MP3 FORMATUA: SARETIK DATOR IRAULTZA

  • Informazio kopuru izugarria dabil uneoro, batetik bestera, Interneten. Testuak, irudiak... eta gero eta gehiago audio eta bideo formatuko artxiboak. Hauek arazo bat dute, ordea: espazio handia okupatzen dute. Musika sarearen bitartez zabaltzeko, beraz, soinua ahalik eta gehien konprimitzean dago gakoa. Kalitatea ahal den neurrian mantenduz, beti ere. Zentzu horretan MP3 formatuak jauzi handia ekarri du, berau erabilita soinuak askoz toki txikiagoa betetzen baitu kalitateari kalte handirik eragin gabe. Musika Interneten entzun edota saretik jasotzea gero eta errazagoa denez, MP3ak musikaren mundua goitik behera aldatuko duela (edo aldatzen ari dela) aurreikusten du askok.
Zer da MP3? MP3 izen luzeago baten laburdura da berez: MPEG-LayerIII. Eta MPEG, aldiz, Motion Picture Coding Experts Group-en laburdura. Konpresio algoritmoa da MPEG-LayerIII, batetik datu errepikapena erabiltzen duen, baina, bereziki, teoria psiko-akustikoez baliatzen den algoritmoa. Beste modu ulergarriago batean esanda, MP3ak giza entzumenak antzematen ez dituen eta beste soinu batzuei gainjartzen zaizkien soinuak ezabatzen ditu. Praktikan, 4 minutuko abesti batek Wav formatuan (lehen erabiltzen zen formatua) 40 Megabyte (Mb) betetzen zituen bitartean, MP3 formatu digitalean 4 Mb baino gutxiago nahikoak dira horretarako. Zer esan nahi du horrek? CD bakar batean 10 edo 11 ordu gorde daitezkeela (100-150 kantu), musika Internetetik azkarrago jaso daitekeela eta gure ordenagailuari askoz memoria gutxiago jango diola. Soinuaren kalitatea galtzen dela? Bai, baina ez gure entzumenak antzemateko neurrian.
MP3 formatuko artxiboak maneiatzea erraza da gainera, eta ez du ekipo informatiko berezirik eskatzen. 486 ordenagailu bat eta soinu tarjeta soil bat (16 bit) nahikoak dira. Musika sarean bertan entzun edo ordenagailura jaitsi daiteke. Norberak bere MP3 artxiboak ere sor ditzake edota kantu bildumak sortu eta formatu desberdinetan gorde. Musika ordenagailuan entzun ahal izateko softwarea oso merke (batzuetan dohainik) lortu daiteke sarean bertan. PC-arentzako erreproduzitzaile zabalduena WinAmp da eta Macintosh-entzako, berriz, MacAmp.


TRESNA BERRIAK.

MP3ak etorkizun oparoa duen seinale, gero eta enpresa gehiagok ekin dio formatu honen inguruko produktu desberdinak kaleratzeari. Esan dugu ordenagailua nahikoa dela berau erabiltzeko, baina aukera zabaldu nahi izanez gero, gailu berriak agertzen ari dira etengabe merkatuan. Batetik, jasotako musika ordenagailu gelatik kanpo eramateko parada eskaintzen diguten tresnak daude dagoeneko salgai. Musika zuzenean ordenagailutik kargatu eta edonora eraman daitezkeen walkman modukoak dira. Horrelako produktu bat merkatuan jartzen lehena Diamond Multimedia enpresa izan zen bere RIO PMP300-ekin. Tabako kaxa baten tamaina du eta 70 gramoko pisua besterik ez. Ondoren iritsi ziren Samsung etxearen Yepp 32MO eta Yepp 64MO eta Sony-ren Vaio. Walkman berri hauen prezioa 25.000 pezeta (1.000 libera inguru) eta 47.000 pezeta artekoa da, gorde dezaketen informazioaren arabera.
Tresnez gain, MP3aren inguruan programa berriak ere etengabe ari dira sortzen: DJ-entzat erreproduzitzaile edo Player bereziak, CDetatik MP3ak sortzeko Ripper-ak, konpresiorako Encoder-ak...


AUKERA ZABALA.

Alderdi teknikoak albo batean utzita, MP3 formatua erabiltzen duten webguneetara jo ( hurrengo orrian gune esanguratsuenen zerrenda bat ipini dugu) eta aukera zabalarekin egingo du topo erabiltzaileak. Gune bakoitzak ehundaka artista eta kantu desberdin, ezagun nahiz ezezagun, eskaintzen ditu. Estilo ezberdinen zerrenda ipini ohi dute aukeran gune hauek, eta gehien entzun eta jaitsitako kantuen zerrenda ere moldatzen dute. Berrikuntzak aurkezten dituzte batzuk edo promozionatu nahi dituzten abestiak nabarmentzen. Guztiek bilatzailea ere badute, musikariaren izenez nahiz abestiaren titulua ipiniz funtzionatzen dutenak. Bi aukera eskaintzen ditu abesti bakoitzak: sarean bertan entzutea bata, ordenadorean gordetzea bestea. Kantu batzuk doan eskaintzen dira, beste batzuk, ordea, ordaindu egin behar dira. Gainera, talde eta musikarien informazioa eskaintzen dute webgune gehienek.


HASIBERRIAK IZARREN PARE.

Entzulearen ikuspuntutik jardun dugu orain artean. Baina ezin ahaztu musikariei formatu digital honek ekarri dizkien onurak. Musikari berri eta ezezagunei bereziki. Izan ere, edozeinek, webgunea sortu duen enpresaren kontratua onartuz gero, sarean doan ipini baititzake bere konposizioak MP3 formatuan. Camilo Mateo informatikaria da ASP enpresan, baina musikan ere jarduten du. "Cordeles de viento" bere taldeak lehen diskoa kaleratzeke duen arren, Interneten entzungai daude dagoeneko bere lanak. Vitaminic enpresarekin du kontratua. Abestiak sarean jartzeko prozesu guztia PC soil baten bitartez egin zuen. Abestiak MP3 formatuan bidali, taldearen inguruko informazioa erantsi, estilo jakin batean kokatu, promozionatu nahi den abestia hautatu eta produktua mundu osoan zabaltzeko prest dago. Abestiaren prezioa ere norberak jartzen du. "Guk doan eskaintzen ditugu" dio Mateok, "gure asmoa ez baita honekin aberastea, entzunak izatea baizik". Baina prezioa ipiniz gero eta gune bakoitzak finkatutako kopuru minimo batera iritsita, irabazien erdia (Vitaminic-en kasuan) artisten eskuetara joaten da. Bitxikeria moduan, fan club bat izateko aukera ere bada.
Promoziorako aukeratutako euren abestiak 1.000 entzuletik gora izan dituela esaten dute enpresak emandako datuek. Horietatik erdiek ordenagailura jaitsi dute gainera. "Zure lana ezagutzera emateko aukera duzu eta zure taldea musikako izar handien ondoan, aukera berberekin, jartzea ahalbidetzen du euskarri honek".
Elkarlana ere bultzatzen du MP3aren garapenak eta kantu berbera batera lantzen jardun dezakete elkarrengandik milaka kilometrora dauden bi musikarik.
Musikaren industria irauli dezakeen formatu honen etorkizunaz inork zalantzarik balu, kontuan har beza datu hau: searchterms.com-en arabera, "MP3" bigarren termino erabiliena da bilaketa motoreetan. Bilatuena "sexu" hitza da

INDUSTRIA DISKOGRAFIKOAREN EGONEZINA
MP3 FORMATUA MUSIKAREN INDUSTRIARENTZAKO mehatxu handia da, kasetea asmatu zenetik izan duen mehatxu handiena, adituen esanetan. Kasetea ez bezala mehatxu digitala da gainera formatu honek diskoetxeei ekarri diena. Diskoen kopiak egitea hain erraza izanik, CDen salmentak behera egitearen beldur dira. Horren erakusle da Diamond Multimediak bere Rio erreproduktorea merkaturatu ez zezan industriak eginiko ahalegina. Bestalde, Public Enemy taldeko Chuck D-ren diskoetxeak neurriak hartu zituen honen aurka, argitaratu gabeko kantuak sarean ipintzeagatik.
Berez legez kanpokoa da MP3 musika artxiboak trukatu edo jaistea, ez badira lehenago egile eskubideak ordaindu. Badira web gune legalak egile eskubideen aldetik zorrotz jokatzen dutenak. Eta, hala ere, batek baino gehiagok arazoak izan ditu horregatik, Napster-en web guneak kasu.
Gainera, legez kanpoko MP3 mordoa dabil sarean. Horiek detektatu eta ezabatu ahal izateko konpainia indartsuenak armiarma izeneko bilaketa sistema bereziak garatzen ari dira. Horrez gain, Recording Industry Association of America delakoak Secure Digital Music Initiative ekimena jarriko du abian datorren udazkenean. MP4az, MP3aren bertsioa hobetuaz, hitz egiten hasiak dira batzuk dagoeneko eta diskoetxeak beldur dira hartzen ari diren neurriak ez ote diren nahikoak izango etengabeko aldaketan ari den esparru hau kontrolpean izateko.

NON BILATU
GERO ETA UGARIAGOAK dira MP3 formatuaren inguruko web guneak. Horietatik zabalduenak hartuta zerrenda bat burutu dugu. Batetik, MP3 artxiboak entzun eta jaisteko guneak ugariak dira eta gehienek formatuari buruzko informazio zabala eskaintzen dute: www.mp3.com, www. vitaminic.es, www.tunes.com, www.peoplesound.com, www.thomson-music.com, www.goodnoise.com, www.musicmatch.com, www. napster.com. Bestetik, bilaketa motoreak ere badira. Adibide gisa, Lycos-ek duena: mp3.lycos.com. Softwarea lortzeko orduan honako bi helbide hauek dira bisitatuenak erreproduzitzaileetan, PC zein Macintoshen jabeen aldetik: www.winamp.com, www.macamp.com. Kodifikatzaile edo encoder-a eskuratzeko orduan, aldiz, beste bi helbide hauek: www.anime.net, www.xingtech.com.


Azkenak
Donostiako kaiko lizentzia onartu zuen funtzionarioa eta bere semea «gutxienez beste lautan» elkarrekin aritu dira, salatu dutenez

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak irregulartasunak salatu ditu Parte Zaharreko lizentzia askoren harira, baita salatu ere "onuraduna" ostalaritza dela "beti". Azalpenak eta ardurak eskatu dituzte.


2025-01-27 | Julene Flamarique
Energia berriztagarriak fosilei gailendu zaizkie EBko energia elektrikoaren sorkuntzan 2024an

Gasetik sortutako elektrizitate ekoizpena bosgarren urtez jaitsi da, eta jatorri fosileko elektrizitate sorkuntza orokorra minimo historikoan dago, Ember erakundearen European Electricity Review txostenaren arabera.


Ureztatu neguan

Otsailean, neguaren erdigunean gauden honetan, lehentasuna  gorputza ondo ureztatua edukitzea da. Intxaurrondoa egiten ari den bezala: sustraiak neguan  biltegi gisa erabiltzen ditu, sustrai motz eta lodiak behar ditu, ura eta lurreko mantenugaiak biltzeko.


Itxura ahuleko ehiztari ahaltsua

Gaur egun Lur planetan bizi diren intsekturik handienek 30 cm inguruko tamaina izan dezakete, gizaki baten seiren bat, gutxi gorabehera. Horien artean daude tximeleta eta sits erraldoiak edo kakalardo potoloak. Halako izaki harrigarrien aurrean nola bada erreparatu lau... [+]


2025-01-27 | Jakoba Errekondo
Txerriaren belarrak

Txerri-hiltze sasoia da negua. Hotzak beroarena errazago kenduko dio. Guri ere txerriez hitz egiten dugunean beroarena behinik kenduko baligute!


2025-01-27 | Garazi Zabaleta
Hazi sarea
Herriko haziak biltzeko eta zabaltzeko tokia Itsasun

Urteak daramatza Ipar Euskal Herriko Biharko Lurraren Elkarteak (BLE) bioaniztasun landatuaren inguruan lanean. “Hainbat proiekdu ditugu abian, eta horietako bat baratzeko hazien ingurukoa da”, azaldu du Nico Mendiboure Hazi Sareko kideak. Duela lau bat urte hasi... [+]


'Itoiz, udako sesioak' filma
“Itoizek eragindako emozioen bideari eutsi diogu, Juan Carlosek egin duen benetako prozesua jaso dugu”

Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.

 


Nafarroako AHTko lanetan esklabotza egoerak daudela salatu du AHT Gelditu elkarteak

Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.


Trumpen eta fiskal demokraten arteko borrokak migratzaileen deportazioa oztopa dezake

AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.


2025-01-24 | Julene Flamarique
Genero indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost alaba-semeen etxegabetzea salatu dute Burlatan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


Eguneraketa berriak daude