Mintzaira Kantauri itsasertzeko haranetan sortu zen eta hor eusten dio gaztelaniaren eta galizieraren artean. Asturiesen, Kantabriako mendebaldean, Leongo probintziako ipar eta mendebaldean, Zamorakoaren ipar-mendebaldean eta Portugalen agintepeko Miranda'l Douru (Miranda do Douro) eskualdeetan eutsi zaio hizkuntzari. Egoera aztertzerakoan, hiru eremu bereizi behar dira beraz, bakoitzari errealitate eta egoera berezia baitagozkio, hizkuntzaren aldeko erakundeak eta kultur harreman historikoez gain, lan berezitua aurrera daramate-eta.
Lurralde honetan guztian ez da oraingoa hizkuntzaren aldeko mugimenduen prozesua. Hala ere, oro har erkidego autonomoetako eta estatuetako mugek indar handia daukate, eta batean eta bestean egindako ekimen eta lanak eremu bakarrera mugitzen dira, noizbehinkako elkarlanak salbu. Ondorioz, asturlleoneraren aldeko aldarrikapen prozesuak dinamika eta bizkortasun ugari ditu, eta beraz, emaitzak ere ez dira berdintsuak batetik bestera.
MIRANDAKO MUGARRI.
Milioi erdira heldu barik, kopuru horretatik hurbil dago hiztun kopurua. Laurehun mila baino gehiago Asturiesen, 1994 egindako inkesta baten arabera, herrialdeko herenetik gora. Hizkuntza mugimendu bizien eta ezagunena ere Asturiesen dago, han garatu dira talde eta mugimendu sendo eta historikoenak, baina Lleonen ere -Zamora eta Lleon probintzia biak ulertuta izen horren pean- hogeita bost mila hiztun egon litezke, estimazioen arabera, ez baitago ezelango datu ofizialik. Mirandako lurraldean berriz -Miranda'l Douru udalerriko ia herri guztiak eta Vimiosoko kontzeju bi biltzen dituen 500 kilometro karratuko eremua-, hamabost mila biztanle inguru daude, eta gehientsuenek mirandes hizkerari eutsi diote.
Eta paradoxikoki, Miranda'l Douru da hizkuntza ofiziala duen lurralde bakarra. 1998ko irailaren 17a egun historikoa izan baitzen, hango herrientzat bezainbat, mugaz bestaldean hizkuntzaren alde hainbat urtez ibili izan zirenentzat ere. Portugalgo parlamentuak, erabateko adostasunez, Mirandako hizkuntza ofizialdu eta hiztunen eskubideak aitortu zituen.
"A la par de'l pertués, a partir de hoije, yê lhuç de Miranda, lhuç de Pertual", esaldiak bururatzen du hizkuntza eskubideak onartzeko aurkeztu zuten poesiaz betetako testuak. Ordutik aurrera mendetako gutxiespenaren aurkako lana luzeagoa bada ere -nekazal inguru hori hainbat eta hainbat esparrutan Portugalgo atzeratuenen artean dago, eta analfabetismo maila ere handienetakoa da-, sekulako mugarria izan zen, urte askoko lanen emaitza.
Esanguratsua zen gainera Portugalgo estatuaren jarrera Espainiakoaren aldean. Ustez konstituzioak, hizkuntza eskubideak aitortzen dituen entitateak, behin eta berriz ahal dituen traba gehienak ezarri ohi ditu asturlleonera duintzeko orduan. Duela gutxi arte berriz Europako hizkuntza gutxituen bulegoak Batasuneko kultur askotarikotasuna aipatzerakoan Portugal gogora ekarri ohi zuen, berau baitzeukan hizkuntza gutxiagoturik ez zeukan herrialde bakartzat. Eta hara non, kanpoko presio barik bere borondatez begirune eta errespetuzko aldarrikapena ontzat eman zuen Parlamentuak.
HURRENGO ERRONKA ASTURIESEN.
Asturies izan da historikoki ordea hiztun gehien eta mugimendu handiena izan duena. Sortu ere Kantauri ertzeko haranetan mintzo zen erromantzeen bilakaeratik sortu zen asturiera, eta Asturiesko erresuman lehenbizi eta Lleongoan gero, hegoalderantz hedatu zen. Azken hiru mendeetan literatura berezitua izan da Asturiesen, eta frankismoko azken urteetan sortu ziren bablearen aldeko lehen mugimenduak.
Autonomia estatutua zeukalarik, 1981ean Asturieraren Akademia sortu zuen Asturiesko Printzerriak, eta hori da egun dagoen instituzio arauemaile bakarra. Onarpena handia bada ere, erdialdeko dialektoetan oinarritutako asturiera batua darabil, Asturiesko hiztunen % 80k hizkera hori baitaukate. Baina ekialdeko eta mendebaldeko dialektoetan sartzen diren hizkerak ere baditu asturierak, eta erdialdeko eredua zenbaitzuek euren hizkerara moldatu ohi dute (lleondarrek batez ere, lurralde horretan iraun duten hizkerak mendebaldekoak baitira). Miranderazko eredua portugesaren ortografiatik hurbilago dago.
Ezkertiarra historikoki, aurreko legegintzaldian ez beste guztietan PSOEk izan du agintea Asturiesen eta indar abertzale edo erregionalistek indar mugatua daukate; gainera nahikoa zatituta daude (lau alderdi: BIA eta Andecha Astur ezkertiarrak, PAS eskumarago eta URAS, PPtik aldendutako Sergio Marquesek sortua). 1984an sortutako Xunta pola Defensa de la Llingua Asturiana (Asturieraren Aldeko Batzarra) eta gainontzeko idazle, irakasle eta antzeko elkarteak berriz, geroz eta hedatuago daude Asturiesen, eta urtez urte urrats txiki baina erabakiorrak eman dituzte.
1995ean manifestazio historikoa egin zen ofizialtasunaren alde Uvieun (Oviedo) eta mugarri hartatik oro har aurrera joan dira gauzak, lehenagoko "urrats bat aurrera, bat atzera" dinamika behin betiko etenda. PP gobernuan, adostasun osoz Bablearen erabilera eta sustapenerako legea onartu zuten orain urte bi, baina administrazio horrek berak errekurritu egin ditu aurrerago joan gura izan duten udalak.
OFIZIALTASUNERANTZ URRATSAK.
Asturieraren eguna iragan maiatzaren 5a izan zen. Ohiko ofizialtasun eskariarekin batera, aurtengo erronka argia izan zen Asturiesen egindako manifestazioetan: etorkizuneko Asturiesko Irrati Telebista (RTVAS) asturieraz izan dadila. Baina hedabideei dagokienez, ofizialtasun gabeko hizkuntza gutxitua izateko ez dauka gutxi: ikusentzunezko bideak ia guztiz itxiak izan ditu orain arte, baina teknologia berriei dagokienez Interneten foro eta plataforma sendoak daude, agerkari inprimatuak ere badira batzuk, "Les Noticies" astekaria tartean.
Asturiera hutsez diharduen Radio Sele irrati libreak komertzial bihurtu -eta ia Asturies osora hedatzeko- lizentzia lortu ostean, geldi dago kontua. "Iaztik kontua geldi dauka hemengo gobernuak, Madrilekin Telekomunikazio proiektua dela-eta, bitartean galera handiak ditugu guk. Antza, lizentzien kontua berriz planteatu gura dute, PSOE inguruko jendeari emateko-edo" esan digu Xuan Xose Mariñok, "egun lurralde txikia baina biztanleriaren % 50era heltzen gara Uvieutik, eta lizentziarekin % 80tik gora heldu eta Internet bidez emitituko genuke".
Irailak argilunak ekarri dizkio asturierari. Batetik, lehen hezkuntzan urrats sendoak eman dituzte, eta iaztik aurrerapauso nabarmenak daude. Bestalde ordea, atzera bota du Espainiako Parlamentuak -PP eta PSOEren bozei esker- Ezker Batuak 1998an Filologia Asturiarra sortzeko egindako proposamena. Asturiesko elkarte, sindikatu eta alderdi guztien babesa zeukan proposamenak -Madrilen ezetz esan zutenak barna.
LEONERAREN URRATSAK.
Eztabaida puri-purian dago zalantzarik gabe, eta aurrera doan errealitatea da asturierarena, gizarteko esparru orotan duintasun bila. XX. mendea hasi arte ez zen Asturiesen bezalako hizkuntza kontzientziarik izan Kantauriko mendikatearen bestaldean eta literatura ere askoz murritzagoa zen. 1906an Menendez Pidal filologoak idatzitako "Leongo dialektoa" artikuluak ordea hizkuntza sistema berberean biltzen ziren hizkeren interesa biztu zuen.
Asturiesko mendebaldeko dialektoen antzekoak dira Leongoak, Mirandakoa bezalaxe. Mugaz bestaldean ez bezala ordea, egoera oso larrian daude, ezagupen barik eta transmisioa etenda. Aspaldion mugimendu leonesistak, Gaztela-Leongo autonomia erkidegotik bereizteko korronte ideologikoak, indarra hartu du ordea, UPL alderdi erregionalista buru. Gazte eta ez hain gazteen artean Leon eta Zamorako probintziako zenbait lurraldetan eutsi zaion hizkuntza berreskuratzeko nahia biztu da, eta ikastaroak ere han-hemenka ugaldu dira, baina hortik aurrera urrats gutxi izan da. "La nuestra tierra" astekari leonesista apirilean agertu zen. Nagusiki gaztelaniaz baina leoneraz ere idatzitako agerkaria da, eta bultzatzaileen berbetan, leonera kopurua igotzean legoke erronka.
GALIZIARREKIN GATAZKA?
Hizkuntza gutxituen aldeko jendearen artean elkartasuna egon ohi bada ere, zenbait gunetan benetako ezinikusia sortu da asturleoneraren eta galizieraren aldekoen artean. Hizkuntza bien garapena begiratuta, Penintsulako gainontzekoen antzekoa dela ikus daiteke: iparrean sortu eta erresuma kristauak hegoaldera jo ahala hizkuntza eroatea. Galego-portugesaren kasuan mendebalde osoa hartu zuen, eta zenbaitzuen arabera inoiz asturleonera ere Andaluziaraino heldu zen, beste batzuk zuhurragoak badira ere. Edozelan, egungo hizkeretatik hegoaldera, Extremadura eta Huelvaraino, leoneraren zantzoak nabari dira hango gaztelanian, azalpena edozein dela.
Kontua da galizierak egungo Galiziako mugak gainditzen dituela. Batetik Extremadurako Val de Xalima haraneko kasu berezia dago: galiziera zahar batean mintzo dira bertakoak, orain mende askoko birpopulazioaren ondorioz, gehienen ustez. Bestetik Bierzoko (Leonen eta Zamoran) eta Eo-Navia haranetako (Asturies) kasu arantzatsuak daude. Facendera elkarteko presidente Xosepe Vegak ez du uste Asturiesko kasu bera denik Bierzokoa: "Eremu itxi batez dihardugu. Muga zehatza da, Goi Bierzoko herrietan galizieraz egiten dute, eta Behe Bierzo leonera hiztuna da. Bost milak-edo egiten dute galizieraz, eta ez dakit nondik datorren hogeita hamar mila eta antzeko datuak esateko tentazioa. Bost milak hogeita hamarrek bezainbat hizkuntza eskubide daukate eta berdin bermatu behar zaizkie eskubideok".
Asturiesen berriz, oso eremu zabala hartzen du aipatu lurralde arantzatsuak. Eo-Navia ibaien haranak dira, hau da, Galiziaren mugakide den lurralde handia. Luzaz galiziera dela esan izan da, eta BNG alderdi abertzaleak ere bertako taldea sortu du, etorkizunean Galiziarekin bat egiteko xedez. Beste gune asturiarzale batzuek berriz, hangoa mendebaldeko asturiera dela esan izan dute, eta galiziarrei inperialismo kulturala egotzi izan diote, gai hori dela-eta asturieraz diharduten kulturgileak baztertzeagatik: Galeuscako kide izan gura zuten idazle asturiarrei ezarritako betoa adibidez.
Bi aldetako elkarteak sortu dira eta salomonikoki, Bablearen legean gehigarria ezarri zuten IU eta PSOEk, asturierarentzat erabakitakoek "galaicoasturiano"arentzat ere balio zutela esanez, baina hizkuntza hori zer zen zehaztu barik. Erdibidean daudenen iritzia hortik doa: galizieratik asturierara edo alderantziz hizkuntza continuuma dagoela diote, ez muga zehatza. Galiziarrek Eo-Naviako hizkerak euren ekialdeko hizkeretatik zein hurbil dauden aipatzen dute, asturiera batuaren (erdialdekoaren) aldean. Mendebaldeko asturierarekin alderatuz, asturiera astiro bihurtuko litzateke galiziera -edo alderantziz-, batera hurbildu ahala besteko ezaugarriak desagertaraziz eta lehenengoarenak nabarmenduz. Baina luze joko duen gatazka da ezbairik gabe.
VICTOR FERNANDEZ, XUNTA POLA DEFENSA DE LA LLINGUA ASTURIANA-KO KIDEA
Zein unetan kokatzen duzue Xunta pola Defensa de la Llingua Asturiana taldekoek hizkuntza duintzeko egungo borroka?Orain bertan Bablearen legeari zuku guztia atera gura diogu. Neurri batean eskuak lotzen dizkigun legea da, ahalbidetu baina ez du behartzen, horrela definitzen dute zein permisiboa den administrazioarekin. Ofizialtasuna urrunagoko kontua da, orain bertan irakaskuntza eta telebista ditugu erronka. Asturiesko Telebista guztiz asturieraz izatea eskatuko dugu. Oso zaila da hori, baina zati handi bat behintzat gure hizkuntzaz izango dela uste dugu, nahiz eta gero edukiak ere definitu beharko diren.
Horrekin batera erabilera administratiboa eta hezkuntzarena daukagu. Printzerriak badauka hezkuntza eskumena, baina oraindik itxialdian egon behar izan zuten irakasleek aurreko ikasturte hasieran. Ikastetxe askotan dago asturiera ikasgaia eta aurten guztietan egoteko konpromisoa, baina, iaz ere hori bera esan zutenez, adi egongo gara aurten. Oraingoz hori bakarrik egin daiteke, formazio egokirik ere ez baitago irakaskuntza asturieraz garatzeko, baina denbora kontua izango dela espero dugu.
Gainontzeko urratsak ere izan dira, udal batzuek asturiera ofizialdu zuten, toponimiaren auzia... itxaropentsuak zarete?Etorkizunari begira itxaropentsuak gara, nahiz eta teorian Madril eta Printzerritik dena aurka daukagun. Bimenesko udala adibidez asturiera ofizialtzen lehena izan zen, gero beste batzuek jarraitu eta Printzerriak errekurritu egin du hori, beraz errepresentatibitate mailan garrantzitsua izan zen baina praktikan ez du askorik ekarri. Toponimiarena berriz, Bablearen legeak argi uzten duela uste dugu. Oraindik behar gutxi egin dute errotulazioan, baina guk dioguna da, eta hala onartu dute, lekuek izen bakarra daukatela. Legeak dio izen tradizionala behar duela eta Asturiesen argi dago zeintzuk diren benetako toponimoak, kontua da kartelak beti gaztelaniaz egin direla baina erabilera asturieraz izan da eta beraz horiek izan behar dira erabiltzen diren toponimoak. Salbuespenak izen garrantzitsuenak izango dira beharbada, Uvieu, Xixon, Cuadonga eta horietan kostako zaigu, eta beharbada izen bi izango dira.
Mirandesa ofizialtzea garrantzitsua izan da Asturiesen eta Lleonen beharrean zabiltzatenontzat. Zein da egun sumatzen duzuen jarrera gizartean eta alderdi politikoen artean? Alderdi asturiarrak eta IU ofizialtasunaren alde ei daude, PSOEn jarrera aldaketak antzeman dira, azken kongresuan % 40k ofizialtasunaren alde bozkatu zuen, baina ohi denez ez daude goiko karguetan. PP aurka dago baina esan izan du erabateko akordioz ez lukeela aurka bozkatuko, beraz jarreren malgutze hori sumatu dugu. Unibertsitatea alde dago Madrildik egurra eman badiote ere, Filologia Asturiarra galaraziz, eta herri mailan mugitzea da garrantzitsua orain, kontzientziazioa eta hori guztia.
Mirandesaren ofizialtasuna poz handia izan zen, nahiz eta samin-itxaropen sentimenduak bizten dizkigun, ze hemen askoz hiztun gehiago baikara, Espainiako Estatuan badaude beste hizkuntza minorizatu batzuk ofizialak direnak eta gure egoerari begira... Sektore interesatuek ezkutatu gura izan dute, areago Leonen, baina harremanak estutu gura ditugu, Bimenesko udala adibidez anaitu egin da Mirandakoarekin .