argia.eus
INPRIMATU
TELEZAINTZA MODAN
ARRATOI ERREAK AFALTZEKO
  • "Gran Hermano"rekin Europan gertatu den bezala, Estatu Batuetan CBS kateak "Survivor" lehiaketaren bidez bere audientziarik onena lortu du. Irla bakarti batean hamasei lagunek (etsaiek) bizirik iraun behar dute, elkarrekin lehian, milioi bat dolarreko saria eskuratzeko.
2021eko uztailaren 28a
Borneoko irlan dauden partaideek soinean daramatena eta CBSk oparitzen diena baino ez dute aldean: eguzkitik babesteko krema (50eko babesa), eltxoen kontrako ukendua, beherakoaren aurkako pilulak, aspirinak, lentilentzako disoluzioa, tiritak, tampoiak eta kondoiak. Bai, kondoiak; horrek ordea, ez du esan nahi "Survivor" politikoki zuzena ez denik. Lehiakideen artean sexu harremanik izanez gero, ez da ikusiko eta. Estatu Batuetako mikrokosmosa da saioa, birtute eta akatsen adierazle. Dirua lehenbailehen lortzearekin tematuta dagoen gizartea izanik, zaila da halako saio batek huts egitea, bertan, bizirik irauteko lehia eta aberats bihurtzeko irrika nahasten baitira.
"Survivor"en gainera, ez dago prostitutarik ezta iragan iluneko pertsonaiarik ere. Hain zuzen, usadioz CBS izanik ikusleria helduena duen katea, audientzia galduko lukete lehiakide batek kondoi kaxa bat irekiko balu, bihotzekoak ere eragiteraino. Saioko arduradunek diotenez, lehiakideek baimena dute sexu harremanak edukitzeko, baina kamerek ez dute halako asetzerik inolaz ere erakutsiko. Gauzak horrela, "lizunkeria" erakutsi ezean, nola demontre ordezkatu hutsune hori? Bada, oso erraza, japoniar erara, lehiakideak gauza nardagarriak jan eta egin ditzaten behartuz, hala nola, arratoi erreak eta zomorro gordinak janaraziz, sugez josia dagoen hondartza batean lo eginaraziz edota marrazoz gainezka dauden uretan igeri eginaraziz.


"MARINE"A ETA KAMIOILARIA.

CBSek egindako deialdira 6.000 lagunek aurkeztu zuten beren burua. Aurrez hautatuak zeuden 800etatik, tarantulez lepo zegoen ontzi batean eskua sarrarazi ondoren, 48 geratu ziren. Azken galbahea proba psikologikoa izan zen, zeinean halako galderak egin zizkieten: "Noiz aritu zinen gezurretan azkenengo aldiz?" edo "parte hartu al duzu inoiz Ménage à trois batean?". Azkenean, 16 izan ziren aukeratuak. Horien artean, "marine" kondekoratua izandako Rudy ultraeskuindarra; Sean, 30 urteko neurologoa, motibazio bakarra ospetsu bilakatzea duena; Wisconsin-eko emakume kamioilaria, arratoien haragia jan ondotik hezurrak zurrupatzen hasten dena; edota Richard, hasieran Rudy-k lagun mina zuena eta bere etsaia bihurtu dena, gay dela aitortu ondoren. Puzzlea osatzeko, afroamerikarrak ere ez dira falta, ondorengo arrazarteko borrokak piztu daitezen.
Era berean, lehiakideei luxuzko objektu bana eramatea utzi zitzaien (poxpoluak, hortz-eskuila...) Bada, Sean delakoak bizar-xafla aukeratu zuen: "Bizarra egiteaz gain, bularreko ileak ere kentzeko, nire giharrak hobeto ikus dakizkidan". Partaideak bi tributan banatuta daudela, astero bat aukeratu behar dute irlatik alde egin dezan. Arrakasta ikusita, Espainiako Globomedia ekoiztetxeak "Survi-vor"en kopia den "Los Robinsones" delakoa prestatzen dihardu Panaman dagoen Boca del Toro irlan. Ikuskizun dago hala ere, zein katetan eskainiko duten. Bitartean, CBSek "Gran Hermano"ko eskubideak erosi eta jadanik ematen hasia da. Kontuak kontu, bistan da telezaborrak erregaia nonahitik atera behar duela, eta Groucho Marx-ek esango lukeen moduan "íEgur gehiago!" botatzean dago koska