SOINU BANDEN HIRU MOSKETEROAK

  • Garai onak bizi dituzte zinemako soinu bandek. Ia marginalak izatetik, beste edozein genero adina saltzera pasa dira. Euskal Herrian puntako hiru soinu banda egile ditugu: Angel Illarramendi zarauztarra, Bingen Mendizabal gasteiztarra eta Alberto Iglesias donostiarra. Hauen ustez ez da moda edo kasualitatea, musikak istorio bat kontatzeko duen garrantziaren ondorio baizik.

2007ko otsailaren 21ean
Filma estreinatu baino lehen ere salgai egotera pasa dira soinu bandak. Berdin dio propio konposaturiko musika izan edo filmaren aitzakian kanta itsaskorrez osatua egon. Edozein dendatan, soinu banden apalak euskal musikari eskainitakoak adina toki hartzen du dagoeneko. Gazte nahiz helduentzako kontsumorako produktu bihurtu dira. Are gehiago, banaketa on batekin eta filmak harrera ona baldin badu, disko salduenen artean egotera hel daitezke. Alberto Iglesias donostiarra Espainiako Estatuan dagoen konposatzailerik gorestuena dugu; lau Goya sari irabazitakoa da Julio Medem eta Pedro Almodovarren filmak musikatuz, azkena aurten Almodovarren "Todo sobre mi madre"rengatik. Berak dioskunez, "ez da moda soil bat; onak badira, soinu bandek goiari eutsiko diote. Gainera, ez dut uste diskoetxeek bultzatutako gertakari komertziala denik; gehienez ere, filmen tiradizoaz baliatzen dira musika saltzeko. Nire iritziz hutsune bat dago musika garaikidean, eta haien tokia hartu du zinema musikak". Uste berekoa da Angel Illarramendi konpositorea: "Ez dakit noiz arte iraungo duen, baina bitartean, errebotez izanda ere, gure lana ezagutarazteko balio digu. Lehen berriz, film oso ezagun bateko musika izan ezean, nabarmendu gabe kaleratzen ziren soinu bandak". Zarauztarrak, besteak beste, Gracia Kerejetarekin egin ohi du lan eta azkenaldian Helena Tabernaren "Yoyes" filma ere musikatu du.
Berezko hizkuntza du musikak eta, irudiekin batera jarriz gero, biderkatu egiten da bere indarra. "Konparazione, liburu edo olerki bat irakurtzean, informazioa adimenetik pasatzen zaigu sentimenduetara iristeko. Musika aldiz, zuzenean iristen da arimara, galbaherik gabe", dio Iglesiasek. "Zaila da musikarion hizkuntza hitzez adieraztea, ia ezinezkoa esango nuke; horregatik hitz egiten da hain gutxi musikaz", gehitzen du.
Hirurak ados daude film batean musikak duen zereginaz hitz egiterakoan: girotu eta istorioa kontatzen lagundu behar du. Bingen Mendizabal gasteiztarra Juanma Bajo Ulloa eta Montxo Armendarizen ohiko soinu banda egilea da. Bere aburuz, film bakoitzean musikak zeregin ezberdina izaten du: "Zerbait azpimarratu, areagotu eta, zergatik ez, emozioa gutxitzeko ere balio du. Nik gehien atsegin dudana girotzea da, mundu paralelo bat sortzea, alegia. Erraz hunkitzeko sartzen den musika ere guztiz eraginkorra da. Nik 'Alas de Mariposa'n kutsu hori erabili nuen eta, egia esan, oso ongi funtzionatzen du. Txarrena zuk nabaritzea izaten da, behar den moduan eginda ez dagoen seinale; faltsua izatera ere irits daiteke. Ikustezina izatea litzateke onena. Hori gure ikuspuntua baldin bada ere, beste batzuei musikak 'azukre' gehiegi izateak ez die inolako trabarik egiten, alderantziz. Kontuak kontu, ni efektismotik alde egiten saiatzen naiz". Illarramendiren ustez, "girotzeaz aparte, filmaren arnasa, tenpoa ere izan behar du musikak, une dramatikoaren pultsua eraman behar du. Bi musika mota izaten ditu film batek: doinu nagusia batetik eta une dramatikoak bestetik. Zuzendari batzuek filmen musika txaketaren barrukoa bezalakoa izatea nahi dute, ez diezaiola istorioari itzalik egin". Iglesiasen ustez, halaber, musikak betekizun bat baino gehiago izaten du film batean: "Alde batetik, sinkronizazioan eta muntaketan erabiltzeko, eta bestetik, istorioaren emoziozko alderdia areagotzeko; biak dira narrazio moldeak. Era berean, film bakoitzak irudimenezko soinua du errealitatea modu batera antzemateko. Musikaren zeregina hartara, irudimenezko mundu hori eta benetako soinuak uztartzea izaten da".
Konpositoreek zinegileekin duten harremana nahikoa berezia izaten da, musika sortzeko duten askatasuna baldintzatzeraino. Bingen Mendizabalen ustez, "zuzendariak beti daki zer nahi ez duen, baina ez beti zer nahi duen. Lurralde neutro batera joan behar da beraz, elkarri ezer inposatu ez diezaiogun". Alberto Iglesias zuzendariengana gehiago gerturatzearen aldekoa da, "eta horrek ez dit askatasuna kentzen, kontrakoa, hobeto ezagutzen baitut zer nahi duten nire kasa lan eginda baino. Elkarlan estua izaten da". Almodovarrekin ulermen maila ona erdietsi du Albertok: "Jarraipen bat izan dut Pedrorekin eta oso litekeena da bere hurrengo filman ere elkarrekin aritzea. Bere zinema maite dut, nahiz eta proiektu zorrotzak izan ohi diren. Julio Medemekin bestalde, ederki konektatzen dut. Hala ere, Juliorekin beti saiatzen naiz leku ezberdin batetik abiatzen; hori dela eta, gero eta erronka handiagoa ari da bihurtzen. Baina tira, gustukoa dut esperimentatzea".
Inspirazioak lanean harrapa zaitzala esan ohi da. Illarramendiren esanetan, "lanean irekitzen zaizkizu zirrikitu guztiak. Ura lur azpian aurkitzea bezalakoa da; nahiz eta aurkitu, nola iritsi beheraino eta ekarri azalera, hor dago koska". Iglesiasek, jasotzen dituen gidoi ugarien artean, hunkigarriak direnak hobesten ditu inspirazioaren argia piztu diezaioten: "Istorio batek hunkitzen bazaitu, askoz errazagoa da inspirazioa aurkitzea. Gidoi bat musikatzeko, halako xarma eduki behar du. Batzuetan bere sinpletasuna dela medio erakartzen nau eta beste batzuetan berriz, konplexutasuna duelako. Askotan gainera, gauza sinpleak musikatzea konplexuak lantzea bezain makurra izan daiteke".
Euskal Herria musikari trebeen sorleku dela esan izan da beti. Ez dezagun ahaztu gainera, aipatu hiru konposagileez gain, Pascal Gaigne ere hor dagoela, Victor Ericeren "El Sol del membrillo" filman soinu banda bikaina egin ondoren. Bingen Mendizabalek ez du uste sentsibilitate berezia dugulako denik: "Ohitura eta tradizioa badugu, bai, baina beste tokietan ere bai". Illarramendiren irudiko ordea, "badago zerbait. Euskaldunok beti izan gara xelebreak, bai borrokarako, bai musikarako. Horra hor gure tradizio musikala; garai batean, kalean edo tabernetan kantatu eta dantzatzen jardutea oso normala zen, nahiz eta orain hori galtzen ari dela dirudien". Alberto ere giroak zerikusi handia duelakoan dago: "Umetatik barneratu nuen nik zinemaren lilura. Donostiako alde zaharrean jaio nintzen, eta han, badakizu, Zinemaldia urtero egotea kristoren poza izan da beti. Lagun giroak ere eragin handia izan zuen, zinema ikusteaz gain, batzuk zinema ere egiten hasi ziren-eta. Dena den, Euskal Herrian potentzial handia dago alferrik galtzen ari dena. Askoz soinu banda konpositore gehiago egon zitekeen musika heziketa egokiagoa izango balitz. Esaterako, kontserbatorioetan ikus-entzunezko proiektuak ikasgaien artean sartzen eta proiektuak garatzen hasi beharko lukete. Oso ekimen gutxi dago; azken batean, Bingen, Angel eta ni neu frankotiratzaileak gara"


Azkenak
Nafarroako AHTko lanetan esklabotza egoerak daudela salatu du AHT Gelditu elkarteak

Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.


Trumpen eta fiskal demokraten arteko borrokak migratzaileen deportazioa oztopa dezake

AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.


2025-01-24 | Julene Flamarique
Genero indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost alaba-semeen etxegabetzea salatu dute Burlatan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


2025-01-24 | Gedar
Europako gastu militarra, eztabaidaren erdigunean Davosen

 Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


2025-01-24 | Euskal Irratiak
ELB sindikatuaren zerrendaburu Julen Perez
“Laborarientzako proiektu azkar bat dugu, Euskal Herriari itzulia dena”

Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.


Ordoñezen hilketa, “Oldartzen” eta “Alternatiba demokratikoa”-ren testuinguruan

Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Eguneraketa berriak daude