argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa Garaiko Iparra I.
GURE LURRAREN BARRENERAINO
  • Dena den, hauez gain herri benetan politak ikusteko aukera ere badugu, hala nola, Etxalar eta bere usategi ospetsuak, Sara, Ainhoa edota Zugarramurdi bera bezalakoak, euskal estiloko etxe ederrez zipriztindutako herriak, alegia. Kontuan izan inguru honetan agian Euskal Herriko herri ederrenen kontzentraziorik altuena izan genezakeela...
2007ko otsailaren 21a
Iruñerako norabidean itzuliz, Beratik 5 km.ra ezkerrera joko dugu, errepide arbolatsu bat hartzeko. Honek zuzenean Etxalarrera eramango gaitu. Nafar estiloko etxe-multzo honetan Jasokundeko Andra Mari eliza nabarmen dezakegu, dozenaka hilarri diskoidalez inguratua. Gaztelu dorretxeak ere merezi du.
Plazan bertan ezkerrera seinalizatua ateratzen den errepideak (baserri politez zipriztindua) 7 km.tan "Usoen Infernu"raino hurbilduko gaitu. Izan ere, Lizarrieta Mendatea baino 2 km. lehenago eskuinera joz, 500 metrotan usategi ospetsuak ondoan dituen jatetxera ailegatuko gara.
Usategiak bi estatuen arteko mugan bertan barreiatzen dira, jatetxearen osteko mendi-erlaizean, eta usoak sarez (gaur egun eskopetez ere bai) ehizatzeko antzinako modua ikusgarria da, urri inguruan burutzen dena eta hainbat pertsonen arteko koordinazioa eskatzen duena, usoak engainatu eta nahi den lekura zuzendu asmoz.
Lizarrieta Mendate estuaren jaitsieran Sarako udalerrian barneratzen ari gara, baina herrirantz baino, lehenago bertako Leze ospetsuetaraino zuzenduko gara, eskuinerantz eta ondo seinalizatutako bidetik. Antzinean populatutako haitzulo ikusgarriak bisitatu ostean, bai, berriz eskuinerantz Sarako elizalderaino zuzen abiatuko gara, tartean herri gogoangarri hau bereizten duten baserri ederren aurretik pasatuz. Frontoi handitik Ainhoarantz zuzenduko gara, ekarri dugun bidetik 500 m. atzera egin eta errotondan ezkerrerantz joz; tartean Senpereko udalerrian sartuko gara, baina beti Ainhoarako norabidean joango gara.
77,5 kilometroan azkenean, etxe ederren artean luzatzen den Ainhoan sartzen gara, Lapurdiko herririk politenetakoan, hain zuzen ere. Gaur miresten dugun etxe-multzo zoragarria antzinako Santiagoko Bidearen inguruan biltzearen ondorio da. 1629an espainiarrek denak erre zituzten bat ezik, ikusgai direnak XVII-XVIII.ekoak izanik. Hauei kanpandorre ederreko eliza-hilerri lapurtarra eta frontoia gehitzen badizkiegu, osotasuna ederra da.
Berau zeharkatu ostean, mugan bertan Dantzaria igaroko dugu, eta Nafarroan jada, eskuinerantz, bide estu eta polit batetik Zugarramurdi mitikora iritsiko gara, sorginen eta akelarreen herri ederrera. Kobazulora heltzea oso erraza da, plaza zeharkatu eta ezkerrera, sekulako baserrien artean doan kale nagusi batek zuzenean garamatza-eta.
Eta azkenak dezepzionatuko ez bazintuzten ere, bide beretik itzuli eta 1,5 km.ra eskuinera eginez Urdazubiko haitzulora iritsiko zarete, azkenekoak bezain ezaguna ez bada ere, hemen ere badago zer ikusirik-eta. Azkenik, bidea Axularren herri atseginean buka dezakezue.


SARA

Bertako esaera zaharrak (foileto turistikoek ere behin eta berriz errepikatzen dutena) "Saran astia" dio, hau da, bertako bizimodu lasaian murgiltzeko, jende atsegina ezagutzeko, baserri ederrak behatzeko edota antzinako leze ospetsuak miresteko... presarik gabe eta denbora pasatzen utziz bisitatzeko gonbite gisa har dezakeguna.
Pirinioetako lehen gailur garrantzitsuaren pean (Larrun mitikoa) eta halere itsasotik oso gertu, herriaren kokapen inbidiagarriari Ipar Euskal Herriko gogoangarrienetakoa izatea gehitu behar diogu. Horrela, herriak itzeleko monumenturik erakusten ez badu ere, plazaldeko eta auzoetako baserri-multzoa Euskal Herriko politenetakoa osatzen du. Honi guztiari bere Leze famatuetako historia misteriotsua eta herriko kontrabandista mitikoen kondairak gehituz, osotasun ezin erakargarriagoa dugu. Izan ere, arrazoi batez edo bestez, hemendik pasatu edo geratu diren pertsonaia ospetsuak asko dira:
Pedro Axular (bertan erretore zegoela "Gero" idatzi zuen), Napoleon III.a, Eugenia, Luis Mariano, Winston Churchill... eta nola ez, Joxe Miel Barandiaran antropologo handia (Ataungo baserria Sara izendatu zuena).

Ikustekoak
Sara baserriez osatutako auzotan barreiatutako udalerria da, erdigune txiki batek lotzen dituena. Erdigune hau, Lapurdiko beste asko bezala, plaza baten inguruan biltzen da, bertan pilotalekua, eliza eta Herriko Etxea ditugula.
Saran ere berdin gertatzen da, baina inguruko beste batzuk baino enparantza handiagoa eta politagoa da; handiagoa, bertako pilotaleku eder-ikusgarria nahikoa luzea delako (errebotean aritzeko egokia da), eta politagoa, plaza inguratzen duten etxe koloretsuek oso edertasun handiko osotasuna sortzen dutelako.
Tamalez, frontoia askotan aparkalekutzat erabiltzen da, irudia erabat txikituz. Bestalde, frontoiak berak oso harmaila ikusgarri eta irregularrak erakusten ditu, oso leku gutxitan ikusiko ditugun modukoak. Frontoiari begira egon garela, gure atzean arkupedun Herriko Etxea utzi dugu, lehen aipatutako etxe ederren artean oso ondo nahasten dena.
Enparantzaren erdian aldiz, San Martin elizaren kanpandorre trinkoa, bere erlojuaren gainean, denbora etengabe aurrera doala gogoratzen digun esaera agertzen duena:
Oren guziek dute
gizona kolpatzen
azkenekoak du
hobirat egortzen.
XVII. mendeko eliza hilerriak inguratzen du, Ipar Euskal Herriko ohiturari jarraikiz; barruan berriz, bost erretaulak eta Erdi Aroko Kristoren irudia, zurezko gizonezkoentzako galeriak (emakumeek meza behealdean entzuten zuten) eta lurreko hilarriak azpimarra ditzakegu.
Azkenik, Axular idazlea bertan apaiz izan zela gogorarazten digun inskripzioa ere ikusiko dugu, Luis Luziano Bonaparte frantziar printze eta euskaltzaleak eginikoa. Enparantzaldea bisitatu ostean, Sarako baserri batzuk ikustera biratxo bat egitea gomendatzen dizuegu, benetan ederrak baitira.
Auzo gehienek gordetzen dituzte baserri atseginak, baina agian dotoreenetako batzuk Lehenbizkai auzoan zehar aurkituko ditugu, erdigunetik hegoaldera gertu eta Lezeetarako bidean (frontoia ezkerrean utziz, eskuinerantz jo).

Sarako Lezeak
Azken ikerketen arabera, azken 45.000 urteetan populatuak izan diren haitzulo ikusgarri hauek Sarako erakarpen turistikorik garrantzitsuena osatzen dute, eta herria bisitatuz gero, ezinbestez hurbildu beharko ginateke (herritik bidea oso ondo seinalizaturik dago). Lezeen sarrera (txarteldegi-kafetegiaren aurrean) oso handia eta ikusgarria da, eta hortik aurrera teknologikoki ondo prestaturiko ibilbide batean zehar (igaro ahala argi urdinska batzuek seinalatuko digutena) lurpeko mundu harrigarri hau ezagutu ahal izango dugu.
Galeria hauetan aurrehistoriako aztarna ugari aurkitu da, eta gure antzinako arbasoen kultura ezagutzeko garrantzia handiko ikerketa-leku izan da (beste batzuen artean, berau ikertzen Joxe Miel Barandiaran ibili zen, sarrera aurreko ziluetak gogoratzen digun moduan). Baina honez gain, naturak lurpeko galeria hauetan forma bitxi eta harrigarri askotxo moldatu ditu, bisitaria harrituta uzten dituen kare-harrien gaineko benetako eskultura naturalak. Sarrerako kafetegiaren ondoan ikus-entzunezko ikuskizun batek kobazulo hauei buruzko azalpen gehiago eskainiko dizuete (euskaraz ere bai).
Lezeen egutegi-ordutegia: Ihauteriak arte 14:00-16:00 (asteburuetan 11:00-16:00); Ihauterietatik Aste Santua arte 14:00-17:00 (asteburuetan 11:00-17:00); Aste Santutik ekaina arte 10:00-18:00 (asteburuetan 10:00-19:00); uztail-abuztuan 9:30-20:00; irailean 10:00-18:00 (asteburuetan 10:00-19:00); Urriaren 1etik azaroaren erdirarte 11:00-17:00 (asteburuetan 11:00-18:00). Urte bukaera arte 14:00-17:00 (asteburuetan 11:00-17:00). Helduentzako sarrera 35 libera; haurrentzako 20 libera.


ZUGARRAMURDI

1608an gaude. Iparraldetik etorriz, Maria Ximildegi Zugarramurdira iristen da, eta bertoko sorginekin elkarlanean hasten da. Halere, pixka bat beranduago damutu eta bere lagunak salatzen ditu, Inkisizioaren ikerketari hasiera emanez. 1610ean azkenik, lehenbizi erruduntzat hartutako 300 pertsonetatik 31 auzipean jarriko dituzte, eta horietatik bakarrik 11ek kontatu ahal izango dute.
Batzuk torturapean (auziperatutako batzuek 80 urtetik gora zituzten) hilko dira, beste batzuek zigor gogorrak jasan, eta azkenik, abenduaren 7-8an, Logroñoko Plazan eta 30.000 inguru ikusleren aurrean, sei pertsona bizirik eta beste bost gorpu (gartzelan jada hildakoak) erreko dituzte. Hauxe da bi hitzetan Zugarramurdi izena hain ospetsua izatea eta segituan sorgin eta akelarreekin lotzea azaltzen duen atal historiko odoltsua.

Herria eta Leizea
Zugarramurdi berez Nafarroako iparraldeko herririk ederrenetakoa da, etxe multzo bikaina eta lasaia, baina noski, bertaratzen den jende ia guztia erdigunetik 500 metrora dagoen leize misteriotsu-magikoa bisitatzera dator.
Une batez sorginkeriak albo batera utziz, lehenbizi esan beharrekoa zera da: "Infernuko Erreka" milioika urtetan zulatu duen tunel itxurako haitzulo hau Euskal Herrian dugun handiosoena dela.
Sarrera nagusia edo Akelarreen Lezea itzelezkoa da, harrigarria, eta beste aldekoa (Sorginen Lezea) txikiagoa bada ere sekulako ingurune batean kokatzen da. Tarteko galeria nagusia eta goi-alboetako galeria txikiagoak ere oso ikusgarriak dira.
Barneratzen garenean ez da batere zaila irudikatzea zergatik aukeratzen zuten zulo hau eta ondoko zelaia akelarreak eta bestelakoak burutzeko. Nonbait mundu magikoarekin lotura duten ekintzak inspiratu ditzakeen eta zeharo sorgindu zaitzakeen ingururen bat baldin badago, hauxe da. Zabalik: apiriletik irailera 9:00-21:00 ordutegiarekin; bestela, 10:00-19:00 etara. Sarrera helduentzat, 350 pzta.

Urdazubiko Leizeak
Lehenbizi esan dezagun herrian bertan Axular idazlearen jaiotetxeak eta San Salbador Monastegiak ere bisita merezi dutela. Ikaburu Leizeak, 1808an aurkituak, K.a. 30-20.000 urte artekoak dira, eta luze populatuak izan ziren.
Baina aztarna arkeologikoak baino, Urtxuma errekak zeharkatzen diuen haitzulo honetan aurkituko duguna milioika urtetan zehar estalaktita eta estalagmitek landutako osotasun natural izugarri eta harrigarria da. Zabalik: asteburu eta jaietan 10:00-19:00; astean zehar gutxienez lau pertsona (ondoko etxean deitu). Sarrera 550 pzta.
SARA
Herrialdea:
Lapurdi

Baionara:
44 km.

Altitudea:
70 m.

Biztanleak:
2.054

Euskaldunak:
daturik ez

Azalera:
51 km2

Dentsitatea:
40 bizt./km2

Jaiak:
Euskal Idazleen Biltzarra (Bazko Astelehena)
Mugalarien Lasterketa (abuztuaren azkenaldean)
Herriko Jaiak (irailak 13)

ZUGARRAMURDI
Herrialdea:
Nafarroa

Iruñera:
85 km.

Altitudea:
209 m.

Biztanleak:
247

Euskaldunak:
%94

Azalera:
5 km2

Dentsitatea:
49 bizt./km2

Jaiak:
Andra Mari (abuztuak 15)

INFORMAZIO PRAKTIKOA
ETXALAR

Jatorduan:
Haritzpe Jatetxea- Goikolanda z/g.
Palomeras Usotegi Jatetxea- Lakain Apezporro 17.
Basamutur Erretegia- Pedroko Bide z/g.

Jan eta lo egiteko:
**Hotel Venta de Etxalar- Iruñea-Irun errepidea, 70. km. 948- 63 50 00. Logela bikoitza 6.500-7.500 pzta.
**Pensión La Basque- Irañeta 3. 948- 63 51 53. Logela bikoitza 5.000 pzta.

Lo egiteko:
Domekenea Nekazal Etxea- Erdigunean. 948- 63 50 31. Log. bikoitza 4.000.
Herri-Gain Nekazal Etxea- Erdigunetik 500 m.ra. 948- 63 52 08 / 608- 68 02 66. Log. bikoitza 4.000-4.500 pzta.
Tonpalenea Nekazal Etxea- Erdigunean. 948- 63 51 66 / 689- 70 28 91. Logela bikoitza 3.500-4.000 pzta.

SARA

Turismo Bulegoa (Syndicat d Initiative):
Herriko Etxea. (0)5 59 54 20 14.

Herriko Etxea:
(0)5 59 54 20 28.

Anbulantzia:
Eri Lagun- Lizarrieta Gaina. (0)5 59 54 27 54.

Botikak:
Garat- Herriko Etxearen ondoan. (0)5 59 54 20 47.

Kotxe-tailerrak:
Garage Pantxoa- (0)5 59 54 23 61.

Jan eta lo egiteko:
***Hôtel Arraya- Herriko Plaza. (0)5 59 54 20 46. Logela bikoitza 395-595 libera.
**Hôtel Pikassaria- Lehenbizkai auzoa. (0)5 59 54 21 51. Logela bikoitza 220-280 libera.
**Hôtel Baratchartea- Ihalar auzoa. (0)5 59 54 20 48. Logela bikoitza 230-350 libera.
*Hôtel Lastiry- Herriko Plaza. (0)5 59 54 20 07. Logela bikoitza 195-270 libera.
Hôtel Portua- Istilart auzoa. (0)5 59 54 22 07. Logela bikoitza 180 libera.

Lo egiteko:
*Hôtel San Pedro- Istilart auzoa. (0)5 59 54 21 83. Logela bikoitza 160-200 libera.
Hôtel du Trinquet- Herriko Plaza. (0)5 59 54 22 06. Log. bikoitza 160-220 libera.
Hôtel de la Poste- Herriko Plaza. (0)5 59 54 20 06. Logela bikoitza 150-180 libera.
Vella Aterpetxea (Gîte de groupe)- La Petite Rhune kanpin ondoan (Berara bidea). (0)5 59 54 23 97.
***Camp. La Petite Rhune- Berara bidea (Lehenbizkai). (0)5 59 54 23 97.
**Camping Goyenetche- Lezeetara bidea. (0)5 59 54 21 71.

AINHOA-DANTZARIA

Herriko Etxea - Turismo Bulegoa:
59 29 92 60.

Jatorduan:
Ohantzea Jatetxea- Kale Nagusia.
Larrea Jatetxea- Nagusia 39.
Gure-Kabia Jatetxea- Zelai 59.
Iruña-Bide Jatetxea- Iruñea Etorb. 17.

Jan eta lo egiteko:
***Hôtel Argi Eder- Kaperako Bidea. 59 93 72 00. Log. bikoitza 260-410 libera.
***Hôtel Ithurria- Ainhoa. 59 29 92 11. Logela bikoitza 510-610 libera.
**Hôtel Oppoca- Frontoi ondoan. 59 29 90 72. Log. bikoitza 220-320 libera.
**Hôtel Ur Egian- Dantzaria. 59 29 91 16. Log. bikoitza 240-250 libera.
***Camping Xokoan- Dantzaria. 59 29 90 26.

Lo egiteko:
Elizaldia Aterpetxea- Eliza-Hilerri ondoan. 59 29 25 29.

ZUGARRAMURDI

Jatorduan:
Sorgintxulo Jatetxea- Lapiztegi 27.
Altzatenea Jatetxea- Basaburua 3.

Lo egiteko:
Sueldegia Nekazal Etxea- Erdigunean. 948- 59 90 88. Logela bikoitza 4.000 pzta.
Teltxegia Nekazal Etxea- Erdigunean. 948- 59 91 67. Logela bikoitza 4.000 pzta.

URDAZUBI

Jatorduan:
Koska Jatetxea- San Salbador 3.
Menta Jatetxea- Lapurdira bidea, 78 km.

Lo egiteko:
Hostal berezia Irigoienea-San Salbador 38. 948- 59 92 67. Logela bikoitza 8.600 pzta.
**Hostal Lapitxuri- Iruñea-Lapurdi errepidea, 85. km. 948- 59 90 19. Logela bikoitza 4.000 pzta.
**Pensión Beotxea- Zugarramurdira bidea. 948- 59 91 14. Logela bikoi-tza 4.500 pzta.
Camping Josenea- N-121 errepidearen amaiera. 948- 59 90 11.