argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
EZ DUTE LODI EGON NAHI
  • Gorputzaren pisuarekiko kezka gero eta adin goiztiarragoetan agertzen da. Haurrek meheagoak izan nahiko lukete eta horretarako kirola egiten dute.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Aurtengo udaberrian kaleratu den jateko ohiturei buruzko inkesta baten emaitzek diotenez, 10-12 urteko umeen %23ak meheagoa egon nahiko luke, eta %26ak pisua galtzeko ariketa fisikoa egin duela aitortzen du.
Aurreko astean ere aipatu genuen Espainiako botikarioen elkargoek eskola-umeen artean nutrizioko ohitura osasungarriak sustatzeko asmoz bultzatutako PLENUFAR izeneko egitasmoa. Pizza edo hanburgesez gain, pasta da gehien estimatzen den janarietako bat, "dieta alferra" deitu izan zaionaren adibide ezin hobea, ez baitira murtxikatu behar eta aho betean jaten dira. Baina berez, pasta ez da jaki txarra, neurrian hartuz gero bederen.
120.000 eskola-umeren erantzunekin osatutako ikerketa horrek baditu beste kezkatzeko moduko datu batzuk ere: umeen heren batek ez du inolako frutarik hartzen egunero, gomendagarriena 2-3 ale kontsumitzea litzatekeen arren. Berdura ere behin edo bitan kontsumitzen omen dute astean (%57aren iritzia da hori), sarriago hartu behar litzatekeen arren. Oro har, hala ere, umeen dietak, hobetu daitekeen arren, betetzen ditu eskakizun nutrizionalak.
Beste bitxikeria batzuk aipatzeko, esan daiteke 12 urterekin nabaritzen direla desberdintasunak nesken eta mutilen artean (neskek ogi gutxiago eta entsalada, fruta eta berdura gehiago jaten dituzte) eta sukaldean aritzea atsegina dela diotenak ere gehiago direla nesken artean (%77), mutilen artean baino (%66)