argia.eus
INPRIMATU
EUSKALDUNTZEA
FAMILIAKIDE BERRIEKIN SOLASEAN
  • Uda igarotzeko aukera bat da. Ez berria, aspalditik hartzen baitituzte familia euskaldunek euskara ikasi nahi duten ikasleak etxean. Garai batean lana egin behar izaten zuten horren truk. Orain, dirua ordainduz, etxeko beste edozein balira bezala hartzen dituzte.
Izaskun Jauregi 2017ko azaroaren 28a
Hogeita hamar urte-edo badira familia euskaldunek ikasleak euren etxeetan hartzen dituztela euskara ikas dezaten. Hasieran ordea, apaizen edo ezagunen bitartez egiten ziren kontaktuak. Ezer ordaintzen ez zutenez, gainera, ikasleek mantenuaren truk lan egin behar izaten zuten. 1986an sortu zen plangintza, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailordetzaren eskutik. Eta orain bost urte "Egonaldiak Familia Euskaldunetan" programaren ardura hartu zuen HABEk. Guztira, 2.500 ikasle inguruk parte hartu du hamabost urteetan eta 300 bat familiak. Aurten 62 familik 127 egonaldi eskaini dituzte -batez beste, famili bakoitzak bi eskaintzen baititu-, maiatzaren 5etik ekainaren 5era luzatu den epean.
Sortu zenean behar zehatz bati erantzun nahi izan zion plangintzak: inguru erdaldunetan bizi eta ikasturtean zehar euskara ikasten zutenek, eskolatik kanpo euskaraz hitz egiteko aukera ezari, alegia. Oporrak aprobetxatuz, familia euskaldunekin bizi eta euskaraz aritzeko aukera eskaintzea egokia zen premia horri erantzuteko. Egun, behar hori bera ere mantentzen da, baina udako egonaldiak beste helburu batzuekin ere egiten dira. Plangintzan parte hartu nahi duten ikasleek hemezortzi eta berrogeita bost urte bitarteko adina izan behar dute eta HABEren euskalduntze programazioko zortzigarren urratsa edo horren baliokidea gainditua. Baina hori bete beharreko gutxiengoa da. EGA duten ikasleek eta Filologiako ikasleek ere egiten dituzte eskakizunak. Hauek euskalki jakin bat ezagutu nahi izaten dute, normalean euren lurraldekoa. Batzuk gainera, Iparraldeko leku jakin bateko hizkera aztertzeko asmoa dute. Azkenik, baserri giroko euskal kulturarekin harremanetan jartzeko ere eskakizun ugari egiten da. Ikaslegehienak kalekumeak dira eta bizimodu hau ezezaguna da eurentzat. Bide batez, harreman berriak sortzen dituzte familiarekin eta herriko jendearekin. Isabel Soto iruindarrak dioenez, "euskaraz bizitzera" joaten dira, euskara ikastera baino gehiago. Bi urtetan segidan joan da Nafarroako Zubietara udan hilabete igarotzera, eta aurten errepikatzeko asmoa du.


SAREA BERMATU.

Eskaera aurkezten duten familiek ere hainbat baldintza bete behar dute. %70etik gorako euskaldun kopurua duten herrietan biziko dira; gutxienez, ikaslea bertan bizi den garaian familiak lau kide izan behar ditu; euren komunikazio hizkuntza eukara izango da; eta logela bat izango dute ikasleari eskaintzeko. Hori horrela izanik, HABEtik familia bisitatzera joaten dira, egunean zehar ikasleak ahal dela beti norbait solaserako duela bermatzeko. Honela, ikaslearen eta familiaren artean plan bat finkatzen da eguna osatzeko: goizean egon daiteke semearekin, eguerdian amarekin... Horretarako ikasleak etxeko eginkizunetara moldatu behar du. Garrantzitsua da baita ere ahalik eta solaskide ezberdin gehien izatea. Aitonak eta alabak ez dutelako berdin hitz egiten eta gaiak ere ezberdinak direlako. Baina plangintzak ez du bakarrik familiarekin egotea eskaintzen. Kalean ere euskaraz bakarrik egingo duela ziurtatu nahi da. Horretarako, HABEk etxetik kanpoko sarea bermatu behar du. Adibidez, Donostiako etxeek aurkeztutako eskaerak sarri ez dira onartzen, ez baitzaie ikasleei kaleko bizimodu euskalduna ziurtatzen.
Ingurua eta familia finkatuta, norberaren izaerak baldintzatzen du emaitza. Ikasle batzuk aukera guztiak aprobetxatzen dituzte hitz egiteko. Horiek, ulermenean asko aurreratzen dute eta baita hizketan ere. Ixilak eta lotsatiak ordea, norbaitek zerbait esan arte zain egoten dira erantzuteko. Hori da, hain zuzen, HABEren betiko borroka, familiak beti eskaintzen baitu nahiko aukera. Ikasleak jakin behar duena da, hizkuntza bat arituz ikasten dela