argia.eus
INPRIMATU
ETORKIZUN DIGITALA
DIGITALAK FM-KO IZARRA HIL ZUEN
  • Telebistan bezala, irratian ere iraultza ekarriko du digitalizazioak. Hori dela eta, irratiaren etorkizuna izango dute aztergai UEUko ikastaldien baitan, uztailaren 24tik 28ra bitarte.
2017ko azaroaren 28a
Telebista digitala denon ahotan dabil azkenaldian. Baina maizenik, ahaztu egiten zaigu irratian ere iraultza teknologikoa ate joka dugula. Hain zuzen, produkzioan euskarri digitalak sartu dira dagoeneko. "Gasteizko Hala Bedik eta Xiberoko Botzak ordenadore bidez emititzen dute; horrek gainera, aukera handiagoa ematen die ekoizpena hobetu eta informazio trukaketa errazteko, ordenadore bidez nahi adina soinu jaso eta muntatu daiteke eta", azaltzen digu Arantza Gutierrez ikastaroko arduradunak eta EHUko irakasleak. Bestetik, iraultza teknologikoa dago, emanaldietan eragin zuzena izango duena, DAB (Digital Audio Broadcasting) delakoa alegia. "Zenbait adituk dioenez, horren ondorioz, FM eta AM desagertu egingo dira". Egun, irrati kate ugari bezain anitzak ditugu entzungai Euskal Herrian: irrati komertzialak, Estatuenak (RNE eta Radio France), autonomikoak, udal irratiak, libreak... Halaxe, Gutierrezen irudiko, "irrati digitalaren garapenak eta legediak aldaketa franko ekarriko dituzte epe erdira. Espainiako Estatuan legedia badago; Frantzian aldiz, araudirik ez bada ere, aurreratuagoak daude. Baina bi Estatuak oso zentralistak dira eta deskonexioak nekez baimenduko dituzte". Frekuentzia digitalen banaketa egitean beraz, hainbat euskal irrati FM eta AM-an zokoratuta geratzeko arriskua dago monopolio gutxi batzuen mesedetan. Horren harian, euskaraz ari diren irratien geroa izango dute eztabaidagai. "Baztertuak gera daitezkeen arren, irrati hauek beti izango dute beren programazioa Internet bitartez ezagutarazteko aukera. Adibidez, Bilbotik Iparraldeko irrati bat ongi entzutea guztiz normala izango da sarea baliatuz"