argia.eus
INPRIMATU
ENPRESAK
EUSKALKIDETZA: ZERBITZU ENPRESA NAZIONALA
  • Duela aste gutxi Euskalkidetza kooperatibak bere burua aurkeztu zuen, Bilbon. Izaera nazional eta euskalduneko zerbitzu enpresa alternatibo horren berri jakiteko asmoz, kooperatibako idazkari nagusi Alfredo Gomez Kortazarrekin mintzatu gara.
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21
Duela gutxi aurkeztu zen Euskalkidetza kooperatiba, baina zer da Euskalkidetza enpresa?
Euskalkidetza ekonomiaren alor desberdinetan euskarazko zerbitzuak osatzeko xedez sortutako kooperatiba da. Bere helburuen artean enpresa eta lan munduan euskaldunak askatasun osoz gure hizkuntzan aritu ahal izateko bitartekoak sortzea dago, hau da, merkatu segmentu bakoitzean beren zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten egituren sorrera sustatzea eta daudenak bultzatu eta koordinatzea.

Zein da bere jatorria eta zergatik sortzen da?
Aspaldidanik euskaltzale dezente kezkatuta agertu da euskarari enpresa munduan aitortzen zaion presentzia urriagatik. Egoera hori aldatzen hasteko asmoz, Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait euskaltzale batzen hasi zen duela bost urte eta horren ondorioz, gaur egun Laneratzen elkartea izenarekin ezagutzen dugun erakundea eratu zuten. Elkarteak kideen ekarpenak jaso eta euskaldunon finantza erakunde bat sortzeko proiektua osatzera bideratu zituen. Horrelako egitura bat antolatzeak lehenago ekonomiaren bestelako segmentuetan jarduera bat edukitzea eskatzen duenez, atal desberdinak bildu zitzakeen enpresa bat eratzeko proiektua osatu genuen: Euskalkidetza, kooperatibaren egitura juridikoa duen eta euskaltzaleon zerbitzura dagoen erakunde sozioekonomiko berria.

Nortzuk sortu zuten eta osatzen dute Euskalkidetza?
Bazkideak tankera desberdinetako euskaltzaleak gara, bakoitzak modu batera edo bestera laguntzen dugu ekimena sustatzen. Euskalkidetzaren sustatzaileen artean, besteak beste, honako eragile hauek topatu daitezke: Euskal Herrian Euskaraz, Zenbat Gara Kultur Elkartea eta Bizigai Kontsumo Alternatiboko Elkartea.

Norengana dago zuzenduta?
Munduan dagoen euskaldun ororengana zein, erdaldunak izan arren, euskaltzaleak direla aldarrikatzen duten guztiengana. Gizartea eraldatu nahi dutenei eta euskalgintzan aritzen direnei gonbita berezia egiten diegu. Gaur egun, asko dira zenbait alor profesionaletan euskarazko prestakuntza egokia jaso duten langileak, baina zoritxarrez, euskaltzaleoi hainbeste esfortzu kostatu zaigun heziketa eredu hori lan merkatuan balio erantsi gisa erakutsi ahal izateko sortutako egiturak oso gutxi dira.

Zeintzuk dira Euskalkidetzak eskaintzen dituen zerbitzuak?
Dagoeneko zerbitzuak eskaintzen hasiak gara kooperatibaren bi atalen bidez. "Kudeatzen" euskaraz eskaintzen den lehenengo gestoria-aholkularitza zerbitzu integrala da. Kontabilitatea, Gizarte Segurantza eta Ogasuneko dokumentazioa, kontratuak, errenta aitorpenak... bideratzen ditu. "Zuhar" atalak informatika zerbitzuak eskaintzen ditu, enpresa txikiek, elkarteek eta norbanakoek oro har dituzten beharrizanetara egokituta: mantenimendua, multimedia, webguneak, Internet zerbitzuak...

Nola finantzatzen da Euskalkidetza?
Fondo propioekin eta zehazkiago, bere bazkideen diru ekarpenen bidez. Horrez gain, kooperatibaren jardueraren bitartez sortzen diren urteroko irabazien parte handi bat enpresa sendotzera bideratuko da. Bestetik, Euskalkidetza bezalako enpresen bideragarritasuna, euskaltzaleok erakusten dugun koherentzia eta ausardi mailaren araberakoa izango da.

Zein da Euskalkidetzarentzat aurreikusten duzuen etorkizuna?
Euskararentzat euskaltzaleok espero duguna bezain oparoa izatea nahi genuke. Izan ere, gure kooperatibaren jarduera ez da izatez daukagun helburu bakarra, enpresa munduan euskararen normalkuntza lortzeko bitartekoa baizik. Ezinbestekoa den errentagarritasun ekonomikoaz gain, bestelako alderdiei ere begiratzen diegu. Hitz batean, errentagarritasun soziala, kulturala eta linguistikoa ere bilatzen dugu.

Gizarte eragileak eta erakunde publikoen artean nortzuk laguntzen zaituztete?
Lehen aipatutako eragile euskaltzaleak eta beste batzuez gain, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Kooperatiben Kontseiluak emandako aholkuak eta iradokizunak eta bestetik, Nafarroako Enpresa Laboralak batzen dituen ANELetik eta Iparraldeko Herrikoa enpresa taldearen inguruko jendeak erakutsitako atxikimendua eskertu beharrean gaude.

Uste duzue zuen kooperatibak Euskal Autonomia Erkidegoaz gain Iparraldean eta Nafarroan bere zerbitzuak eskaini ditzakeela?
Gure proiektua euskalduna, alternatiboa eta nazionala da. Pairatzen dugun zoritxarreko zatiketa politiko-administratiboaz gain, proiektu sozioekonomiko komunak egiteko tradiziorik ez dugu Euskal Herrian; eta bestetik, herrialde guztietako eragileek gutunak edo aurkezpenen bidez gure ekimenaren berri izan badute ere, ekimena gipuzkoar eta bizkaitarrez osatutako lan talde batean oinarrituta abiarazi behar izan dugu. Gaur egungo garraio eta informatika azpiegiturekin zerbitzua txoko guztietara heldu daitekeelakoan gaude