Euskal Herrian euskara gehien entzuten den eskualdeko bihotzean kokaturiko herri atsegin hau pilotarekin duen harreman estuagatik ere oso ezaguna da.
Horrela, Markina eta bere ingurua betidanik euskal kirolik internazionalenaren, hau da, xisteraren harrobi oso garrantzitsua izan da, eta horrenbestez bertako frontoia Pilotaren Unibertsitatea izenarekin ezagutzen da.
Laburpen historikoaHiria 1355ean fundatu zen, bertakoek eskaturik eta "Villaviciosa de Markina" izenarekin. Eskatzearen arrazoia zera izan zen, Gipuzkoaren ondoan egotean alde honetatik egindako eraso eta lapurreten menpean bizi zirela.
Horrela, urte horretan Don Tello Bizkaiko Jaunak harresiz inguratutako hiria eraikitzeko baimena eman zien, lehenbiziko urteetarako zenbait pribilejio ere luzatuz. Ordudanik, Markinak, beste herri askok bezala, lurralde eta botere ahalik eta gehien edukitzearren sendien arteko liskarrak ere ezagutu zituen, dorretxe ugariek erakutsi moduan. Azkenik, Ameriketarako migrazio handia ezagutu duen inguruan kokatzen da (azken mendean xisteran aritzeko pilotari asko joanak dira); industrializazioak indar handiz eragin ez duen nekazal inguruan hain zuzen.
Alde ZaharraMarkinako erdigunean 1883an Euskal Jaiak ospatu ziren zelai triangeluarra dago, herriko atseden eta ekintza-leku nagusia.
Hiruki honen eskuinaldean Pilotaren Unibertsite ospetsua dugu, Markinako frontoia. Lehenbiziko pilotalekua 1798koa izan bazen ere, gaur ikus dezakegun moduan 1965ean inauguratu zen. Zelaiaren beste aldean berriz, Merced Komentu-Eliza dugu. Komentua 1635etik esistitzen da (aurretik Xemeinen zegoen), eta gurutze latindarreko eliza 1793koa da. Azkenik, Hirukiaren hirugarren aldearen atzean Alde Zaharra hedatzen da, Zear Kaleak mozten dituen Guen, Eraiko, Okerra eta Osteko kale paraleloek osatzen dutena.
Alde Zahar atsegin honen alboan Goiko Portala izeneko plaza polita dago, eta bere albo batean Karmengo Komentu-Eliza. Komentua 1691n fundatu bazen ere, eliza 1724an amaitu zen. Bertan, aurrealdean ageri den Karmengo Ama Birjinaren irudia eta barruan apaingarriz betetako aldare barrokoak azpimarratuko ditugu. Plazan bertan 1787ko Karmengo Iturri handia ikus dezakegu, eta beste aldean Solarte Jauregi klasizista.
Alde Zaharreko beste eraikin interesgarri batzuk aipatzearren: Antxia Dorretxea (herriko eraikinik zaharrena dena, harlanduzkoa eta leiho gotikoekin), alboko Ansotegi Jauregia (erreparatu ezazue bigarren solairuko hutsarte edo leihoetan), Udaletxea (XVII.eko zortzi zutabe barroko erakusten dituena), honen aurreko Andonaegi Jauregi barrokoa (Murgatarren armarria erakusgai duena)...
XemeinZelaiaren alboko bidegurutzean sortzen den izen bereko etorbidetik metro batzuetara 1952an Markinari anexionatu zitzaion Xemein auzoa dugu (Markina-Xemein izen ofiziala sortuz).
Bertan zenbait dorretxe interesgarri dugu, hala nola, Barroeta (dorretxe baino jauregi itxura gehiagoz, XVI.ean berreraiki eta XVII.ean handitua, bertan Belgikako Fabiola Erreginaren aitona jaio zen), Bidarte, Ubilla, Kareaga eta Ugarte izenekoak.
Baina beste ezeren gainetik nabarmentzen dena Markinako parrokia den Xemeingo Jasokundeko Andra Mari Eliza erraldoia da. Lehenbizi monastegia omen zena XVI.ean Berpizkundeko tenplu bihurtu zen.
Kanpoaldetik (pinakuludun kontrahorma indartsuak ezik) itzelezko eliza bat besterik ikusten ez bada ere (Bizkaiko areto-elizarik handiena da), barrualdean gurutzeria-sabaidun hiru nabeak askoz ederragoak dira.
Alboko hilerri klasizistak ere bisitatxo bat merezi du. 1851n egina, gainetik pasako dituzuen antzinako hilobien artean elementu neogreko eta neoegipziarrak daude.
Arretxinagako Mikel DeunaBerriz ere bidegurutzera itzuli, eskubira jo eta piskat aurrerago ere eskubira eginez, Arretxinaga Etorbidetik oinez hurbil dagoen izen bereko ermitara ailegatuko gara.
Probaleku baten ondoan egonik, kanpotik ez dauka ezer berezirik, baina sartzen bazarete (ia beti zabalik egon ohi da) Euskal Herriko ermitarik bitxiena zergatik den konturatuko zarete.
Barruan hiru harritzar ikusiko duzue, eta erdian Mikel Deunaren irudia. Gertatzen dena zera da, hiru harri erraldoi horien kokapen harrigarria ikusita, urte askotan zehar berauek aurrehistoriako trikuharri bat edo bestelako hil-monumentu bat osatzen zutela pentsatu izan dela. Gaur egun, duela 40 milioi urte gertatutako fenomeno geologiko bitxi baten ondorioz sortu zirela badakigu.
Dena den, tenplua eliza katoliko gisa XI-XIII. mendetik existitzen bada ere, leku hau askoz lehenagotik sakratua zela uste da, seguraski Kristautasuna iritsi baino lehenago ere bai.