ETORKIZUNA "GLOKALA" DATORRELAKO

  • Udalatx mendiaren pareko izan nahi du Goienak. Debagoiena bailara osoak begi bistan duen mendia bezain ikusgarria, garaia eta eskualdearen ipar orratz. Herri aldizkariekin egin bezalaxe, azti ibili dira oraingoan ere gisa honetako egitasmoa garatzeko orduan. Hain zuzen, Goitb lehen emaitza izan den arren, Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatibak, beste zenbait egitasmo biltzen du bere baitan, hala nola, bailarako egunkaria, irratia eta Internet, berandu baino lehen abiarazi nahi dituztenak Euskal Herri osora ere hedatzeko xedez.

2021eko uztailaren 20an
Tokian tokiko berriak ematea izango da Goienaren indargunea. Egitasmoari izugarri samurtu dio bidea Arrasate Telebistako azpiegituraz baliatu ahal izateak. Halaxe, Goitb-ko emisio gune nagusia Arrasaten egongo da, gaur egungo ATBren egoitzan, Otaloran hain zuzen. Horrez gain, hiru ordezkaritza izango dira Aretxabaleta, Oñati eta Bergaran. Hasieran ATBko programazioa ardatz izango bada ere, ez dute Arrasateko kontuek protagonismo berezirik hartzerik nahi, bailara osoko ikuspegia eta tokian tokiko berriak tartekatu daitezela baizik.
Egitasmo hau haatik, ezinezkoa izango zen 80ko hamarkadaren hondarrean Arrasate Press aldizkariak bidea ireki izan ez balu, argia ikustean euskarazko herri hedabideen aitzindari bihurtu baitzen. Denbora gutxiren buruan, bailarako gainontzeko herriak beren aldizkariak plazaratzen hasi ziren, loraldia Euskal Herri osora zabalduz. Hona hemen Debagoiena bailara aldean dauden herri aldizkariak: Aretxabaletako "Aretxagazeta", Bergarako "Berrigara", Elgetako "Goikobekokale", Oñatiko "Kontzejupetik" eta Eskoriatza eta Gatzagako "Nun barri?".
Aipatu aldizkari gehi Arrasate eta Aretxabaleta telebisten bidez, kazetariak herri mailako informazioa landuz trebatu egin dira eta, bide batez, jendartean ohitura ere sortu da berriak euskaraz irakurri eta entzuteko. Orobat, azpimarratzekoa da herri aldizkari eta telebistei esker, euskarak, aspaldiko partez, dirua egiteko balio izan duela. Bere produktu edo zerbitzua iragarri nahi izan dituenak euskara erabili behar izan du-eta.
"Goiena egitasmoa bide beretik doa. Duela hamar urte herri hedabideetan hutsik zegoen gunea baliatzean egon zen koska. Bada, oraingoan beste hainbeste egin nahi dugu Goienarekin, alegia, besteei aurre hartu, atzean utzi ez gaitzaten" diosku Mikel Irizar Goienako bateragileak.
Beraz, satelite, kable eta telematikaren zirimola gainean dugula, Goienakoek ez dute ostrukarena egin edo lozorroan geratu nahi izan. Jakin badakite ate joka dugun telebista digitalean jendeak menu zabala izango duela aukeran. Gaikako kateak eta Interneten bitartez, gaur egun dugun eskaintzaren merkatua eskari merkatua bilakatuko da, zeinean ikusleak "eguneko menua" jatetik "kartara" aukeratzera pasako diren. Kate uholde horren erdian baina, berri lokalek aise atxikiko dute jendearen jakinmina, ez baitago satelite bidezko saiorik herriko kontuen tiradizoa gainditu dezakeenik. "Teknologia arloan gainera, duela 10 urte pentsaezina zena egingarri bihurtu da gaur egun. Garbi daukagu bide berri hau urratu beharra dagoela, eskualdeak tamaina egokia baitu elkarlanean aritzeko".
Tokikotasuna aldarri badu ere, irla bakarti bat izateari muzin egin nahi dio Goienak, euskarazko beste hedabideekin loturak bultzatu nahian baitabil. ETBrekin kasu, balizko elkarlan baterako prest agertu dira.


GOIENKARIA PRESTATZEN.

Duela urtebete hasi ziren proiektu hau egosten. Diru iturriak lortzeko, udalen laguntza ukan du Goienak, aurrekontua 100 milioi pezetaren bueltan (4 milioi libera inguru) finkatuz. Era berean, herri komunikabideak indartzeko Eusko Jaurlaritzak duen aurreikuspenak bete-betean hartzen du Goiena. Irizarren arabera, "Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin izandako eztabaida luzeen ondoren, bazirudien aurten itun hirukoitz bat sinatuko genuela; azkenean ostera, gorabehera batzuk medio, diru laguntzak eskatzeko ohiko deialdian bideratu beharko da eskaria. Baina tira, baliteke datorren urterako zerbait lotzea".
Bitartean, egitasmoa errotzeko diru iturriak lehen baino anitzagoak izatea nahi dute, Estepan Plazaola Goienako lehendakariaren esanetan "publizitatea eta diru publikoa izan dira finantziazio bideak. Orain aldiz, hirugarren diru iturri bat zabaldu nahi dugu, jendearena, alegia, Goienari bere ekarpena egin diezaion. Hirugarren hanka hori falta zaigunez, datorren urtean helduko diogu harpidedunak lortzeko ahaleginari".
Goiena abiarazteko hitzarmena zazpi euskara elkartek sinatu zuten: Arrasateko AED, Aretxabaletako Loramendi, Bergarako Jardun, Oñatiko Laixan, Eskoriatzako Axtroki, Elgetako Goibeko eta Antzuolako Idolazek. "Goienako partaide diren arren, elkarte hauek Goienako kudeaketatik kanpo daude une honetan. Bakoitzak bere herri aldizkariarekin segitzen du. Baina prozesu baten ondorioz, litekeena da Goiena herri aldizkari horien guztien kudeatzaile ere bilakatzea". Horri lotua, eskualde osorako aldizkari bat sortzearen ideia buruan darabilkite, urritik aurrera herri aldizkariekin batera osagarri gisa banatzeko. Gehigarria ordea, zubia baino ez da izango, egosten ari den "Goienkaria"k argia ikus dezan.


MCC-REN eRAGIN-PEAN.

"Ezerk ez ditu gizakiak eta herriak gehiago ezberdintzen bizitzako baldintzen aurrean bakoitzak duen jarrerak baino. Gertakarien ibilbidea aldatuz historia egitea aukeratzen dutenek abantaila dute aldaketaren emaitzen zain egotea erabaki dutenen aldean" esan zuen Jose Maria Arizmendiarretak egun MCC (Mondragon Korporazio Kooperatiboa) dena eskualdean sortu zuelarik. Nahiz eta MCCren baitan ez dagoen, goiburu hori bere egin du Goienak, berez, kooperatiba izanik.
MCCren harira, aipa dezagun bailarak dituen 65.000 biztanleen artean heren batek diharduela lanean, 20.000 inguru alegia. Bada, horien artean erdia baino gehiago MCCn, 12.000 lagun gutxi gorabehera. Plazaolak dioenez, "momentuz ez gaude MCCn sartuta. Dena den, aukera dago langileak Goienako bazkide izateko, udalak ez ezik, erakunde pribatuak ere bazkide laguntzaileak izan daitezke".


KABLEA BURUAN.

Goiena Telebistari gagozkiola, bi arlotan bana daitezke teknologian egin beharreko egokitzapenak; alde batetik Betacam euskarri analogikoa utzi eta DVcam euskarri digitaleko bost kamera erosi dituzte, eta lehengo bi editaia gelez gain, beste bi eraiki dira. Era berean, emisioa automatizatzeko asmoa dute kamera errobotizatuen bidez eta hemendik bi urtera aldiz, dekoratu birtualekin lanean hastea aurreikusia dago.
Bestetik, bailara osora zabaltzeko egin beharreko loturak daude sare eraginkor bat osatzearren. Udaldia frogak egiteko baliatu dute, herrien arteko elkarlanak eman ditzakeen zailtasun tekniko eta bestelakoak gaindituz. Gauzak horrela, joan den udaberritik Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Aramaion ikusgai izan delarik, udazkenean, Bergara, Oñati, Elgeta eta Antzuolara zabalduko da Goitb-ko seinalea. Eta arestian esan bezalaxe, Arrasatetik hedatuko bada ere, Bergara, Oñati eta Aretxabaletan ordezkaritzak ere taxutu dituzte plato baten gisara jarrita. Udazkenetik aurrera aldiz, Goitb bailara osora zabaltzen denean, Bergarako eta Oñatiko ordezkaritzetatik zuzenean sartzeko aukera ere izango da, "baina oraingoz, Aretxabaletatik bakarrik" agertu digu Jon Aldanondo Goienako teknika arduradunak. "Beste bi adarrak abiatzeko, alegia, Bergarakoa eta Oñatikoa, inbertsio handiagoak egin beharko dira; baina horretarako, erakunde publikoekin hitzarmenak lotu beharko dira".
Analogikoan emititzen jarraituko badute ere, epe erdira kable bidez helaraziko da Goitb, "Arrasaten kablea ipini gabe dago oraindik eta Bergaran leku batzuetan bakarrik. Bailara gehiena kableatuta dagoenean ekingo diogu kablez emititzeari". Hain zuzen, hitzarmena dute Euskaltelekin berauen plataforman sartzeko, "herri bakoitzean Euskaltelek kate bat libre utzi behar dio Udalari, bere programazioa eskaini dezan". Kable bidezko irudia eta soinua askoz hobeak dira euskarri analogikoan baino, bideo galera oso txikia baita. Lotura gehiago ditu edozein lekutatik sartzeko aukera ahalbidetuz. Joan-etorriko seinalea, gainera, elkarreraginezkoa da, hau da, ikusleak saioetan parte hartu ahal izango du.
Halaber, unitate ibiltari berria estreinatu du Goiena Telebistak. "Bailarako edozein tokitako gertakariak edo ekitaldiak zuzenean eman ahal izango ditugu unitate ibiltariari esker: kirol emanaldiak, kultura ekitaldiak, herrietako festak eta abar. Dudarik ez da honek jauzi kualitatibo ikaragarria dakarrela, herrietako ordezkaritzetatik ez ezik, bailarako edozein bazterretatik ere zuzenean emititu ahalko dugulako" erantsi du Aldanondok.
Bestalde, Internet eta telematika kontuak azterketa fase batean daude oraindik. Kontuak kontu, lau bat fase horietan, 40 milioi pezeta xahutu dute.


HARROBI JORIA.

Trantsizio urtea izango da aurtengoa Goitbn. Astean 30 ordu emititzera helduko bada ere, "gure asmoa ez da emisio ordu guztiak betetzea, guretzat ezinezkoa delako jendearen jakinmina zeharo asetzea" dio Mikel Irizarrek.
Bestalde, elkarlanaren ondorioz finkatuko da euskara batua edo euskalkia erabiltzea. Bailarako mintzamoldea nagusiki bizkaiera bada ere, herri batetik bestera aldaketarik badelako. Horren jakitun da Iriziar, "egin kontu, Oñatin edo Bergaran berezitasun fonetikoak dituzte. Esaterako, batuan 'esan diot' hori bizkaieraz 'esan dotsat' baldin bada, 'esan jat' diote Bergaran. Saio batean aldagai horiek guztiak sartzea beraz, gehiegizko mazedonia litzateke. Nire ustez, euskalkiek kutsatutako batua erabiltzea da egokiena. Eta herritarren kaleko hizkera aldiz, bere horretan jaso. Iritziak iritzi, Goienako batzordeak erabakiko du zein euskara hobetsiko den".
ETBrentzako harrobi naroa izan da Arrasate Telebista. Horra hor Jon Andueza, Ane Igartiburu edota Maider Egües kamera aurrean eta beste zenbait profesional trebatu kamera atzean. Orain, egitasmo handizaleago honen baitan dela, Goitbk jauzi-ohola izaten segiko du, baina ez soilik telebista handiagoetara joan daitezen, Goiena, bere horretan, enpresa multimedia garrantzitsua bihur liteke-eta. Hona hemen Goitbko albistegi lantaldea osatzen duten kazetariak.

Amagoia Lasagabaster:
23 urte. Atxabalta Telebistako aurpegia izan da hasieratik orain arte eta hemendik aurrera berak emango ditu Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzagako berriak.

Lorea Agiriano:
21 urte. Informazio Zientzietako azken urtea ikasten. Orain dela lau urtetik "Ze Barri?" Eskoriatzako herri-aldizkarian dago lanean.

Aintzane Gardoki:
32 urte, arrasatearra, Leintz-Gatzagan bizi da. Urteetan ETBko "Hizaro" saioan ibilitakoa eta ATBn ere kolaboratzaile lanetan jardundakoa. "Guganda" saioa ere aurkezten du Goitbn.

Rosa Mondragon:
33 urte, "TU Lankide" aldizkarian egiten du lan. Arrasate Pressen eta ATBn ibilia da. ATBko albistegietako aurkezle izan zen, "Aretxagazeta"n ere jardunez.

Monika Belastegi:
28 urte, bergararra. Orain arte prentsa idatzia landu du batik bat: "Euskaldunon Egunkaria"n, "Argia"n eta "Aretxagazeta"n ibilia da. Gaur egun "Berrigara"n dabil lanean. ATBn ere asteburuetan ibili da.

Maider Osa:
22 urte, kazetaritzako azken kurtsoa egiten ari da. 1998ko irailetik aurkezten du ATBko albistegia eta, aurrerantzean ere, bera izango da Goitbko eguneroko albistegiko aurpegia. Duela gutxi arte "Astebete" ere berak aurkeztu du. Euskadi Irratian ere ibilia da

BAILARAKO 40.000 EUSKALDUNAK OINARRI
Bailararen atxikimendua euskararekiko pisuzkoa da proiektu honetan sinesteko. Hain zuzen, Debagoiena bailaran, bi urtez gorako euskaldunak 40.000 dira guztira; ia euskaldunak 8.000 eta erdaldunek berriz, 14.500eko kopurua harrapatzen dute, alegia, biztanleriaren %20 inguru baino ez dira. Arrasaten esaterako, biztanle autoktono gehienak euskaldunak dira.
Hala ere, 1950etik 1980ra arte Espainiako hainbat lurraldetatik etorritako etorkin multzo handiaren eraginez, udalerrian erroldan jasotako biztanle guztietatik %50k bakarrik daki berbetan euskaraz. Nolanahi ere, hainbat arlotan egiten ari den lanaren ondorioz, -ikastola eta ikastetxeek, kultur erakundeek, Udalak, eta abarrek- euskara suspertzeko eta euskara jakin eta erabiltzeko joera zabaldu da.
Bergaran adibidez, erabilera 14 urte artekoen artean %60 inguruan dabil; ezagutza aldiz, %90koa da. Erabilera %45 ingurukoa da gazteen artean. 25 urte eta 65 urtekoen artean ordea, ezagutza %50ekoa den arren, erabilpena %25era jaisten da. Adinduen artean %40 inguruan dago erabilera, ezagutza %60koa izanez. "Honen kontura hala ere, kalkulu akats nabarmena egiten da, alegia, ezagutza %90ekoa baldin bada eta erabilera %60koa; bada, %30eko jauzia dagoela esan ohi du jendeak. Bada, ez, hori baino konplexuagoa da. Esaterako, lau lagunen artean bi euskaldunak badira, bi horien arteko harreman konbinaketen artean, bakarra dago euskaraz egitekoa, beste biekin erdaraz egin behar dutelako. Aldagai hori beraz, ez da kontuan hartzen" zehaztu digu Plazaolak


Azkenak
Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-13 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


2025-01-13 | Behe Banda
Barra warroak |
Goizegi al da nostalgiaz hitz egiteko?

Negua beti gertatu izan zait malenkoniatsu. Leihotik begira eta oroitzeko garaia, besterik ez. Udazkenaren eta udaberriaren tarteko burokrazia saihestezina, paramentu bertikal batean zuriz margotzea ostera gainean nahi dena islatzeko. Ez da nire kontua bakarrik, elurra bustia... [+]


Herritar uholdea preso, iheslari eta deportatuentzako behin betiko konponbidearen alde

Urte hasiera honetan ere Bilboko kaleak bete ditu Sare Herritarrak larunbatean Bilbon antolatutako manifestazioa. Presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko lege eta tratamenduekin amaitzea eskatu dute amaierako ekitaldian, eta memoria “kolektibo” bat eraikitzea... [+]


PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


135 preso politiko daude eta 66 ateratzen dira kalera baimenen batekin

Larunbat honetan egingo da Bilbon euskal preso politikoen aldeko urteroko manifestazioa. Gero eta preso gutxiago dago, baina 2011n ETAk bere jarduera armatua eten zuenean inork gutxik irudikatuko zuen handik hamabost urtera oraindik gatazka haren ondorioz espetxeratutako... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Estatu aparatuetatik Juan Mari Jauregi eta bera hil nahi izan zituztela esan du Maixabel Lasak

Donostiako La Cumbre Jauregian bizi ziren orduan Juan Mari Jauregi senarra eta bera, lehena Gipuzkoako Gobernadore Zibila zen garaian, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Jauregi 2000. urtean hil zuen ETAk Tolosan.


Noizko berrikusi ANren prozesuak eta epaiak

Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.

Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]


Erizain indigenek herri zapalduentzat ekitatezko osasun zerbitzua aldarrikatu dute

Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]


Espainiako monarkiak Nafarroako Vianako Printzearen sarietan parte hartzeari ezetz esan dio Parlamentuak

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bat egin dute  Borboiak Nafarroako kultura sari nagusitik at gera daitezen. Espainiako erregeak 2015etik, Uxue Barkos lehendakari zenetik, ez daude ekitaldi handi honetara gonbidaturik.


Eguneraketa berriak daude