Hasteko, egia al da euskara kinka larrian dagoela Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan? Zeintzuk dira zuen ustez egoeraren ezaugarri nagusiak eta nabarmenenak?
ERRAMUN BAXOK. Euskara beti kinka larrian izan dugu. Euskarak indarguneak eta ahalguneak ditu. Lehen indargunea: Iparraldea herrialde euskaldunena da gaitasunaren aldetik eta ama hizkuntzaren aldetik; eta herrialdeen artean euskaldunena da ere bai. Bigarrena: Iparraldean euskarari buruzko jarrera herritarren aldetik, erdaldun edo euskaldun izan, ona da nolazpait. Hirugarrena: badakigu euskara larritasunean dela eta kontzientzia hartu dugu. Beraz, diagnosia egina da eta terapia ere atzetik etorriko da. Ahulguneak ere badaude. Lehena: euskararen ahulezia gazteen gainean dago, erabat lazgarria. Gazteen % 10-11 dira soilik euskaldun. Gainbehera lazgarria. Bigarrena: familiako hizkuntza jarraipena ttipitzen ari da, bi guraso euskaldun direlarik ere. Hirugarrena, inportanteena, onarpen publikoaren eskasa, eskuara ez da hizkuntza bezala onartua. Beste faktore ez linguistikoak daude ere bai: herritartasunaren ahulezia, demografiaren ahulezia...
EMILIO LOPEZ ADAN. Euskara kinka larrian dago, bistan da. Baina, beharbada, nik galdera beste modu batez pausatuko nuke. Non gaude orain? Gizarte elebidun batean, egoera diglosiko batean edo hizkuntza ordezkatze prozesu batean? Hori da, nonbait, irizpide soziolinguistikoekin egoera definitzeko eta laburbiltzeko modua. Nik nihaurek, hizkuntza ordezkapen egoeran gaudela esango nuke, argi eta garbi. Gainera, seguraski, azken-azken koxketan. Hori da nire diagnosi teknikoa.
ITXARO BORDA. Momentu zehatz batean gara, egoera zinez larrian. Iparraldeko populazioaren erdia elebiduna dela erraiten delarik, populazioaren gehiena 50 eta 100 urte arteko adinean dela erran behar da. Beraz, populazio hiztun zahar batekin ez da hizkuntz baten geroa segurtatzen ahal. Erramunek erran bezala, gazteetan %11 dira gehienez elebidun direnak; euskara frantsesa bezain beste dakitenak. %10eko kopuru horrekin ezin da euskararen geroa segurtatu. Emeki-emeki, gure gizarteak ez badu sortzen edo ez baditu bere errebindikazioen araberako neurriak hartzen, populazioaren %10ek soilik ezagutuko du euskara eta gaineratikoak behin betikotz utziko du. Gero, beste faktore bat dago; duela 30 urte Iparraldean ez zena. Hiriak euskalduntze tresna zenbait sortu du orokorki: hala nola gau-eskolak, ikastolak eta eskola elebidunak. Kinka biziki larria izanik ere, oraindik sor litezke halako euspen batzu hizkuntzari atxikitzeko eta hizkuntzaren ordezkatze bat izan ez dadin.
MIXEL ORONOS. Solaskideek erran dutena ez da oraingoa. Ene esperientziari so egiten badiot, ene haur denboran ere eskuararen egoera larria zen. Baigorrikoa naiz, eta ene haur denboran, hiri barnean edota karrikan eskuara galtzen ari zen. Ni harritzen naiz nola garen horretaz harritzen orain, gainbehera hori aspaldi abian baitzen. Kasik joan den mendetik hona behiti ari da, eta konkretuagoki duela 50 urte. Ez da gauza berria. Ez dira oraingo arrangurak. Diferentzia bat bada, nahi baduzue, orduan ez bezala, azken urteotan sekulako ikerketak edo inkestak egiten dira, eta euskararen egoeraren zifrak ezagutzen dira.
E. LOPEZ ADAN. Nik ez nuke erranen arrangura horiek oraingoak direnik ere. Mixelek aipatu du bere gaztaroko euskararen egoera, erran nahi baita, jende gehienak Baigorrin bazekiela euskaraz. Baina ez zuen funtzio guztietan erabiltzen. Notarioek edota jaunek ez zuten erabili nahi, eta mespretxatzen zuten. Gauza bat da euskara gauza batzuentzako erabili nahi izatea, eta beste gauza bat ez jakitea. Hori da diferentzia. Ene esperientzia pertsonaletan, askotan ikusi dut 45 urtetik gorakoek euskara bazekitela, baina ez zuten erabili nahi. Eta horien haurrek ez dakite euskaraz, nahiz eta lagunen aurrean, euskara baloratu eta nortasun zeinu bat bezala ukan. Hori da diferentzia. Orduan egoera diglosikoa zen, orain ez. Orain ez badakite, erderak hartu ditu funtzioak, eta hizkuntza transmisiorik ez da gauzatzen familietan. Erdara sartu da familien barnetan, eta hori gauza berria da. Orduan, ez baitzen horrela. Pasa gara egoera batetik bestera eta horrek eragiten du larritasuna.
E. BAXOK. Inkesta anitz egiten da une honetan, eta antzinan ere bai. XIX. mendean Louis Bonapartek eginikoa dugu. Berrikiago, 1970ean Pedro Irizarrek egin inkestaren arabera, Iparraldea zen euskarak guttien behititu zuen lurraldea. Lehenik beheiti joaten Bizkaia izan zen: % 93tik 16ra. Gauza bera Gipuzkoan: % 100 tik 48ra jaitsiz. Euskarak gehiago eutsi dio Iparraldean ezen eta Hegoaldean. Aspaldiko historiak dira. Emiliok erran duenarekin arrunt ados naiz. Hizkuntzalariek erraiten dute badela diglosia funtzionala, hots, euskara gune batzuetan eta frantsesa beste gune batzuetan direla. Hori, garai batean ontsa zen. Bagenekien euskara plazan, merkatuan, elizan eta pilota partidetan zela. Frantsesa, kasu, eskolan, jendarmerian eta postan zen. Diglosia funtzionala deitu horretan bi hizkuntzak bizi ahal dira, bi funtzio ezberdinak betetzen dituztelarik. II. Mundu Gerraren ondotik diglosia funtzionala diglosia bilakatu zen, frantsesak eremu guztiak hartu zituen, etxeetan sartu zen, eta bistan da, gaineratiko lekuetan geroz eta gehiago. Beraz, euskara hizkuntza gehigarri bat da. Hau da, dakigunok erabiltzen dugu, baina bera gabe bizi gintezke. Hori larria da, arriskugarria da hizkuntza batentzat, euskarak bere funtzioa aurkitu behar du.
Erramunek Bonaparteren garaia aipatu du eta Irizarren mapari garrantzia eman dio ere bai. 1972an, Amikuzeko Arboti herrian, laborari familia batean aitak ba omen zekizkien euskara, gaskoia eta frantsesa. Amak euskara oso ongi. Haurrek ez zuten euskara konprenitzen ere. Zer gertatu da?
I. BORDA. Frantsesak, beharbada, zerbait berri ekarri dio euskal gizarteari. Arboti aipatu duzue. Amikuzen badu 30 urte familia transmisioa galdu zela. Ni eskolara joan nintzenean, 6 urtetan, ene herriko ikaskideek ulertzen zuten, baina ez zuten mintzatzen jadanik. Frantsesak erakargarriatasun bat eskaini zuen, naski; bere ideologiak irekitasun bat ekarri zuen, irekitasun soziala, jakitatea. Euskarak, anartean, laborantzako eta Elizako betebeharrak atxiki zituen. Amikuzen soziologikoki hizkuntzak egoera hori pairatu zuen. Aldaketa harrezkero, euskarak ez du segitu aipatu eremu horietan. Gizarte berri bat sartu zen. Ukapena eta errepresioa sentitu zen. Egoera diglosikoa da, bistan da, euskara ordezkatua izan da.
E. LOPEZ ADAN. Azken perspektiben arabera, 2.030ean, Ipar Euskal Herrian %5 izanen dira euskaldun. %5 euskaldun bada euskara ez da biziko. Hizkuntza hau desagertuko da. Euskaldun hondarrak Hego Euskal Herriari lotuta geldituko dira. Hegoalderako perspektibak orain dagoenaren emendio txikia ematen du. Iparraldean, Lapurdiko kostaldean geldituko bide da euskara, multzo sozial inportantea, euskaldun funtzio batzuk beteko dituena. Irunen edo Hondarribian beteko dituenak bezalatsu, beharbada. Eta barnealdean euskaldun amorratuak geratuko dira, isolatuak. Larritasuna aipatzen denean, hemengo euskaldunen buruzagi baten hitzak gogoratzen zaizkit: "Bo, euskara desagertuko dela? Erromatarren denboran ere erraiten zuten desagertuko zela". Egia da, hori polita da esateko, ondo gelditzen da, baina ez dagokio errealitateari.
M. ORONOS. Iparraldeko euskara ahuldua, pobretua ikusten dut. Teknologia, filosofia, politika eta teologia ideia berri guziak erdaraz izan dira, euskaraz emateko ausardia edo indarren faltaz. Publikoki euskaraz agertu izan denak -hizkuntz kalitate onekoa- mezu tradizionalak plazaratu ditu usaian, ez da baliatu izan irakurleei eta entzuleei gogoeta edo ideia berriak eman edo sorrarazteko.
Gaur, euskararen pobretzea agerian da, Iparraldeko gizartearen gogoetek galdu dute euskaraz aritzeko trebetasuna.
Itxarok aipatu aldaketak gertatu zirelarik teknologia, teologia, filosofia eta politika berriak sartu ziren gizartean. Zerbait erran nahi zelarik, frantsesez erran behar zen. Ideia berrien erraiteko jendeek ez zuten euskararen partetik behar zuten tresna. Tresna errazena eskolako frantsesa zuten. Eliza mundua izan da salbuespena. Baigorrin, apezak erdi euskaraz erdi frantsesez egiten du egun. Baina euskaraz dauden ideiak, lehen-lehenengo katiximakoak dira. Euskara lehengo munduari lotua gelditu da, eta oraingo munduan euskaldunek ez dute pentsatzeko eta erraiteko euskara tresna egokirik. Egia, euskarak ere baditu posibilitateak, ideia eta hitz berriak ere sortu dira, baina horiek jende guztiek ez dakizkite. Beraz, lerratzen dira frantsesera, euskara jakinik ere.
Modernitatea gaian sartu gara. Zergatik ez dugu federik modernitatean sartzeko?
E.BAXOK Modernitateari lotuta beste arazo bat ikusten dut: haurrak orain eskolara doaz bi urte eta erdi dutelarik. Familiako transmisioa, ama edo familia hizkuntza finkatu aitzinetik egiten da, eta gainera gehiengo handi bat (%73) eskola frantsesera doalarik. Beharrik, badira salbuespenak: ikastolak eta gela elebidunak. % 17 dira horretara joaten direnak. Euskal hizkuntza finkatu aitzin haurrak eskolan dira, hobekienik finkatua den hizkuntza frantsesa izaki. Hortakotz, ez dugu modernitatean aritzeko hitzik ez hizkuntzarik.
Arrengurak ez dira oraingoak. Zeuon esperientziatik, duela hogeita hamar urte espero zenuten bezala al gaude? Espero zenuten baino okerrago ala hobeto?
E.BAXOK. Hogeita hamar urteotan egin dugu sekulan egin ez duguna: ikastolak, gau-eskolak, Euskal Irratiak eta denbora berean euskalduntasuna jaitsi da %27tik %11ra. Bada konprenigaitza den zerbait. Abertzaletasunak gora egin baitu.
E. LOPEZ ADAN. Nik Irizarrek lehenik eta 87an Siadecok esandakoa gogoratuko nuke: gauden bidetik jarraitzen badugu, hemendik hogeita hamar urtera, Ipar Euskal Herriko euskaldungoa %5 izango da. Erran nahi baita, ez dela duela hogei bat urte zegoen egoera. Diagnosi horren larritasunaren gainean finkatu zuen Iparraldeko Euskal Herrian Euskaraz taldeak lan plangintza bat. Egun, goazen bidetik, hogei urteren buruan euskalduna galdua izanen da. Dagoena mantentzeko egitasmoak zerrendatu genituen, eta ez dira eginak izan. Luzea da zerrenda. Aitzina nahi bagenuen egin, hauxe erran genuen: euskara balorarazteko, benetako politika linguistiko batek diskriminazio positiboa garatu behar zuela herriaren baitan eta botere publikoaren laguntzarekin kontatu. Beraz, ez dakit duela hogeita hamar urte, baina duela hogei urte jende askok uste zuen euskara salbatuko zela. Jende askori entzun izan diot Ipar Euskal Herrian, familiak salbatuko zuela euskara; hori zen gauza arrunta. Eskuindarrek beti esaten zuten, RPRko militante zaharrek usu: "Ez dugu euskararendako sustengu beharrik, eta eskolarik ere ez. Gure haurrek euskara ikasiko dute etxean". Eta bai, geroztik gauza anitz egin da, baina oro har herriaren atxikimendu orokorra galdu da, eta botere publikoek ez dute kasik deusik egin, elkarte anitzek lan handia egin badu ere, korrontearen kontra egin du.
Espero zena gertatu zela esango zenukete, orduan?
E. LOPEZ ADAN. 87tik Siadecok agertu inkesta ikusita, gure arteko batzuentzat afera hau amaitua zen. Hamabost urteren ondoren errepikatu dugu non gauden. Eta ez dugu inolako arrazoirik baikor izateko, ezta inongo plazerrik. Guk ere ez dugu asmatu, naski, nola egin zitekeen uholde hori beste aldera eramateko edo korrontea saihesteko.
I. BORDA. Pertsonalki badut ikuspegi baikor bat eta orokorki ikuspegi ezkorra. Probokatzailea ematen badut ere, uste dut euskara galtzen ari dela abertzaleen munduan ere bai. Badago diskurtso bat euskararen gainean erdaraz egiten dena. Abertzaleen artean ere euskarak sinesgarritasuna galdu du. Eman dezagun, ezagutu ditudan zenbait elkartetan bilkura gehienak erdaraz egiten dira. Justifikazioa egoera soziolinguistikoa da. Duela zenbait urte bere burua abertzaletzat zeukanak euskara ikasteko ahalegina egiten zuen, orain?
E. baxok. Herri batzarrak orain hogeita hamar urte eskuaraz egiten ziren. Harritzen nau abertzaleak euskaratik zein urrun dauden ikusteak. Euskara kultur mundutik urrundu egin da. Adibidez, pastoralak euskaraz dira, baina frantsesez antolatzen dira burutik buru. Bada aktore asko euskara ez dakiena eta buruz ari dena. Euskal kultur mundua ere euskaratik aldentzen ari da.
E. LOPEZ ADAN. Seinale txarra da hori, badago esplikaziorik ordea. Politikoen helburua gaur egun hauteskundeak irabaztea da eta horretarako sinesgarritasuna behar dute. Bistan da, egoera soziolinguistiko honetan denok dakigu frantsesez, ez da inongo problemarik, eta euskaraz aritzeak nonbait denbora dobla-tzen du. Euskaraz egiteak, nonbait, ghetto batean sartzen gaitu eta besteak marginatu egiten ditu. Antza, oso larria da norbait marginatzea, baita abertzalea bada ere. Hartara, euskara gehigarri bat da, eta oro har, ez du zinezko funtziorik. Oro har, diot, non euskaldunok ez diogun ematen bulkada boluntarista bat. EHEko kideok hori ikusi dugu bide seinaleen aferan. Orain "demo"ek hartu dute lan hori. Ekintza burutu ondoren haren azalpenak frantsesez ematen dituzte. Ez dut pentsatzen "demoak" abertzaleak ez direnik, bakarrik kalkulatu egiten dutela zer den hoberena egin duten ekintza jakinarazteko.
Egin ziren ahaleginekin aurreikuspen negatibo haiek aldatuko zirela ikusten al zenuten?
E. LOPEZ ADAN. Ni ikastolen eta Euskal Irratien sortzean egon izan naiz. Guk ez genuen uste gainbehera geldituko genuenik, egin behar zela uste genuen. Baina hain ahulak, hain ahulak izango ginenik! Egun beharkizun guztiak, hau da, hautetsiek eta botere publikoek emanak, eskas dira. Finean, kultur eta kirol elkarteetan, ez aipatzeko alderdi eta sindikatuetan, hizkuntza funtzionala frantsesa da.
M. ORonos. Erramunek eta Emiliok euskal kultur mundua zein urrun den euskaratik aipatu dute. Konparazione, EDB (Euskal Dantzarien Bata- suna) hor da, bada zerbait hori ere. Beren izena Euskal Konfederazioan barne emaiten dute, erraiten ahal da dantzariak Euskal Konfederazioan direla. Aldiz, kantariek nehoiz ez dute urrats hori eman, haien ondotik ibili naiz frankotan, Aguileran "Bai Euskarari" festa egin genuelarik, doi-doietarik, bezperan 30 kantari bildu genituen, baina geroztik ez da kantari bat ere agertu. Alta, badira hor abertzaleak eta euskaltzaleak. Abesbatzek, kasu, euskaraz ematen dituzte beren kantuak, latinez edo errusieraz ere bai, baina euskara ez da batere beren arrengura, batere.
E. LOPEZ ADAN. EKEko (Euskal Kultur Erakundea) azkeneko bilkuretarik batean doi-doi onartu zen euskal kulturaren oinarria euskara dela. Doi-doia erran nahi dut, sinistu gabe. Kultur elkarteek badakite euskara ahul dela eta beren buruari ematen dioten funtzio nagusia da anartekoarena. Hau da, Euskal Herrian diren balore guztiak, euskara barne, pasarazi behar dituzte beren eginkizunen artean, baina frantsesa dute pasarazteko tresna nagusia. Hots, uztarrian baldin badituzu idi bat hil-zorian eta bestea sanoa, elkarrekin eramatea zer da? Sanoa bi aldiz nekatzea. Hartara, bada, euskara baztertzen ari dira. Ez dute euskararekin lotu nahi, uneon anarteko funtzio horiek -funtzio produktiboak- galtzen dituztela pentsatzen baitute, ghettoan sartzen direla.
Zeintzu dira egoera honetara iritsi izanaren arrazoiak?
E. Baxok. Lanaren eta atsedenaren mugikortasuna. Lehenago herrian sortzen eta bizi-tzen zen. Orain gazteak ez dira gelditzen beren herrian. Egun ibili behar da. Egungo gazteak, Bordelen edo Parisen dabiltza, badago mugikortasuna, hori ez da sekula euskararen alde. Zer egin behar zen, industria lantegiak hemen eraiki, menturaz? Hemengo eskualdunak Kaliforniara joan beharrean joaten ahal ziren Bilbora ere bai, hurbilago baita. Baina...
E. LOPEZ ADAN. Ez dut inoiz hori ulertu, ez dut konprenitu euskaldunek zergatik utzi egin duten euskara. Sandra Ott-ek Goi-Zuberoari buruzko tesia egin du; Santa Graziko euskarari buruz. Hark erraiten zuen hango euskaldunentzat euskara dela ondare pertsonala eta oso preziatua. Orduan, ondare bada eta pertsonala, bada zerbait. "Ni eskualduna naiz, fierra", diote. Denak dira fierrak. Orduan, zer gertatzen da hor? Ez dut konprenitzen. Harritua naiz. Zuek haurtzarotik ezagutzen duzue gizarte hau eta ni gizon larria izanik etorria naiz bertara. Beharbada, zuek konprenituko duzue zergatik, ondare pertsonala izanik, ez duten transmititu euskara. Ba dago zerbait.
I. BORDA. Hor badago zerbait, bai. Iraultza aitzinetik ere bazen, baina bereziki, frantses iraultzan agertu ziren hizkuntz kalapitak eta ideologiak. Erdi Aroaren bukaeran, eta gero, Aro Modernoan sarturik, frantses lurraldeak eta hizkuntzak ekartzen zituzten unibertsaltasuna eta askatasuna. Publikoki hori nagusitu zen, beste hizkuntzak etxeetan egoiten ziren, zapalduak. Eremu publiko eta arrazionala debekaturik zen. Ez da estonagarria alde horretatik, gure hautetsiek, kontseilari nagusiek eta auzapezek erraitea euskara etxean ikasten dela, eta pun-tu. Hori da iragan mendeetako hizkuntz ideologiaren indar agerpenetarik bat, oraino geldi-tzen dena. Hots, guk etxean ikasi dugu eta guk bezala ikasiko dute gero ere.
Emilioren harridurari helduz. Frantsesa inperioaren eta aurrerakuntzaren hizkuntza da eta horrela da ere espainola. Aldiz, Gipuzkoan abertzale ez ziren herrietan, karlistak kanporatu eta erreketeak nagusitu ziren herrietan, euskararen katea atxiki zuten. Zergatik eten da euskara bizitzen ahal zen herrietan, Iparraldeko barnealdean?
I. BORDA. Atxikitzen ahal zen baldin eta jende bakoitzak atxikitzen bazuen bere hizkuntzaren baitako konfiantza molde bat. Horren ordez ahalkea sartu zen. Euskaldunak eta Frantziako beste populuak -Antillasetako eta Afrikako kolonizatuak- orain gutxi hasi dira idazten eta kantuak egiten. Denek gauza bera idazten eta kantatzen dute. Desjabetze baten ahalgeaz idazten dute. Bizitza sozial mota horrek badu 200 urte galdu duela borroka ideologikoa.
E. BAXOK. Itxarok aipatzen duen hizkuntz ideologia biziki inportantea da. Frantsesa, ez inperioaren hizkuntza bezala, baina askatasunaren hizkuntza bezala aurkeztua izan zen -Langue de la liberté-, baita argitasunaren eta filosofiaren hizkuntza (XVIII. mendekoa) gisa ere. Hiriak gune erabakitzaileak ziren eta horietan baziren hizkuntzaren aldetik hiru maila. Bat: funtzionaritzaren goi-maila; arrunt frantsesa. Behe mailan, laborari soilak arrunt euskaldunak; bien artean, erdi-jauntxoak zeuden, elebidunak. Behean zirenentzat, ideologiki eta praktikoki, zer zen gizarte ideala eta kultur eredua? Gainekoa, bistan da. Askatasunaren eta argitasunaren ideologia horrela sartu zen. Denbora berean herritartasunaren ideia ahuldu zen. Aberri ttipiaren ideia aberri handiak ahuldu izana da. Hegoaldean ez zen hemen bezala gertatu. Hegoaldean Madrilen kontra egin da gerla. Hemen gehienek -ihes egindako batzuek salbu- Frantziaren alde egin zuten, Mundu Gerra handietan. Hemengo eta hangoa herritartasuna ez daude parean.
Herritartasuna ahulduz doa eta hori galtzen delarik euskararen atxikimendua ere bai. Atxikimendua pertsonala edo afektiboa bilakatzen da. Sozilinguistek erraiten dutenez, gurasoen erabakiak azkenean prakmatikoak dira eta ez sinbolikoak. Sinbolikoa da gurasoek erraitea euskarari atxiki direla, eta prakmatikoa, berriz, nire haurra frantses eskoletan jarriko dut eta frantsesez ikasiko du, ez haiek bezala ez izaiteko, baizik eta haiek baino gorago izaiteko.
Euskara berreskuratzeko ahaleginak egin dira urteotan. Zein da ahalegin horietaz zuen balorazio orokorra? Zertan asmatu eta zertan da petto egin? Egin zenezaketen guztia egin duzue Iparraldeko euskaltzaleek?
E. LOPEZ ADAN. Ahaleginak hor dira. Militante batzuek Euskal Irratiak egin behar zirela erabaki zuten. Bide modernoa da, etxe guztietan sartzen da irratia. Irratien egitea ideia ona izan da, izan diren zailtasun handiekin mantentzea merezimendu handia da, dudarik gabe. Irratiek egin dituzten gauzak baliosak dira. Baina, demagun bi herrien arteko lehiaketa egin nahi duzuela irratian. Zoatzi, ea aurkitzen duzuen Sueskunen 10 gazte euskaldun beste herrietako gazteen kontra leihatzeko euskaraz. Ez dituzu aurkitzen. Kontua da botere publikoek ez dietela lagundu elkarteei, ez dira batere koordinatu elkarteekin, eta elkarteek egin duten lana ez dela aski izan herrian dagoen ahalke sentimendua gelditzeko. Hori da afera. Ikastolak, AEK, Euskal Irratiak hor ari dira. Bada zerbait, baina...
E. BAXOK. Gertatuz geroztik aise da erraitea zer egin behar zen. Nik lau huts aipatuko nituzke. 1: Hizkuntza komunitatea edo (nahiago nuke mintzakidegoa erabiltzea), mintzakidegoa da familian hitz egitea, auzunean, herrian, auzolanean. Mintzakidegoa -euskal guneak- ahultzera utzi dugu. Aldiz, eskola eta leku formaletan garrantzia eta energia gehiago eman dugu. Bi guneotan euskaltasun afektiboa -lagunartekoa- eta informala uztartu behar genituen. 2: Gaitasunari garrantzia gehiago eman diogu erabilerari baino. Ikastolek indar bat egin dute euskara erabiltzeko baina ez dugu kausitu. Adibidez, Hazparnen Ikastolak bildu ziren festa baten inguruan, Seaskaren 30 urte kari. Jende franko zen. Emanaldiak euskaraz osoki egin ondotik denak frantsesera lerratu ziren, bazekiten euskaraz baina. Gaitasuna eta erabilera beharbada ez ditugu lotu. 3: Iparraldean euskalgintza eta kulturgintza bereizten ditugu nolazpait, molde bitxi bat da. EKEko lehendakaria izaki, irudi luke kulturgintzari eman zaizkien diruak galduak direla euskalgintzan ari direnentzat. Euskalgintza eta kulturgintza lotu behar ditugu berriz, zeren eta kulturarik gabeko hizkuntzak eta hizkuntzarik gabeko kulturak ez dute deus erran nahi. 4: Abertzaletasuna eta euskaltasuna ez ditugu lotzen jakin.
Hori bitxia da. Alderantzizkoa espero zitekeen. Hots, zuetako norbaitek erraitea abertzaletasuna eta euskara sobera lotu dela Iparraldean. Horrek eraman gaituela "galbidera-edo". Hegoaldean usu entzun dugun diskurtsoa ere bada. Duela 20 urte arazoa hori zen hemen ere, euskalduntasuna Enbatari neurri batean lotzea.
M. ORONOS. Ni Baigorriko esperientziaz ari naiz beti; ene bizia Euskal Herritik kanpo eman dut. Ni baino gazteagoak direnek -euskara ez galdua arras, baina erabiltzeko jada hain trebe ez direnek- beren burua sentitu dute baztertua euskaldun garbiengandik. Nire irudiko, bazen ideologia bat euskararen inguruan, euskara bakarrik behar zela, eta kasik bertze guztia ez zela deusetarako on. Baigorrin ni baino gazteagoak direnak, 40-50 urtetakoak, arrunt urrun dira euskararengandik, eta denbora batez herabe eta ahalke. Euskararen aldeko urratsak eman direlarik haiek euskararen kontra egin dute momentu batez, euskaltzaleen mugimendua bortitza eta idorra sentitu dute. Euskaldun horietarik asko ez dugu gureganatuko jada. Aldiz, haien haurrek, bakar batzuek, euskaraz ikasten dute.
E. LOPEZ ADAN. Erramunek erran du gaitasunari erabilpenari baino garrantzia gehiago eman nahi izan zaiola. Ez naiz guztiz ados. Gogoan dut (Itxaro partaide zela), 92an, Hegoaldeko adibidea hartu genuela euskara susta-tzeko, hitzarmenak eta halakoak. Hemen ere egin genuen euskararen erabilpenerako hitzarmen bat elkarteei zuzenduta. Eta huts egin zuen. Ondorio onak izan ditu elkarte batzuetan, erabaki baizuten euskara erabili behar zutela bederen agerpen publikoetan. Guk gaitasunari ez, baizik erabilpenari ematen genion garrantzia. Erabili behar dela, ongi ahal bada, baina gure leloa zen: erabili, erabili eta erabili. Bon, ez da lortu izan. Problema da, elkarteak ez direla euskarari buruzkoak, herrikoiak baizik, eta erdaldunen presentzia oso handia da. Elkarte horietan euskararen egoera larria da. Elkarte baten helburua zein da? Inguruko jende gehienak biltzea. Jende horien biltzeko irizpidea ez da euskaldun izatea; abertzaleak eta ez abertzaleak daude. Orduan, nonbait, hor sartzen bagenuen bigarren irizpide bat erranez: "Elkarte honetan euskaraz egiten dugu". Jende anitzek erraiten ziguten eta erraiten digute, hori inposaketa dela. Eta ez dugula inongo eskubiderik inposaketatik ibiltzeko, hori jarrera diktatoriala eta totalitarioa dela, Errepublikaren kontrakoa, edo, gaur egun, modernitatearen baloreen kontrakoa. Hori izan dugu oztopo handi bat erabilpena sustatzeko. Eta horrek planteatzen du oinarrizko problema bat: gutxi garela. Erramunek ohiko problema bat planteatu du: euskaraz funtzionatzen duten taldeek, kultur taldeek, irekiak izan behar dutela denek. Nola egin daiteke elkarrekin ibiltzeko? Zeren eta egiten badugu modu funtzionaletan erdaraz eginen dugu. Beraz, gure helburua, euskararen biziaraztea, galduko dugu. Eta erraiten badugu, hemen euskaraz egiteko helburua dugu, euskaraz egin beharko da. Hartaz, "inposaketa"ren kontrako mentalitatea azaltzen zaigu bekoz beko. Eta oraindik ez diogu erantzun onik aurkitu. Porrot asko ikusi dugu hori dela-eta.
I. BORDA. Haur eta helduen irakaskuntzan lortu da sistema biziraunaraztea, eta horretan asmatu dugu bederen. Horren ondorioz, euskara irakaskuntzako tresna bezala agertzen da publikoki. Euskara berdin irakaskuntza. Bestalde -Mixelek erraiten duen bezala- euskararen aldeko borrokan sartu garen anitz, fededunak bezala sartu gara euskararen salbatzeko. Pixka bat "hautatuak" bezala kontsideratu ginen anitz urtez, eta egun ere. Hautatuek, nonbait, elebidun izateari uko egin diogu, kanpoko kulturei uko. Ene inguruan, frantsesez edo espainolez edo ingelesez egiten diren kulturen ukatzea sentitzen dut. Eta, beharbada, euskarak iragan mendean ukan zuen irekitasun kultural eskasa ukan du mende honen bukaeran ere bai.
E. BAXOK. "Inposaketa" aipatu duzue. Euskara ezaren eta euskararen inposaketaren artean badago euskararen aldeko pedagogia. Beharbada hor da gure hutsa. Ez dugu aurkitu pedagogia bat euskara goxoki onartarazteko; euskara beharrezkoa dela gure nortasunaren adierazteko.
Nolanahi den ere, euskaltzaleen esku zegoena egin da. Bestalde, kultur lana ezin aitzina eramanik, badirudi botere politikoa sortzea lehentasuna izan zela.
E. LOPEZ ADAN. Baziren gure eskuetan ziren tresnak, eta euskaradun ziren eskuetan euskara erabili izan da. Badago zerrenda luze bat Herriko Etxe gehienetan, komentzio ttipiak gehienak. Langileen sindikatuetan beste problema bat bazen. Gero, elkarte gehienak euskaldunak ziren denbora haietan. Eta hor bazen euskara erabiltzea barne bilkuretan, jendeari nola-halako pedagogiaz egitea. Askoz errazago egiten duzu pedagogia indarra daukazunean. Erran nahi baita, elkarte abertzale batean gehiengoa euskalduna baldin bada hor osoki egiten ahal duzu euskaraz, euskaraz ez dakitenak ikasarazteko. Berriz, Baionan bertan, karrikan, udal kontseiluan, edota Aviron Bayonnaies-en, kasu, gehienak erdaldunak izanik, eta gainera sentimendu euskaldunik ez izanik, zer-nolako pedagogia egiten ahal duzu jende horrekin? Hor dago problema. Beraz, gure eskuetan zeuden hainbeste gauzetan petto egin da, baina pettoa ez dugu militante edo euskaltzaleek egin, euskaldunek baizik. Gero botere publikoak daude, eta beraietan bada jarrera politiko bat, jarrera hertsia. Administrazioaren, enpresen edo sindikatuen jarrerak daude, bestalde. Ez dute euskaraz egin.
M. ORONOS. Zergatik ez dira jende horiek bildu?
E. LOPEZ ADAN. Bildu? Sentsibilizazio kanpainak egin izan dira. ELBrekin (Euskal Laborarien Batasuna) ez dakit zenbat aldiz.
I. BORDA. Zergatik ez gara bildu? Oxtian aipatzen genuen horrengatik. Jadanik euskaltzale eta euskaldunen artean leize bat baita. Gero eta larriagoa.
M. ORONOS. Denbora batez halako ideologia bat bazen. Euskaraz behar zela egin eta euskaraz bakarrik, eta euskaraz kanpo ez zela salbamendurik eta behar zela abstolutuki baztertu frantsesa. Izan da momentu batez halako ideologia.
Ezagutu al duzue frantsesez ez dakien haurrik Iparraldean? Nolabait definitzeko, hizkuntzaren aldetiko gauchismo bat izan ote da?
E. LOPEZ ADAN. EHEn beti mantendu izan dugu euskara bizi dadin behar dituela gune elebakarrak, eta ez badu gune elebakarrik ez dela biziko. Alta, gune elebakarrik sortzea ez da batere etsaitua beste kulturen ezagutzarekin. Itxarok oxtian erran duenak harritu nau. Hemen, euskararen aldeko militantziak eraman gaituela beste kulturen errefusatzera, ez ezagutzera. Hori hasteko ez da zure esperientzia.
I. BORDA. Ez, baina nik ordaindu dut. Hori ordaindu egiten da.
E. BAXOK. Nik ezagutu ditudan elebakartasunaren aldeko guztiak poliglotak dira. Txillardegik edo Koldo Gorostiagak bostpasei hizkuntza dakizkite eta elebakartsunaren aldekoak dira (irriz).
E. LOPEZ ADAN. Hori da. Nik ez dut etsaitua ikusten euskara bizi dadin gune euskaldunak behar ditugula defendatzea, eta beste kulturen preziatzea eta baliatzea.
E. BAXOK. Nik elebakartasuna baino elenagusitasuna nahiago dut. Euskal guneak ghetto itxura du. Mintzakidegoa azkartu behar dugu. Gune batzuk, naturalak, non ere euskara hizkuntza naturala den. Baina, beste hizkuntzak ere behar ditugu.
Egoera honetan, non dautza aitzina jauzi berri bat egiteko gakoak?
E. BAXOK. EKEn molde berri batera joan behar dugu. Hizkuntza antolaketa moldea ez da biziki orijinala. Antolaketa hizkuntz politika baino gehiago da. Hizkuntz politika beharrezkoa da, baina zati bakarra da. Zenbait gauza elkarri lotu behar ditugu. 1: Familiako jarraipena ikaskuntzari lotua behar da. 2: Ikaskuntza eta erabilera. Lehenik tokiko erabilera, ez erabilera formala soilik, eskoletakoa-eta, baita aisialdikoa ere. 3: Gizarte zibila eta politikoa elkarrekin lotu behar dira. 4: Gizartearen eskaera eta erakundeen eskaintza elkarri lotu. Batek bestea gabe porrot egiten du arrunt. Erakundearen eskaintza gutxiegi da gaur egun, baina behar dugu pentsatu gizartearen eskaera hain handia denentz. Militanteena bai, teorikoki bederen. Txekeak euskaraz egitearen esperientzia hor dugu. Zenbatek baliatu zuen posibilitate hori? Beraz, bada gizarte eskaeraren falta. Erakundearen eskaintzak gartsutasuna ekarri behar dio gizarteari. Landu behar dira biak, eta borrokatu. Bi borrokak ezkondu.
E. LOPEZ ADAN. Euskal Konfederazioa hor dago eta elkarteek hor dute bidea. Besterik gabe hor da benetako hizkuntz politika bat euskararen alde. Baina, Hizkuntz Plana izan daiteke euskararen kontra, kasu! Diglosia mantenduko duena. Euskararen aldeko benetako hizkuntz plana botere publikoen konpromiso argiarekilan egin behar da, neurriak hartuz, ez bakarrik elkarteei diru pixka bat emateko, baina benetan botere publikoek politika baikorra egin dezaten.
Bestalde, Erramunen diskurtsoan bada gauza bat beti kezkatzen gaituena, eta hori da botere politikoen eskaintza egokitu behar dela populu edo gizarte zibilaren eskaerari. Guk EHEkoek ez dugu horrela ikusten. Gaur egunean, gauden egoeran, eskaera hori ahula izanen da. Eman dezagun, irakaskuntzan zenbat gurasok nahi du haurrek euskaraz ikas dezaten? Minoria gorria da beti. Botere politikoek badaramate historiaren zama osoa, errespontsabilitate historikoa, euskararen kontra politika aktibo historiko bat. Beraz, gaur egun, botere publikoek benetako politika baikor bat egin nahi badute euskararen alde, erreparakuntza historikoa eta diskriminazio positiboa onartu behar dituzte benetan.
E. BAXOK. Arrunt arrazoi duzu, baina ezin ditugu denbora berean gauza guztiak esaldi batean sartzen ahal.
E. LOPEZ ADAN. Baina botere publikoen eskaintzak izan behar du jendarte zibilaren eskaera baino askoz puxantagoa, ezta?
Aitzina egiteko gakoak edo giltzarriak...
M. ORONOS. Egunen batez euskara ofiziala izanen dela espero dut. Beste edozein hizkuntza bezain baliosa eta ederra izanik, jendeak hori onartuko du eta egunen batez jendearen indar hori ukanen dugu euskararen ikasteko, frantsesa edo ingelesa bezala. Momentu honetan euskara goiti ari da ikastoletan eta gau-eskoletan, baina jendeak ez du ikusten euskara izaiten ahal dela gizarte guztiaren hizkuntza, edozein mailatan erabiltzen ahal den hizkun-tza. Hori konpreniarazteko gakorik ez dut. Ofizialtasunak ekarriko du agian hori. Hortakotz, gakoa ez dakit, baina ofizialtasun eza arrazoi bat izan da euskara baztertzeko.
I. BORDA. Zenbait urtez egiazko hizkuntza politika bat eskatu dugu. Ardatzak aipatu dituzue. Diru publikoa da gakoa nik uste, edo inportantea bederen, euskara sustatzeko. Eta horren bidez, emeki-emeki, euskarari hunkidura publiko bat etxetik landa ematea. Militanteek bakarrik ez dute euskara salbatuko, gobernu mailako erabaki bat behar da, eta ez bakarrik euskarari buruz. Jendeak zerbitzu publikoetan nahi baldin badu euskara mintzatu, Estatua obligatua izanen da euskara sartzea. Jendea euskaraz zerbitzatua izanen da, jendeak eta Estatuak borondatea baldin badute bederen.
Gauzak hobetzeko gakoak ez badira gure esku, ez al gara hemendik hogeita bost urtera berriro ere hipotesi pesimistetan aurkituko?
I. BORDA. Hautetsiak eta botere publikoak molde batean gure esku dira. Guk hautatzen ditugu, herritar gisa eskatzen ahal dugu erreparakuntza historikoa, adibidez. Ez gara euskaldunak beste herritarrengandik kanpo. Ez gara "lumpen" populua, hizkuntza eskubideak baditugu eta aldarrikatzen ahal ditugu.
M. ORONOS. Hautetsiek, bozen denboran, hitzaldiak egiten dituztelarik kasik euskararen kontra bezala agertzen dira, zeren eta euskararen alde sobera agertzen badute beren burua, bozak galduko dituzte. Zendako ez alderantzizko kalkulua egin? Noizbait denek ontsa konprenituko dutelarik, hizkuntza bizia izanik, baliatu ahalko dute gure alde, gure bozen erdiesteko. Aldiz, momentuan, euskararen alde izaitea kontrako argudio bat da anitzentzat.
Hautetsiek Hizkuntz Plangintza bat egitea deliberatzen duten arte zain egon behar dela ulertu behar al da?
E. LOPEZ ADAN. Inork ez du erraiten hautetsiek hizkuntz plan bat erabaki arte zain egon behar dugunik. Azken lan dokumentua ikusita -ez da proposamen bat- hainbat mugitu garen seinale da -EHE bereziki, erranen nuke-. Zerbait etorriko da menturaz. Jendea ez da zain, etengabeki ari da hautetsiei eta karguei beren ardura betetzeko eskatzen. Problema da bide berriak irekitzea, ez da dudarik. Bada administrazio publiko bat. Itxarok aipaturiko ahalak daude. Berdintasuna: euskaldunei eta besteei berdin. Berdintasunaren diskurtsoa demokrazian onargarria izan daiteke, baina hemen dugu problema oso handia. Herriko Etxe euskaldunetaz ari naiz. Zenbat urte daramagu ea etxe horietan ematen ote dituzten urrats baikorrak euskararen presentzia areagotzeko? Horretarako badute libertatea, ez dira Paristik mugatuak. Baina gure hautetsiak herabeak dira, beti daude zain ea egunen batean Ipar Euskal Herriko hautetsi guztiek erabakitzen duten zer egin behar den. Eta ikasi kontuetan ez dute bere burua sobera busti nahi.
Hori publikoki ez da sobera aipatua izan, ala bai? Herriko Etxeetan hautetsiek duten garrantzia afera honetan, alegia.
M. ORONOS. Deiadarrek hori du bere helburuetan momentuko, hautetsiei buruz joatea. Ekainean izan ginen kanpaina berri bat abiatzeko; Herriko Etxeetan zer egin ahalko den hemendik aitzina, zeri lotu ahal izanen diren auzapezak eta kontseilariak.
Hautetsien Biltzarreko presidentearekilan mintzatu naiz, Daniel Poulourekin. Ez ohiko zuzendaritza bildu du eta hurrengo biltzarrean zerbait aurkeztea onartuko dutela aipatu du. Handik goiti zein proiektu landuko dugun haiei galde egin behar zaie. Ikusiko dugu onartzen duten zerbait egitea. Haien estrategia ez da arras finkatua. Bidean gara. "Bai Euskarari" kanpainan, Miarritzen, 220 izenpetzaile izan ziren. Daniel Poulou eta J. J. Lasserre hor ziren, gomitaturik, ikus zezaten gizartetik badela galdera bat. Erran izan zitzaien eskaera bat dagoela. "Zer eginen duzue zuek ofizialki?" galdetu genien.
E. BAXOK. Ofizialtasunaz bada zer erranik. Pesimismo errealista bat eraman behar dugu. Auzapeza eta hautetsi batzuengandik borondatea badago, baina prefeturaren aldetik frantsesa da haien hizkuntza. Haiek ere entzuten dituzte gure galderak, baina beren buruan ez dute egiten sintesi hori. Anitzek ezin dezakete egin, eta nahi ez dutenek beti hatzematen dute lege bat euskara oztopatzeko. Alta, hau da eskaintzen diguten egitura ofiziala; hiru mailetan. 1: Obrakuntza publikoa: hizkuntza politikaren erantzukizuna, arduradun politikoa Estatuarena, Akitaniarena eta Departamenduarena da, Udalerrien sindikatarena barne. Beraz, bada egitura bat, identifikatua, ez bakarrik dirua banatzeko, baina hizkuntza politika bat (idazki ofizial bat dago) eramateko. Beharbada, erabaki batzuk hartu behar dira oraindik, baina eztabaida bat izan behar da Herriko Etxeetan erraiteko zer egin daitekeen eta zer ez. Gero dago obralaritza. Elkarte eta erakunde bakoitzak definitu behar du obralaritza bat beren proiektuak aitzina eramateko, eta hori urtero eta 7 urteren epe batean. 2: Diru emaileak eta eragileak ditugu, pribatuak eta publikoak. Hor sartzen dira proiektu berriak definitzeko, egin dena azter-tzeko eta euskararen estatusa edo onarpena definitzeko. Beraz, bide militantetik eta ofizialetik baditugu gauza batzuk pikoan jartzen ari direnak. Hau martxan jar baledi bada zerbait.
Eta hori justu zer da? Hitzarmen hori noren artekoa da?
E. BAXOK. Ipar Euskal Herriarentzako Hitzarmen Berezia edo Kontratu Plana da. Maiatzaren 18an, Ministerioarteko Lurralde Garapen eta Antolaketa Komiteak (CIADT) definitua. 11 eremu dira, eta horietako lehena hizkuntza politika eta kultura da. Honetan 10 proiektu dira definituak eta badago diru bat. Estatuko eta Euskal Herriko eragileen arteko hitzarmena da.
E. LOPEZ ADAN. Bada, artean, hemen zerbait. Prefetak elkarteei eman die lan dokumentu bat, eta berean bada Erramunek erranikoa, hau da, duela hiru urte Garapen Kontseiluak euskararendako ezarritako helburuak Ez da gaizki, prefetak eta frantses administrazioak zuk erabiltzen dituzun kontzeptuak onartu dituztelako, arrotzak diren kontzeptuak, "hizkuntz politika" eta gainerakoak. Ez da hain gaizki hori proposatzea lan dokumentu gisa.
E. BAXOK. Lan dokumentuak eskualdungoaren kontzeptua garbi agertarazten du, eta Garapen Kontseiluan blokeaturik diren gutxieneko helburuak, berriz ere, ezagutarazi dira; ez da gaizki. Baina hori baino gehiago ere bada.
Zer gehiago?
E. BAXOK. Estatuaren, Akitaniaren, Departamenduaren eta Udalerrien arteko hitzarmena, zazpi urterako hitzarmena da. Urtero 7 milioi libera eskuararentzat, zazpi bider zazpi: 50 miloi libera (1.250 milioi pezeta). Artean, gaineratiko politika ekonomikoak jarraitzen du.
E. LOPEZ ADAN. Gauza berria da, bai. Elkarteek eman dute erantzun positibo bat, baina kritikoa beti bezala. Prest gara mintzatzeko, dokumentu bat landu izan da.
M. ORONOS. Lehen aldikotz erabiltzen da hizkuntz politika hitza. Alta, guretzako hor diren neurriak ez dira hizkuntz politika baterako egiazko neurriak. Beste neurriak behar dira, gizarte guztia lotzen duten neurriak: horiek guztiak kinkan daude. Guk erran behar dugu ez dela aski. Ez dela azkena, hastapena baizik.
E. BAXOK. Ni fedea banu bezala mintzatzen naiz, ez da azken hitza hastapena baino. Hola behar dut mintzatu, naizena naizen aldetik. Bestenaz, zuek bezain kritikoa naiz.
Finitze aldera, Ipar Euskal Herriko gizarteak ba al du aski indar, berak bakarrik, euskara bizirik atxikitzeko? Zein betebehar dagokie gainerako euskal herriei?
E. BAXOK. Gauza batzuk ez dira errangarriak. Iparraldeak euskara salbatuko duenentz? Euskal Herri osoak salbatuko du euskara, elkartasuna baita Aturriaren eta Ebroaren artean. Horren adibide baikorrak badira. Euskaltzaindia edota Idazleen Elkartea. Iparraldeak badu bere tokia. Hizkuntz Kontseilua dago ere bai. Euskal Herri osoko gizarte zibilaren ordezkaria da. Eta hirugarren bat, eta ez da hain ezaguna: EAE prest dago gu laguntzeko. Prefetak biziki gaizki ikusten du handik hona dirua jin dadin, Errepublika hain aberats delarik.
Jaurlaritzaren eta EKEren artean badugu hitzarmen bat. Gauzak ofizialki sinatzen ahal dugu Baionako Itunaren arabera. Mugazgaindiko harremanak ez dira nahitaez Madriletik eta Parisetik pasa behar. Hemengo erakundeen bidez egiten ahal da. EKE da hemengo erakunde ofiziala, eta badago ere Hegoaldetik heldu den borondate politiko bat.
Ipar eta Hegoaren arteko elkargo horrek berrestu behar luke Europaren barrutian aipatzen den subsidiaritatea. Gihaurek egiten ahal dugun guztia egiten dugu. Aldi batez, aurkako adibide batzuk ere badira. Udako Euskal Unibertsitatea; lehenago guk antolatzen genuen ikastaroa, 50 bat ikaslerekin. UEU zentralizatu da nolazpait, eta orain Miarritzen gauza eder bat egiten da 200 ikaslerekin. Baina horietatik dozena bat baino ez da Iparraldekoa. Beraz, aurreratze edo atzeratze bat al dago hor?
E. LOPEZ ADAN. UEUko kurtsoak guk antolatzen genituelarik pedagogiari lotuak egiten ziren, irakasleentzat. Gaur egunean ez da hori, kurtso orokorrak ematen dira, Hegoalden bezala. Baina hemen ez dago euskal unibertsitaterik. Berriz ere planteatu beharko zen zerbitzu konkretu bat behar ote denentz. Azken finean, komunitate lingusitikoak badu ardura leku guztietan, baina hemengoa ez da salbatuko bertakoek ez badituzte handik etorritako bideak erabiltzen hemengo kondizioen arabera.
M. ORONOS. "Bai Euskarari" kanpaina abiatu zelarik halako beldur bat bazen, hango metodologia hemen aplikatuko zen beldurra. Hango agiriak hemen erabiltzea, kasu. Hemen biziki jende gutxi ginen metodologia haren segitzeko. Azkenean ikusi zen hemengo ahalen arabera behar zela aitzina egin. Ez ditugu molde handiak. Alta, diru laguntzei esker hemen ere talde bat ari da. Hegoaldekoekin daraman funtzionamendua normala hatzeman dute, betiere hemengo ahalak kontuan harturik.
I. BORDA. Beste euskal herriak...EAErekiko elkarlan hori partikularzki, jende eta elkarte mailan, mugaz bi aldeetako euskaradunentzat aberatsa da. Ditugun harremanak orekatuak izateko bakoitzak besteari buruz duen iritzia argi ukan behar du. Zenbaitetan guretzat krisiaren salbazioa han da, hemengoentzat literatur merkatua han da, eta hegoaldiarrentzat hemen da euskararen tradizioa. Frantses estatu mailan hizkuntzari ematen zaion itxura guttitua ematen zaio Hegoaldetik hemengo euskarari zenbaitetan. Horra aztertzeko puntu bat. Alabaina, bakoitzak baldin badaki zein den bestearen errealitatea, euskal multzo handiago batean hartuko du bere lekua. Literatura aipatu dudanez gero, Hegoaldean erabiltzen den euskara batu hori, hein batean espainola dela erran nezake. Euskara batu hori inposatzen zaie Iparraldeko idazleei, baita kazetaritzan, artikulugintzan aritzean ere. Beste elkarte zenbaitetan gertatzen da ere bai. Ez dut ontsa ikusten, beste euskal herriek lagundu behar dute muga hori hausten, eta Iparraldeko euskara ulertzen. Bakoitzak bere lekua eta bere nortasuna atxiki behar ditu, eta, aldi berean, besteena ezagutu. Azkenik erranen nuke, Iparraldeko bizilagunen %10 prest gara euskararen biziraupena ziurtatzeko. Baina hemen ditugu gure interlokutoreak: frantses gobernua eta instituzioak.