"ANTZERKIA MATEMATIKEN PARE EMAN BEHARKO LUKETE ESKOLAN"

  • Algorta sorlekua aspaldi utzi bazuen ere, bizkaieraz mintzo da oraindik Garbi Losada antzerki zuzendaria. Pedagogia Donostiara ikastera etorri eta bertako Egia auzoan bizi da egun, Jose Antonio Vitoria laguna eta Tomas 4 urteko semearekin. Ados Teatro bere konpainia garai gozo batean dagoela harrapatu dugu, "Manolito lau begi" antzezlanak antzerki talde orok behar duen bultzada eman die-eta. Baina ez da Manolito Garbiri begiak dir-dir jartzen dizkiona, Tomas semea baizik; are gehiago Cirque du Soleil-en ikuskizuna ikusi ondoren musuka hasi zitzaionekoa kontatzen digunean. Adinaz galdetzean ostera, lotsagorritu eta Koldo anaia baino zertxobait zaharragoa dela jar dezadala esan dit.

2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Noiz piztu zitzaizun antzerkiarekiko grina? Eta inoiz pentsatu al zenuen lanbide bilakatuko zela?
Bada, umetan ikastolan obrak taxutzen hasi ginen, eta lehengusuekin ere gure antzezpentxoak egiten genituen etxean, sarrera eta guzti kobratuz. Hona etortzean fakultatean jarraitu nuen.. Pedagogia ikasketak amaituta, hiru hilabetez klaseak eman nituen San Patricio ingeles eskolan. Gustukoa nuen arren, antzerkirako grinak gehiago ahal zuen. Koldo anaia ere, Biologia ikasi ondoren, hona etorri zen laborategi batean lan egitera. Ondoren Tanttakan hasi ginen. Garai hartan ez nuen inoiz pentsatuko lanbide bat izan zitekeenik, baina hara! Pribilegiatua naiz alde horretatik.

Urteak eman zenituzten Koldo eta zuk Tanttakan.
Bai, egia esanda, hamalau bat urte egin genituen han. Hasiera hartan obrak elkarlanean prestatzen ziren, denen artean egiten zen dena. Denetik egitea oso gustukoa banuen ere, pixkanaka aktore lana alboratu eta zuzendu eta idazteari lotu nintzaion, lan aukera handiagoa nuelako edo.

Oker ez banago, "Agur, Eire, agur" antzezlanean mutuarena egiten zenuen, ezta?
Ufff, baina hori duela urte mordoa izan zen, historiaurrean ia ia. Baina bai, oso rol polita zen; bitxia da nola batzuetan jendea hobe gogoratzen den zutaz tutik ere esaten ez duzun rol batengatik pertsonaia hitzontzia izateagatik baino.

Duela bost urte zer dela eta erabaki zenuten Ados Teatroa sortzea?
Ezkontza luzea izan zen gurea Tanttakarekin eta bide berriak urratzeko gogoa genuen; baina ez pentsa, ez zen haustura bat izan, prozesu naturala baizik. Ados-ekin hasi ginenean oraindik Tanttakaren "Todas culpables" antzelanean nengoen aktore modura beste hiru emakumerekin.

Jaio zenetik goranzko joera izan du Ados Teatroak, "Robinson Crusoe", "Lamiak", "Desperrados" eta orain "Manolito lau begi".
Hasierak beti dira zailak hemengo edozein talderentzat. Zorrak kitatzea izan zen makurrena, gorabehera franko genituela "Robinson" haur antzerkia egitea lagungarri izan zen. Gero, neuk idatzitako "Lamiak" prestatu genuen. Obra horrekin Bartzelonara joatean konturatu ginen Euskal Herritik kanpo ateratzea funtsezkoa dela antzerkitik bizi ahal izateko. "Desperrados" aldiz, askoz gehiago mugitu dugu.

"Manolito lau begi" euskarazko bertsioa urte hasieran estreinatu ondotik, zer moduzko harrera izaten ari da Estatu mailan?
Ia txoko guztietan izan gara Manolitorekin, Galizian, Andaluzian, Katalunian izan ezik; hango konpainia baten babesik gabe zaila baita han antzeztea; baina tira, saiatuko gara, Kataluniako publikoa oso hezia da-eta. Orain Gaztela Mantxa aldean bira bat egiten gabiltza eta datorren urtean Madrilgo antzoki batean taularatuko dugu.

Horren harira, ezustea izan zen Elvira Lindok "Manolito lau begi" egiteko eskubideak Ados-i eman izana, zuekin lehian zeuden konpainiak hain ezagunak izanda....
Bai, horixe, guk ere ez genuen inolaz ere espero. Manolito zale porrokatuak izan gara beti, gazte literatura dirudien arren, helduentzat ere badelako. Hasieran sinetsita geunden eskubideak emanda zeudela, Alfaguara argitaletxeko libururik salduenetakoa izanik, irratian ere entzule ugari zuen, eta hori gutxi balitz, filma ere prestatzen ari ziren. Baina ez. Elvirari deitu nionean, elkar ezagutzea izan zen eskatu zidan gauza bakarra. Madrila joan, gure proposamena egin eta hara non, baiezkoa eman zigun. Ondo moldatu ginen, emakume apala eta irekia da. Jakinaren gainean zegoen Manolitoren liburuak gehien irakurtzen diren tokia Bilbo dela. Antzezlana ikusi eta gero beldur ginen zerbait leporatuko ote zigun, baina ez, zoriondu egin gintuen.

Zuk egindako egokitzapena bere sei liburuetatik harturiko pasadizoez osatzen zen, gainera...
Hori izan da zailtasunik handiena, berez, motzak diren pasadizoak uztartu ordu t'erdiko dramaturgia egiteko, beti ere Manolitoren mundua islatuz, hau da, Carabanchel auzoa, familia, lagunak, eskola eta abar. Liburuak ez ezik, irrati emankizunak eta "El Pais"eko artikuluak ere baliatu nituen. Behin materiala pilatuta neukala, fintzen hasi nintzen.

Ados, Tanttaka, Txalo, Ur eta orain Max Sarietako bat jaso berri duen Markeliñe bezalako euskal taldeak kanpoan ere ezagunak izatea zeren ondorio da?
Nik uste ereindako haziaren emaitza dela. Hemengo edozein taldek halako goraipamena jasotzea gainera, ona da besteentzat ere, hemen egiten dena ikusteko jakinmina pizten duelako. Ibilbide handia egiteke dago katalandarren mailara iritsi arte, baina ze demontre! Zergatik ez?

Komertzialtasunak antzerkian bi helduleku izan ohi ditu, ona eta ez hain ona. Zure ustez, zer esan nahi du antzezlan bat komertziala izateak ?
Niretzat obra komertzial bat egitea publikoari zerbait interesgarria eskaintzea da. Hala ere, publikoa erakartzaren aitzakian ezin da edozer egin, zenbait publiko mota baitago. Antzerki esperimentala ere behar beharrezkoa da, baina publikoak erraz ikusiko duen obra bat egiteak ez du esan nahi esperimentazioarik ezin egon daitekeenik.

Antzerkiak ezin du telebistarekin lehiatu jakina, baina zer egin daiteke jendea antzerkira maizago hurbil dadin?
Programazio egonkor bat eratzean eta heziketan dago koska. Baina udalak ados jartzea sare bat egiteko ez da nahikoa, ikusgai dauden obrak ere askoz gehiago iragarri beharko lirateke komunikabideetan. Hori egingo balitz, ziur egon jendea askoz gehiago joango litzatekeela, ohitura bilakatzeraino.

Horri lotua, telebista audientzia kosta ahala kosta lortzeko tresna bihurtu delarik, antzerkiaren betekizunak are zirikatzaileagoa izan beharko al luke?
Bai, jakina, ikuskizun "zuri" bat eginda ere zure iritzia ematen ari zara. Behar hori dugu antzerkilariok, baina ez beti gustatzen ez zaiguna aldatzeko, kutsu poetikoa duten obrek ere bere lekua dute. Antzerkia da zentzu horretan gizakiaren kezkak islatzeko molderik zuzenena.

Dena den, telebistari esker lehen nekez ezagunak egingo ziren aktoreak ezagunak dira orain. Antzerkia hortaz, telebistaz balia daiteke...
Bai, erakusleiho ezinhobea da telebista, baita antzezleentzat ere. "Gran Hermano"ko partaideek antzezlan bat egitea erabakiko balute, antzokia lepo beteko litzateke emanaldi bakoitzean. Maila handia duten antzerkiko aktoreak konturatu dira telebistaz balia daitezkeela beren burua ezagutarazteko.

Antzezlan batek arrakasta izan dezan, zenbateraino baldintzatzen du Shakespearerena edo egile berri batena izateak?
Ez zaizu arrazoirik falta, badirudi Shakespeare eta garai bateko antzerkigileen lanak arrakastaren berma direla. Jendea itsuitsu fidatzen da horretaz, eta halako errezeloa dute obra berrien aurrean. Eta ez pentsa, idazle garaikideek lehen bezainbeste idazten dute, nahiz eta oihartzunik ez izan.

Zergatik uste duzu Euskadiko Orkestra Sinfonikoa badagoela eta ez Arte Eszenikoen erakunde ofizialik? Hezkuntza, Industria eta Kultura sailek lankidetza lortu arteko itxaronaldiak amaitezina dirudi...
Ezin da ulertu nola Euskadiko Orkestrako musikarientzat hainbeste diru dagoen eta arte eszenikoentzat berriz, hain gutxi; aurrekontua barregarria da, egundoko desoreka dago. Baina ez pentsa, antzerki arlokoak ez gara ahaztuenak, dantzakoak gu baino okerrago daude-eta. Kultura izanda gure nortasunaren adierazle, nekez konprenitzen da plangintza orokorrik ez egotea arte eszenikoentzat, horrela nola bultzatuko da besteengandik hain ezberdin egiten gaituen euskal nortasun hori? Baina ez dut esan nahi konpainia bakan batzuek aurrekontu guztia xurgatu beharko luketeenik; hori ere ez litzateke batere aproposa, konpainia txiki asko saretik kanpo geratuko liratekeelako. Hasteko, profesionalekin lan egin, gehiago programatu eta antzerki ikasketak arautzeak egonkortasun bat emango lioke antzerkiari. Adibidez, aktore izateko zegoen eskaria ikusita, TAE -Arte Eszenikoen gunea- delakoa sortu genuen Donostian; bada, klaseak emateko egoitzarik gabe gaude oraindik. Bilbon eta Gasteizen berdin dabiltza.
Antzerki tradizio handia duten herrialdeetan aldiz, teatro mota guztiak dituzte, amateurra, haurrei zuzendua, profesionala eta abar. Londresen esaterako, hori oso hedatua dago auzo guztietan. Budapesten egon nintzenean ere 400 taldetik gora zeuden; egin kontu, txotxongiloak egiteko bakarrik bi antzoki zituzten, eta noski, eskaintzak eskaria hezi eta elikatzen du. Horregatik diot antzerkia matematiken pare eman beharko luketela eskoletan. Bizitzaz eta norbere buruaz asko erakusten du-eta.

Zuzendaria zaren aldetik, zein da erregea publikoa ala antzezlana?
Biak zaindu behar dira. Edozein zuzendarik buruan duena izaten da hori, bi lekutan egoteko ahalmena izatea, publikoaren tokian jarri, antzezpenak zaindu eta testuak erritmoari eutsi diezaiola lortzea. Testuarekin zer kontatu nahi duzun zureganatu behar duzu. Nik "Lamiak" idatzi nuenean, krisialdi batetik atera berri nengoen, zerbait alaia idazteko beharra sentitzen nuen nolabait iparra aurkitzearren. Baina orduan ere, publikoa nuen buruan. "Desperrados"en kritika soziala egiten bagenuen ere, umorearen bidez egiten zen ikusleak errazago jasoko zuelakoan. Eta "Manolito"rekin zer esanik ez, jendeak liburuen erreferentzia hain eskura edukita.

Gaur egun, ikus entzunezkoen eragina nabaria da obra baten eszenaratzean; antzerkiaren indargunea den hitzari itzala egiteraino akaso?
Ez dut uste. Teknologia birtuala iritsiko zaigu, jakina. Hori dela eta, antzerkilariok argi dugu ikasten jarraitu behar dugula, etengabe birziklatzeko beharra dagoela ikuskizun berritzaileak asmatzeko. Ate joka dagoen belaunaldiak ere ikusmolde berria ekarriko du, zalantzarik gabe. Esanak esan, antzerkiaren indargunea eta tiradizoa hitzean egongo da. Baita aktorearen presentzia ere, eta ez dago ezer hori ordezka dezakeenik. Are gehiago, azkenaldian antzezlanetan oinarrituak dauden filmak egiten ari dira, antzerkiak duen sasoiaren adierazle.

Beti esan izan da aktoreak pertsona lotsatiak izaten direla eta oholtzara igo behar dutela lotsa gainditzeko. Topikoa ala egia da hori?
Hori topiko galanta da, dudarik gabe. Denetik dago aktoreen artean, zenbat buru hainbat aburu. Badira batere lotsatiak ez diren aktoreak, beti txisteak kontatzen dabiltzanak, zomorro samarrak eta kamaleoi hutsak direnak.

Inoiz, malkorik isuriarazi al diezu aktoreei?
Ja, ja. Bai, baita haiek niri ere. Barre egitea bezain ona da, gainera. Niri behintzat, ezinezkoa zait aktoreekin distantzia gordetzea, buru belarri murgiltzen naizelako, onerako eta txarrerako. Batzuetan, nahiko nuke hotzagoa izatea, baina tira. Amaigabeko eboluzioan nagoela esango nuke. Kontuak kontu, aktore eta zuzendariaren arteko harreman horretan hurbilketa bat egon behar da, lurralde neutro batean nolabait esateko, entseguetan emoziozko alderdia agerian uzten dugulako. Lan egiteko orduan ere nabaritzen duzu nola ikasi duten aktoregintza.

Kontxo, zaila da gero aktorea izatea!
Bai, dirudiena baino zailagoa. Mekanika, teknika, freskura, horiek guztiak eduki behar ditu aktoreak.

Demagun oihala zabaltzen dela eta publiko artean programatzaileak, kritikariak eta Kultura sailburua ikusten dituzula, dardarizoa sartzen al zaizu?
Ez, ohitu egin naiz sarri ikusten ditudalako. Kritikariak lankide gisa ikusten ditut eta haien kritika guztiak onargarriak dira baldin eta errespetuz egiten badira. Behin galdegin zidaten ea kritika bat egin nahi nuen, eta nik, ezetz erantzun, objektiboa izatea ia ezinezkoa iruditzen zait-eta. Zuri ere gertatuko zaizu, zeharo ezberdina da elkarrizketa hau niri egin edo Nuria Espert-i egitea. Programatzaileei dagokienez, nahiz eta nahiko adituak izaten diren, egia da batzuetan publikoaren izenean baztertzen dutena aitzakia izaten dela zure obra ez programatzeko. Eta kultur saileko norbait datorrenean, lanean ari dela pentsatu nahi dut. Baina talde amateurrak ikustera ere joan beharko lukete.

Zein egitasmo dituzu esku artean?
Ana Pimienta eta Iñaki Salvador-en Vaiven teatroa taldearekin "Lotsagabeak" izeneko lana zuzenduko dut hogei urte inguruko aktoreekin; freskagarria da gazteekin lan egitea, ilusioa eta ikasteko gogo bizia dutelako. Bestalde, Adosekin haurrentzako lan bat egingo dugu arrazakeriaren gaiarekin hunkitzeko. Datorren urterako berriz, obra handi bati helduko diogu.

Antzerki munduan hain emakume zuzendari gutxi egotean, xelebrea sentitzen al zara?
Ez, ez naiz inoiz gogoratzen emakumea naizela antzerkia zuzentzen. Gainera, ez dut uste generoarekin zerikusirik duenik, pertsonaren baitan dago. Zerbait kulturala da, baina aldatzen ari da. Zergatik ez da emakumerik ikusten orkestra zuzendari gisa? Behin emakume bat batutarekin ikusi eta zur eta lur geratu nintzen

Hamarrekoa
Hamarrekoa
JOSE ANTONIO VITORIA
"Gizaseme jatorra eta talentuko gidoilaria, ea "Norte" bere lehen filmarekin zuzendari modura zortea duen"

ENEKO OLASAGASTI
"Langile zintzoa. Berak beti dio nahi duen tokira iritsiko dela. Nik ere hala uste dut"

AGUSTIN ARRAZOLA
"Laguna eta lankidea, zorterik onena opa diot bere bizitzan hartuko duen norabide berrian"

ANA PIMIENTA
"Berarekin beste askotan elkarlanean aritzea espero dut"

FERNANDO BERNUES
"Antzerkiaren sekretuak ezagutzeaz gain, borrokalari aparta da"

NAGORE ARANBURU
"Nire ikaslea izandakoa, talentu handiko aktorea eta laguna"

CARLOS ZABALA
"Berak uste duena baino askoz aktore hobea, xarmaduna, gainera"

ANARTZ ZUAZUA
"Aktore saiatua eta bere gogoari esker gora iritsiko dena"

KOLDO LOSADA
"Lau neba-arreben artean gertukoena, beti izan dut ondoan. Bere aktore senari esker, edozein rol egin dezake"

IÑAKI SALVADOR
"Musikari iaioa. Harro nago bere laguna izateaz"

Tantoa
Tantoa
Nire oroimenaren arabera, beti eduki zaitut hor, beti hurbil, edozertan laguntzeko prest beti; adiskide hainbat eta hainbat proiektu eta ilusiotan, iraganak batzuk eta etortzeko beste batzuk, espero dut; kontu kontari beti, istorio onak kontatzen, inguruko guztiak zure hitz-jario atseginaz kutsatzen.
Sortzaile zaren aldetik, zu definitzeko eskatuko balidate, horixe bera esango nuke, sortzaile zarela, sortzaile handia; zure lan guztiak interesatu izan zaizkit, ez da egon gustatu ez zaidan bat bera ere, denek piztu didate arreta; benetan utzi duzu zeure zigilua, langile nekaezin baten zigilua, amaiera arte gogotsu izaten dena. Hitz laburrez, itsasoratzerakoan ondoan izateko lemazain bikaina


Azkenak
2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


Eguneraketa berriak daude