argia.eus
INPRIMATU
Antena 3
ANAIA NAGUSIA GURPIL GAINEAN
  • Docusoap edo psikodramen modak ez du etenik. "Gran Hermano"ren arrakasta ikusita eta audientziaren pastela berreskuratu nahian, Antena 3 antzeko saioa prestatzen ari da udazkenerako: "El Autobus", non autobus batean zenbait lagun etengabean bidaiatzen doazen.
2017ko azaroaren 28a
Aho bete hortz daude Antena 3n. TVEren ondoren, audientzian bigarrena izatetik hirugarren postuan egotera pasa da Telefonica taldekoa den katea. Eta hori gutxi balitz, Endemol "Gran Hermano" asmatu zuen enpresaren jabe izanik ere, ezin du ezer egin Tele 5 aurreratu egin zitzaiolako saioa erosiz. Orain,"Anaia nagusia"ren etxetik datorren hurakan bezalako bat egin dezala eskatu diote Endemol enpresari. Kateak beraz, kolpe efektua behar du, publizitate irabaziak lehengoak izan daitezen eta bide batez, berandu iritsi izanak sortzen dion damua eta "tonto aurpegia" kentzearren.
Halaxe, Endemolen baitan dagoen Gestmusic ekoiztetxearekin hitzarmena lotu nahian dabil "El autobus" izeneko saioa presta dezan. "Speed" filmean bezala, bidaiariak autobus batean norabide jakinik gabe doaz, lehergailurik gabe eta askoz abiadura motelagoan baina. Zenbait aste irauten duen bidaian doazela, barruko gizon eta emakumezkoen harremanak izango dira saioaren ardatza, gatza eta piperra. Elkarbizitzaren gorabeherei ahal den zuku gehien ateratzeaz gain, hainbat proba ere gainditu beharko dute, elkarri putakeriak egitea barnean delarik.
Herbehereetan "Gran Hermano"ren pareko arrakasta lortu ez badu ere, ongi funtzionatu du, hain leku hertsi batek sortzen duen klaustrofobia lagungarri baita elkarbizitzan ika-mikak sortzen.
Badaezpada beste alternatiba pare bat ere aztertu dute: "El piso", zeinean bost neska lirain elkarrekin bizitzen jartzen dituzten, horrek pizten dituen ikusmina eta morboarekin eta "Encadenados" delakoa, emakume bat eta lau gizon elkarri kateatuak sei egunez jartzen dituena. Haatik, ez omen dute Herbehereetan hasi berri den "Big Brother VIPS" saioa kopiatzeko asmorik agertu, hots, jende ospetsuaz osaturiko "Gran Hermano"; harrigarria benetan, beste zeregin hoberik ez duten ikusleen artean jakinmin itzela piztuko bailuke Lecquio, Obregon, Rociito eta bestelako tximinoak etxe batean elkarri zorriak kentzen ikusteak. Bitartean, Tele 5ek iragarri du "Gran Hermano"ren bertsio hobetu bat taxutzeari ekin diola. Horrela hasiz gero, zergatik ez, giza ehiza moduko saio bat? Ehiztariak oihan batean barrena harrapakina Rambo moduko gizakia dela. A ze ikuskizuna!