia dezake, herniatua, hau da bere leku normaletik irtena eta desplazatua dagoen ornoarteko diskoa erauzteko. Teknika honek kontraindikazio nagusi bat dauka: ebakuntza egiteko diskoak bere lekuan egon behar duela, ornoartean alegia. Lopez doktorearentzat teknika honek urtetan atzera egin duten paziente asko operatzera animatuko ditu.