argia.eus
INPRIMATU
Jokin Mitxelena
"ESPERIENTZIAK ESATEN DIDANA EGITEN DUT"
2007ko otsailaren 21a
Mariasun Landaren libururako egin dituzu marrazkiak. Zein izan ohi da pertsonaiak sortzeko prozesua?
Gehienetan berdintsua izaten da. Normalean idazleak egiten du aurretik testua. Kasu honetan ere hala izan da, testua egina zegoen, argitaratzea erabakia eta Mariasunek marrazkiak nik egin nitzan nahi izan zuen. Noski onartu niola. Hau da prozesuaren hasiera. Elementu nagusienak testuak hartzen ditu eta nik horri itxura eman behar, nolabait. Itxura horretarako gauzak, noski, nik asmatuak dira, parte hori niretzat hartzen dut eta, ondoren, idazleak bere oniritzia edo ematen du. Kasu honetan Mariasuneri gustatu zitzaion nik egin nion interpretazioa eta horrela gelditu zen.

Marrazkiak sortzeko unean, irakurleak haurrak direla izaten duzu gogoan?
Bai. Aurretik erabakita egoten da zein adinetako haurrentzat izango den saila eta horietan apur bat pentsatzen dut, bai. Hala ere, gai honetan ez dago lege finkorik: liburua halako adinekoentzat delako zein arau bete behar dituen... Nik intuitu egiten dut, esperientziak esaten didana egiten dut; adin horientzat egokia dena.

Zer nolako garrantzia dute marrazkiek: irudiak testua laguntzen du ala alderantziz?
Zenbat eta haur txikiagoentzat diren, marrazkiak garrantzia handiagoa izaten du, haurrek marrazkiak bederen ulertzen dituztelako. Aldiz, irakurtzen hasten ari direnean, irakurtzen duten horrekin soilik ez dute ondo konprenitzen zer pasatzen den eta orduan marrazkiek laguntzen diete. Heltzen goazen eran, testua osatzeko edo apaintzeko edo giroa emateko balio dute. Hala ere, marrazkien garrantziaren gaia betiko eztabaida da