argia.eus
INPRIMATU
Kilometroak 2000
IKASTOLA BERRI ESPERIENTZIADUNA
  • Publifikazio legearen ostean, Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastetxea bitan banandu zen eta bigarren eskolak Ikasberri izena hartu zuen. Eskola pribatu honek eraikin berria egin eta jaiotzetik unibertsitatera bitarteko ikasleak hartu ditu. Partaideko kidea da eta aurten bere ardura da Kilometroak 2000 ekitaldiaren antolaketa.
Katixa Garate Jon Torner Zabala @jtorner 2007ko otsailaren 21a
Azpeitiko lehen ikastola, Karmelo Etxegarai, 1965. urtean jarri zen martxan . Eragile nagusiak Inaxio Mari Olarte, Patxi Azkargorta eta Anbrosio Goenaga herritarrak izan ziren, eta garai hartan zortzi ikasle besterik ez ziren. Kopurua txikia izanagatik ere, emandako pausoa benetan handia izan zen.


Ikasberri ikastolaren sorrera

Hogeita hamar urte beranduago Karmelo Etxegarai ikastola bitan banandu zen Publifikazio legearen ondorioz. Karmelo Etxegarai bera eskola publiko bihurtu zen, eta bertako kide ziren zenbait gurasoren eta irakasleren ekimenez Ikasberri Ikastola sortu zen. Ikasberri, eskola pribatua, Ikastolen Elkartearen barnean sartu zen.
Publifikazio legearen ostean ia hutsetik hasi zen Ikasberri ikastola, eta inbertsio handi bat egin behar izan zuten egoera berriari egokitzeko. 1995-1996an, ordea, abiapuntua arras desberdina izan zen. Ordurako jada 600 ikasle eta 400 bazkide zituen Ikasberrik.


Ikastola gaur egun

Egun, Urola bailaran Partaideko kide den ikastola bakarra da Ikasberri, gurasoak dira jabeak eta erabakiak hartzen dituztenak. D ereduan oinarrituta, jaiotzetik unibertsitatera arte zerbitzu guztiak leku berean eskaintzen ditu, eta kultur elkarte sendo bilakatu da. Herriko elkarteekin elkarlana sustatzeaz gain urtean zehar kulturarekin loturiko ekimen ugari eramaten ditu aurrera Ikasberri Ikastolak. Ezinbesteko erreferente bilakatu dira adibidez Olentzero egunean, Santo Tomasetan, Santa Ageda bezperan, Inauterietan edota Aste Santuko opor aurretik antolatzen dituzten ekitaldiak.
Beste ikastetxe eta elkarteekin batera, euskara elkartea sortzearren ari da lanean Ikasberri. Kilometroak 2000 jaian lortuko duten dirua Publifikazio legearen ostean eraikitako egoitza berria ordaintzeko eta eskaintza sendotzeko erabiliko du, besteak beste.