argia.eus
INPRIMATU
Martin Ugalde
"DENA IDATZITA UTZI IZANA DA NIRE BARRUKO BAKEA"
  • Txirritaren umore-geneak bizirik daude Martinen hizkeran, senide diren seinale; hala ere Txirritak aldamio gainean baino lan gehiago egin du Martinek herri hau altxatzen. Atzerrian ere bai baitago Euskal Herri bat, hizkuntzan eta gutunen lurrazalean hedatzen dena. Gaur Hondarribian bizi da, leiho pareko mugari begira, lasai, horma bezain hilezkor baita bere hitza, idatzia.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre Ixiar Eizagirre 2021eko uztailaren 20a
Oso gaztetan harrapatu zintuen gerrak. Nola gogoratzen duzu esperientzia hura?
Gerra hasi zenean nik 14 urte nituen. Andoainen bizi nintzen eta gerra niretzat mundu berri baten hasiera izan zen. Gerra beldur bat, trantze bat izan zen, baina beldur horretan nire anaia eta biok pozik, eskolarik gabe!
Egun batean etorri zen gure aita korrika, eta "Anttoni! (esan zion gure amari) hartu ahal dituzun erropak, jatekoak eta zakurra eta goazen Hernanira!" Gure ama hernaniarra zen, amona ere bai. Ni Txirritaren lehengusu propioaren familiakoa naiz.
Bonbak erortzen hasi zirenean ikaratu ginen pixka bat. Hernaniko plazan jarri zuten lehertu gabeko obus handi bat, eta a zer ikuskizuna herritarrentzat!

Zure bizitzako joan-etorria ez da makala izan...
Handik Donostiara joan ginen, eta jakin genuen nola frankistak Irundik barrena zetozen. Eta gauez kamioi batean aldegin genuen Bizkaira. Mundakan egon ginen bi hilabetez eta Bilbora joan ginen. Bilboko Henao Kaleko 3.enean udaletxe bat antolatu zen: arazoak zeuden janaria banatzeko-eta herritarren artean. Gure aita zinegotzia zen Andoainen eta Andoain, Hernani eta Astigarragako udaletxeak Bilboko etxe batean elkartu eta antolatzen ziren.
Bilbotik Santanderrera joan ginen, eta Santanderren banatu zen familia: gerrako umeak kanpora eramaten zituzten. Anaiak 13 urte zituen eta "Habana" itsasontzian eraman zuten Errusiara. Nik 15 urte nituen eta Frantziara eraman ninduten. Bitartean aita Asturiasera joan zen, eta handik ontzi batean Kataluniara. Ama ere Bartzelonara joan zen aitarengana. Baina Bartzelonan ama harrapatu eta Andoainen gelditu behar izan zuen, eta aitak Frantziara alde egin zuen.

Gaztetatik bakar bakarrik geratu zinen Frantzian. Nola moldatzen zinen?
Zinema batera eraman gintuzten denak, Chateau Chinon herrian, eta familiak etorri ziren gu hartzera. "Nahi duzu nirekin etorri?" esan zidan familia batek. Komunistak ziren, Francoren kontrakoak. Gero Donibane Garazin egon nintzen eta urtebetera joan nintzen Donibane-Lohizunera. Jaurlaritzaren eskola batean nenbilen. Nire babesa eskola hori izan zen, horri eskerrak zuzendu ginen piska bat, bestela, badakizu, garai hartan mutil kozkorrak ginen...
Han geundela alemanak sartu eta ea zer egin behar nuen galdetu zidaten: lanera joan gerrara edo bestela Espainiara alde egin. Nik ez nuen gogorik haiei laguntzeko. Beraz, Andoainera joan nintzen amarengana. Bi urte beranduago Afrikara bidali ninduten soldadutzara. Gero bi urtez egon nintzen Andoainen eta igande goizero Guardia Zibiletan presentatu behar izaten nuen. Bukatu zen gerra eta familia osoa Venezuelan elkartu ginen.
Hamar urtez egon ginen familia osoa banatuta. Hori izugarria da, ez sinistekoa.

Kontaiguzu Venezuelako esperientzia...
Venezuela niretzat aurkikuntza harrigarri bat izan zen: hemen Francorekin ezin zen idatzi gutun bat ere euskaraz. Ezta erdaraz ere! Idaztea arrisku bat zen niretzat, eta han egin nintzen idazle. Caracasen nengoela hasi nintzen "Élite" astekarian lanean, eta zazpi urte egin nituen bertan. Hasieran ez nekien idazten, ez nuen lehenago erredakziorik ere ikusi. Nire kasa ikasi nuen. Gaztea nintzen, indar asko nuen. Sariak irabazi nituen erreportajeengatik. Ipuin batzuk idatzi nituen... Han egin nintzen gizon. Lan asko egin beharra dago, eta sena baldin baduzu, idazten ikasten duzu.
Han lana banuen, hemen falta zena, eta diru piska bat egin ahal izan nuen hona etortzeko. Venezuela prestakuntza bat izan zen nik egin nahi nuena egiteko: hona etortzea, alegia.

Venezuelan egon arren giro euskalduna bizi zenuten.
Euskal Etxean euskara irabazi nuen: euskara irakatsi eta zuzendari ere izan nintzen geroago... Hemendik joandako jendea biltzen ginen. 1.000 bazkide baginen, gerratik ihesi joanak asko, eta lanera, dirua irabaztera beste asko. Euskal Herritik joaten ziren Jose Antonio Agirre, Irujo, Monzón... hara hitz egitera. Oso ongi antolatuta geunden.
Gure etxeari "Andoain" jarri genion izena. Nire emazte Ana Mari santurtziarra da, eta berari eta seme-alabei euskaraz irakatsi nien.

Venezuelan, berriz, gazteleraz idatzi zenuen. Baina ez gaztelera arruntean; criolloan, alajaina!
Venezuelar batek bezala idazten ikasi nuen, baina gai euskaldunei buruz, euskarari buruz. Unamunok esan zuen euskarak ez zuela balio, eta euskaraz ez zela idatzi ere egin behar. Venezuelarrek hori sinistu egiten zuten. Horren kontrako artikulu bat idatzi nuen, eta pentsatu: "Zergatik ez dut nik idazten Unamunori buruzko historia? Zergatik ez zuen berak euskara maite?" eta "Unamuno y el vascuence" liburua idatzi nuen.

Hango ipuinetan ere euskal kontuak kontatzen zenituen, ala bertakoak?
Baziren batzuek euskaraz idazten zutenak. Baina norberak bizi duena eta bizi den herriko hizkuntzan idatzi behar du. Idazle batek bertako arazoak aztertu behar ditu. Hango arazo handiena inmigrazioa zen. El Silencio auzoan etxeak, obra handiak egiten hasi ziren, eta ni joaten nintzen hori ikustera eta deskribatu egin nahi nuen. Inmigranteen gaia gainera nik neuk bizi nuen. Bizi ez duenak ez daki ongi zer den. Etortzen dira, eta ez dute hizkuntza ulertzen, babesik gabeko jendea da, arazo asko dituena... Orduan idatzi nuen "Un real de sueño sobre un andamio" liburua. Venezuelan nik ez nuen euskal kontuetaz idatzi nahi, euskaldunak larrutu egin beharko nituen. Lehendabizi ni larrubixi jarri, eta gero beste denak larrutu. Ez bainuen gauza xinple bat idatzi nahi, sakona baizik. Eta sakona egiteko gauzak esan egin behar dira, eta gauzak esateko beldurrik gabe jendea den bezalakoa azaldu.

Venezuelan zinela, nola imaginatzen zenuen zegoela Euskal Herria?
Nik hemengo gauza asko irakurri nuen 22 urtean. 3.000 karta ditut idatziak garai hartan, politikoei, erbesteko jendeari... Ongi nekien hemen zer gertatzen zen, baina sekula ez nuen pentsatuko herri hau hain pobre aurkituko nuenik. Ez zegoen ezer, Euskaltzaindiak ez zuen biltzeko tokirik ere. Gure herria euskal kulturatik urruti bizi zen, baztertuta, bere kulturaz ia lotsatuta.
Venezuelan irakurri nuen nola Hernanin, igandero bezala, txistulariak plazara irten ziren eta kanpotarrek harrika hartu zituzten. Hori ezin nuen ia sinestu ere egin! Eta lehengo erasotzaile haiek bueltan datoz! Aznar ere ez da gaur goizekoa: haren senide bat senadore izan zen Washingtonen, gure arerio handi bat. Etortzen zenean, Agirre lehendakariari entzuten nion egoera nola zegoen. Agirre lehendakariak dirua eskatzen zigun bere nazioa eusteko behar baitzuen. Premia handiak zituen gure herriak eta horregatik sartu nintzen Alderdian, horregatik etorri nintzen hona.

Zergatik itzuli zinen? Han bazenuen familia, lana, integratua zeunden...
Bizi osoan izan naizelako abertzale. Idatzi ditudan gauzak herri honi buruzkoak izan dira, eta kanpoan beti ari ginen pentsatzen gauzak egin behar genituela, idatzi behar genuela, egunkari bat atera...
Urteekin konturatu nintzen Euskal Herrirako galdu ginela, eta gure seme alabak hango izango zirela. Etortzeko asmoa hartu nuen. Txillardegirekin eskutitzezko harreman handia nuen, eta "etorriko al haiz hona?" galdetu zidan, eta etorri egin ginen. Hasieran familiak etortzeko baimena zuen, baina niri ez zidaten etortzen uzten. Errebelde bat nintzen, leku guztietan sartua nengoen. Gero lortu nuen denok etortzea, eta Irunera joan ginen bizitzera, pentsatu genuelako, edozer gauza pasata ere, beste aldera ihes egiteko bidea genuela.

Euskal Herrira itzultzean bertako historia idazten hasi zinen...
Hona etortzean hasi nintzen euskaraz idazten isilpean, bestela kanpora botako baininduten. Eta behin bota ninduten! Hemengo historia idazten hasi, eta konturatu nintzen elkarrizketak egitea bide aberatsa zela: hemen baziren gizonak Euskal Herriko historia ongi zekitenak, baina idatzi ezin zutenak. Nik elkarrizketekin jakintza hori bilatzen nuen. Barandiaran, Mitxelena... Sei pertsonaia nagusiri egindako elkarrizketekin "Hablando con los vascos" idatzi nuen. Baina horretarako lehendabizi nik ikasi behar nuen haiek egin zutena. Eta orduan hasi nintzen haien obra osoa aztertzen, eta estrukturetan ikusten nituen hutsuneak galdera bihurtzen...

Gaurko Euskal Herria nola ikusten duzu?
Ez dut sekula hain pobre ikusi gure arteko harremanetan. Orduan alde guztietatik xaxatzen gintuzten, denen azpitik geunden. Baina gure arteko harremana oso estua zen. Gure herrian politika erlijioa bezala izan da, sinesmen osoa genuen...

Etakideekin harremanak izan zenituen erbestean zinela...
Peixoto oso lagun ona dut. Ideietan ere gauza batzuetan bat gentozen, baina ez gara aho bateko gizonak, bakoitzak bere burua du. Brouardekin ere harreman ona izan nuen erbestean. Ni EAJn sartu nintzen eta sailburu egin ninduten. Eta behin esan zidan: "Martin, nahi al duk ETAkoa izan?" Eta esan nion: "Ni abertzale bezala hirekin nagok, eta behar denean lan egiteko prest, baina ni ez nauk tiro bat botatzeko pertsona". Entrega izugarria behar zen. Gainera garai hartan giroa oso arriskutsua zen, asko hil egin zituzten. "Ni ezkondua nagok, haurrak dizkiat" esan nion. Baina lagun izaten jarraitu genuen, bakoitza bere buruaren jabe zen.

Gaur Lizarra-Garaziren proiektua bertan behera erori da, ETAk su-etena hautsi du... Nola bizi duzu hori?
Min handiarekin. Guk akats asko egin ditugu, esperientzia handirik ez-eta. Francoren 40 urtetan, ez zegoenez euskaraz hitz egiterik, antolatzerik... Zein euskaldunek ikasi du politika, Francoren garaietan? Orduan nondik aterako duzu jendea? Ez digu inork lagundu pausoak ematen, denek hasieran egiten dituzten akatsak egin ditugu. Baina pena da hainbesterako esperantza eta ilusioa sortu eta ez garela gai izan denen artean gauzak aurrera ateratzeko.

Beraz, hemen politiko onak falta ditugu? Buruak?
Asko. Ez dago hemen politiko egokirik, dakienik; ez digute utzi! Zaharrak hil dira, laster ni bezala. Nik barrutik dudan pakea da, hil aurretik dena utzi dudala idatzita. Historia, euskara... ahal nuen guztia. Ez dedin esan "egin zuten". Ez, hor dago. Nahi duenak irakur dezala egin dudana.

Euskararen etorkizuna nola ikusten duzu...
Beltza ere ez, baina arrisku handiak ikusten dizkiot. Esperientziaz badakit zer den bizi izan duguna.

BERTSOA
Doinua: Bart ametsetan...
Gerra ondoko izuan mende
erbestearen gerizan
joateko ere baimena behar
gauzak zer diren bizitzan!
Venezuelako hizkuntz lurretan
satortuta ibili zan
Itzuli eta "Egunkaria"
utzi digu euskalgintzan
hemen ez dezan inork criollo-z
idatzi beharrik izan.

Jexux Mari Irazu
BERE HITZETAN
"(Euskara batuaren sorrera garaia) garai gogorra izan zen. Gutunak ere jasotzen nituen "Uhghahlhdheh" idatzita."

Argia, 95-04-09
"Exiliatu bat geratzen da bere herriaren argazki batekin, lagunak, etxea, eliza, taberna... hor gelditzen da, eta argazkia horitzen joaten da. Gauza faltsua da batek gordetzen duena."

Argia, 90-09-23
"Neri gramatika ez zait sekula gustatu. Hizkuntza jakin behar da, baina puskatzeko!"

Argia, 90-09-23
"Beti gizaki bera sofritzen ikusteak bultzatu ninduen idaztera."

Euskaldunon Egunkaria, 97-07-28
"Ez dakit gure herriak benetako herri kontzientziarik duen."

Argia, 83-06-19
"Hemen eta gaur kazetaritza garbia eskatzea, gure herriko lurrari platanoak eta naranjak eskatzea bezala da."

Argia, 73-06-17
"ETAk egindako kalteak, eskuinaren itxitasunari zor dizkiogu."

Euskaldunon Egunkaria, 00-03-13
CURRICULUMA
Jaio:
Andoainen, 1921ean.
- 1936: Gerratik ihesi ibili zen. Bilbo (1937), Chateau Chinon (1937), Donibane Garazi (1938), Donibane-Lohizune (1939)
- 1940: Alemaniak Frantzia inbaditzean Andoainera itzuli eta astero azaldu behar zuen Guardia Zibilenera.
Soldadutza egitera Marokora eraman zuten (1942-45)
- 1947: Espainiako Estatutik irtetzeko baimena lortu, eta Venezuelan elkartu zen familiarekin.
Caracasen Euskal Etxeko lehendakari, eta EAJko erbesteko batzordeko lehendakari izan zen.
- 1952: Michigan-eko Unibertsitatean ingelesa ikasi eta New Yorken bizi izan zen.
- 1954: Caracasera itzuli zen.
- 1960: Northwestern University-n Zientzia Masterra egin zuen.
- 1967: Caracaseko Unibertsitate Katolikoan irakasle.
- 1969: Euskal Herrira itzuli zen, Hondarribira.
- 1971: Eusko Jaurlaritzako erbesteko kontseilari hautatu zuen Ajuriagerrak (EAJko burua).
- 1973: Espainiako poliziak deportatuta, Donibane-Lohizunera joan zen bizitzera. Euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1993az geroztik Ohorezko Euskaltzaina da.
- 1976an, Franco hil eta urtebetera, Hegoaldera etortzeko baimena lortu zuen.
- 1982-85: Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko Euskarazko Arazoetarako Zuzendari izan zen.
- 1985: EAJ banantzean, 38 urtetan bere alderdia izandakoa utzi zuen EAn sartzeko.

Kazetaritza:
Venezuelan, "Eusko Gaztedi" eta "Euzkadi" aldizkarietako zuzendari (1948), "Elite" astekarian erredakzio buru (1948), "Nosotros" aldizkariko zuzendari (1954-69. Aldizkaria petrolio konpainia batena zen: "Creole Petroleum Corporatinon"ena), eta "El Nacional" egunkarian aritua.
Euskal Herrian, "Zeruko Argia"n kolaboratzaile (1966. Euskara batuaren aldeko artikuluak idatzi zituen 1969an), EAJren "Alderdi" aldizkari ofizial eta klandestinoaren zuzendari (1969), "Deia" egunkariko euskarazko taldearen erredaktoreburu (1978), "Euskaldunon Egunkaria"ren sortzailetakoa, 1990ean bertako Administrazio Kontseiluko lehendakari egin zuten, eta gaur "Euskaldunon Egunkaria"ko Ohorezko Lehendakari da.

Literatur lanak:
- Ipuinak: "Un real de sueño sobre un andamio" (1955), "La semilla vieja" (1958), "Iltzailleak" (1961), "Las manos grandes de la niebla" (1964), "Sorgiñaren Urrea", haurrentzat ipuinak (1966), "Itsasoa ur bazter luzea da" (1973. Dionisio Amundarainek euskaratu dizkion lau ipuin), "Tres relatos vascos" (1974), "Mantal Urdina" (1884), "Bihotza Golkoan" (1990).
- Antzerkia: "Ama gaixo dago" (1964)
- Nobelak: "Las brujas de Sorjin" (1975), "Itzulera baten historia" (1992), "Pedrotxo" (1993).
- Saiakerak: "Unamuno y el vascuence" (1966)
- Bestelakoak: "Cuando los peces mueren de sed" (1963. Venezuelan idatzitako erreportaia bilduma), "Hablando con los vascos" elkarrizketa liburua (1974), "Sintesis de la Historia del Pais Vasco" (1974), "Hablando con Chillida" (1974), "Historia de Euskadi" (1981), "Lezo Urreiztieta" biografia (1989), "Batasun eta zatiketen artean" artikulu bilduma (1990).

Sariak:
Venezuelako ipuin eta erreportaia-sari nagusiak, "Sésamo" ipuin-saria Madrilen (1964), Kazetaritza-saria Bilbon (1974), "Aldecoa" ipuin-saria (1985), "Jon Mirande" eleberri-saria (1989), "Txomin Agirre" eleberri-saria (1993) eta beste.

ARGAZKI ZAHARRA
Pello aita zenaren omenez. Venezuelatik etorri, eta hilabetera hil zen. Hainbeste sufritu zuen Caracasen, bakarrik, lagunik gabe... Erbesteak urrutitik hiltzen du, tiro batek bezala.

BIZITZAREN PASARTEA
Gerraz ari gara, gerra zibilaz; atzo lehertu balute bezala sentitzen dut oraindik krimenaren lehen zantzua. Amarekin nengoen balkoian; uda beteko arratsalde isil batez; hala gogoratzen baititut gerra hasieraren itxogite mutu haiek. Aitaren zain.
Baigenekien arerioaren esperoan geundela. Jakin, bagenekien inguratuta geundela, baina nondik zetozen ez, nola jantzita, zenbat kanoiekin, ez. Herriaren barruan bertan bagenituen karlista ezagun batzuk gordeak, batzuk, geok ezkutatuak.
Eta gu balkoian, mutu, aita inguruko mendiak arakatzen zebilen bitartean.
Halako batean tranbiaren zentraleko tutua jarri zuen norbaitek martxan: Billabonatik deitu zutela telefonoz kotxea zetorrela norbaitekin, besterik gabe; herriko jendea, eskopetez armatuak batzuk, pistoladunak ere baziren, haurrak eta futbolak desagertu ziren, merkantzia tranbe bat jarri zuten zeharka kamio erdian, ordena garrasi batzuk irten ziren eta... han dator kotxe beltz bat tap-tap tap tap... mantso oso, dozen erdi bat gizon alboetatik guardiatzen baletoz bezala... ama eta ni, hitzik gabe, kotxe gainean zer zetorren deskubritu nahiean... oinak ankutzik neuk ikusi nizkion... hildako bat!... txoferrak esan zuen jende pilo baten marmarrari erantzuten bezala: "Mikolax Kastro! duk"...
"Ai!"...lehertu ziren negarrak, eta "gora Euskadi"... Eta amatxok ondoan negarrari eman zion... eta neuk ezagutu nuen Batzokiko listetan entzuna: "Mikolax Agirre, 'Kaxtro'".
Andoaingo lehen heriotza gerra horren hasieran. Eta betirako geratu zitzaidan "Kaxtro"ren erretratua, gaur ahaztuxea...