FARMAZIAN ATE JOKA ARI DA KALAMUA

  • Ez da ahaztu behar, ordea, cannabisa droga bat dela eta kalteak ere eragin ditzakeela; dena den, urte luzeetan aipatu izan direnak baino gutxiago direla frogatu da azken urteotan. Oraindik ikerketa ugari dago egiteke esparru honetan eta trabak ere ez dira gutxi. Egun, Euskal Herrian, Hegoaldean nahiz Iparraldean legez kanpokoa da kalamua helburu terapeutikoekin kontsumitzea.
Estatu Batuetako Drug Enforcement Agency-ko (DEA) administrazio epaile Francis Young-en hitzetan, "marihuana, egoera naturalean, terapeutikoki aktiboak diren substantzien artean seguruenetakoa da". Azken urteetan egindako ikerketa medikuek ere hala diote, baina oraindik, cannabisak dakartzan onurak eta kalteak zehazteko esparru honetan egin beharreko bidea luzea da.
Kalamuaren osagai aktibo nagusia Tetrahidrocannabinola edo THCa da. Kalamuaren efektua THCaren eta portzentaje desberdinetan biltzen diren beste 63 substantzia cannabinoideren jardueraren emaitza da. Substantzia konbinaketa desberdinek efektu terapeutiko desberdina ekartzen dute.
Kalamua antiemetikoa, bronkodilatadorea, analgesikoa eta apetitu estimulatzailea da, besteak beste (hurrengo orriko taulan erabilera terapeutiko desberdinak zehaztu ditugu, balizko efektu negatiboekin batera).
Seguruenik kimioterapian dauden minbizi gaixoentzako antiemetiko bezala da ezagunen kalamua sendagai bezala. Kimioterapiak goragalea ekartzen du eta kalamuak efektu hori deusezten laguntzen du. Kalamudiako (Cannabisaren Ikerketarako Elkartea) kide Martin Barriusok esan digunez, elkartera kontsulta terapeutikoa egitera hurbildu zen lehena horrelako kasu bat izan zen. Kimioterapian zegoen emakume hori kalamua ahotik hartzen hasi eta ondorioak baikorrak izan omen ziren. Egun erabat frogatua eta onartua dago marihuanaren efektu hau.
Esklerosia eta migrainaren kasuak ere ikertu eta frogatuak izan dira. Bronkodilatazioa eragiten duenez asmarentzako mesedegarria da. Eta hiesa duten gaixoentzat onuragarria gertatzen da erabilera. Minbiziaren kasuan bezala, horrek ez du esan nahi gaixotasuna sendatzen duenik, baina bai haren kalteak eramangarriago egiten dituela. Hiesaren kasuan, morfinak THCarekin nahasturik bere efektua hirukoiztu egiten du. Oinazea berdin kenduko dio gaixoari horrela, baina morfinarekiko menpekotasunerako arriskua murrizten da.
Ikerketek aurrera egin ahala erabilera berriak frogatu eta gehiago zehaztuko dira. Baina droga honen egoera ilegalak ikerketari berari oztopoak jartzen dizkio eta astiro egiten da aurrera esparru honetan.


MARINOL

THC sintetikoa ere ekoizten da eta munduko hainbat herrialdetan legezkoa da berau erabiltzea. Marinol izenez merkaturatu da, izen generikoa Dronabinol bada ere. Martin Barriusok ez du botika hau begi onez ikusten: "THCaren efektuak bestelako cannabinoideekin nahasturik ematen dira; THC puruaren emaitzak ez dira berberak". Gainera substantzia ahotik hartzea ez omen da egokiena, arnasturik hartzean hobeto kontrolatzen baita dosia eta honen efektua. Beste alde negatibo bat ere gehitu behar zaio: "Marijuana Medical Handbook" izenburuko liburuan agertzen denez, Marinol errezeta bakoitzak EEBBetan 300 dolar baino gehiago balio du (50.000 pezeta eta 2.000 libera inguru), prezio izugarria cannabisa ekoiztea berez oso merkea dela kontuan hartuz gero.
THC sintetikoaren gaiak ez du oraingoz eragin handirik Euskal Herrian, ez baitago ez Frantzia eta ez Espainiako gobernuek legeztatua. "Espainiako legeak dio kalamua ez dela terapeutikoa" dio Barriusok, "eta sekulako hipokrisia dago hor, zientifikoki erabat onartua baitago bere erabilera terapeutikoa. Interes handiak mugitzen dira gai honen inguruan". Egun gure inguruan kalamua sendagai gisa erabili nahi duenak legearekin arazoak izan ditzake, Ipar Euskal Herrian bereziki, Frantziako legedia zentzu honetan Espainiakoa baino gogorragoa delako.
Kalamuaren kontsumitzaile terapeutikoak lehenago kontsumitzaile ludikoak izanak dira sarritan. Baina badira bestelako kasuak ere, aukeraren berri izan eta probatzen dutenak. Medikuek ere gomendatu egiten diete gaixoei batzuetan, modu extraofizialean beti ere. Dena den, Kalamudiako kideak dioenez, "medikuek oro har ez dute ahalegin berezirik egiten. Instituzioei presio handiagoa egin beharko litzaieke. Tristea da gaixo batek behar duen botika debekatuta izatea".


KALTEAK?

Kalamuaren bertuteak aipatu ditugu, baina ez da ahaztu behar, finean, droga bat dela eta kalteak ere ekar ditzakeela, ez bada kontsumoa ondo neurtzen. Egia da, hala ere, iraganean aipatu izan den hainbat efektu negatibo ikerketen bitartez ezeztatu dela. Adibidez, eta luzaroan sinetsi izan bada ere, kontsumo kronikoak ez du garunean kalterik eragiten. Baina hemen ere ikerketa sakonagoa beharrezkoa litzateke zehaztasun handiagoz aritzeko. Orain arteko azterketetan kontsumitzaile direnen eta ez direnen taldeak aztertu izan dira eta desberdintasun gutxi topatu izan da kasu gehienetan.
Marihuanak gosea eragiten duenez, gizentzeko joera handiagoa dakar eta berau erretzeak bronkitisa eragin dezake (birika minbizirik, ostera, ez da orain arte frogatu ahal izan). Psikopatologiarik ez da sortzen kontsumo jarraituagatik, baina erabiltzaileak aurretik duen gaixotasuna areagotu dezake. Gainerako drogekin gertatu bezala, ez da gomendagarria haurrek edota haurdun dauden emakumeek hartzea.
Cannabisak ez du menpekotasun fisikorik sortzen (klinikoki frogatuta dago), askotan kontrakoa badirudi ere. Izan ere, cannabisa tabakoarekin nahastean, tabakismoa cannabisarekiko dependentziarekin nahastu daiteke. Abstinentzia sindromerik ez du, ezta gaindosirik ere.
Kalteak kalte, adituek droga seguruenen artean dute kalamua. Ezin da gauza bera esan, ordea, bere deribatuez. Euskal Herrian haxixa da gehien kontsumitzen dena eta berau oso kalitate txarrekoa omen da Barriusok esan digunez. Duela gutxi zazpi haxix zati desberdin aztertu eta autoetako olioa ere topatu omen zuten bertan. Haxixaren kalitatea ikustea erraza da: erretzean ateratzen duen keak txuria eta mantso igotzen dena behar du izan kalitatezkoa baldin bada. "Guk aztertutakoetan" dio Barriusok, "paper bat gainean jarri eta belztu egiten zen".
Berez haxixak marihuanaren THC portzentaje beretsua edo handiagoa izan ohi du. Beraz, sendagai gisa erabiltzeko bata zein bestea litzateke egokia, hala erabakiz gero. Egun Euskal Herrira iristen den kalitate gutxiko haxixak, ordea, gomendagarriago egiten du marihuana sendagai gisa.


WHISKYA BAINO HOBEA

Kalamuaren bertute ugariak aipatu ondoren, eragin ditzakeen kalteak txikiak direla ikusi dugu. Zergatik zigortzen du legeak, orduan, kalamua? Kalamudiakoen ustez, "droga legal eta ilegalen arteko bereizketa erabat arbitrarioa da, interes ezberdinen arabera egina".
Duela urte batzuk Frantziako Gobernuak burututako Roques informeak nolabait arrazoi ematen die. Azterketa horrek droga desberdinen artean gizartean eragin negatiboena zeinek zuen, arriskutsuena zein zen jakitea zuen helburu. Emaitzak zioenez lehen postuan alkohola dago eta harengandik gertu tabakoa, droga legalak biak. Cannabisa azken postuan geratu zen txostenaren sailkapenean.
Ezin esan, beraz, Louis Armstrong jazz musikaria oso oker zegoenik "marihuana whiskya baino ehun aldiz hobea" zela esan zuenean. Eta ezin esan, hala ere, erabat zuzena denik hark esandakoa. Kalamuaren erabilera terapeutikoaren inguruan zehaztasuna lortzeko asko ikertu beharko baita

KALAMUAREN EFEKTUAK OSASUNEAN
BALIZKO EFEKTU NEGATIBOAK

Inmunitatea.
Ebidentzia klinikorik ez badago ere, zelula inmunitatea kaltetu dezake, baina kaltea behin behinekoa da, neurri txikian ematen da eta inmunitatea berreskuratu daiteke

Kromosomak.
Kromosometako anormaltasunean hazkunde txiki bat ekar dezake, baina gaia sakon aztertzeke dago oraindik.

Haurdunaldia eta fetuaren garapena.
Haurdunaldian zehar kontsumitzeak, jaiotze pisu txikiagoa, gestazio laburragoa eta malformazio gehiago ekar ditzake, inkesten emaitzen arabera, baina klinikoki ez da oraindik horrelakorik frogatu.

Zelulen metabolismoa.
Kalamua erretzea, tabakoa bezala, kaltegarria da biriketako zelulentzat.

Psikopatologiak.

- Ikara erreakzio larria. Esperientziarik gabeko kontsumitzaileek dosi handiegia hartzean gertatu ohi da. Kontrol galera dakar, baina berehala itzuli ohi da normaltasunera.
- Delirio toxikoa. Memoria galtzea eta nahasmendua sor dezake, baina dosi altuak hartuta soilik.
- Paranoia egoera larriak. Drogaren egoera ilegalak eta hartzailearen paranoiarekiko joerak eraginda ager daitezke.
- Psikosia. Hipomania, pertsekuzio-mania, entzumen haluzinazioak... ekar ditzake baina gehienetan kontsumo jarraituak psikosia sortu baino joera azaleratu egiten du.
- Analepsia. Hartzaileak flashback modukoak izan ditzake. Drogarik hartu ez duenean drogarekin izandako esperientziak bizitzen ditu berriro. Erreakzio arinak dira eta ez dute tratamendu jakinik behar.
- Biolentzia. Agresibitaterako joera berezia dutenengan eragin dezake zenbait kasutan. Orokorrean agresibitatea apaltzen du gehiago, eragin baino.
- Motibaziorik ezaren sindromea. Gehiegizko kontsumoak motibazioak behera egitea ekar dezake zeharka, baina ez da klinikoki harreman zuzenik frogatu.
- Psikomotrizitatea. Kontsumo oso handiak kalteak eragin ditzake.
- Garun atrofia. Alkoholarekin bezala, kantitate oso altuek garun atrofia eragin dezakeela pentsatzen da, baina oso zaila litzateke.

Dependentzia fisikoa.
Oso arraroa da abstinentzia sindromea eragitea. Dosi handiak eta jarraituak behar dira eta sintomak arinak izaten dira.

Efektu endokrino eta metabolikoak.
Testosterona mailak behera egiteko dosi jarraituak luzaroan beharko lirateke. Emakumeei dagokienez, kontsumo jarraituak obulaziorik gabeko hileko gehiago ekar dezake. Hipogluzemia sor dezakeela esan izan bada ere, egun hainbat azterketak hori ukatu egiten du.

Biriketako arazoak.
Klinikoki frogatzeke badago ere, kontsumitzaileak joera handiagoa izan dezake biriketan bakteriek sortutako infekzioak hartzeko. Erretzen den neurrian, bestelako arazoak ere sor ditzake, baina tabakoak baino neurri txikiagoan.

Arazo kardiobaskularrak.
Dosi handiak takikardia sortzen du, horregatik kaltegarri izan daiteke bularreko angina edo bihotz arazoak dituztenentzat.

Ikusmen arazoak.
Fotofobia, begi globoaren injekzioa, korneako nerbioen ikusmena areagotzea... gerta daiteke kontsumitzeko unean. Pupilaren erreakzioak motel daitezke, baina ikusmenaren zorroztasunean ez du eraginik. Efektuak iragankorrak dira eta ez dira metatzen.

Droga akumulazioa.
Kalamuaren elementu aktibo nagusia, THC, ez da prozesu metabolikoei esker ezabatzen; eraginik ez duen gorputz ataletan, gorputz osoko eta garuneko gantz guneetan gordetzen da. Baina sustantzia ez da une horretan aktiboa eta ez du ondorio negatiborik ekartzen.

Arazoak gidatzeko orduan.
Gidatzeko ahalmenean kalteak sortzen ditu, baina alkoholak baino neurri txikiagoan.

ERABILERA TERAPEUTIKOA

Kimioterapian dauden minbizi gaixoentzako antiemetikoa.
Kimioterapiak goragale egoera larriak ekartzen ditu, kalamuaren THCarekin saihestu daitezkeenak.

Glaukoma.
Kalamuak begi presio intraokularra jaisten du eta glaukoma saihesteko egokia izan daiteke horregatik. Esparru honetan ikerketak asko garatu beharko du, ordea, kanabinoideen artean begiaren presioa jaistea lortzen duena zein den jakiteko.

Analgesia.
Kalamuak oinazea apaltzen du. THC-ren 20 mg.ko dosiak codeinaren 120 mg dosiaren efektu berberak ditu.

Gihar lasaigarria.
Oharkabeko gihar espasmoak saihesten ditu THCak eta horregatik onuragarria izan daiteke bizkarrezurrean arazoak dituztenentzat. Azterketa sakonagoaren beharra dago, esparru honetan kalamuaren erabilera zein izan daitekeen zehazteko.

Antikonbultsiboa.
Kalamuaren phenytoin izeneko sustantziak antikonbultsibo moduan eragiten du eta THC eta cannabidiol sustantziek efektu hau areagotzen dute.

Bronkioetako asma.
Kalamuaren THC sustantziak bronkodilatazioa areagotzen du asmaren arazoa leunduz. THC hori aerosol moduan hartzea litzateke egokiena.

Insomnioa.
Hipnosiaren efektu beretsuak ditu THCak: REM fasea laburtu eta loaren 4. Fasea luzatu egiten du. Biharamunean efektu negatiboak izan ditzake, ordea.

Hipertentsioa.
THCak hipotentsio ortostatikoa eragiten du. Baina hau da tentsioa jaisteko modurik desegokiena eta tratamendu egokiagoak badira.

Nerbio sistema zentraleko depresiboek eragindako abstinentzia sindromea.
Cannabidiol sustantziak, THCak areagoturik, opiazeekiko adikzioa gutxitu dezake, baina metadonak emaitza hobeak eskaintzen ditu.

Aktibitate antineoplastikoa.
THCak eta cannbidiol sustantziek azido nukleikoaren sintesia mugatu egiten du eta horregatik tumoreetan efektu antineoplastikoa du. Hala ere, hainbat sustantzia dago merkatuan efektu bera eskaintzen duena.

Aktibitate antimikrobiala.
THC eta cannabidiol sustantziek estafilokokoak eta estreptokokoak hiltzeko ahalmena dute. Baina horretarako gizakiarentzat gehiegizkoak liratekeen dosiak erabili beharko lirateke.

Migraina.
Aspalditik kalamuarekin aurrera eramandako tratamenduak arrakastatsuak izan dira migrainaren kasuan, baina azken urteetan ez da azterketa sistematikorik egin.

Apetitu Estimulatzailea.
THCak hartzaile gehienengan jateko gogoa areagotzen du. Anorexia gainditzen laguntzeko egin diren saiakerek, ordea, ez dute arrakastarik izan.

Alkoholismoa.
Alkohola kalamuarengatik ordezkatzeko saiakerak egin dira. Ez dirudi, ordea, emaitzak baikorregiak direnik, erretentzio mailak hobekuntza gutxi egiten baitu.

5.000 URTEKO BOTIKA
Kalamuaren erabilera terapeutikoaren inguruko lehen erreferentzia idatziak 5.000 urte ditu ia. K. a. 2737. urtean Txinako Shen Nung enperadoreak buruturiko sendabelar bilduman hainbat disfuntzio eta gaixotasunentzat kalamua gomendatzen da. Eta ez da hori Kristo aurretiko erreferentzia bakarra; Indiako "Athavarda Veda", Persiako "Zend-Avesta" eta Asiriako "Susruta" izeneko medikuntza idatzietan eta Egiptoko hainbat papirotan sendagaitzat hartu zen kalamua. Mendebaldeko medikuntzaren hastapenetan ere, Hipokrates, Dioscorides, Plinio Zaharra eta Galenok belarraren erabilera aholkatu zuten.
Erdi Aroan iraganeko ezagutza ahaztu eta erabilera baztertu egin zen Mendebaldean. Errenazimendua arte ez zen kalamua botika gisa errekuperatuko. Medikuntza enpirikoaren bultzada berriak lagunduta, cannabisa sendabide gisa berreskuratu zen. Napoleonek Egipton buruturiko kanpainek eta, bereziki, ingelesen Indiako kolonizazioak kalamua eta bere deribatuak europar farmakopeara eraman zituzten.
XIX. mende amaieran, Sir John Russel Reynolds Victoria erreginaren medikuak honela iritzi zion medikamentuari: "Egoera puruan eta zuzen emanda, dauzkagun sendagaien artean baliotsuenetakoa da".
40 urte beranduago, hala ere, debekua etorri zen. Esparru zientifikoan, Gabriel Nahas eta A. Campbellek kalamuaren kalte organikoen inguruko ikerketak burutu zituzten. Azken ikerketa medikuek ez dute haiek aipatutako kalte gehienak frogatzerik izan.
70eko hamarkadaren erdialdera marihuanaren inguruko ikerketek gora egin eta 80koaren hasieran cannabinoide endogeno batzuk eta euren hartzaile espezifikoak aurkitu ziren. Hainbat funtzio organiko eta mental kontrolatzen dituen sistema cannabinoidearen identifikazioaren bidea zabaldu zen, Cannabisaren eragin terapeutikoa ulertzeko bidea. 90eko hamarkadan ezagutza hedatu eta oinarririk gabeko efektu negatiboak desmitifikatzen hasi dira apurka-apurka. Baina oraindik ikerketa ugari egin beharko da eta horretarako traba ugari gainditu


Azkenak
2024-12-13 | ARGIA
Euskarabideak 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, iaz baino %9,7 gehiago

Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.


Ipar Kataluniako udaletan katalana erabiltzea debekatu du Frantziako justiziak

Okzitaniako Tolosako Apelazio epaitegiak eman du epaia, eta horren arabera, udaletan ezingo da katalana lehen hizkuntza moduan erabili, eta izatekotan, frantsesez egin ondoren, hura katalanera itzuli ahal izango da.


Samira Belyouaou, amazigera hiztuna
“Ni, diasporako alaba, neure buruaren kontra borrokan bizi nintzen Alemanian”

Samira Belyouaou (Heidelberg, Alemania, 1994) diasporako alaba da. Gurasoak Rifen (Maroko) jaioak, Alemanian Samira alabak eta lau seme-alaba gehiagok amazigera izan zuten etxeko hizkuntza. Itzulpengintza ikasketak egina, software enpresa batean ari da, beren produktuak 80... [+]


2024-12-13 | ARGIA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarik gabe abiatuko da KoopFabrikaren ekintzailetza eskola

Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]


Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


Kexaako monumentu multzoan hotel-spa bat eraikitzea proposatu dute

Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.


2024-12-13 | Leire Ibar
Gerraren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak antolatu ditu GKSk urtarrilaren 25erako

Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.


2024-12-13 | Julene Flamarique
Espainiako enpresarik handienetan, zuzendari exekutiboen soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa da

Ia 24 milioi euroko ordainsaria jaso zuen Jesús María Herrerak, CIE Automotiveko zuzendari exekutiboak, 2023an. 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso, eta sei bider handitu zuen urteko soldata. Iberdrolak ere lekua hartu du podiumean, eta 2023an, energia... [+]


2024-12-13 | Euskal Irratiak
Ardien mihi urdinaren eritasunaren ondorioei elkartasunez ihardetsi nahi die ELBk

ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]


Foru Parlamentuko atean izandako istiluetan parte hartu zuten hemeretzi nekazari zigortu dituzte

Osoko bilkura egiten ari zelarik ganbera barrura indarrez sartzen saiatu ziren nekazariak. Akordioa lortu dute fiskaltzarekin instituzioen kontrako eraso delitua saihesteko.


Emakume zientzialariek esperientzia okerragoa dute komunikabideetan eta sare sozialetan

Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]


Autonomia, urrats berria

EHBaik Autonomia estatutu baterako proposamena prestatu du, gure nazioaren burujabetza osorako bidean etapa gisa.


Eguneraketa berriak daude