Ekin erakundearen aurkako azken atxiloketek duela bizpahiru urteko egoerara eramaten gaituzte berriro. Beste tunel luze batean sartzen ari garen itxura zabaltzen ari da.Azken hilabeteetako dinamikak prozesu politikoak hartu duen norabide berria markatzen du. 98an abertzaleen arteko -eta abertzale ez ziren batzuen arteko- elkarlanerako bideak abian jarri ziren, eta duela urtebetetik honako bidean ikusten ari gara hartutako konpromisoak, maila batean, bertan behera geldi-tzen ari direla. EAJ apurketa hau progresiboki ematen ari dela irudikatzen ari da, baina guretzat sustraia dago iazko irailean ETAri EAJk ematen dion ezetzean, geroago HBk maiatzean egindako tran-tsizio eskaintzan errepikatzen dena. Ezezkoez gain, ez da beste biderik eskaintzen.
Txibertan 77an gertatutakoekin konparatu duzue EAJk zuen proposamenari emandako ezezkoa. Horren atzera egingo al dugu? Historian zehar ematen diren urratsek beren arrastoa uzten dute eta apurka aurrera egiteko balio dute. Horrek ez du esan nahi, jakina, etengabe aurrera goazenik. Prozesuaren une gorenean, ezker abertzaletik une historiko baten aurrean geundela genion, EAJk 1977an hartutako bideari uko egiten ziola, abertzaletasuna bide lagun hartuz eta estatuko indarrekiko estrategia alboratuz. Horregatik egiten da Txibertako konparaketa, aurrera egiteko aukera errealak zeuden une historiko honetan berriz atzera egin duelako. Dena den, ez dut uste Txibertako egoeran gaudenik, asko aurreratu dugu baina aurrera jarraitu beharra dago, ahalik eta indar gehienekin, azken finean, prozesua Euskal Herriak dituen beharretatik abiatu zen eta.
Jorra dezagun Eusko Legebiltzarrean partehartze iraunkorrik ez izateko egin berri den proposamena. Hautetsiak EHkoak dira, baina EHko hautetsiek HBko Mahai Nazionalaren proposamen bat onesten dute, eta gero herrietan EHko batzarrek eztabaida-tzen dute baina herri guztietan ez dago EHko batzarrik... Nahasgarria da. Badakigu Gasteizko Legebiltzarrarekiko erabaki daitekeenak komunikabideen arreta handiagoa pizten duela, baina argitu behar da Durangoko batzarrean ikasturte honetako ildo politikoarekiko proposamen orokorra egin zela, ohi bezala. Zuk aipatzen duzun egituren arteko nahasteka egon liteke, EH hauteskundeei begira sortutako erakunde politikoa delako eta bere garapen prozesurik ez duelako; besteak beste, azken bi urteetako nahasketa egoera horri irtenbide emateko jarri zen abian Batasuna prozesua. HBko jendeak, EHko hautetsiek eta, oro har, ezker abertzalean lanean ari direnek badute aukera erabaki hauetan parte hartzeko eta, beraz, prozedura bermatuta dago.
98ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EHk 235.000 bat boto lortu zituen, EH Legebil-tzarrera joango zelakoan. Horietako askok Legebil-tzarrera ez badoa -hala bada-, EHk kale egin diela pentsa dezake. Guk espero dugu ez dela hori gertatuko. Boto kopuru hori baldin-tza zehatz batzuetan eman zen eta argi dago jendearen motibazioa handiagoa zela, egoera politikoa aldekoagoa genuela. Azken boladan entzun da Legebiltzarrera ez joatearekin iruzur egiten diegula botoemale horiei guztiei, eta hori ez da egia. Urriaren 98ko hauteskundeetara Akordio Nazionalaren egitasmoarekin joan ginen eta Legebiltzarrarekiko partehartze noizbehinkakoarekin. Atera ziren emaitzak aterata eta prozesuaren bidea ikusita, beste pauso batzuk eman ziren, esate baterako, akordio parlamentarioarena eta partehartze iraunkorrarena, baina hauteskundeetara asmo horiek gabe joan ginen, horiek ondoren sortutako egoeraren emaitzak izan ziren. Orain, abagune politikoa guztiz aldatu da, ez daude orduko baldintzak eta, beraz, ez dugu ikusten gure burua erakunde horretan inor laguntzen, baldin eta hango lana zuzenean eraikuntza nazionalera bideratuta ez badoa.
Eta Biltzar Nagusietan partehartzeak eraikuntza nazionala laguntzen al du, hauen jardunaren oinarrian azken finean Gernikako Estatututik ateratako markoa denean? Erakunde batzuk -nahiz eta bere araubidean Espainiako legean oinarritu- baliogarriak dira herrialde desberdinek dituzten arazoei aurre egiteko, eta gainera lagungarri dira beste estatus bat lortzeko. Modu horretan baloratzen ditugu udal eta foru erakundeak. Gasteizko Legebiltzarra, ordea, duela 22 urte Madrilen asmatu zen, Nafarroa alde batera uzteko asmoarekin. Iazko Gasteizko Legebiltzarreko dinamika abiarazi genuenean, bagenekien hori ez zela eraikuntza nazionalerako abiapuntua, hori Udalbiltza edo beste erakunderen baten bidez egin beharko zela. Baina bageneuzkan akordio politiko batzuk, eta hango lana EAJ eta EAri eman beharreko laguntza gisa hartzen genuen.
Eta zeintzuk dira Legebiltzarrerako hauteskundeetan partehartzeko arrazoiak: botoen indarra neurtzeko modu bat, eta nahi denean erabiltzen den arma politiko bat gehiago izatea? Ezker abertzaleak hor izan ditzakeen indarrak edozein momentuan erabiltzeko eskubidea duela uste dugu. Zenbait komunikabide eta ministeriotatik zabaldu izan da EH ez zela aurkeztuko, baina hor ezustekoa izan da, ikusi delako gure jarrera koherentea dela gure azken 20 urtetako ibilbidearekin. Prozesu politikoa atzera ezina da eta horregatik une bakoitzean ahalik eta tresna gehien izan behar dugu gure eskuetan.
Giro politikoa eta EHren emaitzak lotuta izan dira aurreko hauteskundeetan. Ez al zarete beldur egungo giro politikoan hauteskundeetan EHk jaso ditzakeen emaitzekin? Ez dut uste horrelako egoerarik emango denik, hartzen ditugun erabakien zergatiak ondo azaltzeko gai bagara. Egia da, azkenengo urtean zehar egoera politiko korapilotsua bizi izan dugu, jendearen esperantza neurri batean zapuztu da, eta hor guk jakin behar dugu une politikoaren klabeak eskaintzen. Euskal gizartean baldintza berriak sortu dira eta, beraz, egungo egoera gainditzeko pauso berriak eman behar dira. Epe motzeko ondorioak agian latzak izan arren, epe luzera proiektu politikoa sendotuko dugu.
Laster zentsura mozio bat egon daiteke Eusko Legebiltzarrean. Badakit erantzuna EHk aztertu egin beharko lukeela dela, baina zure ustez zer egin beharko litzateke?Bada bai, aztertu egin beharko litzateke, baina elkarlanerako eta eraikuntza nazionalerako tresna ez den neurrian, Legebiltzarrean ez partehartzea proposatu dugu eta, beraz, kasu honetan ere faktore hau kontuan hartu beharko litzateke.
Batasuna prozesuak balio dezake horretarako akaso, baina egungo giro politiko gogorrak ahalbidetzen du prozesua ondo amaitzea? EH sortu aurretik ere, ezker abertzalean ikusten zen herritar batasuna eraberritzeko beharra. Estrategia nazionala aurrera eramateko, erakunde nazionala ezinbestekoa da eta horretarako lehen urratsa etxetik hastea da. Badira gehiago eta gutxiago laguntzen duten une politikoak eta, agian, une honetakoa ez da jendea erakartzeko egokiena, baina ezker abertzalean egiten diren planteamendu orokorrak proiektu estrategikoei lotuta doaz eta ez abagune zehatz bati.
Egun, ezker abertzalean indar armatua indar politikoari gailentzen zaiola uste du askok. Zuk zer uste duzu? ETAren jarduerak, armatuak zein politikoak, beti izan du eragin handia Euskal Herriko bizi-tza politikoan, eta beraz, ukaezina da ETAk neurri batean bizitza politikoa baldintzatzen duela. Horrek esan nahi du, esaten den moduan, bide politiko eta demokratikoari muzin egin diogula? Gure ustez, ez. EH indar politiko bat da, eta erabiltzen dituen bideak politikoak eta demokratikoak dira, nahiz eta bide batzuk instituzio batean garatzen diren eta besteak agian plaza batean. ETAk indar politiko guztietan eragiten du, eta ez espreski EHn bakarrik. Arazoa da, bide politikoak jorratzeko zein aukera ematen diguten estatuek; agian hori da erantzun beharko litzatekeen galdera.
Udalbiltza biltzeko deialdia egin zi-tzaien EAJ eta EAri, baina deialdi baino salaketa zirudien, modu horretan EHk jakin baitaki ez dela bilduko.Erakunde nazionala osatu eta gero, EAJk eta EAk gehiengoa dute erakunde horretan eta beto gaitasun hori erakundea blokeatzeko erabili dute. Dei horrekin, batetik, blokeoa salatzen dugu eta, bestetik, aurrera egiteko gogoa erakusten dugu. Oraingo blokeoarena azken pausoa izan da, baina erakunde horrekin aurrera egiteko borondate eza etengabea izan da. Badirudi, ezker abertzalea eta ETA pozik mantentzeko tresna bezala erabili dutela, eta hori egitea oso gogorra da guretzat horren serioa den proiektuan.
Su-etenaren hasiera aldera, bere modura baina EH joan izan da Ibarretxe Lehendakariak atentatuak zirela-eta deitutako zenbait bilkuretara. Gero praktika hori atzean utzi da baina ez da hausnarketarik antzeman gaiaren inguruan.Lehenengo ekintzak izan zirenean, egon zen aukera txiki bat euskal gizarteak ekintzen aurrean izan ditzakeen sentsazioak elkarrekin adierazteko. Euskal gizartean borroka armatuaren aurka egon daitezkeen sentsibilitate guztiak kontuan hartu behar dira eta samingarria zen ekintzak ikustea. Alde horretatik, gu bat etorri ohi gara "Bakea behar dugu" leloarekin, eta hasieran horregatik izan ginen bilkura haietan, baina gero Ibarretxe ikuspegi zabal hartatik aldendu zen, PPk eta PSOEk izan ohi duten ikusmoldera hurbiltzeko. Ezker abertzaletik eskuzabal izan gara elkarlanerako aukerak mahaigaineratzerakoan, baita guretzat samurrak ez ziren eremuetan ere. Baina gero eman ziren urratsek, ez dute posible egin horrelako elkarlanik.
Aralar ildoak, bere printzipio lerroak aurkeztu ditu, lehenbiziz modu publikoan eta talde gisa. Borroka armatuak zilegitasunik ez duela diote; ezker abertzalean oso aspalditik entzun izan dira horrelakoak, baina akaso talde antolatu batek bere baitatik egitean dago berrikuntza.EH osatzen dugun bakoitzak bere iritzia du borroka armatuarekiko, baina hori ez da gure batasun ikurra. Gure batasun ikurra proiektu politikoan dago, lortu nahi dugun gizarte ereduan. Beraz, berrikuntza bakarra hori da, talde antolatu gisa aipaitzea hori, bestela ez du gauza berririk ekartzen. Ezker abertzalean posible da iritzi desberdinak ditugunon elkarbizitza