SEGURTASUN BALDINTZETAN LAN EGITEA: KONPONDU GABEKO ARAZOA

  • Bestalde, estatistiken arabera, laneko antolamenduak eragin handia du langileen osasunean; depresioa edo estresa bezalako gaixotasunetan eragiten du bereziki. Horregatik, sindikatuek gero eta arreta handiagoa eskaintzen diote antolamenduaren hobekuntzari. Zentzu horretan arrisku gehien duten lanbideetaz jardungo dugu orriotan.

2021eko uztailaren 23an
Lan istripuen ondorioz hiltzea edo kalte larriak jasatea, zoritxarrez, ez da hain ustekabeko berria gaur egun. Uste baino maizago gertatzen dira lan istripuak, eta horien artean gehiegi dira heriotza edo kalte larriak eragiten dituztenak. Horregatik, ezinbestekoa da gizarteak, Administrazioak, Patronalak, Sindikatuek eta langileek euren erantzukizuna bere gain hartzea eta, batez ere, behar diren neurriak ezartzea gizarteko izurrite horri aurre egiteko. Izurrite horrek, gainera, heriotzak eta familietan zoritxarra eragiteaz aparte, diru galera handiak eragiten ditu. Hala, segurtasun neurriak hartuz lan egitea eta prebentzio neurriak ezartzea lortu beharreko helburua da Euskal Herriko lan esparruan. Besteak beste, lanpostuaren iraunkortasuna bultzatzeak lan segurtasunarekin zerikusi zuzena du, egunetik egunera areagotzen doazen laneko behin-behinekotasunaren ondorio larriei aurre hartu nahi baldin bazaio.
Datuak hortxe daude. Urtearen lehenengo seihilekoan, dagoeneko, 88 langile hil dira, gutxienez, Euskal Herrian. Horietako 19 "joan-etorrian" edo "in itinere" gertatu ziren, hau da, lanerako bidean edo handik atera berritan. Heriotza horietako 55 EAEn izan ziren (10 "joan-etorrian"), beste 32 Nafarroan (horietako 9 "joan-etorrian") eta beste bat, gutxienez, Iparraldean. Kopuru horiei lan istripu larria izan duten beste 400 pertsona gehitu behar zaizkie, eta ezin da ahaztu, hain larriak izan gabe ere, baja eragin duten lan istripuak milaka izan direla. Hego Euskal Herrian soilik, eta datu ofizialen arabera, urtearen lehenengo seihilekoan, baja eragin duten 36.608 lan istripu izan dira, eta horrek aurreko urtearekiko %13,48ko igoera esan nahi du. Iparraldeari dagokionez, ez dugu datu gehiago eskuratzerik izan.


Hildako bakoitzak bere izena du.

Bai, hil diren gizonezko eta emakumezko langile guztiek izena dute, nahiz eta sarritan ez den ezagutzera ematen eta istripua bera ere ez den kaleratzen. Horregatik, ezagutzera eman diren izenak edo inizialak biltzen ditugu hemen, irakurlea zoritxar eta ezbehar horiez jabetu dadin, eta gutxienez, Euskal Herrian 2000. urteko lehenengo seihilekoan izan diren euskal langileen heriotzen inguruabar batzuk ezagutu ditzan. Hegoaldean lan istripuan hil diren gehienen datuak ditugu, baina Iparraldeko bakar batena besterik ez dugu eskuratu eta, oso litekeena da gehiago gertatu izana.
Urtarrilean gertatutako heriotzetatik zazpi langileren istripuen datuak ditugu: hilaren 4an Antzuolako mendi batean langile bat hil zen pinu batek azpian harrapatuta. Hurrengo egunean, beste hiru langilek galdu zuten bizia: M.P. 43 urtekoa, eta Julian Ignacio N.E., 43 urtekoa, eraikuntzan, Kastejonen, eta J.B.G., 29 urtekoa, Oñatiko siderurgia lantegi batean. Eraikuntzako beste langile bat, JJ.G.M., 26 urtekoa, egun batzuk geroago, Azpeitian hil zen, industri pabiloi baten teilatutik erorita. Halaber, Bizkaian, egun berean Areatzako garraiolari bat eta eraikuntzako beste langile bat hil ziren, Gasteizen, lanean ari zen lekuan aldamio bat erorita.
Otsailean izandako heriotzetatik, bederatziren datuak ditugu: otsailaren 2an, 38 eta 30 urterekin, azpikontratatutako bi langile hil ziren Gasteizen eta Amurrion. Lehenengoa, Cristobal Sanchez Garcia, zortzigarren solairutik erori zen aldamioa jartzen ari zirela. Bigarrena, Miguel de Luis, Tubos Reunidosen txatarra garraiatzen ari zen makina batek zapaldu zuen. Hurrengo egunean, basoan lanean ari ziren beste bi langile hil ziren Elgoibarren eta Goizuetan. Hilaren 4an, 44 urteko José Antonio Merchan Roj hil zen, 5.400 kilotako hodi batek zapalduta, Dulantziko Sociedad Española de Revestimiento de Tubos (SERT) enpresan. Hilaren 8an Nafarroako gazte bat hil zen, Francisco Javier Blazquez Barcina, 26 urtekoa, Zarrakaztelukoa, Alfaron argindarraren dorretxo batetik erorita. Hilaren 18an, beste langile bat, R.F.A., 48 urtekoa, Gruas Ibisateko langilea, Igorren hil zen, garabi bat desmuntatzen ari zela. Azkenik, otsailaren 29an, Iparraldeko langile bat hil zen, Miarritzen, herri horretako panel bat desmuntatzen ari zela hainbat metrotako garaieratik erorita.
Martxoan hildako bost langileren datuak ditugu: Hilaren 6an Manuel Lizarribar hil zen Beasainen, 50 urterekin, aldamio batetik erorita. Hilaren 8an, A.G.R. 63 urteko nekazaria hil zen Arabako Gaztelu herrian, basobide batean zehar gidatzen ari zen traktoreak azpian harrapatuta. Hilaren 10ean, Ibarrako 21 urteko Mikel Marixalar gazteak galdu zuen bizia Celulosas de Hernani, S.A.n (Gureola), instalazio bateko estalkia irekitzean gertatutako leherketa indartsu batek bultzatuta zortzi metrotako garaiera batetik eroriz. Hilaren 16an, sare metaliko batek zapalduta, 33urteko A.S.B. hil zen, Ondarroakoa eta Construcciones Ozio S.L.ko langilea. Hilaren 23an Aceria Compacta de Bizkaia, ACB, garai bateko BLG, enpresan lan egiten zuen Manuel Ugarte Torca hil zen 48 urterekin, bobina batek buruan jota.
Apirilean lan istripuan hil ziren zazpi langileren datuak ditugu: hilaren 4an, 42 urteko José Manuel Gonzalez Cancelo hil zen, automoziorako malgukiak egiten dituen Bizkaiko Mure de Alonsotegi enpresan, segurtasun sistema zinta isolatzaile batekin blokeaturik zeraman makina batek zapalduta. Hilaren 9an, aurreko hamabostaldian gertatutako istripuen ondorioz larri zauriturik zeuden beste bi langile hil ziren. Horietako bat, A.I.F., 24 urtekoa, Lanbizu S.L. eraikuntza enpresako langilea, lanean ari ziren aldamioaren eta hormaren artean harrapaturik gertatu zen martxoaren 29an, Donostiako Salamanca pasealekuko eraikuntza baten barruko patio batean lanean ari zirela. Bestea, 21 urteko Juan Domingo Arevalok, zauri larriak izan zituen apirilaren 3an Donostiako Loiola auzoan zapalgailu batek harrapatuta. Hilaren 10ean, Lekeitioko Ogella eraikuntza enpresako 36 urteko Shanti Urriolabeitia Larrinagak galdu zuen bizia, Mendexako auzoan gidatzen ari zen hondeagailua ibaira erori zenean. Hilaren 12ko gauean, Murias enpresako 45 urteko R.C.P. langilea hil zen elektrokutatuta, A-1 Autobiaren Bergarako tartean egiten ari ziren obra batzuetan lanean ari zela transformadore bati eragiterakoan jasandako elektrizitate deskarga baten ondorioz. Hilaren 14an Ricardo García Alegre hil zen, Laukotel-eko langilea, Bakion hilaren 13an Telefónicaren zutoin batetik erori zenean izandako zauri larrien ondorioz. Hilaren 23an, Michelin-Lasarteko José Miguel Corral langilea hil zen, apirilaren 1ean ZP/Farrel lantegian izandako zaurien eraginez.
Maiatzean hildako langileen arteko lauren datuak ditugu: maiatzaren 2an, eraikuntzan aritzen zen 36 urteko Abderramán I.B. hil zen Iruñean. Jacar SL enpresako langilea zen, eta Nafarroako hiriburuko Ermitagaña kalean aldamio batetik erori zen. 14an, Antonio Rodriguez Gonzalez hil zen, hilaren 10ean Laudioko Nubiola enpresan izandako lan istripuaren ondorioz. 23an, 48 urteko Reyes Larrea langileak galdu zuen bizia, Oñatiko Zubillaga auzoan Ulma taldeko burdinola batean. Hilaren 27an, Javier M.L. hil zen, 45 urte zituela, Nafarroako Muru-Artederreta herrian, garabiatik erorita, 12 metrotako garaieratik, Hormigones Pirámide enpresan garbiketa lanetan ari zela.
Ekainean gertatutako lan istripuetan hil ziren 4 langileren datuak ditugu: hilaren 15ean, 53 urteko Feliciano Martinez Carrasco hil zen, Fagor Ederlanen, garabi bateko elektroimana deskonektatzen ari zela jasotako deskarga elektriko baten eraginez. Egun horretan bertan, Gasteizen, 56 urteko A.F.A. langile nafarra hil zen, Gasteizko kanpoaldean Jundizeko Industrialdeko Arga Naves Industriales enpresarentzat lanean ari zenean zortzi metrotako garaieratik erorita. 18an, 61 urteko MB.J.Z. Hernaniko nekazariak galdu zuen bizia, gidatzen ari zen traktorea irauli eta gainera erorita. Hilaren 28an, Txaro Juarez hil zen, Galdakaoko Unión Explosivos enpresako langilea, detonagailuak automatikoki kargatzen diren lekuan kokatutako makina bat garbitzen ari zenean, beso bat galduz ekainaren 10ean jasandako lan istripu baten ondorioz

150 heriotza 1999an
150 heriotza 1999an
Baja eragin zuten 65.000 lan istripu inguru izan ziren 1999an (46.252 EAEn eta 15.372 Nafarroan) eta, gainera, etxetik lanerako "joan-etorrian" izandako beste 4.700 lan istripu gehitu behar dira. Istripu horietan 150 langile hil ziren, "joan-etorrian" gertatutako 49 heriotzak kontatuta. Iazko kopuru horiek aurreko urtekoekin alderatuta %6,68 egin dute gora, eta 1997koekin alderatuta %19,82. Heriotza eta ondorio larriak eragiten dituzten lan istripu gehienak eraikuntzan eta metalurgian gertatzen dira oraindik ere.
Gaixotasun profesionalei dagokienez, 1999an 1.706 kasu berri ezagutarazi ziren EAEn eta beste 1.244 Nafarroan. Horrek esan nahi du %30eko igoera izan dela 1998arekiko. Harrigarria bada ere, EAEn ezagutarazitako gaixotasunen %56 Gipuzkoakoak dira. Garbi utzi behar da, inolako zalantzarik gabe, laneko eginkizunen ondorioz sortzen den gaixotasun asko eta asko gaixotasun arruntak balira bezala hartzen direla

"Langile urritasunak ezbehar larriren bat ekarriko du egunen batean"
"Langile urritasunak ezbehar larriren bat ekarriko du egunen batean"
Langile urritasunak ezbehar larriren bat ekarriko du egun hauetako batean" zioen Manuel Ramón Ugarte Torcak. 48 urte zituen, bi seme-alabaren aita zen eta Bizkaiko Labe Garaiak suntsitu eta ixterakoan sortutako Acería Compacta de Bizkaia, ACB, enpresan aritzen zen lanean. Langile horrek, bere eta familia guztiaren zoritxarrerako, lantegiko ijezketa sekzioan lanean ari zela bi bobinaren artean harrapaturik hil baino hamar minutu lehenago esan zituen hitz horiek.
Lan istripu hori martxoaren 23an gertatu zen, eta, ordurako, gutxienez, beste 24 langile hilak ziren Hego Euskal Herrian (18 EAEn, 5 Nafarroan eta 1 Iparraldean). UGT sindikatukoa zen eta ACB sortu zenetik, hau da, 1996az geroztik, bertan ari zen langile honek ordurako UGTko ordezkariari esana zion "langile urritasunaren ondorioz bazter guztietara korrika ibili behar izaten zutela beti".
Lan istripuak ez dira bat etortze hutsez gertatzen, eta ez ditu patuak erabakitzen. Gehienetan bestelako arrazoi nabarmenak egon ohi dira, hala nola makina zaharkituak, enpresarien nahiz langileen prebentzio eza, lan arriskutsuegiak, lan erritmo biziegiak edo antolamendu kaskarra, edo esperientziarik eza eta behin-behineko kontratuak eta abar. Eta aipatu berri dugun ACBko lan istripu horrek ere horixe erakusten du. Langile horrek berak, bizitzaren makurkeriak, arazoaren muina agerian utzia zuen lanean hil aurretik: "Langile urritasunak ezbehar larriren bat ekarriko du egun hauetako batean". Eta, hamar minutu geroago, berak salatutakoaren zoritxarreko biktima gertatu zen. Bere lanpostuan zegoen, bobinen harreragile eta ateratzaile gisa. Eta garabia bobina horietako bat kamioira eramaten ari zela bi bobinaren artean harrapaturik geratu zen. Garabia erabiltzen ari zena Aldi Baterako Laneko Enpresa -ABLE- baten bidez kontratatua izan zen

100.000 milioi pezetatik gorako kostua izan zuten lan istripuek Hego Euskal Herrian 1999an
100.000 milioi pezetatik gorako kostua izan zuten lan istripuek Hego Euskal Herrian 1999an
Inolako zalantzarik gabe, langileen heriotzak eta langileek jasan beharreko ondorio larriak dira lan istripuen alderdirik lazgarriena, baina, hori horrela izanik ere, ezin dugu ahaztu eragiten duten kostu ekonomikoa. Eta, lehenengo aldiz, modu ofizialean ezagutzera eman da EAEn lan istripuek 1999an eragindako kostu ekonomikoa. Eta horra datua: 100.000 milioi pezeta (4.000 milioi libera inguru), EAEn soilik. Beraz, Nafarroan eta Iparraldean izandakoa gehituz gero, 140.000 milioi pezeta inguruko kopuru beldurgarrira iritsiko litzateke.
Datu hori joan den apirilean kaleratu zen, Bizkaiko hiru Mutuak lagunduta antolatu zen "Osasuna eta Lana: Prebentzio Bateratua" jardunaldietan. EAEko Jaurlaritzako Osasun Saileko Kontseilari Gabriel Valle Inclánek aitortu zuen lan istripuen ondoriozko kostu ekonomikoa Barne Produktu Gordinaren %3,4 ingurura iristen dela. Aldi berean beste datu oso larri bat ere eman zuten: EAEn, lan istripuen ondoriozko 8.500 ezindu daudela.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek beraiek aitortu dute geroz eta lan istripu gehiago ari dela gertatzen EAEn. Horrela, Guillermo Lopez Vivanco, Osasunaren Plangintza eta Antolamendurako kontseilariordeak adierazi du azken hiru urteetako datuak alderatuz nabarmen ikusten dela urtetik urtera lan istripu gehiago dagoela.
Egoera "kezkagarria" zela esan zuen, EAEko istripu-tasak Espainiako Estatukoak baino handiagoak baitira. Zentzu horretan Lopez Vivancok mila langileko 1,10 lan istripu larriko tasa aipatu zuen, eta Espainiako Estatuan 0,88koa da. Istripuen maiztasuna ere handiagoa da.
Euskal sindikatuak kanpaina bat ari dira bultzatzen 2000ko lehenengo hilabete hauetan modu beldurgarrian ugaritu diren lan istripuak salatuz eta horiek aurkako protesta eginez. Administrazio kontrol neurri batzuk hartzen ari da ezbehar gehien gertatzen diren enpresetan. Joan den apirilean 1.912 enpresa kontrolatzen hasi zen Osalan. 1999an bere sektoreko lan istripu-tasa %50ean edo gehiagoan gainditu zuten enpresak aukeratu ditu Osalanek kontrol honetarako. Enpresa horietan, 118.502 langile ari dira lanean, eta, guztira, baja eragin zuten 23.363 lan istripu izan zituzten, hau da, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan izandakoen %51. Kontrolpean dauden enpresa horietako 270 Arabakoak dira, 602 Gipuzkoakoak eta 1.040 Bizkaikoak.
Neurri horiekin, prebentzio jarduerak bultzatu eta zigor neurriak ezarri nahi dira.Izan ere, apirilean bertan 557 enpresa zeuden oraindik legedia bete gabe, laneko arriskuak ebaluatzeko eta era ezberdinetako lan istripuak saihesteko prebentzio planak behar den moduan egin gabe


Azkenak
PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


135 preso politiko daude eta 66 ateratzen dira kalera baimenen batekin

Larunbat honetan egingo da Bilbon euskal preso politikoen aldeko urteroko manifestazioa. Gero eta preso gutxiago dago, baina 2011n ETAk bere jarduera armatua eten zuenean inork gutxik irudikatuko zuen handik hamabost urtera oraindik gatazka haren ondorioz espetxeratutako... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Estatu aparatuetatik Juan Mari Jauregi eta bera hil nahi izan zituztela esan du Maixabel Lasak

Donostiako La Cumbre Jauregian bizi ziren orduan Juan Mari Jauregi senarra eta bera, lehena Gipuzkoako Gobernadore Zibila zen garaian, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Jauregi 2000. urtean hil zuen ETAk Tolosan.


Noizko berrikusi ANren prozesuak eta epaiak

Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.

Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]


Espainiako monarkiak Nafarroako Vianako Printzearen sarietan parte hartzeari ezetz esan dio Parlamentuak

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bat egin dute  Borboiak Nafarroako kultura sari nagusitik at gera daitezen. Espainiako erregeak 2015etik, Uxue Barkos lehendakari zenetik, ez daude ekitaldi handi honetara gonbidaturik.


2025-01-10 | Gedar
Ate birakariak: Gasteizko klinika pribatu bateko zuzendari izango da Gotzone Sagardui

Vithas San José klinikak fitxatu du Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, kargu publikoa utzi eta urte eta erdira.


Hodeiak murrizten ari dira, klima-aldaketaren kalterako

Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]


Arartekoaren ustez, Martuteneko Agustindarren eraikineko operazioa barruan zeudenak identifikatzeko egin zuten

Iazko martxoaren 14an, polizia operazio handi bat izan zen Martuteneko Agustindarren eraikin okupatuan, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eskutik: 56 lagun atera zituzten eraikinetik eta 29 Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten,... [+]


2025-01-10 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


Erizain indigenek herri zapalduentzat ekitatezko osasun zerbitzua aldarrikatu dute

Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]


Eguneraketa berriak daude