argia.eus
INPRIMATU
OIARTZUN IRRATIA
OIHARTZUNA ZABALDU ASMOZ
  • Uztailean urtebete egin ondoren, Oarso Komunikabide Fundazioaren parte den irrati honek helburu zabalagoak ditu, batez ere herriko jendearengana gerturatzea.
2007ko otsailaren 21a
Ane Lardik, Oiartzun Irratiko esatari eta arduradunak, argi du, orain arteko ibilbidea ikusita, noraino iritsi nahi duten hurrengo hilabeteetan zehar: "Uztailean urtebete egin dugu eta urte horretako helburua lortua dugu, hau da, eguneroko magazina egin ahal izatea; hemendik aurrera, berriz, xedea herriarengana zabaltzea da, jendeak, elkarteek ala norbanakoek saio baten ardura har dezaten".
Jendea erakarri asmoz, irratian saio berrien sorkuntzan ari dira lanean, nahiz eta momentuz azpiegitura aldetik hutsune bat baino gehiago jasan: "Urte bukaerarako ordenagailua erosi eta formato digitalean hasi nahi dugu, oraindik musika-zinta eta instalakuntza minimoekin ari garelako".
Irratia, Pasaia, Lezo eta Errenteriako herri aldizkari eta Oarso TBrekin batera Oarso Komunikabide Fundazioko kide da eta honez gain, Udalarekin hitzarmena dute. Hitzarmenari esker, lokala lortu dute, baina Ane Lardiren esanetan: "Gurea ez da ez irrati librea ezta udal irratia ere; gure herriko informazioa zabaltzen duen eta euskaraz aritzen den herri irratia da".
Gaur egungo irratsaioei dagokienez, Anek berak goizeroko "Arguyuan" magazina gidatzen du, eta, bestalde, Urtzi Argibaik "Aerosmith" izeneko musika-saioa eramaten du aurrera arratsaldero.
Hauez gain, Haurtzaro Ikastolako umeek arratsaldetan beren saioak izaten dituzte "Sorgintzulo" magazina eta "Irrati news" albistegi-txutxumutxu-musika saioaren modukoak eta hemendik aurrera kultura orokorra eta, batez ere, literaturari buruzko irratsaioari ekiteko gogoz ere badabiltza, "Ahatearen aharrausia" izena izango duena