Etxebizitza erosteko asmoz dabiltzanek hainbat zalantza edo arazo izan ditzakete sustatzaile edo saltzaileekin. Eroskik argitaratzen duen kontsumitzaileen aldizkariak, "Consumer-ek", etxebizitzaren gaia jorratzen zuen joan den apirileko txosten batean, arazo horiek kontuan hartuz aholku erabilgarri batzuk eman zituen. Kontsumitzaileentzat duten interesagatik, ondoko lerroetan laburbildu nahi genituzke:
Zer gertatzen da sustatzaileak ez badu agindutako epean ematen etxebizitza?Salerosketarako kontratuan edo beste nolabaiteko agiri batean etxebizitza eskuratzeko data jakin baten konpromisoa ezartzen bada, sustatzaileari telegrama bat helarazi beharko zaio, mezua jaso izana ziurtatzeko eran, etxebizitza hitzartutako epean emateko eskatuz eta atzerapenak eragiten dituen benetako kalte eta galerak adieraziz. Orduan, konpromisoa hartzen den agirian atzerapenaren ondoriozko nolabaiteko zigorren bat ezartzen bada, dagokion kalte-ordaina eskatuko da klausula horretan oinarriturik. Horrelakorik ezean, nolabaiteko adostasun batera iris daiteke eraikitzaile-sustatzailearekin. Atzeratzen den hilabete bakoitzeko hainbesteko diru kopuru jakin baten truke, etxebizitza emateko epea luzatzea ere adostu daiteke.
Atzerapenen ondorioz beste etxebizitza bat alokatu beharrean egonez gero, sustatzaileari modu frogagarrian jakinaraziko zaio, idatziz. Alokairuaren kontratua ere idatzizkoa izatea komeni da. Gastu horiek atzerapenen ondoriozko galera bezala eskatu beharko zaizkio sustatzaileari, zenbatekoa faktura eta ordainagiri bidez egiaztatuz. Kaltea eta atzerapena larriak direnean edo etxebizitza bukatu gabe geratuko ote denaren funtsezko susmoa dagoenean, saltzaileak agindutakoa ez betetzeagatik kontratua deuseztatutzat emateko asmoa notario bidez jakinaraziko da. Aldi berean, ordura arte emandako diru kopuruak itzultzeko eta eragindako kalte eta galerak ordaintzeko eskatuko da, betiere kalteak eta galerak ondo egiaztatuz.
Zer gertatzen da etxebizitza amaitu gabe geratzen bada, eta dagoeneko diru kopururen bat aurreratu baldin bada? Sustatzaileari modu ziurtagarri batean (esate baterako, notario bidez) ordura arte kontura emandako diru kopuruak itzultzeko eskatu beharko zaio, kalteak eta galerak gehituz. Diru kopuru horiek itzultzea bermaturik dago lehengo legeekin eta oraingo Eraikuntzaren Antolaketarako Legearekin. Lehengo araudiaren arabera, banku abalaren kontratuak bermatzen zuen jarritako dirua (gehi interesak) berreskuratzea. Lege berriaren bidez, aseguru kontratuak ere bermatzen du jarritako dirua ( gehi %6ko interesa) berreskuratzea.
Nahitaezkoa al da sustatzailearen mailegua subrogatzea? Eroslea sustatzailearen mailegua subrogatzera behartzen duten klausulak Kontsumitzailearen Babeserako Lege Orokorrean agertzen diren kontsumitzailearen eskubideen aurkakoak dira. Beraz, honelako klausulak baliogabekotzat jo daitezke epaitegietan, eta dagoeneko hala egin izan da, esate baterako, 1999ko martxoaren 5ean Asturiaseko Entzutegiak jarritako epai batean.
Saltzaileari exiji dakiokeen informazioa. 515/1989 errege dekretuak etxebizitza berrien erosleei honako informazioak ematera behartzen ditu eraikitzaileak eta sustatzaileak: Merkataritza Erregistroan ageri diren enpresaren izena, helbidea eta gainerako datuak; eraikinaren plano orokorra eta etxebizitza berarena, eraikitako azalera eta azalera erabilgarria eta hornidurarako sareak (elektrizitatea, ura, gasa, berogailua,...) adieraziz.
Halaber, etxebizitzaren deskribapena eta erabilitako material komunak ezagutarazi beharko dituzte, eraikuntzarako materialak ere aipatuz: zoru motak, ateak, leihoak, saneamenduak, isolamendu termiko eta akustikoak... Etxebizitza eraikitzeko legezko baimenen kopia, jabeen erkidegoaren funtzionamendurako estatutuak eta erkidegoaren zerbitzuen kontratuei buruzko informazioa ere eska daiteke. Beste zenbait zehaztapen ere eskura daiteke: kontratuaren forma, baldintza orokor eta bereziekin, kalifikazioaren zedula, Babes Ofizialeko Etxebizitza den, ordaindu beharreko zergak, salmentaren guztirako prezioa eta ordaintzeko era, interesak eta epemugen datak adieraziz.
Azkenik, erabat garrantzitsua da Salmentaren Guztirako Prezioa. Erabat zehazturik adierazi beharko da, agentearen ordainsariak eta BEZ barne hartuz, salmenta zerga horren menpe baldin badago. Bestalde, ordaintzeko modu eta baliabideei buruzko informazioa ere eman beharko du, halaber, halakorik balego, eraikitzaileak edo sustatzaileak hitzartutako maileguari kontsumitzaileak egindako subrogazioari buruzkoa