Paraná hiria, Entre Ríos probintziako hiriburu, Argentinako ipar-ekialdean dago. Paraná izeneko ibai ondoan kokaturik, aurrez aurre duen Santa Ferekin dago elkarturik ibai azpitik doan tunel bati esker. Paraná izenak "Ibaien aita" esan nahi du guaranieraz eta ibai-portu garrantzitsua du, hurbileko eskualdeetako egur, arrain, zitu eta abereak bertara bideratzen direlarik.
Industriarik garrantzitsuenak zementogintza, altzarigintza eta keramikagintzan dihardutenak dira. Paraná 1730. urtean sortu eta 1853-1862 urte artean Argentinako Konfederazioko hiriburu izan zen, Buenos Aires Argentinatik isolaturik mantendu zen bitartean.
Autobus bidaia luze baten ostean iritsi nintzela gogoratzen dut, giro sasi-europardun Buenos Aires atzean utzita. Egun batzuk eginda nituen La Platan dagoeneko, Agustin Asensio, bertako Euskal Etxeko pilotari, Miguel Auzmendi, Pecoche eta bere Chascomús taldearekin (noizbait bertaratzen bazarete, ez ahaztu bere lakuko abixoia dastatzeaz!), baita Laurak Batekoekin eta Lomas de Zamorako batzuekin ere.
Ibaiaren handitasun harroa da Paranán harritzen zaituen lehenengo gauza. Itxuraz bare eta lasai, Ibai Guren Euskal Etxeko Etchevers eta Jorge Izagirrerekin egindako piragualdiak erakutsi zidan bere uren indarra. Kirol eta ibai-klub ugari dago ibai ertzetan. Giro pilotazalean garrantzitsuena Rowling dugu, "La manito"ren jatorri lekua. Horrelaxe deitzen diote 4,70 m-ko errebote-pareta eta 2,90 m-ko errebotea duen 12 x 5 m-ko instalazio batean jokatzen den kirol-mota horri.
Frontoia itxia da kasu gehienetan, eskuinaldeko atzealdea izan ezik. 21 tantora jokatzen dute tenis pilota zuritu batekin eta frontisaren erpin bietan eta ezker paretaren eta errebotearen arteko angeluan daude kokaturik hiru fraideak.
Joko hori erabat zabalduta dago Paranako kirol-elkarteetan eta hiru maila ezberdinetan banandurik dauden 100 pilotari inguru lehiatu ohi dira. Pilotari talde horretatik irten dira Nazioarteko Eskuz Banakako Txapelketetan Argentinak izan dituen ordezkaririk gehienak. Ez nuen ia haien pilota kontrolatzerik izan, nik nahi nuen lekura apur bat zuzentzea ere ezinezkoa zelarik. Eminentzia tenoreaz efektudun kolpeak jotzea izan zen konponbidea, pilotarien artean "el jamón" izenez ezaguna.
Berehala ulertu nuen orduan zergatik ematen dioten pilotari mexikarrek ukabilez. Tenis pilotak erabiliz hasita, erraz egiten zaie gero horrelako akzio teknikoak egitea.
Telebistan bota behar zuten erronka ere egin zidaten, baina ez nuen barregarri geratu nahi (haien pilotarekin ez nuen ezer egiterik) eta baldintza hobeak lortzen saiatu nintzen "hitz goxoa lan neketsua baino hobe" ezagun hartan pentsatuz.
Argi zegoen ez zutela gure trinketeko edo ezker hormako pilotarekin jokatu nahi; horixe proposatu nien, badaezpada, oraindik hirugarren aukera bat gordetzen nuen-eta. 90 gramoko pilota "goxo" batekin jokatzea erabaki ostean, goi-goian utzi ahal izan nuen euskal pilotarien izen ona.
Euskal pilotan du jatorria "La manito"k, antza; bestalde, begibistakoak dira eskualdean euskal diasporaren aztarnak. Kontsultaturiko agiri batzuetan agertzen den bezala, pilotaleku bi zeuden 1850. urtean. La Vizcaina pilotalekua 1873. urtean zabaldu omen zen, Eibarko Txikito bertan zela. Dokumentuaren fidagarritasunaz ezer gutxi esaten dit datu horrek. 1876. urtean hasi zen, Laba apaizari irabazita, Txikitoren ibilbide arrakastatsua pilota munduan (16 urte zituela), eta 1882. urtean Buenos Airesen Euskara plaza inauguratu arte ez dut uste Atlantikoa zeharkatu zuenik.
Gure trinketearen miniaturizazioa da euren jokoa, gurearen ezaugarrietariko batzuk gorde dituelarik: errebote-paretako izkin-motza edo fraideak (lehengo trinketean bezala) eta errebote-pareta edo frontisaren behe-eskuinaldean dagoen xilo txikiak trinketearekiko antzekotasuna ekartzen digu gogora. Gure herrian gertatzen ari den bezala, haiek ere horma gardenak erabiltzen hasi dira pilotalekuetan.