SRI LANKA, INDIAREN MALKOA

  • Tea, Buda, elefantea, kontraste handiko paisajeak, bukaerarik gabeko gerra, biztanle zoragarriak... Indiaren malkoa, Holanda, Portugal eta Ingalaterraren kolonia izandakoa, deskafeinatua dela esan daiteke.

2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Oso opor bukaera tristea izan da. Urterokoa baino askoz ere tristeagoa. Oraindik hegazkinean gertatutakoa burutik kendu ezinda nabil; eta ez prexixo, Colombon abiatu garenetik ordubetera abioiak arazoak zituela-eta buelta hartu eta justu-justuko lur hartzea egin dugulako. Ez. Ehun emakume haien ume, gazte, zahar aurpegiak ezin ahazturik nabilelako da. Colombotik, Sri Lankako hiriburutik Jordaniako hiriburura, Ammanera, egin dute gurekin bidaia. Alde batean turistak eta bestean emakume gizagaixo horiek: adin guztietako emakumeak, denak Sri Lankakoak eta Jordaniara bidean hango aberatsen etxeetan zerbitzen lana izango zutelakoan. Oso gauza gutxi aldean, arropa xaharrak soinean eta tristura aurpegietan. Turista izateaz lotsatu eta guzti egin gara. Jordanian sartzeko bisadoak idazten lagundu diegu. Gure idazteko era ez dute ezagutzen, zirilikoa baita eurena. Zingalera edo tamilera jakiteaz gain, ingelesa ere gutako edozeinek baino hobeto hitz egin arren, mundu 'aurreratuan' ezin dute euren izena ere idatzi. Erabat hutsaren hurrengo direla sentiarazita iritsi dira Ammanera, eta han, lehen ezer ez baziren, mediku azterketa pasatakoan (lehen mundura gaixotasunik ezin da ekarri), sei gizaseme lodi, koipetsu eta mafioso itxurako batzuek zozketatu eta eraman dituzte. Guztiaren lekuko, goitik behera pistolaz jositako poliziak. Auskalo ze paradero izan duten neska horiek. Guri behintzat, mundiala izan den Sri Lankako egonaldi-ibilaldia kontrako eztarrira joan zaigu".
Beste batek kontatu izan balit puztutako gertakizuna zela pentsatuko nuen, baina neronek bizi eta idatzitakoa da orain hiru urteko udan. Sri Lanka, Indiaren malkotik bueltan. Dena esaten hasita, Asian sekula izan gabea izaki, kontinente hartara arrimatzeko lehen Ceilan eta orain Sri Lanka den uhartera joatea modu egokia zela entzunda animatu ginen. "India deskafeinatua da hau" esaten zigun han ezagutu genuen Tati katalanak. Sri Lanka ez omen da hain zikina, inor goseak hiltzen ez omen da ikusten eta kale bazterrean bizi diren pertsonak ere ez omen dira hainbeste. Benetako kafezale itsua naiz ni, baina herrialde deskafeinatu honek erabat ase ninduen. Paisajez erakargarria eta kontrastez betea da, jendea berriz zoragarria, irekia eta emana. Hori guztia, kultura eta erlijio nahasketak ez aipatzearren (zingalesak, tamilak, budistak, hinduak, musulmanak, katolikoak...) . Te soroez betetako mendiek eta itsas bazterrek seko txoratuta utzi ninduten. Berealdiko inpresioa berriz, erlijioak egin zidan. Budismoa da han nagusi eta bi huskeriez gain, ezer gutxi nekien Budaren jarraitzaileen inguruan. Historia eta kultura oparodun herria da Sri Lanka. Portugal, Holanda eta Ingalaterraren kolonia izana da eta kolonia horien eragina nabarmen da denean, ingelesena batez ere. Gehienak tamilak (iparraldean) eta zingalesak dira (hegoaldean). Bukaerarik gabeko gerran bizi den herria da (batez ere iparraldean -tamilek independentzia lortu nahi dute-), eta horregatik, ohiko turismo bideetan arriskutsutzat jota dago Sri Lankara joatea (honetaz euskaldunok zerbait badakigu). Arrazoi hori dela eta, oso modu onean zen, bai bertara joatea eta baita hango bizimodua ere (guretzat, noski).
Ohiturei dagokienez, emakumeak etxerako izaten segitzen du han. Gizonezkoa da plazan ibiltzen dena (gona edo "shadoga" jantzita) eta zail da emakumezkoa kalean ikustea, hiriburuan ez baldin bada. Era guztietako jendea ikusten da noski, baina patroi ttikikoak dira oro har eta azal ilunekoak. Otordua arrozarekin osatzen da, arroza erdian eta hura laguntzeko beste hamaika plater ttikitan saltsak (pikanteak), okela, oilaskoa, eta abar. Kostaldera arrimatuz gero, ez inolaz ere mariskoari muzinik egin (Ahungalleko hondartzaren alde batean familia batek marisko janak antolatzen ditu. Ahal izanda, probatu). Edateko, tea aurkituko duzu nonahi. Munduko terik onena produzitzen dute, nahiz eta beraiek hartzen duten modua guri arrotza gertatu. Tea erostekotan bazabiltza, erreginaren tea deitzen diotena ei da onena (Ingalaterrako erreginari bidaltzen diotena omen). Eta tearekin batera, espeziak. Era guztietakoak aurkituko dituzu, eta baita inon diren sendabelar guztiak ere. Diruz ondroso baldin bazabiltza berriz, harri bitxiak. Sri Lanka oso aberatsa da errubi, diamante, topazio eta gainerakoetan.
Ezagutzeko tokiak aipatzen hasita, Colombo aipatu behar da ezinbestean. Hiriburua izaki, hara ailegatuko zara aurrena. Jende nahasketaz gain, ez nion nik ordea beste graziarik harrapatu. Hortik aurrera, barnealdea eta itsasaldea ezagutzeko gomendioa egingo nizuke. Barnealdean Anuradhapura, Polonaruwa, Siriya, historia izugarria duten tokiak dira: garai bateko eraikinak, Budari eskainitako pagodak (errezo tokiak), pinturak... Anuradhapuran, Brazen jauregia ikusi ahal izango duzu eta Sri Maha Bodi zuhaitz sagaratua ere bai. Sigiriyan berriz, monasterio zahar batean, harkaitzean egindako pintura zaharrak. Toki horietan guztietan Budaren eskulturak ikusiko dituzu nonahi (Buda Aukana adibidez, altueran 13 metro dituena). Inguru horretan, Pinawelan elefanteak aukeran (elefantea da Sri Lankako animalia nagusia). Eskualde berean, diruz oso pobre ez bazabiltza behintzat, Dambullako Kandalama hotela duzu bisitatu beharrekoa: basoaren erdian, inguruarekin bat egindako luxuzko hotela da. Kapritxoa.
Kandy da Sri Lankako bigarren hiria. Uhartearen erdi parean dago eta hiri sakratua da; Budaren hagina hantxe dago. Historia luzea du Budaren haginak: orain templu ikusgarri batean giltzapetuta daukate. Urtean behin bakarrik ateratzen dute hagin sakratua, abuztuko ilargi betearen aurreko hamar egun eta gauetan. "Esala Perahera" du izena prozesioak eta harrigarria da; Sri Lankako festarik handiena omen. Sekulakoa da prozesioa. Arropa ikusgarriz apaindutako elefanteak dira nagusi bide guztian. Konta ezin ahala elefante. Horietako batek darama hagin sakratua. Inguru guztian berriz, erlijioso, dantzari, fakir eta musikariek, berealdiko ikuskizuna sortzen dute. Gauekoa da ikusgarriena. Sri Lankara joaten hasita, merezi du beraz, aldez aurretik abuztuko ilargiaren kontuak ateratzeak.
Osterantzean, bidaia guztietan bezala norberak hartuko dio neurria lurraldeari. Bi gomendio ez nituzke gorde nahi, ordea: Nuwara Eliya eta Galle. Nuwara Eliya altuen dagoen herria da: mendi-mendian eta te soroez inguratuta. Garai bateko ingeles aberatsen atseden leku izana, etxe zoragarriak bezala argirik gabekoak ikusiko dituzu, baina dena paisaje berde-berdean kokatua. Aukera izatera, tea nola egiten duten ikus dezakezu te etxe batean. Tea egiteko prozesuarekin lotuta, beste hotel bat ere aipatuko nuke, atrebentziaz: Tea factory izenekoa, hain zuzen. Gu joandakoan ireki berria zen, mendi kasko batean dago eta garai batean tea egiteko fabrika izana zen. Orduko izaera errespetatuz hotel bihurtu dute. Ikusgarria da. Bertan geratzen bazara, behean pauso batzuk eginda dagoen herrixkara jaitsi, ea oraindik etxeetan argirik gabe segitzen ote duten ikustera. Bertako jendea nola bizi den jakiteko toki ezin hobea da horrakoa.
Galle berriz hegoaldeko kostan duzu. Defentsarako eraikina du kuriosoa (ez naiz askoz gehiago akordatzen), baina inguru guztia, itsasalde guztia interesgarria da egun batzuk bertan lasai egiteko. Ipar ekialdean, bestalde, Trincomaleeko badia bisita dezakezu. Urteetan turistak gutxi iritsi diren tokia da, munduko badiarik ederrenen artean aintzat hartua halako sailkapenik egitera ausartzen direnen artean. Turistakeriaren bat edo beste egiteko, azkenik, Bundalako parke nazionala aipatuko nuke. Tokia bikaina da, elefante, krokodilo, bufalo eta abarrak turistak entretenitzeaz aspertuta dauden arren.
Zerorrek ikusi beharko duzu hortik aurrerakoa. Indiaren malko "deskafeinatuak" tentatzen zaituen, edo "benetakoa" behar duzun. Uharteei buruz ari garenez, ez ahantzi Maldivak ere urruti ez dauzkazula... oso turista tipikoa baldin bazara, noski


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tamil herria
Waran Kangeyan
“Tamilek gogotik eusten diote hizkuntza transmisioari”

Waran Kangeyan (Brent, Londres, Erresuma Batua, 1991) udan izan zen Euskal Herrian. Gaztea da bera eta HIGA, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketara etorri zen.  Tamila da, baina ez da ez Sri Lankan ez Indian jaioa. Londrestik bidaiatu zuen Gasteiza hizkuntza... [+]


2018-04-11 | Jabi Zabala
Ahilan Waradarajah eta Viraj Mendis
“Negoziazioak ondo badoaz, Mandela bihur zaitezke, baina gerra galtzen baduzu, zure bila etorriko dira”

Askatasun Tigreak gerrillaren amaiera izan zen 2009ko maiatzeko sarraskia. Sri Lankako armada sinhalarraren garaipenak amaiera eman zion de facto independentea izan zen Tamil Eelam-eko estatu saiakerari. Genozidioa ere izan zen hura, Viraj Mendis eta Ahilan Waradarajah... [+]


2005-01-30
Indian ikasi dute hondamendiei aurre egiten

Pello Zubiria zubiria@argia.eus 2004ko Eguberri bigarreneko tsunamiaren ondoren Indiak atzerriko laguntzari uko egin zionean asko izan ginen harrituak. Hori ordea hala izan da Indiako Gobernuz Kanpoko Erakundeak inguruko besteei laguntza eskaintzeko bezain sendoak direla ez... [+]

Eguneraketa berriak daude