argia.eus
INPRIMATU
XIBEROKO BOTZA
GAZTEEN FORMAZIOA HELBURU
  • Xiberoko Botza egoitza berrira pasatzeko lanean ari da. Udan diru biltze kanpaina bati ekin dio. Artean, formakuntza talde gazte bat prestatzen ari da irratia sendotzeko.
Mikel Agirre Maskariano 2017ko azaroaren 28a
Isabel Barreitx eta Maite Davant dira formakuntza talde berriak burutzen ari diren ikastaroen arduradunak: "Lehen formazio taldea duela bi urte hasi zen zortzi jendeekin. Iragan neguan, berriz, bertze hogei bat gazte hurbildu ziren". Formakun-tza ikastaro hauetan zeregin bi burutzen dira: lehenik eta behin, gazteek irratigintzarako tresnerien erabilpena menperatzen ikasten dute. Bigarrenik, ikaskideek berek beren emanaldia sortzen ikasten dute. Berek nahi dituzten gaiak aipatzeko askatasun osoa omen daukate: "Irratilari berri hauek askatasun osoa dute nahi duten formatoa asmatzeko. Gainera, gu ez gara sartzen haiek adierazi nahi duten gauzetan", adierazi digu Isabele Barreitx kazetariak.
Emaitzak agertzen hasia dira dagoeneko: "Bi talde sortu dira jada. 'Kukuxo-andereak' izeneko bat. Hiru neskek osatzen dute talde hau. Aktualitatea lantzen dute umoretsuki. Euskal Kantu Txapelketa kudeatu dute, konparazione. Xiberotarren partehartzea eskasa izan da eta arrazoiak aztertu dituzte. Bigarren talde bat eratu da bestalde, 'Inozentak' deitzen dena. Ber printzipioa dute, aktualitateko gauzak lantzen dituzte, eztabaida eta elkarrizketa eran. Berezitasun bat dute, musika eremua lantzen ari da. Militantismoaren eta erlijioaren eragina musikan, adibidez".
Ikastaroa segitu duten gaineratiko kideek oraindik emankizunik sortu ez badute ere, Isabelen aburuz, heldu den irail honetan, beren ekarpenak sentituko dira hainbat irratsaiotan. Zuberoan gero eta gutxiago egiten da euskaraz gazteen artean. Ikastaro eta emankizun hauen bidez gazteria euskal hedabide honetara hurbiltzeko molde bat izan daiteke