argia.eus
INPRIMATU
HISTORIA
IRUÑEKO BOTIKAKO SOLASAK BIURRUNEN ESKUTIK
  • XX. mende hasierako Iruñeko botika bati buruz ari da Gabriel Biurrun "El coqueto Don Sancho Sanchez" liburuan. Bi liburuxka aitzakia, Uruguain jaiotako nafarrak garaiko Iruñea deskribatzen digu.
2021eko uztailaren 27a
Hamaika dira Euskal Herriko hiriburuaz, Iruñeaz aritu diren ikerlariak. Hor da, erraite baterako, eta eredu gisa, zoritxarrez nahikoa zaharkiturik dugun Jose Joakin Aratzuri doktorearen lan itzela, frankismo gogorrenean indarrean zegoen Bianako Printzea delakoan hasirik eta ikaragarri onak diren bertze lan batzuk tarte Iruñeko karriken gaineko hiru liburu mardulen bidez bertako historia aparta burutu duena.
Pediatra ogibidez, umeak sendatzen zituen bezain ongi euskara edota euskalduna den oro maitatu zuen. Honela erran zion, kasu, frankismo betean ezagutzen dudan eta jadanik amatxi bilakatu den orduko ama bati: "Zure abizena euskalduna da, bazenekien? Bada, herri hartako inguruan euskara nagusi zen Nafarroa independentea zenean". Hortaz, Iruñeko historia herrikoiari eutsi diola gaineratzen badugu, a zer nolako interesa pizten zaigun!


IRUÑEARI SO.

Baina, erran bezala, Iruñeaz kezkatu dena ez da egile bakarra izan, anitz baizik. Eta hemen dugu, bertze adibide erranguratsuren gisa, Gabriel Biurrun jauna, harridura sorrarazten duen idazle oparoa eta duela hagitz guti bere lana berriz ere argitaratu ahal izaiteko hemengoak nola konpondu diren ezagutzeko zortea eta beta azken hogeita hamar urteetan bertze mundutik izan duena.
Omenaldiak beti berant, baina etorkizunaz baino hemengo historiaz arduratu zela mahaigaineratu beharra dago, zeren eta oraintxe plazaratu diren "Me dijo la virreina" eta, batik bat, "El coqueto don Sancho Sanchez" (1937) horren adibide garbia baitira.
"El licenciado Gabriel Biurrun Garmendia" da azken lan hau sinatu zuena, bere osaba Tomas Garmendia Biurrun jaunari eskainiriko liburua, alegia. Umoretsua, honela hasi zuen lerroaldea: "Era en Pamplona y en su primavera de 1751, en donde ni lucía el Sol, ni cantaban los pájaros, porque hacía un tiempo endemoniado (...) convirtiendo en lagunas las calles de la vieja Iruña". Ondoren, orduko Iruñeko botika bat deskribatzen du, aitzakia horren bidez garai haietako bizimodua, ohiturak (sanferminetako abere azoka zaharra, txistulariak), jantziak eta bertze agerian jarriz.
Bere lanean, foruen denborako espainiar erregeordeaz trufatu egiten da, katu alfer bihurtuz. Honela, katuaren heriotza dela medio, "Pobre Virrey, que los Larranchiquis te sean leves" idatzi zuen. Bertze hainbat pertsonaia politiko, aldiz, errespetu handiagoz landu zituen: Ezpeleta, Kruzate, Labari, Ataun, Dolarea, Etxeberria edota Rekalde. Eszenatokia, bertzalde, ezin hobea: Jaun done Saturdi, Txapitela, Estafeta, Portalapea... Baita sanferminak ere!


ERDARAZ LARRI ZEBILEN EUSKALDUNA.

Nobela horren mamia, edonola ere, maitasuna dela erraiten ahal dugu, edota maitasuna nobelan aztertzen diren gaiak bizitzaren hizkuntzan sakontzeko aitzakia soila ere izaiten ahal da, nork daki, baina edozein irakurlek testuan ongi erreparatuz gero oinarri historiko sendoa duten bitxikeriak nonahi azaltzen zaizkiola ohartuko da. Iruñerriko Ororbiako lagun baten pasadizoa kasu, hain zuzen ere erdaraz mintzatzeko gai ez zena . "Se interesó mucho Don Sancho en como había sido el curso de la curación y nuestro buen aldeano la explicó, más o menos de esta clásica forma: Primero picar, zirri zarra, mucho buru; guero 'después' tradujo Don Miguel, doler mucho buru; eta guero 'y luego' volvió a traducir el Boticario polliki, polliki, surtir hizo el pelo, dijo concluyente el aldeano".(104-5 or.). Gabriel Biurrun 1751. urteaz ari zela oroitaraz dezagun: "un buen aldeano de Ororbia que a Pamplona vino (...) y en la botica le preguntó en lengua vascuence si le daría algo para curarse". Hots, egileak ongi baino hobeki ezagutzen zuen gure historia, jakin bazekien urte horietan Iruñerriak, Iruñeak zuten komunikatzeko hizkuntz garrantzitsuena euskara zela. Eta ez zuen ezkutatu, 1937 izan arren.
"Me dijo la virreina" (1942 aldekoa), bere aldetik, garai beretsuan kokatzen da, baita botikako solasaldietan aritzen direnak ere, baina eszenatokia ponposoagoa dela erraiten ahal da, baita eliteko pertsonaien nagusitasuna ere, haiek antolaturiko eta gauez burutu beharreko jai, dantzaldi bat lekuko. Testua irakurtzerakoan, halere, prosa baino olerkia dela dirudi, mamia baino estiloa landu baita, adierazten dena musika bailitzan

URUGUAITIK IRUÑERA
Miguel Sanchez Ostiz nafar idazleak 1999ko irailean Gorritxenean sinaturiko liburuan, hau da, "Los Barruntos de la Botica" izenekoan, Gabriel Biurrun Garmendiaren biografia zabala, erran nahi baita kritikoa, literarioa, eskaini digu.
Gabriel 1889an jaio zen, Uruguaiko Rotxa herrian. Aita Izarbeibarreko Olkozko karlista bat zela medio guda galdutakoan alde egin behar izan zuen, Hego Amerikako alde hartan aterpea erdietsiz. Bertan abeltzaintzaren bitartez aberastu zen, halere, abereak garraiatzeko itsasontziak ere erabiliz.
Gabriel Iruñerat itzuli zen, tikitan, ikasketak egiterat. Saratsate (Valentzia) pasealekuko eskolapioetan eta done Jose plazako institutuan ere batxilergoa burutu zuen. Salamankan zuzenbide ikasketak gainditu eta abokatu bilakatu zen, Iruñean bertan bulegoa irekitzeko. Garai hartan, antza denez, hainbatetan Baiona, Iruñea eta Uruguai artean bidaiatu zuen. Uruguaik Nafarroan zuen ordezkari ofiziala bera zela erraiteak, halaber, ez gaitu harritu behar.
Abertzalea, Gabriel Euskal Herriko zenbait aldizkari nahiz egunkariren laguntzailea izan zen, "Gabirel" goitizena lekuko. Adibide gisa, EAJ alderdiak Iruñean karrikaratzen zuen egunkarian, "La Voz de Navarra" zelakoan kronika batzuk idatzi zituen, 1934an bilduma moduan "Discreteos" izenburupean Bilbon argitaratuz. Lantxo horien mamia feminismoa, ezkontzak, ohiturak eta jendearen aitzinasmoak zirela dio Sanchez Ostizek.
Bere lagun minen artean aita Donostia, Alfonso Gaztelu, Felix Gastearena, Javier Ziga margolaria, Walter Starkie kazetaria ziren. Dirudienez, Bigarren Mundu Gerra zela eta hegazkina galduriko piloto aliatuendako bitartekari lanak bete zituen, gaulanean lizentziaturiko anitzen artean ere, horregatik, laguntzat hartuz.
"Ekin" argitaldari abertzalearen bitartez "Rosas de Ninive" plazaratu zuen Buenos Airesen (1944) eta berrogeiko hamarkadan oraindik inprimatu gabe dagoen 172 orriko "Adios al viejo Pamplona" lana Iruñeko Udalak antolatzen ohi zuen "Olabe Liburutegia" lehiaketan aurkeztu zuen. Xalbadorren gisa, lirismoz eta tristuraz beteriko bere idazkeran XX. mendeko Iruñeko hizkera jaso zuen, "en la que pervivían, y lo harían por mucho tiempo, abundantes modismos vascos". Hamarkada horretan, ildo beretik, "Pregon" aldizkarian bertze kronika batzuk idatzi zituen, larunbateroko azokan bizi zen eta aspaldi desagertua den giro alaia islatuz. Iruñean hil zen, 1969an